Baiona

Lapurdiko hiriburua
Artikulu hau Lapurdiko hiriburuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Baiona (argipena)».

Baiona (ofizialki: Bayonne) Lapurdiko hiriburua eta Ipar Euskal Herriko hiri nagusia da. Halaber, Euskal Herri osoko hamargarren hiririk jendetsuena da. Baionak, Angelu eta Biarritzeko udalerriekin batera, BAM izeneko gune metropolitarra osatzen du, Euskal Herriko bostgarren gune metropolitar handiena.

Baiona
 Lapurdi, Euskal Herria
Baiona Handiaren ikuspegia: ezkerraldean, Espiritu Sainduaren zubia, erdian Baionako katedrala, behean Atturri ibaia eta eskuinaldean Baionako herriko etxea.

Bandera


Armarria


Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Lapurdi
Administrazioa
Estatua Frantzia
Eskualdea Akitania Berria
Departamendua Pirinio Atlantikoak
ElkargoaEuskal Hirigune Elkargoa
BarrutiaBaiona (hiriburua)
Izen ofiziala  Bayonne
AuzapezaJean-René Etxegarai (UDI)
(2020-2026)
Posta kodea64100
INSEE kodea64102
Herritarrabaiones / baionar
Kokapena
Koordenatuak43°29′33″N 1°28′35″W / 43.4925°N 1.4764°W / 43.4925; -1.4764
Map
Azalera21,68 km2
Garaiera0-85 metro
Distantzia0 km (Baionatik)
Demografia
Biztanleria51.411 (2018:  743)
alt_left 27.463 (%52,1) (%45,1) 23.765 alt_right
Dentsitatea2.190,59 biztanle/km²
Zahartzea[1]% 23,24
Ugalkortasuna[1]‰ 48,99
Ekonomia
Jarduera[1]% 70,8 (2011)
Desberdintasuna[1]% 6,49 (2011)
Langabezia[1]% 9,9 (2013)
Euskara
Euskaldunak% 7,19 (2010)
Erabilera% 0,29 (2011)
Datu gehigarriak
SorreraErromatar fundazioa, gutxienez IV. mendea. urtea
Webguneahttp://www.ville-bayonne.fr/

2017. urteaz geroztik Euskal Hirigune Elkargoaren hiriburua da eta erakunde honetako egoitza nagusia hiri honetan dago.

Erromatarren garaian sortua, Lapurdum izena izan zuen, geroago inguruko lurraldearen izena izatera (Lapurdi) igaro zena. XI. mendetik aurrera, apezpiku hiri bihurtu zen, Bajonencis elizbarrutiko buru izendatu baitzuten. Baionak goiburua nunquam polluta du (euskaraz, «inoiz ez zikindua»), mendeetan zehar hiribildua setiatzeko izan ziren 14 saiakerek, gutxienez, porrot egin zutelako.

Hiri gutxik dute hain izaera nabaria eta bitxia. Walter Benjaminek esan zuen bezala:

«Baionak bisitariak harrituta uzten ditu, hiria bera ez da haietaz harritzen ordea.»

Walter Benjamin


Etimologia

Euskaraz eta gaskoiz Baiona era berean idazten da, baina gaskoiz [ba'junɔ / ba'june] ahoskatzen da. Frantsesez, berriz, Bayonne idazten dute hiriaren izena.

Etimologiari dagokionez, «Baionaren izenak oraindik konpontzeke dauden arazo historiko eta linguistiko asko sortu ditu».[2] Hona hemen izenaren interpretazioak sortu dituen hipotesiak:

  • Latinezko baia (euskaraz: «badia») hitzaren gaskoi hizkuntzako handigarria izan liteke.
  • Euskarazko ibai eta ona hitzen batura izan liteke. Eugène eta Manex Goienetxek proposatu dute, J.B. Orpustanek lagunduta, jatorrizko izena bai una (ibaiaren lekua) edo bai ona (ibaiaren muinoa) izatea. Zehazki ibai eta une izango lirateke bi jatorrizko lexemak.[3]
  • Pierre Hourmatek dio «Begirik ez kendu Frantzian, iparraldetik hegoaldera, badiarekin lotutako hiri toponimo asko... adibidez Bayons, Bayonville, Bayonvillers».[4]
  • Alfontso Irigoienek, artikulu sakon batean,[5] jatorri antroponimokoaren alde egin zuen. Haren ustez, latinezko antroponimoa zen Baius (erromatarren garaian toponimoa Baionius zelako) Baio izen germanikotik datorkio (era berean Girondako Bayonek 1351n Baion eta Yonneko Béonek 519an Baione zituzten izenak).[6]
  • Al-Idrisi kartografo arabiarrak 1154. urte inguruan egindako mapan Baiuna eta Banbluna formak idazten ditu Pirinioetako mapan. Hortaz, «Ponpeloren iruña» esanahia ematen badiogu Pamplona toponimoari, Ibai + Iruña izan liteke Baionaren etimologia, ohikoa baita Ibai hitzaren lehen letra desagertzea (Baigorri, Bigorra, kasurako) eta Iruña sarritan agertzen delako euskal toponimian gotorlekua edo hiria adierazteko.

Historian zehar, toponimoak itxura asko izan ditu:[7]

Toponimo izateaz gain, Baiona hiriak nazioartean aski ezaguna den baioneta armari eman dio izena, bertan asmatua izan baitzen.[14][15]

Geografia

Baionako komunikabideak eta udalerri mugakideak.

Kokapena

Baiona Euskal Herria eta Gaskoinia arteko mendebaldeko mugan dago, mendebaldean eta iparraldean Landeetako basoak eta hegoaldean eta ekialdean euskal Pirinioak dituen lurralde lauan kokatuta. Hiria Aturri eta Errobi ibaiak batzen diren lekuan kokatuta dago, bere bokalean hain zuzen ere, Bizkaiko golkotik gertu.

Hidrografia

Udalerria[16] Aturri ibaiak ez ezik bere ibaiadarrak diren Portou eta Esbouc errekek zeharkatua da. Baionan bertan Aturri Errobi ibaien konfluentzia dago. Errobiren ibaiadarrak diren Hillans eta Urdainz errekek ere Baiona zeharkatzen dute.

