Amable Arias

Gaur taldeko margolaria (1927-1984)

Amable Arias Yebra ( Bembibre, Leon 1927ko ekainaren 29a - Donostia, 1984ko otsailaren 29a) artista polifazetikoa izan zen, eta margolaritza, olertia, saiakera eta soinuak artegintzan izan zitzakeen era askotako aukerak landu zituen. Oso lan pertsonala eta politikoki eta sozialki konprometitua garatu zuen. Nahigabeez betetako bizitza izan zuen. Hala ere, haren ekoizpenak, oro har, ezaugarri nagusi bat du: suntsitzailea zenari aurre egin eta irudimenetik abiatuta mundu berri eta emankorrak sortzea. 56 urte zituela hil zen, koma nefritikoz.[1]

Amable Arias
Fitxategi:Amable Arias - 50062384162.jpg
Amable "Valle desde lo alto de Montearenas" olioaren aurrean, Gabonetako XI. Lehiaketan saritua.
Bizitza
JaiotzaBembibre1927ko ekainaren 29a
Herrialdea Espainia
HeriotzaDonostia1984ko otsailaren 29a (56 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakartista

Biografia

Bembibren jaioa (Leon), 1936an, bederatzi urte zituela, istripu bat izan zuen: tren-geltoki batean jolasten ari zela, irteerarik gabeko trenbide batean zegoen bagoiak harresi baten kontra zanpatu zuen. Ebakuntza ugari egin behar izan zizkioten, eta, ondorioz, herren geratu eta makuluak erabili behar izan zituen bere bizitzan barrena.[2]

1942an, Amable zenaren familia Donostiara joan zen bizitzera. Tristura-, txirotasun- eta itxialdi-urteak izan ziren: gurasoek ez zuten Amable eskolaratu eta aitak mutikoa eta ama jotzen zituen. Nolanahi ere, agindu judizial bat tartean zela eta, aitak hiria utzi behar izan zuen. Lasaitu ederra hartu zuen Amablek aitarenganako harremana erabat etendakoan. Estraperloz erositako penizilinari esker, osatzen hasi zen, eta tarteka-marteka akuarela-eskolak jasotzen hasi zen Ascensio Martiarenarekin. Horiei esker, bere bokazio piktoriko eta literarioa biziberritu, eta atzera ezineko erabakia bilakatu zen.[3][4]

50eko hamarkadan, Amableren amak lana aurkitu zuen Donostiako Antzoki Zaharreko arropazaindegian, eta amari jantziak bueltatzen laguntzen zion artistak. Mundu berri bat zabaldu zen gaztearen begi-aurrean. Tramoiara sartu eta antzezle, musikari, vedette, komiko, abeslari eta bestelakoekin egon ohi zen, eta askotan horiek hartzen zituen erretratatzeko.[5][6]

Fitxategi:Amable en la Galería Ikuska de San Sebastián, ante el óleo "Ambigüedades en un cuadro difícil", año 1971.jpg
Amable Donostiako Ikuska galerian, "Ambigüedades en un cuadro difícil" olioaren aurrean, 1971. urtea

Eskarmentu horri esker, bere kultura urriaz jabetu eta goiz eta arratsaldez joan ohi zen udal-liburutegira irakurtzeko, eta beti liburu-gosea ase ezinik ibiltzen zen. Aukeraketa zorrotzik ez zuen egiten: ezagunak egiten zitzaizkion egileak aukeratu ohi zituen edo euren fisionomia zela-eta, erakargarriak egiten zitzaizkionak. 25 urteen atarian tebeoetako mundutik filosofia, zientzia eta literaturara egin zuen jauzi.[7]

1956an lehen olio-pinturak margotu zituen, Bembibreko ikuspegiak. Lau urte geroago, bere bakarkako lehen erakusketa egin zuen, baina zapuztu egin zen, etekin ekonomiko eskasarengatik.

