Ürümqi

Ürümqi edo Urumtxi[1] (uigurreraz: ئۈرۈمچی‎‎; txinera sinplifikatuz: 乌鲁木齐; pinyinez: Wūlǔmùqí) Xinjiang lurralde autonomoan dagoen prefektura mailako hiria da. Guztira, 3.575.000 biztanle inguru dauzka eta 10.989 kilometro karratuko azalera. Erdialdeko Asiako hiri handiena da. Tang dinastia garaian Zetaren Bideko eremu garrantzitsua izan zen eta Qing dinastia garaian, XIX. mendean, merkatal eta kultur erdigune garatua izan zen.

Ürümqi
Үрүмчи
乌鲁木齐
Prefektura mailako hiria
Administrazioa
Estatu burujabe Txinako Herri Errepublika
Eskualde autonomoXinjiang
AlkateaIlham Sabir (en) Itzuli
Izen ofiziala乌鲁木齐市
ئۈرۈمچى شەھىرى
ᠥᠷᠥᠮᠴᠢ
ٷرىمجى
Jatorrizko izenaҮрүмчи
乌鲁木齐
Posta kodea830000
Geografia
Koordenatuak43°49′21″N 87°36′45″E / 43.8225°N 87.6125°E / 43.8225; 87.6125
Map
Azalera13783.1 km²
Altuera800 m
Demografia
Biztanleria4.054.369 (2020)
941.810 (2010)
Dentsitatea294,16 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia991
Ordu eremuaUTC+08:00 eta Xinjiang Time (en) Itzuli
Hiri senidetuakMaxhad, Duxanbe, Batumi, Txeliabinsk eta Peshawar
Matrikula新A
urumqi.gov.cn
Hiriaren ikuspegia arratsaldeko azken orduetan.

Errekorren Guinness Liburuan jasota dagoenaren arabera itsasotik urrutien dagoen hiririk handiena da, Urumqitik hurbilen dagoen itsasoa 2.500 kilometrotik gora baitago[2]. Asia kontinentearen erdigunea ere kontsideratzen da[3].

Historia

Zetaren Bidearen iparraldeko adarrean kokaturik egon arren inguruko beste hiriak baino askoz berriagoa da, aurreneko asentamendua VII. mendean dokumentaturik baitago eta XVII. mendean Dzungariako Khanerria sortu zen arte ez baitzen asentamendu iraunkorrik izan. Gaur egungo hiria XVIII. mendeko berreraikuntzaren fruitua da.

Eskualdearen historia goiztiarra

Jushiak (txinera sinplifikatuz: 車師; pinyinez: Jūshī) izan ziren eremu honetako aurreneko biztanleak. Jushi edo Gushi jendea kaukasoar jatorrikoa zen, ilehoria eta begi urdinduna[4]. Urabo izeneko herria sortu zuten gaur egungo Ürümqi hiritik 10 kilometro hegoaldera.

648 urtean, Tang dinastia garaian, Luntai hiria sortu zen Urabo egon zen tokian[5]. Xinjiang protektoratuko gobernuaren egoitza bihurtu zen eta Zetaren Bidea egiten zuten karabanei zergak eskatzen zitzaizkien. An Lushan matxinadaren ondorioz Tang dinastia ahuldu egin zen IX. mendean eta uigurrek hartu zuten lurraldearen kontrola, Qocho erresuma sortuz.

Hurrengo mendeetako informazio askorik ez dago. Mongoliarrek Bishbalik ("bost hiri") izena eman zioten inguru honi, gaur egungo Ürümqi hiria kokatzen den eremuan bost hiri zeudela iradokiz[6].

Hiriaren sorrera

Mongolen artean mendebalderen kokaturik zeuden oirat leinuek Dzungar Khanatoa eratu zuten eta hiri bat sortu zutela uste da. Hauek Ürümqiri gaur egun daukan izena eman zioten. Beren hizkuntzan "larre ederrak" esan nahi du[5]. 5 kilometro mendebaldera dagoen Jiujiawan hiria aipatzen dute Ming dinastia garaikideko agiriek, hori izan zitekeen dzungariarren Ürümqi.