Udalerri mugakideak



Baionako ekialdearen eta Atturri ibaiaren ikuspegi panoramikoa Mugerre aldetik ikusita.

Klima

Hurbilena dagoen estazio-metereologikoa Biarritz-Angelukoa da.[17]

Baiona Euskal Kostaldetik oso hurbil egonik, alboan duen Biarritz hiriaren klimaren antzekoa da: Bizkaiko golkoa eta Ozeano Atlantikotik hurbil dagoenez klima ozeanikoa du. Bertako neguko bataz-besteko tenpetarura 8 °C-koa da eta udako bataz-besteko tenperatura 20 °C-koa. Inoiz erregistratutako tenperatura hotz edo baxuena 1985eko urtarrilaren 16an jazotako −12,7 °C-koa izan zen, aldiz, inoiz erregistratutako tenperatuta beroena 2003ko abuztuaren 4ean jazotako 40,6 °C-koa izan zen. Ipar Euskal Herriko kostaldean euri jasa etengabeak ezohikoak dira, salbuespena negu garaia da. Maiz enbata edo ekaitz indartsu baina laburrak izan ohi dira.


    Datu klimatikoak (Baiona-Angelu-Biarritz eskualdea)    
 Hila  Urt  Ots  Mar  Api  Mai  Eka  Uzt  Abu  Ira  Urr  Aza  Abe  Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C)23.428.929.728.634.838.739.837.33732.226.125.139.8
Batez besteko tenperatura maximoa (°C)1212.81516.219.622.124.124.723.22015.112.517,4
Batez besteko tenperatura (ºC)8.191011.714.617.319.819.918.615.6118.513.7
Batez besteko tenperatura minimoa (°C)4.8578.511.614.616.71714.511.97.75.59.9
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C)−12.7−11.5−7.2−1.33.35.39.28.65.30.8−5.7−8.5−12.7
Euria (mm)143.2122.7121.7132.912190.965.1102.3124.6135.7174.2148.71483
Iturria: Biarrizko hilabeteroko klima, 69 m (1961-1990 aldia).
Infoclimat eta Météo France, 2014ko uztailaren 27an kontsultatua

Barrutiak

Baionako barrutien mapa (2014).

Baionako Udalaren arabera, 7 barrutitan banatuta dago:

Polo-Beyris / Saint-Amand

Sakontzeko, irakurri: «RN 10 - Polo» eta «Beyris»

Hiriaren kanpoaldean dagoen auzoa da, Baiona eta Angeluk bat egiten duten gunean dago, bertan BAB2 merkatalgune handirako sarbidea dago. Auzo honetan Saint-Amand ikastetxe pribatua (bertan lehen eta bigarren mailako heziketa), Polo-Beyris ikastola, Saint-Amand eliza eta "hiri bizitzaren" ("de la vie citoyenne") izeneko erabilera anitzeko areto bat daude, azken hau Polo-Beyris auzoko kulturgune gisa erabilia da.

Barrutia nahiko berria da, 1937an Udalak polo zelaiko lursailak neskentzako ikastetxeak eraikitzeko asmoz erosi baizituen. 19391947 artean jendea barneratzeko eremua bilakatu zen, 1939ko otsailetik irailera espainiar errepublikar errefuxiatuak barneratuak egon ziren, aldiz, 1940eko udazkenean Frantziar Inperio Kolonialeko presoak barneratuak egon ziren, 1940eko azarotik aurrera Frontstalag 222 presondegia bilakatu zen, bertan Bigarren Mundu Gerran zehar alemaniarrek atxilotutako jendea prso sartu zutelarik, aldiz, 1945eko apirilaren 20etik 1947ra dépôt 189 izena jaso eta Gurseko kontzentrazio-esparrutik zetozen gerra preso alemaniarrak barneratuak izan ziren. Barrutia ez zen 1950eko hamarkadararte berriz ere biziberritu, gehinbat bertan lehen udal azpibanaketa eta ikastetxe bat eraiki baiziren.

Saint-Léon / Marracq

Sakontzeko, irakurri: «Saint-Léon (Baiona)» eta «Marracq»

Saint-Léon-Marracq barrutia Atturri ibaiaren hegoaldean dago. Baionako historian leku nabarmena du, bertan Napoleonen gaztelu baten hondakinak baidaude, Marracqeko jauregia, hark bere diruz erosi eta 1808ko apirilaren 18tik uztailaren 21ararte bizilekutzat erabilia.

Auzo honen iparraldean Aviron Bayonnais hiriko errugbi taldearen Jean Dauger estadioa dago, baionatarren leku kuttunenetakoa.

Jean Dauger zelaiaren gaueko ikuspegia Aviron Bayonnais eta Stade Toulousain errugbi taldeen arteko partiduan, 2013ko iraila.

Bestalde, bertan Côte Basque Ospitale-Zentroko eraikina den Saint-Léon ospitalea ere kokatzen da, 1852-1869 artean Baionako auzapeza izan zen Jules Labaten lanei esker eraikia eta Eugenia de Montijo enperatrizak inauguratua.

Marracqeko unibertsitatea eskualde horretako kulturgune historikoa da, 1879an sortutako Baionako Lizeoaren ondorengoa, eta gaur egun Akitania osoko ikastetxe handienetakoa da.

Bestalde,

Baiona Handia

Sakontzeko, irakurri: «Baiona Handia»

Hiriaren jatorrizko sorlekua da, bertan castrum erromatarra ezarri baitzen. Hiriaren erdigunea eta merkatalgunea da. Askatasunaren plaza hiriko zaharrena da, eta bertako zoruko harlauzek Akitania, Lapurdi eta Gaskoniako armarriak irudikatzen ditu.

XVIII. mendea arte, hiria merkataritzako erabili ohi ziren ubideek zeharkatzen zuten. Antzina, Port-Neuf karrika ur kanala zen, hortik datorkio gaur egungo izena. Kale honen alboetan eraikitako etxeak piboteen gainean eraiki ziren eta hiriko ederrenen artean daude, beren zur eta zursarezko leihoak gorri, marroi, orlegi eta urdin kolorez margotuak daude. Garai batean, Errobi ibaiaren ertza arrantzaleek arrantzatu berri zituzten arrainak lurreratzen zituzten lekua zen. Kaiaren amaieran, Tour-de-Sault karrika dago, bertan erromatar harresiko bi dorre daude.

