Ahal Dugu

Ahal Dugu, Espainia osoan Podemos, Espainiako alderdi politiko aurrerakoia da eta ezker muturreko populista, eta herrialde horretako alderdi nagusietako bat sortu zenetik. M-15 mugimendutik eta ondorengo protesta-multzotik abiatuta,[1] ezker politikoko zenbait ekintzaile eta intelektualen ekimenez sortu zen, aldaketa politiko sakona helburutzat hartuta hauteskundeetarako hautagaitza indartsua osatu nahirik.

Podemos
Ahal Dugu
Idazkari nagusiaPablo Iglesias Turrión
Sorrera2014ko martxoaren 11
Egoitza nagusiaZurita kalea, 21.
28012 Madril, Espainia
Ideologia politikoaEzker politikoa
Errepublikanismoa
Konfederalismoa
Sozialismo Demokratikoa
Sozialdemokrazia
Ekologismoa
Antimilitarismoa
Laizismoa
Eserlekuak erakundeetanEusko Legebiltzarra
6 / 75

Europar Legebiltzarrean
5 / 54

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Batzar Nagusietan
20 / 153

Nafarroako Parlamentuan
2 / 50

Espainiako Diputatuen Kongresuan
26 / 350

Espainiako Senatuan
0 / 266
podemos.info

Eztabaidatsua da alderdiaren kokapena espektro politikoan: askoren iritziz populista ezkertiarra da,[1] baina alderdiaren liderrek ezker-eskuin ardatz politikoa ukatzen dutela baieztatzen dute. Hilabete gutxira, erakunde eratu berriaren lehen hauteskundeetan, 2014ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan alegia, ustekabeko emaitzak lortu zituen, bost eurodiputatu eta 1.200.000tik gora boto Espainia osoan (ia boto guztien % 8, boto kopuruetan laugarren).[2] Talde politiko sortu berri eta apal batek lorturiko emaitza horiek astinaldi politiko handia eragin zuten Espainian, eta PP eta PSOE alderdien bipartidismoaren amaieratzat hartu ziren. Pablo Iglesias Turrión da alderdiaren idazkari nagusia.

Aurrekariak

Podemos alderdiaren sortzaileek Espainiako trantsizioaren krisiari egin zioten erreferentzia alderdia eratzean. Haien ustez, 1978ko erregimenak, beraiek deitzen zioten bezala, ahitze seinale nabarmenak erakusten ari zen.[3] Alderdiaren diskurtsoetan erregimen horrek hamarkada horietan herriari demokrazia lapurtu, PSOE eta PP alderdien bipartidismoak kasta edo elite menderatzaile bat jarri zuen agintean.

Elite menderatzaile horrek deslegitimizazio nabarmena jasan zuen, bereziki Atzeraldi Handiak ekarritako langabezia masiboak, ongizate-estatuaren murrizketek eta pobreziaren gorakadak bi alderdi handi horien politiken ekintza eta emaitza zuzena izan zirelako, eta elite horren beraren ustelkeriagatik. Espainiako sistema politiko instituzionalarekiko haserreak 2011ko maiatzean abiarazitako M-15 mugimendua ekarri zuen, baina gizarte sektore zabalen haserrea agerian jartzeaz gainera, ez zuen emaitza politiko zehatzik ekarri. Partido X, Partido del Futuro alderdi politikoa ere sortu zen mugimendu horretatik 2013 urtearen hasieran, baina arrakasta handirik gabe, Podemos izango zen mugimendua hauteskundeetan kapitalizatu egingo zuena.[4]Hain zuzen, M-15 mugimendu zabalean Podemos sortuko zuten pertsona eta talde zenbaitek era aktiboan hartu zuten parte, baina mugimenduak sekulako indarra hartu baina azkenean akitzean, lider horiek haserre kolektiboa modu eraginkorrean jaso eta instituzio politikoetara eramango lukeen erakunde politiko bat sortzeko aukera eta beharra ikusi zuten; orobat, erakunde politiko hori zabala eta zeharkakoa izan behar zen haien iritziz, M-15 mugimenduan garbi ikusi baitzuten ezker politikoak ezin izan zuela mugimendua bereganatu.[5][6]