Hiri txikia zen eta ez zuen 200 kilometro hego-ekialdera dagoen Turfan hiriak zeukan garrantzirik. Mongoliarrek zaldiak hazteko erabiltzen zituzten inguruko larreak[6]. Dzungaria Khanatoaren kontrola eskuratzeko borroketan dzungariarrek khoshuut leinua kanporatu eta uigurrak ekarri zituzten Ürümqi populatzeko eta landa eremuak lantzeko[7].

Qing dinastia

XVIII. mendean Dzungariako khanatoaren eta Txinako inperioaren arteko gerra sortu zen. Qing dinastiak agintzen zuen Txinan eta mantxuen tropak erabiliz 1755 urtean Ürümqi eskuratu eta dzungariar guztiak hil zituzten. "Dzungariarren genozidioa" izenarekin ezagutzen den gertaera da. Berehala gotorleku bat eraiki zuten eta 1759an hiria inguratzen zuten eremu despopulatetan nekazal eremuak eraiki zituen. Mantxuek Guan Yu gerraren jainkoaren omenezko tenplo gorri bat eraiki zuten eta Ürümqik "Tenplo gorria" ezizena hartu zuen. 1763 eta 1767 artean mantxuek hiriaren harresia eraiki zuten[6]. Qianlong enperadoreak hiri berriari Dihua izena eman zion (txinera sinplifikatuz: 迪化; pinyineraz: Díhuà; mantxueraz Wen de dahabure fu), "argitu" esan nahi du. 1771 urtean beste hiri bat eraiki zuten, Gongning Cheng (鞏寧城), aurrekoaren ipar-mendebaldean, eta bertan ezarri zuten gobernuaren egoitza[6].

Urteek aurrera egin ahala Dihua Han txinatarren hiria bihurtu zen eta Xinjiang protektoratuko merkatal erdigune nagusia izatera iritsi zen. Txina guztitik etortzen hasi ziren Dihuara, Han txinatarrak eta Hui etnia musulmana ere bai[8]. 1762 urterako inmigranteek 500 denda ireki zituzten eta bidaiariek hiriaren sofistikazio kulturala aipatzen dute, Pekin berarekin alderatzeraino (Ji Xiaolan).

Islama indarra hartzen ari zen eskualdean eta 1870 urtean Ürümqiko borroka izan zen Yaqub Beg jeneralaren tropa turkiarren eta Tuo Ming tropa dungandarren artean. Txinatarrek Yaqub Beg-en alde egin zuten eta garaipena lortu zuten. Gongning Cheng hiria hartu zuten eta erabat suntsitua gelditu zen[9]. Honen ondoren Qung dinastiak bere kontrola ezarri zuen berriz eta 1884an Xinjiang protektoratuko hiriburu bihurtu zuen Dihua.

XX. mendea

Qing dinastiaren kolapsoaren ondoren Txinako Errepublika sortu zen. Buruzagi militarrek agindu zuten hirian; Yang Zengxin (1911-1928), Jin Shuren (1928-1933), Sheng Shicai (1933-1942) eta Zhang Zhizhong (1942-1949)[10]. 1933 eta 1934 artean borroka handiak izan ziren Ürümqin.

1954ko otsailaren 1ean Txinako Herri Errepublika eratu zen eta dzungaroen izen zaharra eskuratu zuen hiriak, Ürümqi[5]. 1970. hamarkadan Txinak Xinjiang probintziarekiko zeukan kontrol gogorra jeitsi eta Ürümqik garapen handia izan zuen, petrolio eta gas ustiapenaren bidez. Uigurrek meskitak eraikitzeko baimenak lortu zituzten, Xinjiang probintziaren hegoaldean ez bezala[11].