Espainiako karrika bere etxe luze eta estuengatik nabarmentzen da, bi leihodun burdin landuzko balkoiak, markoztutako ateak eta ate-kisketak dituztelarik. Diotenez, Faures edo Arotzen karrikan baioneta asmatu omen zen.

Auzo honetan hiriaren antzinako harresi eta luebakien aztarna ugari topa litezke. Orbe karrikako 9. zenbakian Luis XIV.a Frantziakoak ostatu hartu zuen. XII. mendean desagertu zen luebaki idorra gaur egun Salie karrika eta Boulevarda dauden lekuan kokatzen zen. Hainbat leekutan, Agustinoen karrika edota Lachepaillet boulevardeko harresian tarteko, Frantzisko I.a Frantziakoak altxatzea agindu eta Vaubanek eraikitako gotorlekuak daude.

Gaztelu Zaharrak, hala deitua Baiona Ttipian Luis XI.a Frantziakoaren erregealdian Gaztelu Berria eraiki zenetik, XII. mendean aurretik bazegoen erromatar harresiari gehitu zitzaion, oinplano laukizuzena otsazen du eta 35 metro luze dituzten bi hegaleak itxitzen dute.

Baiona Ttipia / Muserola

Sakontzeko, irakurri: «Baiona Ttipia»

Burgu Berria («Bourg Neuf») izenez ere ezaguna, auzo herrikoi eta aktiboa da, 1152an apezpikuei eremu libre gisa eman zitzaien. Vaubanek eraikitako harresi eta gotorlekuez inguratua dago. Behinola, auzoak pasabide gisa erabili ohi ziren ur kanal ugari zituen.

Auzo honetako etxeak usadiozkoak edo herrikoiak dira, horren adibide Errobi ibaiaren ertzean dauden Kortsarioen kaia eta Galuperie kaieko etxebizitak dira. Auzoa nagusiki kaiekiko elkartzutak diren kale estuz osatua dago, Hego Euskal Herrian frankismoa nagusi zenean hiri honetara babes bila ailegatu ziren euskal abertzaleen bizilekua izan zen.

Bertan, hainbat eraikin nabarmen daude, tartean, Euskal museoa, Léon Bonnat museoa, Gaztelu Berria, Mousserolles atea nahiz Vaubanek eraikitako Baionako harresietako gotorlekuak ere. Marengo karrikan San Andres eliza neogotikoa dago.

Baionako bestetan Paul-Bert plazan idi lasterketak egon ohi dira.

Arènes / Allées Marines

Sakontzeko, irakurri: «Arènes» eta «Allées Marines (Baiona)»
Baionako zezen plaza, Arènes auzoa.

Barruti hau Atturri ibaiaren hegoaldeko ertzean dago, hain zuzen ere, Errobi ibaiak bere urak Atturri ibaian isuri eta azken hau itsasorazko bidean doan eremu edo itsasadarrean. Allées Marines eremua denbora luzez padura izan zen eta Arènes auzoa XIX. mendean zehar hiriaren zabalgune gisa eraiki zen. Gaur egun bizitzeko hiriko auzo garestienen artean sailkatuak daude.

XVIII. mendean eremu honetako padura zumarrak landatuz moldatu zen. Beranduago, bertako boulevard edo etorbidea Aduanaren egoitzaren kokalekua bilakatu zen.

Barruti honetan Lachepaillet auzoa era badago, bertatik Atturri ibaiaren ikuspegi bikainak daude. 1893ko uztailaren 30ean barruti honetan Baionako zezen plaza garai hartan baratz eta artadiz beteriko eremu honetan eraiki zen, eraikin horrek Arènes auzoari izen ematen diolarik. Bestalde, barruti hau Baionako txokolategile ugariren egoitzen kokalekua izan zen.

Barruti honetako ezaugarrietako bat Baiona-Allées-Marines linea da, Baionako portuari karga zerbitzua eskeintzen dio burdinbide linea laburra.

Santizpirita

Sakontzeko, irakurri: «Santizpirita»

XII. mendean Atturri ibaiaren eskuin edo iparraldeko ertzean sortutako auzo historikoa da. Hiriaren erdigunearekin Santizpiritaren zubiaren bidez elkarlotua dago.

Izena bere jatorrizko biztanleetatik datorkio, bertan Espiritu Sainduaren ospitailarien orden erlijiotsuaren aterpetxe bat baitzegoen, Donejakue Bideko erromesen geldigunea.

Gerora, auzoak XVI. mendean Inkisiziotik ihesi etorritako portugaldar judu sefardi eta marranoen bizilekua bilakatu zen. Hauek Baiona nahiz Ipar Euskal Herrian txokolatea lehenbizikoz sartu zuten, eta 1615ean Ana Austriakoa eta Luis XIII.a Frantziakoaren ezkontzaren ondorioz baionnatar juduek Frantzian ezagutzera eman zuten. Portugaldar jatorrizko familia hauetako senideen artean botikari, armagile eta negoziogizon ugari zeuden, hasieran batean banandutako komunitatea izan arren, Frantziako Iraultzaren ondoren hiritar gisa aintzakotzat hartuak izan eta gainontzeko baionatarren artean integratu ziren.

XVIII. mendearen amaieraldera trikimako-piboteen gainean eraikia, Loustau hotela barruti honetan bizitzen jarri ziren portugaldar familia juduen arrakasta ekonomikoaren ikur da.

Hasiera batean Baionako Espiritu Saindua (Saint-Esprit-lès-Bayonne) izeneko komuna edo udalerria izan zen, 1790ean Landetako Daxeko kantonamendura batu zen, aldiz, 1857an azkenik Baiona hiriko auzo bilakatuz. Barruti hau denbora luzez atzerritar eta etorkinen bizilekua izateagatik ezaguna izan zen. Auzo honek bere giro berezia bertan ezarritako hiltegiak, espetxea eta hainbat biltegi izateari zor zion.