Inkesta eta ikerketa soziologikoek ere espaniar gizartean ezker-eskuin ardatz politikoa adierazgarritasuna galtzen ari zela erakusten zuten, bestalde. Podemosen sortzaileei lehia politikoan irabazle izateko bidea M-15 mugimenduaren alboan sortutako bi erakunderen arrakastak erakutsi zieten bereziki: Juventud Sin Futuro eta Plataforma de Afectados por la Hipoteca; hain zuzen, mezu erradikalak zabaldu arren, herritar gehienek begi onez ikusten zituzten eskaerak plazaratzen zituzten, ezker-eskuin joko politikoan sartu gabe. Hain zuzen, Pablo Iglesiasek eta Iligo Errejónek, gerora Podemoseko lider izango zirenek, Izquierda Unida koalizioarentzat 2011ko Espainiako hauteskunde orokorretarako kanpainan aholkularitza lanak egin zituzten; lan horretan M-15 mugimenduaren irakaspenak jarri zituzten praktikan, ezkerrarekin lotu zitezkeen ikurrak ezabatuz eta ideologia orotako herritarrek onar zitzaketen mezuak zabalduz, baina, hala eta guztiz ere, Izquierda Unidak emaitza eskasak lortu zituen hauteskunde haietan.

Iglesiasek Izquierda Unidako liderren konformismoari eta alternatiba erreal eta irabazle bat eratzeko ezintasunari egotzi zien porrot hori, eta irabazteko bidea zabalduko zuen beste estrategia zabal politiko baten beharra ikusi zuen, lidergo politiko sendo batean oinarrituta, ordu arte beti galtzaile suertatutako ezkerreko alderdi tradizionaletatik at.[7] Izquierda Unida koalizioak bere inguruan ezker politikoko erakundeak biltzeko ekimena garatu zuen 2013 urtean zehar, "Suma, la gente primero" izenarekin, baina erakunde horien arteko deadostasunak sortu ziren.[8][9] Pablo Iglesias eta beste zenbait gizarte ekintzaileekin batera, Izquierda Unidaren batze-proiektua utzi zuen Izquierda Anticapitalista erakundea oinarritzat harturik, 2014ko Europako hauteskundeetarako hautagaitza osatzeko proiektu bereizia garatzen hasi ziren 2013ko udazkenean, informalki Operación Coleta deitu izan zena, eta helburu horrekin 2014ko urtarrilean Mugitu fitxa: haserrea aldaketa politiko bihurtu manifestua aurkeztu zuten.

Sorrera eta garapena 2014ko Europako hauteskundeak arte

Pablo Iglesias Turrión, Ahal Dugu alderdiaren sorreraren eragile nagusia.

Mugitu fitxa: haserrea aldaketa politiko bihurtu manifestua[10] 2014ko urtarrilaren 17an aurkeztu zen Madrilen, Pablo Iglesiasen lidergopean.[11] Manifestuan, Espainiako krisi ekonomiko eta politikoaren giroan, herriaren subiranotza berreskuratzea aldarrikatzen zuen, eta herritarrentzat eskubide sozial eta ekonomikoak babestearen alde, aurrerapauso bat emateko beharra, 2014ko Europako hauteskundeetarako hautagaitza arrakastatsu bat osatze aldera. Erakunde politikoei proiektura biltzeko deia luzatu zien. Manifestua hogeita zortzi gizarte ekintzaileek eta ezker polikoko eragileek sinatu zuten, erakunde politiko orotik aparte. Hautagaitzaren proiektuarekin aurrera jarraitzeko, sarean jasoko ziren 50.000 sinadura eskatu zituen. Manifestuak ezker joerako hedabideetan soilik izan zuen oihartzuna;[12][13] baina hala ere, Pablo Iglesias garai hartan telebistako eztabaida-saio politikoetan ospea eskuratzen hasia zen eta biharamunerako sinadura horiek bilduta zeuden, eta 90.000 izatera ere heldu ziren.[14][15] Sostengu horrekin, hautagaitza osatu eta hauteskunde kanpaina garatzeari ekin zioten. Manifestuan adierazi zutenez, finantzaketa herritarren diru ekarpenekin soilik egingo zen. 2014ko martxoan alderdi politiko gisa legezko erregistroa egin zen. Bitartean Espainian zehat eta baita nazioartean ere Círculos Podemos delako taldeak sortu eta zabaldu ziren, hainbat hiritan. Talde horietan eta sarean Podemos alderdiaren programa osatu zen, partaidetza zabalarekin. Zerrenda irekietan eta sarean nahiz presentzialki egindako bozketaz apirilean erabaki ziren hautagaitzako kideak: zerrendaburu Pablo Iglesias suertatu zen, alde handiarekin.