1963an "Espacios Vacios"[8] erakusketa paratu zuen Donostiako Udaleko aretoetan, baina ikusleek ez zuten ulertu, izan ere, ez zeuden lan esperimentalekin ohituta, eta horrek hiriko giroa harrotu zuen. Orduantxe jaio zen Amable artista marjinala eta ez kontziliatzailea izatearen sona.[9][10]

1970ean, Maru Rizo bere bikotekide eta lankidearekin elkartu zenean, estudio txiki bat hartu zuen errentan, Donostiako Alde Zaharrean. Bertan zuen irudimen aberatsa eta buruan atzera eta aurrera zituen ideiak gauzatzen hasi zen. Jendaurreko jardueratik urrundu eta bere lanean zentratu zen. Bien bitartean, estamentu ofizialen baztertzea jasan zuen "margolari madarikatuaren" estereotipoa nagusi izan baitzen Amablek urratutako ibilbidean.[11][12]

Artistaren azken urteak iragarritako heriotzaren gertutasunaz zipriztindu ziren, eta horrek denbora profitatzeko gogo bizia txertatu zion. Hala, garai horretan jarduera artistiko oparoa izan zuen. Garaiko artista eta intelektual aurrerakoi ia guztiek bezala, Francoren aurkako jarrera argia agertu zuen, eta bere gogoeta ideologiko eta teorikoa zela eta, muturreko marxismoaren lerroan kokatu zen.[7]

Fitxategi:Amable con su compañera Maru Rizo.jpg
Amable Maru Rizorekin

Koma nefritikoz hil zen, Ategorrietako etxean (Donostia), 1984ko otsailaren 29an, 56 urte zituela.[13]

Orduz geroztik, Maru Rizo bikotekidea eta bere ondarearen administraria, lan handia egiten ari da bere obra katalogatu, zaindu eta transkribitzen, etorkizunean artistaren erakusketak antolatu eta argitalpenak plazaratzea errazteko. Carmen Alonso-Pimentel arte historialari eta Amablesen biografia egilea eta Gonzalo Sanchez galerista, kolaboratzaile izan zituen Maruk garai batean ia isilpekoa izan zen eta gaur egun miretsitakoa den artista berreskuratzeko lanetan. Horren adibide haren obra plastiko eta soinudunekin gauzatutako erakustaldi ugariak eta plazaratutako liburuak; El Café de Amable, artista zenaren omenez egindakoa, tartean. Baita haren jaioterriak aho batez seme kuttuna izendatu izana eta bertako kale bati haren izena eman izana ere.[14][15]

Lan plastikoa

30 urteko ibilbide artistikoan (1954-1984) paperean garatutako lan grafikoak ugariak dira. Alderantzizkoa gertatu da olio-margolanekin; urriak dira (303), izan ere, oihalak oso garestiak ziren.

Amable Ariasen kasuan, bizitza eta obra estu lotuta daude: Teatro Principal seriea lotuta dago antzoki horretan egindako lanarekin; La guia izenekoa, gida turistiko batek egin zion enkarguarekin; Bodegones lana, espazioarekin eta lagunekin zuen harremanarekin; Bembibre, haurtzaroarekin berriro elkartzearekin; Las manitas, irrealaren izana aldarrikatzeko zuen joerarekin;

Fitxategi:"Escultura de papel de fumar", tinta y collage de papel de liar, año 1967.jpg
"Escultura de papel de fumar", tinta eta liar-paperezko collagea, 1967. urtea

Papeles de fumar, arintasunarekiko zuen lilurarekin; Quimera bere borrokarekin, beti itxaropenez betea…Bere lehen erakusketarako (Donostiako Aranaz Darras aretoa, 1958) hiru kristo handi egin zituen. Nahiz eta muturreko katolizismoan hezi, ordurako bazterrean utzita zuen ideia erlijioso oro.Bi urte beranduago, 1960ean, hiriko arte lerro ofizialari bizkarra emanda De los 10 izeneko talde-erakusketa antolatu zuen, lagun batek utzitako sotoan. Honako hauek parte hartu zuten: Miguel Angel Alvarez, Nestor Basterretxea, Carlos Bizkarrondo, Gonzalo Chillida, Mari Paz Jimenez, Jose Maria Ortiz, Rafael Ruiz Balerdi, Jose Antonio Sistiaga, Juan Francisco Villagarcia eta Amable bera.1961ean, Gipuzkoako elkarte artistikoko presidente izan zen, eta elkartea kultura eta plastika erakusketa zentroa bihurtzen saiatu zen.