1853ko abuztuaren 21ean Espiritu Sainduaren auzoan lehen zezenketa ospatu zen, gaur egun hirian zezenketa zaletasun handia dagoelarik.

XIX. mendearen erdialdean Baionako geltokia eraiki zen. Jatorriz, egur eta metalez eraikia, XX. mendearen hasieran gaur egun ikusgai dagoen eraikin monumentalaren ordez ordezkatua izan zen.

Auzoaren gain dagoen muinoan 1680an Vaubanek diseinatu eta XVII. mendearen amaieran eraikitako Baionako zitadelaren gotorlekua dago.

Baionako eremu honetan dauden beste bi eraikin historikoak honako hauek dira: XV. mendean Luis XI.a Frantziakoak kolegiata mailara jaso zuen Espiritu Sainduaren eliza eta 1837an Capdeville arkiteektoaren planoen arabera eraikitako Baionako sinagoga, azken eraikin hau aurretik, XVIII. mendean Rébecca Louis Nounès zenaren etxaldea zegoen lursailean eraiki zen.

Habas La Plaine / Sainte-Croix / Arroussets

Sakontzeko, irakurri: «Habas La Plaine», «Sainte-Croix (Baiona)» eta «Arroussets»

Barruti honek oraintxuki Baionako Gainak izena jaso du, Urbanizatzeko Lehentasun Eremua (ULE, frantsez ZUP) eta 1960ko hamarkadan diseinatutako Marcel Breuer etxebizitzak izendatzeko ere erabili ohi da, 2008tik aurrera eremu honek Hiri Eraberritze Plan Nazionalaren eraginez eraberritze sakon eta nabarmenda izan du.

Bestalde, barruti honetan Saint-Étienne eta Sainte-Croix auzoei izen ematen dieten Doneztebe eliza eta Gurutze Sainduaren eliza daude.

Goarnizioa

Baiona goarnizio hiria da, Frantziako Armadak egun hirian 18.000 laguneko soldadu-taldea du. Hona hemen gudarosteak:

  • Antzinakoak:
    • 36. Infanteria Dibisioaren Estatu Nagusia, 1939–1940 ;
    • 18. Infanteria erregimentua, 1939–1940;
    • 49. Infanteria erregimentua, 1906–1914; 1939–1940;
    • 18. Ehiztari-paraxutista erregimentua;
    • 61. Agintaritza Transmisio batailoia.
  • Egungoak:
    • 1. Itsas-Infanteriaren paraxutista erregimentua;
    • Ikerketa eta operazio brigadaren (Armadak dituen zazpietatik bat Baionan).

Historia

Baiona Lapurdum izeneko castrum erromatarraren hondakinetan eraiki zuten. Gotorleku horrek inguruko herrialdeari eman zion izena. Bere kokapen estrategikoa zela eta, Baionatik Galia eta Hispania arteko ibilbideak kontrolatzen zituzten, erromatarren kontrolpetik at zeuden inguruko herrien erasoak saihesteko.

Baionari buruzko aipamen antzinakoenak erromatarren garaikoak dira, IV. mendekoak hain zuzen. Novempopulaniako tribunoaren egoitza zen, akitaniar eta baskoi ase gabekoen aurrean beti erne. Mendeetan aurrera eginda, bisigodoen, bikingoen eta normandiarren erasoen eskarmentua izan ostean, hiri bezala antolatu zen.

840an, bikingoak Lapurdin agertu eta urte bi geroago Ipar Euskal Herriko barrualdea konkistatzeko erasoa egin zuten,eta ibaitik gertu eta hiritik at kanpamendu nagusia kokatu zuten. Orduko Lapurdum oppidum izan zen eta, berez, bikingoek portua behar zuten. Baiona Aturri eta Ebro haranen giltza bihurtu zen, bikingoentzat Ozeano Atlantikoa eta Mediterraneo itsasoaren arteko lotunea zena.[18] 892an Landetako kostaldetik kanporatuak izan ziren. Baiona eta Born herria eskualdeko zenbait herriren izenak Ragnar Lodbroken semea zen Björn izenetik erakarria izan daiteke. Normandian 911. urtean bertako jaunek bikingoekin akordio lortu bazuten ere, Baionan 981ean setiatu eta hurrengo urtean Gilen Antsok mendean hartu zituen Tallerko guduan. Hala ere, iparraldetik etorritako erasoaldiek 1018 arte iraun zuten.

XVIII. mendeko Baionako planoa.

Hasieran erromatarra eta gero baskoia izan zen herria «ingelesa» izan zen XII. eta XV. mendeen artean. 1023an Gilen Antso hil eta Antso III.a Nagusiak Lapurdiko bizkonderria sortu zuen, Baiona hiriburua izanik.[19] 1130ean Alfontso I.a Nafarroakoak hiria setiatu bazuen ere ez zuen arrakasta izan.[20] Akitaniako dukerriaren menpean, Leonor Akitaniakoa 1152an Ingalaterrako erregea ezkondu eta ingelesak jauntxo berri bihurtu ziren. Baionak egoera berriaren onurak eta eskubideak atera zituen: Bordeleko ardoak, erretxina, xingarra edo tinteak Ingalaterrara garraiatzeko eskubidea zuten bakarrak izanik. Era berean, portu militar nagusi bihurtu eta marinel asko eman zion erregeari. Rikardo I.a Ingalaterrakoak 1177an hiria Lapurdiko bizkonderritik at plazaratu eta Uztaritze bihurtu zen hiriburu berri.[21] 1215ean, Joan Lurgabea Akitaniako duke zelarik, Baionak foruak lortu eta, inguruko herriak ez bezala, jauntxoen mende ez izatea lortu zuen. Horretarako Ehun Pareak izeneko erakundea sortu zuen.

Risco historialariak adierazitakoaren arabera, ingelesek Lapurdi hartu aurretik Nafarroako errege-erreginen lurraldea zen. Dena dela, hiriaren garai bikainena Ingalaterrako errege erreginen eskuetan egondako hiru mendeak dira (XII. mendearen erdialdetik XIV. mendearen erdialdera arte). Garai hartan Ingalaterrako errege erreginak Akitaniako dukeak ziren. Ibai portua sustatu zuten, merkatari eta salerosleei bidesariak kobratzeko eskubidea eman zieten baionarrei, eta Baionako txanponak egin zituzten gaztelu zaharrean. Horrenbestez, Baiona izan zen Ingalaterrako errege-erreginen baluarte nagusia Gaskoniako golkoan.

