Bilbao-New York-Bilbao

liburua

Bilbao-New York-Bilbao Kirmen Uribe idazlearen lehen eleberri luzea da. Horrekin, 2008an Euskarazko Narratiba Kritika Saria jaso zuen, eta 2009an Espainiako Narratiba Sari Nazionala[1]. Eleberriak idazleak New Yorkera egiten duen hegaldia du ardatz. Hegaldian zehar idazleak bere familiako lau belaunaldiei buruzko istorioak biltzen ditu, bere aitonarengandik bere seme txikiarengana, Ricardo Bastida arkitektoaren eta Aurelio Arteta margolariaren harremanarekin, hegaldiko pasadizoekin eta eleberriari berari buruzko hausnarketekin batera, guztien arteko sare moduko bat osatuz.

Bilbao-New York-Bilbao
Audioa
Kirmen Uribe, "Bilbao-New York-Bilbao" liburuaren pasarte bat irakurtzen.
Datuak
IdazleaKirmen Uribe Uriarte (2008)
Argitaratze-data2008
GeneroaEleberria
Jatorrizko izenburuaBilbao-New York-Bilbao
ArgitaletxeaElkar
HerrialdeaEuskal Herria
Orrialdeak237
ISBN8497836418
OCLC328300448
SariakKritika Saria (2008), Narratiba Saria (2009)

Egitura eta estiloa

Eleberriaren haria istorio laburrek, oroitzapenek eta irudiek osatzen dute, linealtasunik gabe, bilbe moduan lotzen direnak irakurleak bere oroimenarekin berreraiki beharko duen sare bat osatzeko. Horretan laguntzen dute idazleak istorioen artean egiten dituen analogiek. Aldi berean, eleberriaren idazketa bera kontakizunaren beste harietako bat da.

Egitura hori pangea literaturaren produktu gisa interpretatu da, egungo mundu globalizatuaren adierazpen moduan, non muga fisiko eta denborazkoak hautsi diren teknologia digitalaren eta garraiobideen garapenari esker. Horren adierazgarri dira, baita ere, atal batzuen hasieran agertzen diren hegazkineko pantailak, non hegazkinaren altuera, zenbat kilometro eta denbora falta diren iristeko azaltzen diren besteak beste. Ordenagailuan agertzen diren tipografia beretsuarekin errepikatzen dira e-mailak eta beste mezuak.

Egileak berak, liburuan ironia handia dagoela azpimarratu zuen, umorea ere bai, baina batik bat ironia, autoironia. Gertaerak kontatzeko modu ironikoa darabil ondarrutarrak, egia eta oroimena zer diren zalantzan jarriz eleberrian zehar. Hala ere, liburu honetan garrantzitsuena kontaera bera da; eta badago kritika bat egiarena berarena, gauzak egia balira bezala kontatzearena. Bilbao-New York-Bilbao lanarekin, aspaldiko gogoeta bat paperera eraman nahi izan zuela nabarmendu izan du Uribek. Bere buruari galdera bat egin zion idazleak: "Nola eta zertaz idatzi behar da gaur egun?". Edo, "nik nola eta zertaz idatzi nahi dut?". Ba omen zekien zeri buruz idatzi; mundu bati buruz idatzi nahi nuen, mundu oso konkretu bati buruz. Eta nola? Gaur egungo gizartearen ezaugarriak eta idazteko moduak azalduz. Horregatik, idazketak blog baten itxura du. Blog izaera hori azaldu nahi zuen egileak, eta hortik dator lehen pertsonan idaztea: sinesgarritasunagatik[1].

Kirmen Uribe idazle trebea dela adierazi izan du Javier Rojok. Trebea, testuak idazteko erraztasuna duelako, eta baita emozioak eta sentimenduak sortzeko klabeak oso ondo kontrolatzen dakielako ere. Irakurleek, emozioen korrontean sartu nahi badute, erakarrita sentituko dira berehala[2].

Nobela hau metanarrazio bat da. Hau da: nobelan, azken finean nobela bat idazterakoan narratzaile-idazleak jarraitu duen prozesua kontatzen zaigu. Hori guztia, New Yorkera egiten duen bidaia batean kokatuta, nobelaren idazketaren prozesua narratzailearen oroimenean berpiztuko balitz bezala. Narratzaileak helburu bat zeukan idazketari ekiterakoan, bere aurreko belaunaldiekin lotzen zuen haria eraikitzea, alegia ("izan garen, garen eta, auskalo, izango garenaren arteko zubi ezustekoaren mataza", errealitatea eta fikzioa nahasteko gai dena, aipatzen zuen Jon Kortazarrek[3]). Alde horretatik begiratuta, amodio-eskaintza bat da nobela. Hegazkinean doalarik, oroitzapen batek beste oroitzapen batera darama narratzailea, zeharkako erreferentzia batek istorio bat kontatzera darama, etab. Irakurgai politen bilduma eskaintzen du Uribek liburu honetan; ondo idatzitako irakurgaiak dira, Rojoren hitzetan, arrantzale eta marinelen bizimoduarekin zerikusia dutenak sarri, eta interesgarriak suerta daitezkeenak[2].