Gerora Bierzora egindako bidaietan Amable gero eta abstraktuago bilakatzen ari ziren paisaietan zentratu zen. Obra gogor eta adierazkorra da, haren izaera intimoarekin bat egiten duen grafia, beste behin. Espacios Vacíos erakusketa (Donostiako Udaleko sotoak, 1963) ulertu ezina izan zen obra esperimentalekin ohituta ez zegoen publikoarentzat; besteak beste, Amablek hutsik zeuden bost lauki ipini zituen. Gauzak horrela, hiria erabat sumindu zen eta alkateak debekatu egin zuen "antzeko edozein adierazpen".

Pixka bat beranduago, 1966an, Gaur (artista-taldea) osatu zen. Amablek ideiaren sortzaile Sistiagarekin izandako solasaldiari esker sortu zuen taldea [16][17]. eta gorpuztu egin zen Remigio Mendiburu, Eduardo Chillida, Jorge Oteiza, Jose Luis Zumeta, Nestor Basterretxea eta Rafael Ruiz Balerdirekin. Emen, Orain, Danok, Bizkaia, Araba eta Nafarroako taldeekin Euskal Eskola osatu zuten. Batasun laburra izan zen, denboran, baina erabakigarria, izan ere, Euskal Herriko belaunaldi berrien ildo artistikoak marraztu zituen.[18]

Fitxategi:"Linares con árbol grande", óleo sobre lienzo, año 1959.jpg
"Linares con árbol grande", oihal gaineko olio-margolana, 1959. urtea

1966 eta 1967 urteetan atomoaren pinturan zentratu zen. Bertan materia desegin zuen, ukitu txikien bitartez. Hutsak eremu handiak hartu zituen. Garai horrek arte historialarien jakin-mina piztu zuen, antzekotasun estetikoak atzeman baitzitzakeen bolada horretan AEBetan garatzen ari zen minimalismo mugimenduarekin.

1970ean pintura abstraktutik aldendu zen, horrek iraultzailetik zuena galduta zegoen ustean, eta hortik aurrera ez zuen mugarik izango: abstraktuak eta figuratiboak biziraun zuten haren obran, nahastuta. Horrela, Amablesen lanetako askoren atzealde abstraktutik bere lanek elikatu ohi zituzten iruditeriako pertsonaiak sortu ohi ziren, humus sortzaile batek bizia eman izan balitzaien bezala.

Beti bide berriak urratu nahian ("margotua izateko edo margotzeko balio ez duena nahi dut" esan ohi zuen), batzuetan modu erraz batean eta beste batzuetan esperimentatzeko, ohiko tresnez baliatu ohi zen, horiei beste estatus bat emateko: pentsamendu eta umore-gauzakiak, berpizte-gauzakiak, salaketarako eta ebokaziorako gauzakiak, antimilitaristak, arinak… Horren adibide dira Biblioteca de Amable (liburuak), Posaderas bulevarianas (aipuak), Sobres sorpresa (zoriak), Historia de Euskal Herria (maketak zuriz), Copiador mil hojas (fotokopien aurreko artxiboak), Macabros (bere heriotzaren berri izanda egindakoa), Homenaje a Puigmiquel (antitesia), Huellas de un azul eléctrico (bulegoko tanpoiak)…[19]

Beste batzuetan metodo klasikoagoez baliatu zen, collage, biñeta, urmargo, pastel… tintetan erabilitakoak bezala, baina beti ere berezko moduz erabilita. "Me gusta ir lego de técnicas", esan ohi zuen.

Oleoetan "urrezko ogiak", hondarra, lurra, purpurina eta eztainua sartu ohi zituen. Euskarritzat kartoia erabili zuen 13 alditan, mehategietako materialaz baliatuta margotu zuenean, eta beste 14 alditan, beira, baina pieza batzuk apurtu egin ziren oso hauskorrak baitziren.

