Akitaniera

Antzinako Akitanian hitz egiten zen hizkuntza edo antzinatean Pirinio mendebaldean hitz egiten zen hizkuntza-multzoa

Akitaniera[1] edo eusko-akitaniera[2][3], Akitanian mintzatu zen hizkuntza hil eta ezezagun bat da. Antzinako euskaldunek edo agian, akitaniarrek bakarrik hitz egiten zuten hizkuntza izan zela uste izan da. Aztarna arkeologiko, toponimiko eta historikoek erakusten dute euskal hizkuntza bat edo batzuk izan zirela edo, zuzenean, euskararen aurrekaria izan daitekeela[4].

Akitaniera
UMMESAHAR inskripzioa duen hilarria. Lerga.
Datu orokorrak
Lurralde eremuaAkitania eta Tarraco
EskualdeaPirinioen ekialdea
Hizkuntza sailkapena
Euskal hizkuntza
Alfabetoalatindar alfabetoa
Hizkuntza kodeak
ISO 639-3xaq
Glottologbaliorik ez
IETFxaq

Geratu diren arrasto nagusiak Antzinako Erromako sasoiko hilarrietan, estelatan zein jainko-jainkosei eskainitako inskripzioetan daude. Hor, latinez idatzitako testuen baitan, 400 bat pertsona-izen eta jainko eta jainkosen 70 bat izen ageri dira. Hala ere, izen hauetaz gain ez da akitanierazko testurik aurkitu.

Erromatarren konkistaren aurretik hitz egiten zen eta Goi Erdi Arora arte iraun zuen.

Izendapenaren esanahi zehatzari dagokionez ez dago adostasunik, eta antzinako euskara, antzineuskara, eta baskonikoa hitzekin nahastuta ager daiteke[oh 1].

Pertsonen eta jainko-jainkosen izenak

Akitanierazko izenak dituzten aztarnak Pirinioen iparraldean zein hegoaldean aurkitu dira.

Iparraldean, Novempopulania (Akitania) erromatar probintzian 400 antroponimo (pertsona izen) eta 40 teonimo (jainko- eta jainkosa-izen) aurkitu dira:

  • Antroponimoak: Belexeia, Lavrco, Borsei, Andereseni, Nescato, Cissonbonnis, Sembecconi, Gerexo, Bihossi, Talsconis, Halscotarris...
  • Teonimoak: Andosto, Baigorixo, Ilunno, Arixoni, Artahe, Ilurberrixo, Astoilunno[5], Haravsoni, Leherenno, Herauscorritsehe, Itsacurrinne, Erditse, Erge ...

Hegoaldean, egungo Nafarroa, Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Errioxan, Aragoin (ikus El Forau de la Tuta) eta Sorian[6]:

Eremu hauetatik urrun, agertu dira izenak beste leku hauetan:

  • Hagenbach-en (Alsazian) erromatar garaiko piezak zituen altxor bat aurkitu zen, eta tartean, jainko-jainkosei eskainitako zilarrezko xaflak, eskaintzailearen izendunak gehienak. Horietako izen asko akitaniarrak ziren[8]: Andossus, Xembe, Xembesus[9][10] [11].
  • Ascoliko brontzea, Erroman agertu zen K.a.-tik II mendeko dokumentua da. Bertan Turma Salvitana-ko zaldunen izenak agertzen dira. Soldadu mertzenario hauek Ebro bailarako hainbat herritakoak izanik, iberierazko izenak dituzte batez ere, baina izen batzuk euskal ezaugarriak dituzte: Enneges[12], Arranes eta Arbiscar[13].
  • Sardiniako Ardara herrian. [B]ihonis [gen.], [O]rgoeta [nom.] [14].

Kataluniako Guissonatik hurbil dagoen Florejachs herrian agertu zen idazkun batean Laurbeles izena irakur daiteke[13].

Hedadura geografikoa

Akitanierazko izenak aurkitu diren tokiak, eta horietako batzuk.

Akitanieratzat jotzen diren idazkun gehienak Garona Garaia inguruan topatu ziren hasieran, —hortik akitaniera deitzea antzinako hizkuntza hari—, baina ez denak. Esate baterako, honako herri hauetakoak ziren topatu ziren lehen akitanierazko idazkunak, Mitxelenak 1964an argitaratutako Textos arcaicos vascos liburuan aipatuak: Escunhau (Arango harana)[15], Saint-Béat[16], Eup[17], Arguenòs [18], Sauvaterrerre-de-Nébouzan (Poursiugues-Boucoue ondoan)[19], Gourdan[20], Ardièja[21], Saint-Aventin[22], Luishon[23], Bordèras de Loron[24], Atharratze[25], Lerga[26]...Erromatarrek Galia konkistatu zutenean, Akitania izan zen Garona ibaiaren eta Pirinioen artean zegoen lurraldea. Julio Zesarren arabera, Galiako zelten desberdinak ziren akitaniarrak, bai ohituretan bai hizkuntzari dagokionez.[27]