Nolanahi ere, azken honen iritziz, kontatzen dituen anekdota eta istorioetan ez dugu gatazka handirik topatuko, idazleak istorioz istorio salto egiten duen bitartean, kontakizunak tonu samur eta leunean egiten baitu aurrera[2].

Asko eta asko hitz egin da nobela honen izaeraz eta eraginaz. Jon Kortazarrek dio, literaturan berritasuna proposatzen duela, Uribek, eleberri honekin. "Batari ez zaio batasun falta atsegin, besteak muzin egin dio idazlearen itzal baten antzeko presentzia mugaezin horri. Nik atseginez irakurri dut liburua"[3], zioen, eta are gehiago, nobela honen ausardia teorikoaren eta bere planteamendu berritzailearen alde egin zuen. Kortazarrek hari asko ikusten ditu testuaren barnean; "azken batean, nobelaren ildo nagusia ildorik ez izatea da"[3]. Intrigarik ez duen nobela da; izan ere, ba al dago hegazkin batean eserita joatea baino ekintza-ildo geldoagorik? "Baina joanaren joanak badu bere barne kilika, eta joateak berak ematen dio mugimendua"[3]. Liburuak badu poema luze eta eder bat hasieran (bukaeran bezala), testu eta ahots ezberdinen uztarketa, autofikzioa, nobelaren historia; mila istorio laburbiltzen duen mataza nagusia. Mila istoriok gurutzatutako ehun miresgarria dela eransten du, gainera, Kortazarrek.

Kontakizuna atalez atal

1: BILBO

  • Arrainek uztaiak dituzte ezkatetan denboraren joanaren seinale gisa (11-12 orr.).
  • Idazlearen aitonak haren ama Bilboko Arte Eder Museoa bisitatzera eraman zuen (12-13 orr.).
  • Idazleak 45 urte geroago museoa bisitatzen du mural berdina ikusteko, Aurelio Artetak margotutakoa. Murala deskribatu egiten du: erromeria giroko irudia da, non baserriko eta hiriko neskak bereizten diren. Margolana Rikardo Bastida arkitektoak egin beharreko banku baten egoitzarako muralaren zirriborroa zen. Artetak Mexikora ihes egin zuen Espainiako Gerra Zibilean, azken lana burutu gabe (13-19 orr.).
  • Aitonak Ondarroako hondartzan egiten zuen lana udatiarrentzako aldageletan. Txalupa bat ere bazuen: Dos Amigos izenekoa (19-20 orr.).
  • Idazleak New Yorkera joan behar du. Zazpi ordu t'erdiko bidaia. Aingirakumeek lau urte behar dituzte handik Euskal Herriko kostaldera iristeko. Bitarte horretan ez zaie uztairik ateratzen, larba direlako (20-21 orr.).

2: KAFE BAT AIREPORTUAN

  • Idazlea New Yorkerako hegaldia hartu behar du Loiuko aireportuan. Han, Athleticeko jokalariei begira dagoela, arrantzale familia batekin topo egin eta bere aita ere arrantzalea zela esaten die, eta Atlantikoko Iparraldeko Rockall haitzaren inguruan aritzen zela (23-24 orr.).
  • Euskal Wikipediak Rockall haitzari buruz dioena jasotzen da hitzez hitz (25 or.).
  • Idazleak Bilboko Maritxu izeba zaharrari egindako bisita kontatzen du, eleberria osatzeko informazioa bilatzeko lanetan. Itsasoko bizitzatik ihesi joan ziren Bilbora. Antzinako familiakoen istorioak jasotzen ditu berarengandik, nola bi anaia Argentinara joan eta itsu geratu zen bat han eta herrira itzultzeko anaiak lagundu zion, baina herritik lau kilometrora bakarrik; nola Tubal deitzen zioten bere aitak (idazlearen berraitonak) ontzia eraiki zuen, baina bazkideak engainatuta dena galdu eta itsasoan hil zen, eta nola Maritxuri azken agurra izango zena egin zion maite maite eginez eskuekin; nola Ana idazlearen amona Liborio Uriberekin maitemindu eta harekin ezkondu zen herrira, Bilbotik, eta nola gerran gorriak ikusi zituen. Aireportuan gomuta horiek gogra ekarri eta malenkonia sentitzen du idazleak (25-30 orr.).