1451an Dunoisek hiria konkistatu eta Frantziako Koroaren menpean jarri zuen. Sarraskia ez izateko gotzain batek zeruan zitori hori ikusi zuela esan zuen eta baionarrek ez zuen kontra egin. Frantziako erregeek gotorlekua sendotu zuen mugatik gertu zegoelako, baina hiriak udal eskubideak galdu eta txirotu egin ziren. 1454an, Karlos VII.ak Baiona, Akize eta Saint-Sever osatzen zuten eskualdea gobernatzeko Lannesko seneskalgo osatu zuen. Hala ere, Akizen bizi zen seneskala Baionan seneskal de facto besterik ez zen. XV. mendean Baionak urrezko aroa bizi zuen: Ingalaterrarekin merkataritza hartu-emanak mantendu zituen eta Baionako portua birkokatu behar izan zuten Aturriren ibilbidea iparralderantz mugitu zelako.

Baionako antzokia 1853-1876 bitartean, gaur egun Baionako herriko etxea dena.
Baionako Bost Kantoien plaza eta Berrogain denda Orbe kalearen izkinan XIX. mendean.

XVI. mendeko hasieran Lapurdin izurria agertu zen. Orduko erregistroek[22] bere hedapena azaltzen digute. 1515eko uztailean, Baionako udalak izurria hedatuta zegoen eskualdeko biztanleei aterpea eman zien. Urriaren 21ean, udalerriko biztanle eta morroi guztiei debekatu zien (...) Bidarteko elizatera joatea (...) izurriaren kutsadura zela eta. 1518ko apirilaren 11n, izurria Donibane Lohizunera zabaldu eta udalak Donibane Lohizunerekin harreman izatea debekatu zuen. 1518ko azaroaren 11an, izurria jadanik Baionan zegoen eta Udala 1519an Angeluko Brindos auzora aldatu behar zuten.[23]

1523an, Lautreceko mariskalak erresistentzia zuzendu eta gaztelarrek ezarritako setioa amaiarazi zuen.

XVI. mendean, Frantziako erregeak bere ingeniariak bidali zituen Aturriren ibilbidea finkatzeko. Honek Baionako portuan jarduera handiagoa eragin zuen. Bakailao eta balearen arrantzak aberastasuna ere ekarri zuen herriari. 1492an, errege-erregina katolikoek juduak bere erresumetatik bota eta Espiritu Saindua auzoan geratu ziren. Hauek berarekin batera txokolatea ekarri zuten.

1565ean, Frantziako erregina zen Katalina Medici eta Filipe II.a Espainiakoaren ordezkaria zen Albako dukeak hirian elkarrizketa egin zuten. Urte honetan, gobernariak hiribilduko ateen giltzen kontrola erdietsi zuen, udal agintari uzkurrengandik.

XVII. mendean, baionarrek Espainia eta Frantziaren arteko gerretako lehendabiziko lerroan izan eta bere ehiza-aiztoak bere mosketeen kanoiak finkatu eta baioneta asmatu zuten. Mende honetan, 1680an hain zuzen, Vaubanek Baiona indartzeko iparraldeko zitadela eraiki zuen.

1808ko ekainaren 6an Marracqeko jauregian Napoleon Bonapartek bere anaia Joseph Espainiako errege izendatu zuen Baionan, Karlos IV.a Espainiakoa karguari uko egitera behartu ondoren. Urte hartan Baionako konstituzioa ere sinatua izan zen, lehendabiziko Espainiako konstituzioa. Aturriren eskuinaldean dagoen Espiritu Saindua auzoa 1792an Baionatik banatu eta Jean-Jacques Rousseau izena hartu zuen Frantziako Iraultzan. 1857ko ekainaren 1ean berriro Baionarekin bat egin zuenerako, Landeetako udalerria izan zen 65 urtez.

Lehenengo Karlistaldian, Baiona kazetaritza indarberrituaren gune nagusi bat izan zen eta lotura estua izan zuen Hegoaldeko lurraldeetan jazotzen ari ziren gerra-gertaeren albisteak Europara hedatzearekin. Prentsa-jardueran ibili zen, besteak beste Agustin Xaho errepublikazale zuberotarra.

1854an trenbidea Baionara heldu zen iparraldetik, eta Parisetik turista asko ekarri zituen Biarrizko hondartzetara. Baionak, berriz, Aturriko burdinolak sortu eta siderurgiari ekin zion. XX. mendean Lacqen gatz aurkitzean aldi baterako arrakasta izan bazuen ere, XIX. mendean industriak bultzatutako Baionako portua pixkanaka-pixkanaka gainbehera etorri zen.

Baionako ituna 1856ko abenduaren 2an sinatu zen, eta Bidasoako bokalearen muga finkatu zuen Espainia eta Frantzia artean.

Bigarren Mundu Gerra hasieran egindako Frantziaren zatiketan, Baiona Alemaniaren kontrol zuzenaren pean geratu zen eta, harrezkero, Alemaniarrek Atlantikoko horma eraikitzeari heldu zioten, Aturriren bokalean, Baionari dagokionez.

Demografia

Baionak, Biarritzek, Angeluk eta Bokalerek osatzen duten Baiona-Angelu-Biarritz gune-metropolitarrak 120.000 biztanle inguru ditu, eta horietatik 50.000 inguru Baionari dagozkie. Baiona Frantziako 96 hirietako bat da. 2004ko abenduaren 1ean hiri-garraio plana onartu zuen.

Antzinako Lapurdum izanik, Baiona beti izan da Lapurdiko gune populaturik garrantzitsuena. 1800an 13.000 biztanle zituen, eta XIX. mendean, batez ere 1840 eta 1860 urteen artean, hazkunde garrantzitsua izan zuen. Ondoren, XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen lehen erdialdean populazioa 25.000-30.000 biztanleren bueltan egonkortu zen. XX. mendearen bigarren erdialdean berriro hazi zen biztanle kopurua, eta XXI. mendearen lehen hamarkadan ia 50.000 biztanlera izatera iritsi zen.


