Abertzaletasun

Abertzaletasuna aberriari agertzen zaion zaletasun edo maitasuna da, eta abertzale (aberriaren zale) hitzetik dator. Abertzale hitzak «aberria maite duena, aberriaren alde saiatzen edo borrokatzen dena» esan nahi du.[1] Nahiz eta abertzale hitzak edozein aberriren zaleak izendatzeko balio duen,[2] besterik zehazten ez bada, aberritzat Euskal Herria dutenak izaten ditu aipagai, gehienetan.

Hitza estraineko 1896an idatzi zen (Euskal HIztegia, Ibon Saratsola), euskal abertzaletasuna definitzeko, hain zuzen aberri hitza eguneratzearen ondorioz, abertzaletasunaren aita Sabin Arana Goirik sortua. Munduko herri gehienetan daude alderdi abertzaleak: Katalunia, Aragon, País Cántabru, Asturias, Galizia, Andaluzia, País Llionés, Bretainia, Okzitania, Alsazia, Kanariak... baina euskararen nazioarteko zabalpen urriak eta erdaldunek ulertzeko ezintasunak areagotu dute euskaraz ere nazionalismo hitza erabiltzea. Hala ere, euskaraz nazionalismo hitza ez zen 1977 arte idatzi eta idazle batzuek ezberdintzat hartzen dituzten arren, guztiz izenkide edo sinonimoak dira.

Beraz, espainolkeria (espainolismoa) zein frantseskeria (jakobinismoa) aldarrikatzen dutenak abertzaleak dira neurri batean, aberri edo nazio espainolik edo frantsesik ez den arren, benetako aberri, herri edo nazioen gainean inposatutako estatu genozidak baino.

Euskaraz sarritan bereizten ez badira ere, askoren ustez, abertzale eta nazionalista ez dira kontzeptu berberak, eta erdaretan argi bereizten dituzte:

  • abertzale = patriota (Gaztelaniaz), patriote (Frantsesez), patriot (Ingelesez), Patriot (Alemanez).
  • nazionalista = nacionalista (Gaztelaniaz), nationaliste (Frantsesez), nationalist (Ingelesez), Nationalist (Alemanez).

Berdin gertatzen da abertzaletasun eta nazionalismo kontzeptuekin:

  • abertzaletasun = patriotismo (Gaztelaniaz), patriotisme (Frantsesez), patriotism (Ingelesez), Patriotismus (Alemanez).
  • nazionalismo = nacionalismo (Gaztelaniaz), nationalisme (Frantsesez), nationalism (Ingelesez), Nationalismus (Alemanez).

Ikus gainera

Erreferentziak

Kanpo estekak