Hauteskundeetan 5 eurodiputatu lortu zituzten, ustekabean, egun batzuk lehenago egindako inkestek eurodiputatu bakarra aurresaten zutelarik.[16] 1.200.000 bototik gora eskuratu zituzten, boto guztien %8. Boto portzentaje handienak, %10etik gora, Asturias, Madril eta Kanarietako erkidego autonomoetan izan zituzten, beherako ordenan; txikienak Katalunian, Extremaduran eta Gaztela-Mantxan izan ziren, %4tik gora %6 bitartean gutxi gorabehera. Euskal Autonomia Erkidegoan, 52.386 boto izan zituzten, boto guztien %6,5; Nafarroa Garaian, berriz, 20.039 boto, botoen %9,35.[17] Arrakastaren arrazoitzat Pablo Iglesiasek telebistako eztabaida-saio politikoetan egiten zituen agerpenak eta sare sozialetan egindako kanpaina aipatu ziren,[18][19][20] krisi ekonomiko eta instituzionalaren giroan.

Espektro politikoa eta programak

Jatorri ideologikoa

Podemoseko liderren ekarpen ideologikoa garrantzitsua izan zen alderdi berriaren eraketan; hala, aintzat hartzekoa da haien jatorri eta erreferentzia ideologiko eta politikoak Podemosen kokapen eta estrategia politikoa ulertzeko. Sorrera-nukleoan eta alderdiaren buruan bere hastapenetan Pablo Iglesias Turrión, Iñigo Errejón eta Juan Carlos Monedero izan ziren. Hiru liderrek Madrilgo Unibertsitate Konplutensean egin zuten bat, irakasle, ikasle nahiz ikertzaile gisa, eta han beste lankide batzuekin batera aktibismo soziala bultzatzen zuten elkarteetan eta pentsamendu kritikoko erakundeetan murgildurik izan ziren urte batzuetan.[ohar 1] Pablo Iglesias Espainiako Gazteria Komunistaren kidea izan zen 21 urte arte, eta Monedero eta Errejón bezala, Izquierda Unidako aholkularia izan da. Halaber, Pablo Iglesias Antonio Gramsciren ekarpenak maiz baliatu ditu bere ikerketa eta praktika politikoan, bereziki hegemonia kontzeptua. Bere doktore tesian, antiglobalizazio-mugimenduen XXI. mende handierako goraldia aztertu zuen, eta horretan erreferentzia sinboliko berriak eratzea, ekintza eta komunikazioa behar bezala uztartuz, erabakiorra izan zela baieztatzen du, ezker politikoko borroka mota tradizional zaharkituak gutxietsita.[21] Iñigo Errejónek ere aktiboki hartu zuen parte Konplutensetik sortutako mugimendu polikoetan; haren erreferentzia politiko nagusia Ernesto Laclau da, populismoaren teorikoa; Errejónek, gainera, sakon aztertu du Hegoamerikako ezkertiar populismoa [ohar 2] eta lidergo populisten aldezlea da, herriari esanahia eta batasuna ematen baitizkio, bere iritzian betiere.

Hastapenetako programa politikoa

Alderdiko lehen programa, 2014ko Europako Parlamenturako hauteskundeetarako, era zabal eta irekian eztabaidatu eta bozketaz finkatu zen. Ekonomia arloan, banku publiko baten sorrera, beste bankuen kudeaketaren demokratizazioa, telekomunikazio, energia eta beste sektore ekonomiko estrategikoen kontrol publikoa, errentaren birbanaketarako zerga politikak eta oinarrizko errenta aldeztu ziren. Herritarren partaidetza publikoa aurrekontu eta gobernuan, lobby, monopolio eta oligopolioen kontrola, osasun unibertsala, eta oro har gizarte-berdintasunaren, demokrazia zuzenaren eta erabakitzeko eskubidearen ildotik doazen proposamenak ziren programako beste lerroak.[22]