Baionako biztanleria
Datuen iturburua: INSEE
Baionako biztanleria-piramidea, 2011n, ehunekotan.[24]
GizonakAdin tarteaEmakumeak
0,5 
90 urte edo +
2,2 
7,3 
75 - 89 urte
13,1 
13,1 
60 - 74 urte
15,9 
18,5 
45 - 59 urte
18,2 
22,8 
30 - 44 urte
18,8 
22,4 
15 - 29 urte
18,9 
15,5 
0 - 14 urte
13,0 

Politika eta gobernua

Sakontzeko, irakurri: «Hauteskundeak Baionan»

Ingurumen-politika

2020ko Herriko Etxeko hauteskundeetan, gehiengoa lortu zuen zerrendak Biziren metamorfosi ekologikoaren aldeko Ituna sinatu zuen, azken honekin sinatzaileek mugikortasunaren, elikaduraren, etxebizitzaren, energiaren eta tokiko eta zirkularra den ekonomiaren arloko trantsizioaren alde jarduteko engaiamendua hartzen dute. 2021eko jarraipen-txostenaren ondotik, Herriko Etxeari 4tik 1,1eko[25] metamorfosi puntuazioa eman zitzaion eta 2023ko kargualdi-erdiko txostenean, puntuazioa 4tik 1,4koa[26]  izan zen.

Auzapezak

Ikus zerrenda: «Baionako alkateak»
Baionako Herriko Etxea eta Askatasunaren plaza.
Baionako katedralaren ikuspegia Baiona Handia auzoko karrika batetik ikusita.
AuzapezaAgintaldiaAlderdia
Bernard Lanne18301832
Eugène Basterreche18321833
François Balasque18331848
Eugène Boutoey18481849
Alexandre Dubrocq18491850
Jules Labat18521869
Jules Chateauneuf18711876
Théodore Plantié18761881
Séraphin Haulon18811884
Jacques Portes18841885
Édouard Viard18851888
Léo Pouzac18881908
Joseph Garat19081919
Gabriel Castagnet19191925
Joseph Garat19251934
Jules Lafourcade19341935
Pierre Simonnet19351941
Marcel Ribeton19411944
Jean Labourdique19441945
Jean-Pierre Brana19451947
Maurice Delay19471958
Georges Forsans19581959
Henri Grenet19591995UDF
Jean Grenet19952008UMP
Jean Grenet20082014UMP
Jean Rene Etxegarai20142020UDI
Jean Rene Etxegarai20202026UDI

Kantonamenduak

1790ean Baionak bi kantonamenduri eman zien izena:

Baiona ipar-ekialdea
Baiona ipar-mendebaldea

1973an, lehendabizikoz, banaketa erreformatua izan zen:

Baiona iparraldea
Baiona ekialdea
  • Baiona (zati bat)
Baiona mendebaldea

1982an, berriro, zatiketa aldatu zuten:

Baiona Iparraldea
Baiona Ekialdea
  • Baiona (zati bat)
Baiona Mendebaldea
  • Baiona (zati bat)

Ekonomia

Baiona Ipar Euskal Herriko merklatal-hiriburua da: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Gainera, gertuko Landak departamenduan ere eragina du.

Bayonne 24.000 azalera duen merkatal-gunea du bere 45.000 biztanleentzako eta inguruko Angelu eta Biarritz udalerriarekin batera BAB gune-metropolitarrak osatzen du, Miarritze-Angelu-Baionako aireportua kontrolatzen duena.

Société des Transport de l'Agglomération de Bayonne edo Stab, Baiona-Angelu-Biarritz gune metropolitarren autobusen zerbitzua ez ezik Bokale, Hiriburu eta Tarnoserenak ere zuzentzen du.

Egoitza nagusia Baionan du Baiona-Euskal Herriko Merkataritza Ganbarak.

Eskualdean industria metalurgikoa eta kimikoa ere badago.

Kultura

Hizkuntzak

Sakontzeko, irakurri: «euskara», «gaskoiera», «Itsasaldeko gaskoia» eta «frantses»
Seinale eleanizduna Baiona Handian: frantses, euskara eta gaskoieraz.

Baionatarrek gaskoiz jardun dute Erdi Arotik XX. mendearen hasiera arte: hiribilduaren Erdi Aroko agiri guztietan erabilitako hizkuntza zen.[27]

Departamenduak sortu zituztenean, Baiona departamendu hibrido batean kokatu zuten: Behe Pirinioak (1969ko urriaren 10ean Pirinio Atlantikoak izena hartu zuena). Bearno, Ipar Euskal Herriko herrialdeak diren Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereak osaturiko departamendua osatu zenean, Lapurtarren Biltzarrak Estatu Nagusietarako ordezkariak aukeratzeko hauteskundeetan Baiona berarekin batera parte hartzearen kontra bozkatu zuen.

Baina departamendua sortu zenean, Baiona bost barrutien bateko hiriburu bihurtu[28] (beste lauak Paue, Ortheze, Oloroe eta Maule izan ziren) eta Frantziako Iraultzak Lapurdi eta Nafarroa Beherearekin izandako lotunea estutu zuen. Batzuen ustez, lapurtarrek eta nafarrek Baiona bere produktuak garraiatzeko portutzat besterik ez zuten 1177an eskualdeko itsas-ate bihurtu zenetik.

Errobi ibaiaren seinale eleanizduna Marengo zubian: frantses, euskara eta gaskoiaz.

Egoera berriak euskara sendotu zuen Baionan: barnealdetik zetozen euskaldunei esker. Hala ere, Baionan Erdi Arotik aurrera berba egiten zen gaskoia ez zen guztiz ortodoxoa, eta «maritime» edo itsasaldekoa zuen ezizena.[13][29] Behe-latinezko hiztegi eta sintaxia euskal arroarekin nahaspilatu egin zen. Erromantzea hizkuntza ofiziala zenez, Baionako toponimian gaskoizko izenak sarritan aurkituko ditugu egun: Mayou zubia, Pannecau zubia eta karrika, Graouillats karrika, Pusterle karrika, Passemillon karrika, Gosse karrika, Abesque karrika, Menouns pasabidea. Jatorrizko beste gaskoi izen batzuk frantsestuak izan ziren (Charcutière karrika, Poissonnerie karrika…).