3: EZKUTUKO ALTXORRAK

  • x letra ugari dituela eta, iparamerikar idazle batek euskarak altxor mapa bat ematen duela kontatu zion idazleari (31-32 orr.).
  • Ondarroa margolari inpresionistek maiz bisitatu zutela kontatzen du. Darío de Regoyosekin hasi, Zubiaurre anaiekin eta horien dizipulu izan zen Aurelio Artetarekin jarraitu. Bereziki marinak margotu zituzten. Artetaren modeloa izan zen ondarrutar neska baten gorabeherak kontatzen ditu, nola debekatu zioten margolariarengana joatea. Felix Beristainen gorabeherak ere kontatzen ditu, nola estudiotzat kartzela moduan ere erabiltzen zen gela bat eskaini zioten (32-37 orr.).
  • Itsasoetan dauden olatu erraldoiak aipatzen ditu, nola bere aitak bizi ziren etxeko altuerako olatuak ikusi zituela kontatzen zuen. Ez zioten sinesten etxean, baina azken ikerketek ia 30 metroko olatuak neurtu dituztela jasotzen du idazleak, aitak kontatzen zuena baieztatzeko (37-39 orr.).

4: LABURMETRAIAK 16 MILIMETROTAN

  • Idazleak Bilbotik Frankfurtera abiatzen da hegazkinez, handik New Yorkera joateko. Bizkaiko kostaldea zeharkatzen du airetik. Ondarroako San Jeronimo auzoa ekartzen du gogora, nola txikitan erromeria batera eraman zuten eta dantza egiteko enparejamendu-txartelak banatu zituzten. Berak bota egin zuen txartela eta beraz, neska bat dantzakiderik gabe geratu zen. Nerea bere emazteak neska hura bera zela esan zion behin (41-42 orr.).
  • Rikardo Bastida arkitektoa Ondarroara joaten zen familiarekin udaldia pasatzera. Carmen Bastida alabari egindako bisitan, aita zer bizimodu egiten zuen kontatzen dio, beste oroitzapen batzuekin batera. Aitak egindako filmak ere erakusten dizkio, mozorrotuta nola antzezpenak egiten zituzten kamara aurrean. Arrantzaleen bizimoduari eta pilotariei buruzko filmak ere ikusten dituzte. (43-48 orr.).
  • Idazleak atlas batean Rockall haitzera joateko egiten zuten itsasaldia boligrafoz markatzeko eskatzen dio aitari. Lemazainek nabigazio kartak inoiz ez dituzte erakusten, eta heriotzak ere ez (48-49 orr.).

5: ETXEKO KONTUAK

  • Idazleak bere lehenengo zutabea argitaratu zuenean aitari erakutsi zion bere iritzia jasotzeko. Bere aitak kontakizun baten bitartez erantzuten dio, nola herrian baziren bi apaiz: batak aberatsentzat ematen zituen sermoiak, era makur eta ulertezinean; besteak herritar xumeentzat modu xamurrean hitz egiten zuen (51-52 orr.).
  • Bere amaren amona Susanak fede handiko emakumea zen. Eguberrietan herri osoa ikustera joaten zen jaiotza jartzen zuen etxean. Herriko ama birjinaren irudi baten apainketaz ere arduratzen zen. Irudiaren kapa berritu zioten behin, herriko arrantzaleek eskainita, eta berak gorde zuen zaharra, hiltzen zenean horrekin lurperatzea nahi zuela esanez etxekoei. Noizean behin haizatu egiten zuen (53 or.).
  • Ama Birjinaren kaparen eskaintza 1908 itsas hondamendia berriz ere gerta ez zedin egin zuten. Hartan, herriko hainbat arrantzale hil ziren portuan bertan. Idazleak garaiko paperetan arakatu eta hondamendia Santanderren izan zela dio. Oroimenaren bitxikeria (54-55 orr.).
  • Oroimen kolektiboari buruzko beste istorio bat. Elorrioko gazte bat Perura joan eta hango neska eder batekin ezkondu zen. Herrira itzuli zirenean, emaztea herrimina sentitu zuen. Horri buelta ematen laguntzeko, senarrak hango estiloko iturri bat eraiki zuen. Baina egia esan, iturriaren diseinua ez da hango estiloan egina, estilo neoklasikoan baizik. Istorioa herritarren asmazioa da (55-57 orr.).