Bere diskurtsoetan Espainiako trantsizioari «78ko erregimena» deitu ohi zaio, PP eta PSOE alderdietako «kasta» baten eskuetan. Alderdiaren helburua erregimen horri buelta ematea da, instituzio politikoetan gehiengoak lortuz «prozesu eratzaile» berri bat eratzeko, «herriari hitza itzultzeko».[23] Alderdiaren sorrera ekarri zuen manifestua Izquierda Anticapitalista alderdiaren barruan mamitu bazen ere, alderdiaren dokumentu eta diskurtsoetan ez du bere burua ezkertiartzat edo antikapitalistatzat definitzen. Pablo Iglesias liderrak adierazi duenez, termino horiek ez aipatzeak jendearekin komunikazioa erraztea du helburu eta egungo politikaren gakoa «ez da eskuina-ezkerra ardatza, demokrazia diktadurari buruz baizik».[24] Halaber, diskurtso populista aldezten du,[25] bere aurkako kritika moduan baliatu dena.[26]

Bestalde, M-15 mugimenduak nabarmen eragindako formazio politikoa da. Pablo Iglesiasen hitzetan, «M-15 arian dagoen gizartea» da eta Podemos «arian dagoen gizarte horren tresna» da. M-15 mugimenduan jardun zuten erakundeek positiboki baloratu zuten Podemos formazioak 2014 Europako Parlamaneturako hauteskundeetan.[27]

Podemos eta erabakitzeko eskubidea

Podemos sortu zen garaian gori-gori zegoen Espainian erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida politikoa, bereziki Hego Euskal Herrian eta Katalunian, azken honetan autodeterminazio prozesua abian zelarik. Gai horren inguruan alderdiak eta bere liderrek izan duten iritzia eta jarrera aldakorra izan da. Hasiera batean, erabakitzeko eskubidearen alde garbi azaldu baziren ere, gerora jarrera hori aldatzen joan da, zehazgabea izatera heldu arte. Pablo Iglesiasek erabakitzeko eskubidea aitortzen zien euskal eta katalan herritarrei alderdiaren sorreran; pertsonalki etorkizun komuna eraiki nahi lukeela adierazi zuen arren.[28]

Antolaketa

Erakundearen bultzatzaileek Podemos «organismo politiko» moduan eratu zela adierazi zuten sorreran, alderdi politikoen ohiko egituretatik aldentzen direla garbi utziz.[29] «Herritarren partaidetzara irekitako espazio» gisa ere definitu dute bere burua. Horrela, mugimendutik erabakiak «herritargoaren partaidetza, gardentasuna eta jendearen azken hitza» kontuan hartuz hartuko direla nabarmendu da. Afiliaturik gabe, «zirkulu» izeneko taldeen bitartez antolatzen da militantzia, eremu geografikoetan banatuta.[30]

Ahal Dugu Euskal Herrian

2014ko abenduaren 23an, Berriako erreportajean azaldu zenez, Hego Euskal Herrian egituratzen zihoan 49 hiri herri kontseilu sortu zituen. 2015eko urtarrilaren hasierarako egongo ziren haietako zuzendaritzak. Euren nahia «aldaketa» zen.[31]

2015eko urtarrilaren 2an jakin zenez, Hego Euskal Herriko 48 herritan zuen ordezkaritza Podemosek. 3.000 bat pertsonen botoekin aukeratu zituzten Podemoseko Hego Euskal Herriko idazkariak.[32]

Lander Martinez, Fernando Iglesias, Hannot Sansinenea eta Oscar Fresan aukeratu zituzten Ahal Duguren buruzagitzarako Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean, hurrenez hurren[33]

Urtarrilaren 3an, Hego Euskal Herriko Podemoseko kargu aukeratu berriek beren asmoen berri eman zuten: aldaketa soziala eta kontuak ikuskatzea ziren lehentasunak.[34] Egun berean jakitera eman zutenez, Podemos ez zen alderdi moduan EAEko udal hauteskundeetara aurkeztuko. Hala ere, lekuan lekuko herri plataformak babestea edo eurak plataforma berriak abiatzea ez zuten baztertzen.[35]

Bestalde, Nafarroa Garaiko aldaketa soziala gidatzea zuen helburu Ahal Duguk. Beste gizarte eredu bat eraikitzea, elkarbizitzan, integrazioan eta errespetuan oinarrituta zen euren helburua.[36]

Urtarrilaren 5ean, EAJ 'kastaren' parte zen Ahal Dugu Bilbaoren ustez. EH Bildu, berriz, ez zen kastaren parte, urte asko agintean ez zeramalako, bere inguruan “bezero sareak” sortu ez zuelako eta “ohiko alderdi bat” ez zelako.[37]