Akitanieraren eremua ekialderantz gutxienez Arango haraneraino eta iparralderantz gutxienez Biscarrosseraino iristen zela erakusten duten aztarna toponimikoak daude[28]. Atzizkitzat ‑os, ‑osse, ‑ons, ‑ost eta ‑oz dituzten toponimoak (Biscarrosse, Biscarrués, Bardoze, Beskoitze...) jatorri akitaniarrekoak direla uste da. Elementu horri Pirinioen bi aldeetan sendo eutsi zaio toponimian, eta hizkuntzaren jarraitutasuna adierazten du. Akitanierazko onomastika topatu egin da Pirinioetako mendebaldeko bi aldeetan, gaur egun Aragoi, Euskal Herria, Errioxa, Soria eta Gaskoiniakoak diren lurraldeetan.

Hegoalderago garai hartako euskararen aitzindaria izan daitekeen hizkuntzaren aztarnak, akitanieraren aztarnak topatu dira Soriako iparraldean, Tierras Altas delako eskualdean, Nafarroa Garaian, Errioxan.

Joakin Gorrotxategik eta Fernando Fernández Palaciosek, Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakasleak, Alsaziako, Hagenbach herria[29] eta Sardiniako Ardara herria gehitu zituzten zerrendara [14].

Euskararen eta akitanieraren arteko antzekotasunak

Erromatarren garaiko Akitaniako idazkun batzuk, Latina bakarrik erabilita, nekez uler daitezke. Hitz horiek euskararekin konparatu dira.
Akitanierazko[Betiko hautsitako esteka] izenak grabatuta dituzten zilarrezko Hagenbach-eko xaflak. Spirako Palatinadoko Historia museoa.

Akitanieraren izen asko erraz ulertzen dira egungo euskaratik abiatuta.[erreferentzia behar]

AkitanieraAitzineuskaraEuskara
adin*adiNadin
andere, er(h)e*andereandre/andra/andere
andos(s), andox*andoś
arix*arisaritz
artahe, artehe*artehearte
atta*aTaaita/atta
belex?*beLebele
bels*belsbeltz
bihox, bihos*bihosbihotz
bon, -pon*boNon
bors*borsbortz
cis(s)on, gison*gisoNgizon
-c(c)o*-Ko-ko
corri, gorri*goRigorri
hals-*halshaltza
han(n)a?*aNaneanaia
har-, -ar*aRar
hars-*harshartz
heraus-*herauśherauts
il(l)un, ilur*iLunil(h)un
leher*leheRleher
nescato*neśkaneska, neskato
ombe, umme*unbeume
oxson, osson*otsootso
sahar*sahaRzahar
sembe*senbeseme
seni*śenisein
sesenzezen
-ten*-teN-ten
-t(t)o*-To-t(t)o
-x(s)o*-tso-txo,-txu

Iruditegia

Akitanierazko hitzak dituzten idazkunen irudi gero eta gehiago[30] topa daitezke Interneten:

Ikertzaileak

Hainbat historialari eta hizkuntzalarik ikertu dituzte akitanieraren arrastoak. XIX. mende amaieran, Achille Luchairek 1877an eta 1879an publikatu zituen bi liburutan euskara, gaskoia eta akitanieraren arteko lotura egiten du. 1892. urtean Julien Sacaze frantziarrak Inscriptions antiques de des Pyrénées[35] liburuan katalogatu zituen idazkun horiek. Gero, 1931. urtean, Raymond Lizop frantsesak, bere tesia aurkeztu zuen Tolosako unibertsitatean: Le Comminges et le Couserans avant la domination romaine, eta bertan Saint-Bertrand de Cominges-en aurkitutako inskripzioak aztertu zituen. Hain zuzen ere, herri horretan aurkitu dira orain arte akitanierazko izenak dituzten inskripzioen multzo handiena.

Koldo Mitxelenak bere obra zabalean hainbat idazlanetan berraztertu edo aipatu zituen aurreko ikerketak. 1984. urtean, Joakin Gorrotxategik bere doktore tesia aurkeztu zuen: Estudio sobre la onomastica indígena de Aquitania[36], orain arte lan garrantzitsuena. Gaur egun, akitanieraren edota aitzin-euskararen inguruko ikerketei jarraitzen zaie, adibidez, Joseba A. Lakarra, Mikel Martínez Aretaren [37][38] eta Fernando Fernández Palaciosen lanen[39] bidez.