6: LAGUN BI

  • Carmen Bastidak bere aitaren eta Aurelio Artetaren arteko gutunak entregatzen dizkio idazleari. Horien bitartez, Alfonso XIII.aren koadroa margotu zuela daki Bilbon zabaldu behar zen lehen institutrako. Koadroa galdutzat eman zen Espainikao Gerra Zibilaren ondoren. Idazlea institutura doa hitzaldi bat eramatera eta han ikusten du ustez galduta zegoen koadroa. Irakasle batek traste zaharren gelan aurkitu zutela kontatzen dio, baina gainetik Francisco Francoren irudiarekin. Gaineko margoa kentzea lortu zuten, jatorrizkoa berreskuratzeko (59-61 orr.).
  • Rikardo Bastida arkitektoaren eta Aurelio Arteta margolariaren arteko gutun trukaketa azalduz (arkitektoa beti idazmakinaz eta margolaria eskuz), azken hau Logroñoko seminarioan zegoela egin behar zuen margo erlijioso bati buruzko gorabeherak kontatzen dira. Gotzainak margoa nola egin behar duen presionatzen du Aurelio Arteta eta honek kezka hori azalduz idatzen dio Rikardo Bastidari. Bastidak men ez egiteko esaten ez dio, bestela azkenean gotzainak nahi duen guztia egiten bukatuko baitu. Azkenean, Artetak men egiten dio gotzainaren eskakizun batzuei baina margoa ondo atera zaio. Kritika onak jasotzen ditu (61-65 orr.).
  • Aurelio Artetaren zalantzetatik idazlea bera eleberriko lehen esaldia jartzeko izan zituen zalantzak kontatzera pasatzen da. Eleberria osatzeko beka bat nola ukatu zioten ere kontatzen du (66-67 orr.).

7: FRANKFURT

  • Frankfurteko aireportuan New Yorkerako hegazkina hartzeko prest dago. Gogoratzen du harako aurreko hegaldi batean ilaran begiak indiar neska baten begiekin gurutzatu zirela. Hura New Yorkera zertara ote zihoan hasi zen pentsatzen. Hegazkinean kointzidentziaz elkarren ondoan suertatu ziren, baina neskak ondoko bi eserlekuak libre ikusi eta hara aldatu zen. Gutxira, beste gizon bat eseri zitzaion alboan, bidaia guztian etengabe hitz egiten ziona. Aukera ona ez duela egin adierazi zion idazleari. Beste bidaiari batek aldizkari bateko orriak kedu eta zimurtu egiten zituen etengabe (69-71 orr.).
  • Kointzidentziekin jarraituz, izena Margaritak bere senarrak itsasoan ezkontzako eraztna galdu eta gerora berak aurkitu zuela senarrak itsasoan harrapatutako legatz baten barruan. Horrekin poema bat idatzi zuen eta irakasle baten gutuna jasotzen du, non galdu eta aurkitutako eraztunaren istorioa mitologia eta herri kondairetan maiz azaltzen zela esanez, eta horien berri ematen dio (72-75 orr.).
  • Izeba Margaritari izena amonaren amaginarrebak jarri ziola kontatzen du, tradizionalista zelako. Izeba Margarita oso erlijiosoa izanda ere, gero 1960ko hamarkadan izandako ideia-aldaketak eragin handia izan zuen berarengan eta sindikatuetan ere ibilia zen. Bi mundu uztartu ziren berarengan: antzinakoa eta modernoa. Antzinakoarekin loturik, maiz eramaten zuen idalea herriko ermita batera, non burua argitu egiten omen duen Nazarenoaren irudi bat dagoen. Sinetsi ala ez, berak istorioa jaso eta azterketetarako hara joaten zen (75-77 orr.).

8: HAMALAU URTEKO MUTILA

  • Carmen Bastidak Rikardo Bastidaren semeak, bera ere Rikardo, idatzitako egunerokoa jasotzen du. Bere aitarekin 1926an Chicagora egindako bidaia kontatzen du hor. Aitaren laguntzaile bakarra da, nota onak atera dituelako (79-80 orr.).
  • Frankfurten hegazkian hartzeko zai dagoela, egunerokoa hartu eta nola Ameriketara joateko ontzia hartzeko, Donostiara (Igeldoko parkea bisitatuz, non idazleak gogoratzen duen behin aitarekin joan zenean gizon bat inguratu zitzaien aitaren ahotsa entzunda, itsasoko komunikazioen bitartez ezagutzen zuelako), Hendaiara (non Miguel de Unamuno erbesteratua bisitatu zuten) eta Parisera (non Eiffel dorrea bisitatzen duten) joan ziren irakurtzen du. Handik Cherburgora doaz New Yorkerako transatlantikoa hartzera. Bitartean, idazlea hegazkinera igo da. Bastida gazteak New Yorkera iristeko bost egun emango ditu eta horietako bakoitzean ordubete atzeratu beharko du erlojua. Mutilak ontziko xehetasun guztiak jasotzen ditu, Atlantiko erdian nola ubarroi bat ikusi zeu esaterako (80-85 orr.).
  • Ubarroiari Ondarroan sakillu deitzen diote. Hegaztia ur azpira sartu eta nondik aterako den jolasten ziren herriko haurrak. Hiztegian hitza bilatzen du eta sakillu hitza bere osaba Boni Lakari esker jaso dutela irakurtzen du (86-87 orr.).
  • Hiztegigileak osaba Bonirekin egindako elkarrizketak ematen dizkio idazleari. Osaba Boni ikurrinako koloreekin margotzen zuen bere ontzia hondatu eta berehala gaixotu zela gogoratzen du eta nola ikusi zuen azken aldian familiako guztiei zorrotz begiratzen zien. Gerra ondoren, abertzale izateagatik epaitu eta Pasaira desterratu zuten. Elkarrizketetan hitz bat nola esaten den galdetzen dio hiztegigileak osabari, eta ondoren hitza berari buruz hiru aurretik jarrita, artikulurik gabe nola esaten den jakiteko, osabak ez baitzekien zer zen artikulua (87-91 orr.).