Urtarrilaren 7an, Ahal Duguk Nafarroako Foru Erkidegoko buruak izendatzeko prozesua hasi zuen eta otsailaren 14an izendatuko zituen irabazleak.[38]

Urtarrilaren 13an, Joan Boschek Nafarroako Foru Erkidegoko Ahal Duguko idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu zuen.[39]

Alderdiaren garapena

2014

Abuztuaren 18an, Podemos-Ahal Duguk gobernatzea zuen helburu Euskadiko sumindura ikusita. Bestalde, alderdi guztien arteko elkarrizketaren eta EPPKko presoen sakabanaketa bukaraztearen alde agertu zen, Euskadin bake prozesuak aurrera egin zezan.[40]

Irailaren 15ean, Podemosek Espainiako Estatuko alderdi 'demokratikoena' izan nahi zuen. Egun horretan hasi zen "Si Se Puede" asanblada herritarra, eta bertan ezarriko zituzten oinarri etiko eta politikoak, eta antolatzeko modua.[41]

Irailaren 23an, Podemos udal hauteskundeetara ez aurkeztea proposatu zuen Iglesiasek. Dena dela, hauteskunde autonomikoetan bai hartuko zuen parte alderdi ezkertiarrak.[42]

Urriaren 27an, Pablo Iglesias bihurtu zen Podemosko idazkaria, botoen % 80 jasota. Emaitzei esker, Podemos-Ahal Duguk idazkari orokor bakarra izango zuen. 2015eko maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begira, ez zuten ‘Podemos-Ahal Dugu’ marka erabiliko, baina herri-hautagaitza ezberdinekin bat egitea aurreikusi zuten.[43]

Urriaren 31ean, idazkari nagusia aukeratzeko prozesua hasi zuen Podemosek. Idazkari nagusia ez ezik, zuzendaritzako gainerako kideak ere aukeratzeko prozesuari ekin zion Pablo Iglesias buru zuen alderdiak.[44]

Azaroaren 13an, federalismoaren aldeko hautua egin zuen Monederok Sestaon. Erabakitzeko eskubidearen alde zeudela ere gaineratu zuen Ahal Duguren ordezkariak, “konpondu gabeko arazoa delako”. Bestalde, “prozesu konstituziogile bat zabaldu” beharra ere nabarmendu zuen.[45]

Azaroaren 15ean, Pablo Iglesias Podemosko lehen idazkari nagusia izendatu zuten, babes zabala jaso ostean. 107.311 boz (% 88,6) jaso zituen, online egindako bozketan. Zuzendaritza berriko kideak ere aukeratu zituzten.[46] Bestalde, Podemosen Zuzendaritza 62 pertsonek osatuko zuten.[47]

Azaroaren 17an, Konstituzioaren 'ate eta leihoak zabaltzea' lortzeko eskaria egin zuen Iglesiasek. Lurraldetasunaz gain, beste gai batzuk ere eztabaidatzeko 'asanblada konstituziogile bat' sortzearen alde agertu zen Podemosko buruzagia.[48]

Bestalde, Euskal Herrian, Irabazi eta Podemos, espazio berean lehian ari ziren, eta Europako hauteskundeetako emaitzek eta azken hilabeteetako inkestek lehia gogorra erakusten zuten «bosgarren espazioa» eskuratzeko..[49]

Azaroaren 21ean, Nafarroako Parlamentuaren inkestaren arabera, Podemos Nafarroa Garaiko lehen indar politikoa zen 18 eserlekurekin eta EH Bildu bigarren, 11rekin, eta UPN hirugarren zen, 8 aulkirekin.[50]

Azaroaren 22an, Podemosekin «negoziatzeko prest» azaldu zen Adolfo Araiz, EH Bilduko hautagaia.[51] Azaroaren 23an, berriz, Hego Euskal Herrirako proposamena azaltzeko eskatu zion Rebeka Uberak Podemosi. Akordioetara iristeko nahia adierazi zuen, baldin eta Podemos erabakitze eskubidea gauzatzearen alde agertzen bazen.[52]

Azaroaren 24an, El Mundok argitaratutako inkestaren arabera, Podemos hauteskundeetako garailea izango zen % 28,3ko babesarekin. PPren (% 26,3) eta PSOEren (% 20,1) aurretik geratuko zen eta UPyD (% 4,5) eta IU (% 4,2) oso atzean geratuko ziren.[53] Bestalde, iseken aurrean mobilizazioa eskatu zuen Podemosek. Gainera, Vincenc Navarro eta Juan Torres ekonomialariek egindako txostena argitaratuko zutela eta berau oinarri hartuta programa ekonomikoa egingo zutela adierazi zuten.[54]