Behe Pirinioak departamenduan sartu zenean, Baionak bere izaera baskoia berreskuratu eta sendotu zuen, erromatarrek, frankoek, nafarrek, ingelesek eta frantziarrek epeka-epeka aldatua. Horrela, Baionak gertuko Gaskoiniari bizkarra eman eta, batez ere XX. mendetik aurrera, egindako frantseste gogorra dela kausa, egun hirian gaskoia apenas mintzatzen edo ezagutzen den. Era berean, bere izaeran duen euskara ere, eta berezko euskalkia den lapurtera, galtzeko zorian dago, erakunde euskaltzale batzuei esker bakarrik mantendua. Hala ere, bere kokapen geografikoa dela eta, bere izaera historiko, linguistiko eta sozialari esker, oraindik kultura biak mantendu dira Baionan: udaletxeko balkoian ikurrina eta Gaskoiniako bandera kulunkatzen dira, eta leku askotan seinale eleanitzak ageri dira.

2001ean, Baiona-Angelu-Biarritz gune-metropolitarrean biztanleriaren % 8,8 elebidun aktiboa (euskara eta frantsesa) eta beste % 8,3 elebidun pasiboa izan zen.[30] Baionan lau ikastola daude gaur egun (Lehen Hezkuntzako bi:Oihana ikastola eta Poloko ikastola; Kolegio bat -Estitxu Robles- eta Lizeo bat -Bernat Etxepare-) [31] eta bertso-eskola bat. Okzitanierazko eskolak (Calandretak), aldiz, ez daude.

Gaskoi hizkuntzaren aldeko mugimendua

Gaur egun, gaskoizko akademia Baionan kokatuta dago.

Hauxe dugu hiriko gaskoi ereserkia:

«Salut Baiona!
Salut Baiona, petita flor,
Pròche la Niva, pròche l'Ador,
Mainada a la vèrva gascona,
Charmanta e gaujosa citat,
On respira la libertat,
Salut Baiona!
»
Agur Baiona!
Agur Baiona, lili ttipia,
Errobitik hurbil, Atturritik hurbil
Gaskoierari emana,
Hiri xarmant eta alaia,
Askatasuna arnasten dena
Agur Baiona!

Eta hona hemen hiriari buruzko esaera zaharra:

«A Baiona, tot que s'i dona;
quan ès arribat, tot qu'es dat.
»
Baionan; emandako dena;
bertaratzean, jasotzen da.

Okzitaniar mugimendu nazionalistak Baish Ador edo Beheko Aturria eskualdea (tartean Baiona) Okzitaniaren zatitzat dute, tartean Ací Gasconha izeneko erakunde baionarra. Halere, okzitanismoaren indarra, Baionan, hutsaren hurrengoa da.

Museoak

Dagourette Etxea, Euskal Museoa
Léon-Bonnat museoa.
Baionako Natura-Zientzien Museoa.

Beste kultur guneak

  • Lapurdum arkitekturaren eta ondarearen interpretazio zentroa[33]
  • DIDAM: arte garaikideren (batez ere fotografia) erakusketa gunea[34]
  • Galerie des corsaires: erakusketa gunea[35]

Jaiak eta jaialdiak

2014ko Baionako bestak.
Sakontzeko, irakurri: «Baionako bestak»

Musika

Gaztetxea

Antzerkia

Baionako antzerkia Frantziako Kultura Ministerioaren scène nationale labela du.

Gastronomia

Baionako xingarra.
Sakontzeko, irakurri: «Baionako xingarra»

Hedabideak

Hona hemen Baionako hedabideen zerrenda:[13]

  • Egunkariak: Basque-Éclair, Côte-Basque-Soir, Républicain du Sud-Oest, Courrier Français, Euskal Herria le Pays, Herria.
  • Astekariak: Petites affiches de Bayonne Biarritz; Alderdi; Enbata; Etchea; Gure-Herria; Irazkintza; Ikasle; Txan-Txikitin; Bulletin du Musée Basque.

EiTBk egoitza du Baionan.

Erdi Aroko urbanismotik oraindik, alde zaharreko kaleak ez ezik eraikin asko ere (gotorlekuak, katedrala, komentuak, sotoak…) geratzen zaizkio. XVI. eta XIX. mendeen artean nobleek ez ezik udalak ere merkatal eta portuarekin loturiko eraikin asko egin zituzten.

Ondasun nabariak

Eraikin zibilak eta militarrak

Eraikin erlijiosoak

Santa Maria katedrala

Parkeak

Baionak[125] 1998an bere lore-apaingarriak zirela eta saria jaso zuen. Caradoc parkea, lorategi-publikoa, lorategi botanikoa eta harresien pasealekua ditu.

Gainera, gune natural bi ditu: Ansoteko zabalgunea eta Ilbaritzeko padura.

Azpiegiturak

Kirola

Aviron Bayonnais, arraunketa saila
Arraunketa

Arraunketa Errobi eta Aturri ibaiaetan egiten dute baionatarrek. Herriak klub nagusi bi ditu: Société Nautique de Bayonne (SNB) eta Aviron Bayonnais (1904an SNBtik ateratako zenbait kidek sortua). XX mendean talde berri bat sortu da, Ibaialde Arraun Elkartea, beteranoen ligan parte hartzen duena. Izan ere traineruek ere izan dute beren historia Baionan. XIX mendean jokaturiko hainbat estropada dokumentatu dira, honako irabazle hauekin; Lekeitio (1855), Hondarribia (1862), hendaia (1867) eta Baiona (1891).

Saskibaloia

Denek Bat Baiona Urketa saskibaloi taldea da. Gizonezko taldea NM2 mailan dabil (Frantziako Saskibaloi Txapelketaren laugarren maila dena). Taldea Urketan sortua bada ere, Baionako Lauga kiroldegian du egoitza.

Futbola

Udalerriko futbol talderik inportanteena Aviron bayonnais da. Didier Deschampsen harrobia izanda, futbol zelaiari izena eman zion. Beste hiru talde daude, hirurak eskualdeko mailan: Croisés de Saint-André, Étoiles portugaises de Bayonne eta Association Bayonne rive droite.