9: ARRAIN HEGALARIEK LEGEZ

  • Arkitektoaren semeak transatlantikoko kapitaina deskribatzen du egunerokoan. Hori irakurtzean, idazleak gogoratzen du nola apaiz batek esan zion bere amari lehorreko gizon batekin ezkontzeko, arrantzale baten emaztea izatea gogorra zelako. Horren aurka, bere aitak hitz eman zion alturako lemazain titulua aterako zuela eta halaxe egin zuen (93-95 orr.).
  • Ikasketa horietan aitarekin ibilitako batekin topo egiten du, Tomas izenekoa. Idazleak kontatzen du nola joan diren itsasoko lanbideak galtzen eta egun bere lehengusu bat bakarra ibiltzen da itsasoan, Prestigek botatako galipota jasotzen ere ibili zena. Peruko marinel batek galipotak arkumen hilen kirats bera duela kontatu zion lehengusu horri. Bitxia, txikitan olatuen aparra itsasoko arkumeak zirela esaten baitzioten idazleari (95-97 orr.)
  • Bastida gazteak New Yorkeko sarrera ikusgarria deskribatzen du, hango etxerorratz batean hartzen dute ostatu. Besteak beste, Henry Forden auto-fabrika deskribatzen du eta hango antolakuntzarekin liluratuta geratzen da (97-99 orr.)
  • Idazlearen hegazkina aireratu egiten da Frankfurtetik. Emakume beltza eseri zaio ondoan. Aireratzean, beldurra sartzen zaio eta gertukoak behar bezala zaindu dituen galdetzen dio bere buruari. Gogoratzen du nola aspaldian Gasteizen bikote baten liskerra ikusi zuela eta gizonak andrea oinutsik utzi zuen (99-101 orr.).
  • Hegazkinean idazleak egunerokoaren azken idazketa irakurtzen du: Europara doaz Bastida aita eta semea. Semeak arrain hegalariak deskribatzen ditu (101-102 orr.)

10: DUBLIN

  • Hegazkinean idazlearen aldamenean eseri den andreak irakurri duenaz galdetzen dio. Euskarazko egunerokoa dela erantzuten dio idazleak eta hortik elkarren ezagutza egiten dute. Andrea afroamerikar liburuzaina da New York eta bere aita Bigarren Mundu Gerran borrokatu zeneko tokiak bisitzera joan dela dio, besteak beste Italiara. Idazleak Ondarroan ere soldadu italiarrak ibili zirela kontatu dio, eta herriko emakumeen atzetik ibiltzen zirela (103-105 orr.).
  • Artetak Bastidari bidalitako bozetoetako batzuk bidaltzen zizkion Indalecio Prieto politikari agnostikoari. Prieto 1917ko grebaren ondorioz, Ipar Euskal Herrira ihes egiteko ahalegina egin zuen. Lehenengoan, ezkutatuta orduak pasa ondoren, ontziari motorra hondatu zitzaiola jakin eta Bilbora itzuli behar izan zuen, Galea pasa ere egin gbae. Bigarren batean lortu zuen helburua. Lehenengoan ihes egiten lagundu ziona Bakeriza ondarrutarra zen. Lagun handiak egin ziren. Prieto 1930eko hamarkadan ministro izatera heldu zenean, Bakeriza Madrila joan eta Prietori Ondarruko portu berria egitea eskatu eta lortu egin zuen. Portua obretan, Mancisidor izeneko urpekari batek aholku handia eman zuen: portua itxi eta urez lehortuta obra egiteko hain zuzen. Alfonso XIII.aren txaluparen helizea trabatu zenean ere deitu zioten urpekari horri. Txalupa askatu eta sari moduan Kontxako badiako ur azpitik berak nahi zuen guztia hartu ahal izatea soilik onartu zuen (106-109 orr.).
  • Rockall inguruan Toki-Argia ontzian aitarekin arrantzan ibilitako Miel Gallastegiren emaztearekin topo egin zuen behin. Miel makinaria zen. Makinari eta lemazainen arteko lehia egoten da: makinariak poliki nahi du joan, lemazainak azkar. Mielek koadroak pintatzen zituen eta Toki-Argia soldadu britaniarrek harrapatu zuenekoa margotu zuen (110-111 orr.).