Azaroaren 25ean zabaldu zenez, hitzarmenak Nafarroa Garaian erabakiko zirela adierazi zuen Podemosek. Polemika amaitzeko, gutun bidali zion Ione Belarrak Nafarroa Garaiko zirkuluari, erabakiak bertan hartuko direla esateko. Azaroaren 23ko elkarrizketa batean aurkakoa esan zuen Belarrak[55]

Azaroaren 27an, banku publikoa sortzea, aldi baterako kontratazioen pizgarriak kentzea eta lan-astea 35 ordura murriztea proposatu zuen Podemosek.[56]

Abenduaren 5ean jakin zenez, Batzar nagusietara hautesle elkarteak baliatuz aurkeztea aztertzen ari zen Podemos. Bestalde, udal bozetan herritarrek osatutako guneak bultzatuko zituen, alderdien siglen batuketa eragotziz eta Nafarroa Garaian Podemos gisa aurkeztuko zen.[57]

Abenduaren 9an, Segio Martin kargutik kentzea eskatu zuen RTVEko Erredakzio Kontseiluak, izan ere, abenduaren 6an, Canal 24H katean Pablo Iglesias Podemoseko buruari egindako elkarrizketan Sergio Martin aurkezleak ETAko presoei buruz egindako galderek polemika sortu zuen.[58] Egun berean, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak esan zuen Iñigo Errejon Podemos alderdiko Politika idazkariak Malagako Unibertsitatearekin sinatutako kontratuaren “gutxienez lau baldintza” ez zituela bete.[59]

Abenduaren 16an jakin zenez, Pablo Iglesiasen ondasunak, landetxe bat Avilan eta motor bat ziren. Podemosen Zuzendaritzako kide izateagatik ez zuen ezer jasotzen eta Eurodiputatu izateagatik, 19.604,08 euro jasotzen zituen. 50.082 euro, berriz ,autonomo moduan autonomo moduan jasotzen zituen.[60]

Abenduaren 21ean, Pablo Iglesias 'guztiekin guztiaz eztabaidatzeko' prest agertu zen baina esan zuen ez ziela inoiz besarkadarik emango ez Mariano Rajoyri, ezta Artur Masi ere.[61] «Gauza guztien gainean erabakitzeko eskubidea» ere babestu zuen Katalunian: «Espainia herrien herria da» esanda.[62]

Abenduaren 26an, Podemosen udalerri mailako hauteskundeak ireki zituzten.[63]

Abenduaren 28an, Pablo Iglesiasek nabarmendu zuen Kataluniak "78ko giltzarrapoa" zanaldu behar zuela, herritarrek independentziaren inguruan erabakitzeko. Bere ustez, "saihestezina" zen prozesu konstituziogile bat gizarte kataluniarrean, independentzia ere zuen "herrialdeko eztabaida" bat.[64]

Abenduaren 30ean, Pablo Iglesiasek Greziak eta Espainiak demokrazia beldurraren aurretik ipiniko zutela adierazi zuen. Bere ustez, Syrizak Grezian irabazi ahal izateak Europako finantza eliteen artean eragindako “urduritasuna” pizteko arrazoiengandik galdegin zuen.[65]

Abenduaren 31ean, udalerri mailako karguak hautatzeko epea amaitu zen Ahal Dugun.[66] Egun berean, Podemosek alternatiba zela EAEn suminduta zegoen jende askorentzat esan zuen. EAEn babes handiagoa lortzea nahi zuen alderdiak, izan ere, "EAJrekin erlazioa duten ustelkeria kasuen zerrenda gorantz doa" euren uste.[67]

2015

Urtarrilaren 1ean, Espainiako Estatuan, 6.999 hautagai aurkeztu ziren 770 udalerritan eta euretan 86.046 lagunek parte hartu zuten; udalerri horietako biztanleen herenak.[32] Pablo Iglesiasen aldeko korronteak irabazi zuen Estatuko hiriburuetan.[68] Honen ostean, hauteskundeetara nola aurkeztu erabaki behar zuen Podemosek, eta erkidegoetako buruak hautatuko zituen.[69]

Idazkari nagusiak

Oharrak

Erreferentziak

Kanpo estekak