Beste zenbait kirol

Nahiz eta Aviron Bayonnais kirol kluba hiriko nagusia izan, Sainte-Croix auzoan 1972an Club Olympique Bayonnais sortu zen: pilota, gimnasia, borroka (sambo, judo, capoeira eta taekwondo) eta billar sailak ditu. 2007an 400 kide zituen.

Pilota

Baionako pilotaleku nagusia Baionako Trinkete Modernoa da. Herriko pilotariek titulu ugari lortu dituzte. Munduko Txapelketa bertan ere egin dute.

Errugbia

Euskal Herrian XIX. mendeko bukaeran lehendabiziko pausoak eman ondoren, Biarritzen Biarritz-Sporting-Club eta Biarritz-Stade errugbi-taldeak sortu eta 1913an Biarritz Olympique sortu zuten. Baionak talde nagusi bi ditu: Association Sportive Bayonnaise (ASB) eta Aviron Bayonnais. Azkenak, Top 14 mailan dagoena, hiru aldiz izan da Frantziako txapelduna (1913, 1934 eta 1943) eta Jean Dauger du zelaia.

Tenisa

Baionako Saria WTA tourreko tenis izan zen 1989 eta 1992 artean.

Automobilismoa

Automobile-Club Basco-Béarnais erakundeak Baiona-Euskal Kostaldea Nazioarteko Rally antolatzen du 1962tik aurrera[13].

Hezkuntza

Ikastetxeak

Baionak ikastetxe publiko bi (Albert Camus eta Marracq) eta sei pribatuak (Estitxu Robles kolegioa, Saint-Bernard, Saint-Joseph, Saint-Amand, Notre-Dame eta Largenté) ditu.

Lizeoak

Hiru lizeo publikoak (René Cassin, Louis de Foix eta Paul Bert) eta lau pribatuak (Saint-Louis-Villa-Pia, Largenté, Bernat Etxepare eta Le Guichot) ditu.

Goi-mailako irakaskuntza
Arteak

Udalerriak kontserbatorio eta arte-eskola ditu (Baiona-Angelu-Biarritz gune-metropolitarrarena).

Osasuna

Baionan bi erietxe daude: Saint-Léon eta Cam de Prats. Côte Basque Ospitalea osatzen dute, Donibane Lohizuneko ospitalearekin batera.

Justizia

Paueko Helegite Gortepean, Baionak Auzialdi Handiko, Auzialdiko, Bitartekoen Batzarra eta Merkataritza Epaitegia ditu.

Erlijioa

Baionako sinagoga.

Santa Maria katedrala ez ezik Espiritu-Saindua, San Andres, San Eztebe eta San Amand elizak ditu.

Sinagoga[126] 1837an eraiki zuten Espiritu Saindua auzoan.

Baionako meskita Daniel Argote karrikan dago.

Protestanteek Alberto I.aren karrikan dute tenplua.

Ebanjelikoek Espiritu Saindua auzoan dute eliza.

Garraioa

Autobus/Minibusak
Chronoplus garraio publiko zerbitzuko 10. lineako autobusa.

Hiri honetan Baiona-Biarritz-Angelu hiriguneari zerbitzua ematen dion Chronoplus enpresen autobus eta minibus geltokiak daude, hauek Baiona, Angelu, Biarritz, Bidart, Bokale, Hiriburu eta Tarnose udalerriak elkarlotzen dituzte.

Burdinbidea

Baionako geltokia (Espiritu Saindua auzoa) TGV zerbitzuak ditu, Bordele-Irun eta Tolosa-Baiona trenbideen bidegurutzean kokatuta dagoena. Gainera Akize, Hendaia, Paue, Donibane Garazi eta Aturbera joateko TER zerbitzuak ere badaude.

Errepideak

Baiona A-63 (LandakBiriatu atala) eta A-64 (Baiona – Tolosa) autobideen bidegurutzean dago. A-63 pixkanaka-pixkanaka Paris eta Behobia arteko RN-10 errepidea ordezkatzen ari da. RN-117 errepideak Baiona eta Tolosa lotzen ditu.

Baionako portua
Baionako portua
Sakontzeko, irakurri: «Baionako portua»

Baionako hiriak portuko jarduera inportantea du. Aturriren bokalean kokatuta, Baionan ez ezik Lapurdiko Angelu et Bokale eta Landeetako Tarnose udalerrietan ere eragina du.Frantziako 9. merkatal-portu nagusiena da, 1997tik aurrera 4 milioi tona baino gehiago garraiatzen duena.

Landak eta Pirinio Atlantikoetako gune-industrial eta nekazaritzako elikagaien industriaren produktuak esportatzen ditu:

Aciérie de l'Atlantique SA izeneko altzairutegi-elektrikoa irekitzean Ford eta General Motorsek Espainian eta Portugal eginiko kotxeak bertatik Europara esportatzeari ekin zioten. Petrolio-produktu eta baita produktu kimikoak ere esportatzen ditu, Lacqetik oliobidez datozenak.

Baionar ospetsuak

Ikus zerrenda: «Baionar ospetsuak»

Bitxikeriak

Munduan badira bi hiri, Baionaren izenkide:

Herri eta hiri senidetuak

Baiona ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:

Laguntasun eta lankidetza harremana ere badu ondorengo honekin ere:

Iruditegia

Ikus, gainera

Erreferentziak

Bibliografia

  • Baionako Zientzia, Letra eta Arteen Elkartea, IVe centenaire du détournement de l'Adour 1578-1978 - Actes du Congrès de Bayonne 28/29 X 1978.
  • Pierre Hourmat, Histoire de Bayonne des origines à la révolution française de 1789, Baionako Zientzia, Letra eta Arteen Elkartea, 1986.
  • E. Ducéré, Dictionnaire historique des rues de Bayonne, Laffitte Reprints, Marseilla, 1976.
  • Idazle asko, Histoire de Bayonne, Privat, Tolosa, 1991.
  • Marie-France Chauvirey, La vie d'autrefois en Pays basque, Éditions Sud Ouest, Luçon, 1994, ISBN 2-87901-219-8.

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Baiona