Nahiz eta Amablesek teknika jakin bat erabilita irudimeneko pertsonaiak irudikatu, horrek ez zuen esan nahi pertsonaia horien bizitzak amaituta zeudenik, alderantziz, handik denbora batera, barruko migrazio batean bezala, pertsonaiak suspertu egiten ziren, zenbait prozeduraren bitartez. Horren adibide dira Los Tupamaros en sobres, los Sartres, los Tupamaros en libros, eta abar.

Fitxategi:"El pensamiento ligero", collage de papel de seda empolvado, año 1982.jpg
"El pensamiento ligero", hautseztatutako zetazko paperezko collagea, 1982.jpg

Literatura-obra

Gaztetandik hasi zen idazten, baina plazaratutako lehen lanak askoz ere beranduago heldu ziren. Hordago (argitaletxea) bi lan plazaratu zituen artista artean bizirik zegoela: La mano muerta (1980)[20] eta 23, 1981ean argitaratutako talde-liburua.[21]

Fitxategi:"Encantamiento y desencantamiento", año 2016, Eolas Ediciones.jpg
"Encantamiento y desencantamiento", 2016. urtea, Eolas Argitaletxea

Hil ondoren (1984) artistaren hiru poemario plazaratu ziren: Sobre el vaivén de las cortinas (2003)[22], La mano muerta -zabaldu eta zuzendutakoa- (2012)[23] eta Encantamiento y desencantamiento (2016)[24]; baita ahozko liburu bat, izan ere, ez zuen idatzi diktatu baizik, Sherezades (2005, bere bizitzan garrantzia izandako emakumeei buruzkoa)[25]; eta Cuadernos experimentales de Arte (2007)[26] izenbereko obra testual eta plastikoaren birsorkuntza.

Ezezaguna den bere obra zabala da, hala ere, batere ortodoxoa ez zen ortografiaren ezaugarri bereziak (laburdura pertsonalak, Bembibre eskualdeko hitz egiteko era) eta ad eternum atzeratutako zuzenketak direla eta, lan horiek plazaratzea edizio lan zail eta delikatua da.[24]

Soinudun obra

Obra osoa kasetean irarri zuen, eta ondo zehaztutako bi ildo ditu: artistikoa eta ebokatzekoa.

Fitxategi:Amable grabando su obra sonora en cassettes, año 1981.jpg
Amable Arias bere soinu-lana kaseteetan grabatzen, 1981. urtea

Artistikoa honako elementuez osatuta dago: Espacios poéticos (soinu instrumentalekin eta giza ahotsekin egindako 38 esku-hartze); Poemas foneticos (giza ahotsekin eta poema bakoitzaren hasieran zerrendatutako mota guztietako soinudun tramankuluekin egindako 36 saio); eta Poemas afónicos y de la voz recobrada poema laburrak. Grabazio prozesuan Maru Rizoren kolaborazioa erabakigarria izan zen.

Beste lerroa, soilki fonetikoa, eta ez instrumentala, oroimen ariketa mardula da, 28 ordu irauten du eta bertan Amablek bere haurtzaroaz dihardu, 10 urte bete arte. Lan horrek balio bikoitza du: bere bizipen pertsonalei lotutako interes biografikoarekin eta Bierzoko dokumentu antropologiko gisa.

Museoak eta bildumak

  • San Telmo Museoa, Donostia[27]
  • IVAM, Valencia[28]
  • Udal Liburutegia, Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
  • Sanz Enea, Zarautz (Gipuzkoa)[29]
  • Durangoko Arte eta Historia museoa, Durango (Bizkaia)[30]
  • Galiziar Arte garaikideko gunea, Santiago de Compostela (A Coruña)[31]
  • ARTIUM, Vitoria-Gasteiz[32]
  • Arte ederren museoa, Nicaragua
  • Koldo Mitxelena Kulturunea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia
  • Junta de Castilla y León, Valladolid
  • Kutxa bilduma, Donostia[33][34]
  • Centro Leonés de Cultura, Leon
  • Casa de las Culturas, Bembibre (Leon)[35]
  • Fundazioa Evaristo Valle Museoa, Gijon (Asturias)[36]
  • Instituto Estudios Bercianos, Ponferrada (Leon)[37]
  • Bilboko Arte Ederren museoa[38]