11: KÄSMUKO HILARRIAK

  • Idazlea Estoniako Käsmu izeneko herri batean dago, poeten mintegi batean. Mintegiko etxeko jabeek eraikinari eta horrekin batera Estoniako historiari buruz hitz egiten diote, alemaniarren eta errusiarren artean (113-114).
  • Estoniar bikoteak elkarrekin, bata bestearen ondoan, hilobiratzen dira, beste munduan ere elkarrekin izateko. Idazleak horrelako hilobiak dauden hilerria bisitatzen du. Kontatzen diote behin bikote bat banandu behar izan zela, baina azkenean bakoitza beste bikotekide batekin herri berean elkartu zirela. Lehenengo bikoteko emakumeak bere hilobia bere maitatuaren hilobiaren ondoan jartzea lortu zuen, bakoitza bere bikotekidearekin hilobiratu arren. Meredid izena duen poeta emakume bati triste deritzo istorioa, bakoitzak bere bizitza erabaki ezinaren erakusgarria baita (115-117 orr.)
  • Meredidekin eztabaidan jarraituz, pertsonok banatuegi bizi garela baieztatzen du hark. Horren haritik, beste poeta batek txorien kantua dakarren CD bat dakar. Hura entzunda denek txori bakan batzuk soilik bereizten dituzte. Horrekin, mundu erdiak beste munduaren erdiaren berri jakin gabe bizi dela erakusten du (118-120 orr.).

12: TXORI BAT LEIHOTIK BARRURA

  • Idazleak Estonian kuku entzun zuela kontatzen dio emazteari eta honek email bat itzultzen dio kontatuz kukuaren inguruko istorioa, non kukuaren kantua adituta bi lagun eztabaidan aritu ziren norentzat ari zen (kukuak sosa dakarrela esan ohi baita) eta azkenean notario batengana joan zirela; hari ordainduta, kukuak beretzat kantatu zuela esaten die (121-122 orr.).
  • Hegazkineko Renatarekin hizketan, aitonaren Dos Amigos txalupa aipatzen dio. Renatak esklabo-ontzi batek ere izen hori zuela erantzuten dio. Esklabo-ontziaren istorioa kontatzen dio: Dos Amigos ontzia beste ontzi batek harrapatu nahian, esklaboak irla batean utzi behar zituztela azkarrago joateko. Hala ere, harrapatu egin zuten baina esklaboak irlan utzi zituzten. Idazleak Ondarrura arrantzan jarduteko Senegalgo beltz asko etorri dela kontatzen dio (122-126 orr.).
  • Afrikako etorkinen tragedia ikusita, idazlearen osaba Bonik Gibraltargo itsasartea etorkinek txalupaz pasatzea zeinen arriskutsua den kontatzen du, olatuz ez baizik ez eta haizeak altxatako zipristinez barrua urez berehala betetzen baita. Espainiako Gerra Zibilean txalupaz Ipar Euskal Herrira ihes egindakoen istorioak ere kontatzen ditu (127-128 orr).
  • Meabe herriko abertzale bat zen, gero sozialista izango zena (horregatik Orbela deitzen zioten). Txori asko zituen etxean. Behin kartzelatik atera eta etxean zituen txori guztiak askatu zituen kaioletatik. Gerran herria bonbatu zutenean, kaiolak hautsi eta denak geratu ziren aske. Ondarruko zubi zaharraren suntsitzea erabaki zuena izan zne, Ondarrua defendatzeko (128-130 orr.).

13: PORTURA DATOZEN ITSASONTZIAK

  • Arrantzaleak denbora luzea pasatzen dute etxetik kanpo. Ondarruko itsasontzi maketagileen berri ematen du. Aitarekin aritu zen Miel makinaria da horietako bat. Fernando iramategiren maketak ere oso estimatuak ziren. José María Oriol y Urquijo enpresaria Iramategi egiten ari zen maketa apetan hartu, baina Iramategik ez izon saldu nahi, zozketa baterako zelako. Azkenean, Oriolek boleto guztiak erosiz eskuratu zuen maketa. Miel Gallastegiren istorioa kontatzen du, nola aita ez zen itsasorako jaio eta Madrilera joan zen, baina han nazionalek fusilatu egin zuten gerra ondoren. Miel Ondarrura joan zen, aitak emandako helbideak hartuta, eta hango familia batek hartu zuen. Hark kontatutako itsasoko istorioak jasotzen ditu: nola Bigarren Mundu Gerran Royal Air Forceko gaileta kaxa bat aurkitu eta jan zuten, eta bi egunetan lo hartu ezinik egon zirela, pilotuentzako drogarekin egindako gailerak zirelako, nola garai horretan baliotsua zen kautxu fardelak ere aurkitzen ziren uretan, nola Galizia aldean hemengo ontziek jakinmina pizten zuten, azpitik kristalezkoak zirela uste zutelako. Azkenean, Mile pailazoz mozorroturik hil zen etxe bateko atarian sorpresa bat ematera zihola (131-138 orr.).
  • Hegazkineko pantailan hegazkinaren ibilbidea ikusten da mapa batean eta nola gaua egun eta eguna gau izatera pasatzen den eskualde zenbaitetan. Bizitzan ere hala gertatzen dela irakokitzen dio horrek idazleari, nola iluna argitu eta argi zegoena ilundu egiten zaigun (139 or.).
  • Liborio aitonak Errepublikako Bilboko kartzelan preso zeudenak fusilatu behar zituztenen artean zegoen, baina gorpuen artean ezkutatu eta azkenean ihes egitea lortu zuen. Berarekin batera zihoan lagun bati tiro egin eta Liboriok bizkarrean hartu zuen ihesean (139-140 orr.).