Uigur eta txinatarren arteko istiluak

2009an istilu etnikoak gertatu ziren.
Sakontzeko, irakurri: «2009ko Ürümqiko istilu etnikoak»

Azken urteetan uigur musulmanen eta Han txinatarren arteko istilu gogorrak izan dira. 1989ko maiatzean izan ziren aurreneko borrokak eta 1997 urtean txinatarrek Ürümqi bonbakatu zuten. Istilurik handienak 2009 urtean izan ziren. Hainbat manifestazio antolatu zituzten uigurrek, baina manifestazio baketsu zirenetan indarkeria zabaldu zen, eta ehundaka auto, autobus, denda eta bestelako ondasun birrindu zituzten. 150 pertsonatik gora hil ziren[12], gehienak Han etniako kideak.

Geografia eta Klima

Itsasoetatik hain urrun egonik erabat kontinentala da Ürümqi hiria[2]. Basamortuz inguraturik egon arren inguruko mendi garaietako galziarretatik sortzen diren ibai ugari iristen dira eskualdera. Karez izeneko kanal sistema tradizionalak etengabeko ur hornidura bermatu izan du[5]. Nekazaritzaren garapenak baina ur eskaria handiagotu du azken urteetan eta XXI. mendean Irtysh–Karamay–Ürümqi ubidea eraiki zen.

Kokapena

Prefektura mailako Urumqi hiriaren mugakideak honakoak dira: Wujiaqu iparraldean, Changji Hui prefektura autonomoa ipar-ekialdean eta mendebaldean, Turpan prefektura ekialde eta hego-ekialdean, eta Bayingolin Mongoliar prefektura autonomoa hegoaldean.

Klima

    Datu klimatikoak (Ürümqi)    
 Hila  Urt  Ots  Mar  Api  Mai  Eka  Uzt  Abu  Ira  Urr  Aza  Abe  Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C)−7.4−4.72.716.123.127.630.129.023.113.22.0−4.412.6
Batez besteko tenperatura minimoa (°C)−16.6−13.7−5.44.811.216.118.216.711.23.1−5.9−12.92.2
Pilatutako prezipitazioa (mm)10.410.018.532.338.936.230.423.326.226.319.114.6286.3
Prezipitazio egunak (≥ 0.1 mm)9.27.27.26.86.88.08.46.35.05.56.99.686.9
Eguzki orduak101.6128.8180.5248.0283.3282.7298.7301.0262.6224.4127.484.32523.3
Hezetasuna (%)78777148434343414458747858.2
Iturria: [[13]]

Banaketa administratiboa

Ürümqiko barruti eta konderrien mapa.

Demografia

Meskita bat Ürümqin.

Ürümqi hiri kultur anitza izan da sorreratik bertatik[14]. Dihua hirian txinatarrak nagusi izan arren musulmanak ziren uigur eta Hui populazioak hiriaren hegoaldeko harresiaren kanpoaldean kokatu ziren. Gaur egun harresirik ez dagoen arren musulmanak bertan kontzentraturik jarraitzen dute[15].

EtniaPopulazioa (%)
2000 urtean
Populazioa (%)
2010 urtean[16]
Han (txinatarrak)1.567.562 (%75,30)2.331.654 (%74,91)
Uigurrak266.342 (%12,79)387.878 (%12,46)
Hui-ak167.148 (%8,03)280.186 (%9,00)
Kazakhak48.772 (%2,34)68.076 (%2,19)
Mantxuak7.682 (%0,37)8.541 (%0,27)
Mongolak7.252 (%0,35)10.454 (%0,34)

Azpiegiturak

Sakontzeko, irakurri: «Ürümqi Diwopu Nazioarteko Aireportua»

Ondasun nabarmenak

  • Bazar Handia
  • Tianchi aintzira[5]
  • Herritarren enparantza eta parkea
  • Xinjiangeko Zetaren Bidearen museoa
  • Ürümqiko meskita tartariarra
  • Asiaren erdigunearen monumentua[3]

Iruditegia

Erreferentziak

Herri eta hiri senidetuak

Kanpo estekak