Bibliografia

  • Alonso-Pimentel, Carmen. 1997, Amable Arias. Deustoko Unibertsitatea. Donostia.[39]
  • Andina, Jovino. 2016, Nuevo poemario de Amable Arias, Diario Bembibre Digital, 2016-05-2, Bembibre, Leon.
  • Beti, Iñaki (†). 2005, Sherezades liburuaren sarrera, Amable Arias, Bassarai Argitalpenak, Vitoria-Gasteiz.[40]
  • Blanco, Pilar. 2014, Mundo, vida, niños, Bembibre, Bembibre erakusketaren katalogoa, estekizkako kurutzapenak Amable Ariasen artelanean, Bembibreko Casa de las Culturas eta Ponferradako Casa de la Cultura.
  • Blanco, Rogelio. 2016, Amable Arias: ¿Encantamientos y desencantamientos?, Encantamiento y desencantamiento liburuari epilogoa, Amable Arias, Eolas Argitalpenak, Seinne bilduma, Leon.[41]
  • Bonet, Juan Manuel. 2002, Levedad de lo leve (Descubrir a Amable Arias), Arte y Parte arte aldizkariaren 39. zenbakia, Santander.
  • Castellano, Rafael. 2012, Peripato con muletas, Amable Arias erakusketaren katalogoa, Tintas japonesas, Ekain Arte Lanak, Donostia.
  • Fernandez, Alicia. 2004, Amable Arias, Bosteko 04 ibiltari erakusketaren katalogoa, Bizkaiko Foru Aldundia/Diputación Foral de Bizkaia argitaratua, Bilbo.
  • Fernandez Vazquez, Vicente. 2004, Historia del arte en el Bierzo, El Bierzo, arte, naturaleza y vida liburukoa, Lancia S.A. argitaletxea, Leon.[42]
  • Gancedo, Emilio. 2016, Pintor, pensador, poeta… y Amable, Diario de León, 2016.03.15, Leon.
  • Golvano, Fernando. 2013, Dar forma al caos y al azar, Amable Arias Kaosari eta zoriari forma/Dar forma al caos y al azar erakusketaren katalogoa, Koldo Mitxelena Kulturunea, Donostia.
  • Guimon, Jose. 2016, Cuerpo y creatividad. Frida Kahlo y Amable Arias, Arte y salud mental ¿Existen las terapias artísticas? liburutik, Eneida argitaletxea, Puntos de vista/41, Madrid.[43]
  • Hernando Carrasco, Javier. 2003, Lleno y vacío. El espacio en la pintura de Amable Arias, Amable Arias ibiltari erakusketaren katalogoa, La pasión reflexiva, Valladolid, Leon, Avila, Burgos, Palencia, Zamora.
  • Huercanos, Juan Pablo. 2012, La resistencia del trazo, Amable Arias erakusketaren katalogoa, Huellas de un azul eléctrico y Macabros, Menchu Gal erakusketa-aretoa, Irun.
  • Marcos, Bruno. 2016, Lo maravilloso y lo tonto, Diario La Nueva Crónica, 2016-04-14, Leon.
  • Merino, Jose Luis. 2005, Amable Arias, 70 artistas liburutik, Avance argitaletxea, Bilbo.[44]
  • Palmero, Jesus. 2009, Una aproximación a La jirafa cuadrada, Amable Arias erakusketaren katalogoa, La jirafa cuadrada, Bierzoko Museoa, Ponferrada.
  • Rizo, Maru. 2016, Amable Arias, La palabra eclipsada, Encantamiento y desencantamiento liburuaren sarrera, Amable Arias, Eolas Argitalpenak, Seinne bilduma, Leon.[41]
  • San Martin, Francisco Javier. 2007, Experimentando arte con cuadernos, Cuadernos experimentales de arte liburuaren sarrera, Amable Arias, Leongo Unibertsitatea argitaratua, Plástica & Palabra bilduma, Leon.[45]
  • Viar, Javier. 2003, Ojos de vigilia o avive el seso y despierte, Amable Arias Dibujos erakusketaren katalogotik, De lo invisible, Bilboko Arte Ederren Museoa, Arte Ederren Museoa argitaratua, Bilbo.

Erreferentziak

Kanpo estekak