14: NUUK

  • Renatarekin seme alabei buruz hasten da hizketan. Unaitaz, Nerea bere emaztearen semeaz, hitz egiten dio eta Nerearekin elkartzean sentitu zuenaz (141-142 orr.).
  • Toki Argia Rockall inguruko uretan armada britainarrak harrapatu zuen bi aldietaz hitz egiteko, abokatu lanak egin zituen Isidor Etxebarriarekin jartzen da harremanetan. Egun horietan, kasualidadez, Toki Argia ontziko armadorea hil da. Hango armada eta epaitegiekin izan zituzten gorabeherak kontatzen dizkio. Azkenean errugabe aitortu eta ordaindutako isuna itzuli zieten (143-147 orr.).
  • Aurelio Artetak Mexikora ihes egin zuen emazte eta bi seme-alabekin. 1940 urtean hil zen han. Rikardo Bastidaren semea gerran hil zen 1937 urtean, 25 urterekin. Rikardo Bastida bera 1953 urtean hil zen, Indalecio Prietori bisita eginda Mexikotik itzuli ondoren (147-149 orr.).

15: ST KILDA

  • St Kilda uhartea da Rockalletik gertuen dagoena. 1930 urtera arte jendea bizi zen han, baina urte horretan hango emakume bat gaixotu eta hil zen. Gaizki hartu zuten heriotza hori eta irla uztea erabaki zuten. Bizimodu gogorra zuten han, baina azken hamarkdadetan turismoak eragin handia zuen biztanleengan. Posta jostauiluzko ontzi txikietan itsasoratzen zuten (151-154 orr.).
  • New Yorken lagun bati eleberria nola osatu behar zuen kontatu ziola gogoratzen du, hegaldi batean zehar girotuta. Hegazkinetik itsasontzira, nola herriko etorkin marinelak maiz itsasontzian bertan bizi diren kontatzen du. Beste batzuk, ordea, lortzen dute portutik atera eta herrian bizitzea. Etorkinen integrazioaren zailtasunez hitz egiten du (154-157 orr.).
  • Hegazkinean film bat ikusten hasten da. Unaik azkenean telefono mezu bati erantzun ziola gogoratzen du eta poztu egiten da (157-158 orr.).
  • Aita nola hil kontatzen du. Berarekin ontzian inor hil ez izanaz harro zegoen; damu zen, ordea, behin aita lepotik hartu izana (158-159 orr.).

16: FACEBOOKEKO MEZU BAT

  • New Yorkeko museo batean ikusitako koadro baten haritik, non margolarika koadroan agertzen den paper baten gainean idazten duen bere izena, eleberriaren kontakizuna nola egin pentsatzen du, nola osatu fikzioa, nola izan berritzailea. Horretarako Meryl Streep aktorearen eta Foster Wallace idazlearen pasadizoak kontatzen ditu (161-163 orr.).
  • Kevin MacNeil idazle eskoziarraren mezua jasotzen du. Bere aita lapurra zen eta berak ere horretan ikasi nahi zuen. Gauez etxe batera sartu eta armairu batean itxi zuen. Nola edo hala handik ateratzea lortu zuen, etxekoek harraptu gabe. Horrela erabaki zuen azkenean idazle izatea (163-164 orr.).
  • Armada Garaiezinaren hondamendia Inglaterrako uretan kontatzen du. Bi buru ziren armadan, Rekalde eta Bertendona. Rekalde amorruz hil zen egun gutxitara Galizian, Bertendona zoriontsu bizi izan zen urtetan. Gertakari bera ikusteko bi modu (165-166 orr.).
  • Toki Argia harrapatuta eraman zuten portua da Stornoway, Eskozian. Hango bizimoduari buruzko liburu batean, nola itsasargi bat egunez itzaltzen ez zela ikusi eta harrituta joan zirela ikustera zer gertatzen zen. Farozaina zegoen hila (166.168 orr.).
  • Aita altxamendu frankista alde egiteagatik kartzelara bidali zuten. Kartzelatik atera zenean ordea, bere bandokoek garaipena lortuta, ez zuen ezer nahi politkarekin loturik (168-169 orr.).