Oharrak

Erreferentziak

Ikus, gainera

Bibliografia

  • Astrain Nuñez, Luis. 2004. (Gaztelaniaz) El euskera arcaico. Extensión y parentescos. Tafalla: Txalaparta. ISBN 8481363006
  • Gorrotxategi Txurruka, Joakin; Igartua, Ivan; eta Lakarra, Joseba A. (arg.). 2018. Euskararen historia. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. (Aleak, euskaraz, 860 orrialde ditu: koloretako mapak eta grafikoak. Liburuaren gaztelaniazko bertsioa ere badago. (Bibliografia: 801-847 orrialdeetan) ISBN: 978-84-457-3433-9.
  • Beltrán 1986: F. Beltrán Lloris, (Gaztelaniaz) “Epigrafía y onomástica de las Cinco Villas”, in: Actas de las I Jornadas de Estudio sobre las Cinco Villas, Zaragoza, 1986, 53-93.
  • Espinosa y Usero 1988: U. Espinosa y L. M. Usero, (Alemanez) “Eine Hirtenkultur im Umbruch; Untersuchungen zu einer Gruppe von Inschriften aus dem conventus Caesaragustanus (Hispania Citerior)”, Chiron 18, 1988, 477-504.
  • Fernando Fernández Palacios. (Gaztelaniaz) "Actualización en onomástica vasco-aquitana".
  • Gorrotxategi Txurruka, Joakin; 1984: (Gaztelaniaz) Estudio sobre la Onomástica Indígena de Aquitania, Bilbao 1984.
  • Gorrotxategi Txurruka, Joakin; 1993: (Gaztelaniaz) “Onomástica Indígena de Aquitania: adiciones y correcciones I (OIA Add. I)”, in Festschrift für Jürgen Untermann zum 65. Geburstag, Innsbruck 1993, 145-55.
  • Gorrotxategi Txurruka, Joakin; 2003: (Gaztelaniaz) “Las placas votivas de plata de origen aquitano halladas en Hagenbach (Renania-Palatinado, Alemania)”, Aquitania 19, 2003, 25-47.
  • Gorrotxategi Txurruka, Joakin; 2004: (Gaztelaniaz) “Las raíces lingüísticas de Navarra”, in: R. Jimeno y J. C. López-Mugartza (editoreak.), Vascuence y romance. Ebro-Garona, un espacio de comunicación, Pamplona, 2004, 105-22.
  • Gorrotxategi Txurruka, Joakin; 2006: (Gaztelaniaz) “Onomástica vascona y aquitana: elementos para el conocimiento de la Historia Antigua de Navarra”, in: J. Andreu (ed.), Navarra en la Antigüedad: propuesta de actualización, Iruñea, 2006, 111-36.
  • Gorrotxategi Txurruka, Joakin; 2007: (Gaztelaniaz) “Onomástica de origen vasco-aquitano en Hispania y el Imperio Romano”, en: M. Mayer et al. (editoreak), XII Congressus Internationalis Epigraphiae Graecae et Latinae Bartzelona, 2007, 629-34.
  • Gorrotxategi Txurruka, Joakin; 2015. "Akitaniera eta euskara", Hemen: Fernández, Beatriz eta Salaburu, Pello: Ibon Sarasola, Gorazarre. Honatge, Homenaje. EHU. ISBN: 978-84-9082-097-1
  • A. Luchaire 1876-77: A. Luchaire, (Frantsesez) “Les origines linguistiques de l’Aquitaine”, Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau , 1876-77, 349-423.
  • Koldo Mitxelena 1954: L. Michelena, (Gaztelaniaz) “De onomástica aquitana”, Pirineos 10, 1954, 409-458.
  • Koldo Mitxelena 1961: L. Michelena, (Gaztelaniaz) “Los nombres indígenas de la inscripción hispanorromana de Lerga”, Príncipe de Viana 82-83, 1961, 65-74.
  • Orduña Aznar, Eduardo. (Katalanez) Llengües paleohispàniques no indoeuropees . (ikusia: 2021-02-08)
  • G. Piras 2004: G. Piras, (Italieraz) “Un miles della cohors III Aquitanorum in un’iscrizione funeraria proveniente da Ardara (Sassari): nota preliminare”, L’Africa romana 15, 2004, 1543-1556.
  • Sacaze, Julien. Inscriptions antiques de des Pyrénées. Tolosa, 1847-1889: Online irakurgai hemen: https://gallica.bnf.fr/ark:/12148/bpt6k1420973p/f19.item
  • Velaza 1995: J. Velaza, (Gaztelaniaz) “Epigrafía y dominios lingüísticos en territorio de los Vascones”, in: F. Beltrán (ed.), Roma y el nacimiento de la cultura epigráfica en Occidente, Zaragoza 1995, 209-18.

Kanpo estekak