17: ATLANTIKOAREN ERDIAN

  • Ontziburu bat esnatu egiten da gauerdian ontzia gelditu egin dela adituta. Harri eginda, balea bat ontziaren bide aurrean jarri eta erdibituta geratu da, ustez bere buruaz beste egiteko. Hegazkinean Little Niss Subnshine filmeko neska bat ikusten du eta filma ikustera Unai eta Nerarekin joan zenekoa gogoratzen du (171-172 orr.).
  • Idazle batzuekin elkartzen da New Yorken haietako baten etxean. Honetaz eta hartaz hitz egiten dute. Hizketa sexu bereko bikoteen gaira aldatzen da. Olea ondarrutarrak zozo emea eta birigarro arra elkartzen saiatu zenekoa kontatzen die idazleak. Azkenean, bi txoriak arrak zirela konturatu ziren. Akatsa ezin onarturik, kukuaren arrautza hazi zuen Oleak, edozein habitan hazten baita (173-177 orr.).
  • Aitari ebakuntza egin ziotenekoa gogoratzen du, nola herriko kanta bat abestu zioten, baina hartaz geroztik ez zen esnatu eta hilabetera hil zen. Gerora, idazleak behin bakarrik egin du amets aitarekin eta hura kontatzen du (177-179 orr.).

18: STORNOWAYKO GIZONA

  • Idazleak Picassoren Les demoiselles de Avignon koadroa iruzkintzen du. Kubismoaren baitan berezia eta berritzailea dela dio. Bere familiako etxean zegoen Picassoren Gernika koadroa ren kopia datorkio gogora, nola pentsatzen zuen benetazkoa zela, gainetik berniza zuelako (181-183 orr.).
  • Aitak Stornowayn beste emazte bat eta seme-alabak zituela kontatzen zien txikitan, txantxetan. Idazlea eta horren ama hara joan zirenekoa gogoratzen du, aitaren arrastoen bila. Angus McLeoden etxera doa horretarako. McLeod arrantzan ibiltzen zirenak zelataria zen. Euskaldunei buruzko oroitzapenak kontatzen ditu, nola modu sinplean egiten zuten arrantzan eta nola behin ontzira igo eta bapo jan zuen. Amak hotelean idazten ari den egunerokoa erakusten dio. Senarraren falta sentitzen duela nola idatzi duen, bizkaieraz, irakurtzen die (183-188 orr.).
  • Unai futbolaria da herriko gaztetxoen taldean. Play Stationean ere futbolean nola jolasten den azaltzen du, Athletic talderako munduko jokalari onenak bilduz (188-189 orr.).

19: MONTREAL

  • Hegazkineko publizitatean, Danimarkako Skagen aldean egindako erloju baten iragarkia ikusten du. Erlojuengatik eta, baita ere, han itsas galerak izaten zirelako da ezaguna Skagen. Behin, hango legegizon batek estatubatuar kapitain naufrago bat hartu zuen etxean. Itzultzeko orduan, kapitainak oparia egin nahi ziola, legegizonak esklabo beltz bat eskatu zion. Denbora batera, kapitainak bidalitako beltza agertu zen Skagenera. Bazter haietako lehen beltza. Legegizonak ongi tratatu zuen, bnaina herrian ez zuten onartu. Hiltzean, hilerrian ez baizik eta dunen artean lurperatu zutela uste izan da. Baina egiaz ez da horrela, memoria kolektiboaren akats batengatik. Dunetan benetan lurperatu zutena tximino bat izan zen (191-195 orr.).
  • Pako Uranga patroiarekin elkarrizketatzen du idazleak, aitarekin ibilitakoa Rockall aldean baina beste ontzi batekoa. Aita arrantzale iaioa zela esaten dio, baina malizia bauzuen, ez baitzien irratiz besteei esaten asko edo gutxi harrapatzen zuen. Seme-alabekin irratiz hitz egiten zuenean, kode bat baliatuz esaten zien harrapaketa-kopurua. Hango mapak ere berak egiten zituen. Han arrantzan egiteko amarruak kontatzen dizkio. Nola Irlandan lehorreratu eta hangoekin futbolean jolasten ziren (196-199 orr.).
  • Idazleak ETAren su-etenaren berri jasotzen du pozik. Artetak eta Arrue anaia margolariek Tomas Meabe lagundu zutela gogoratzen du, ideologia desberdinak izan arren, ideiak eta bihotzak bereiziz (200-201 orr.).

20: BOSTON

  • Harvarden beste idazle batekin elkartu eta hark han bildutako beirazko loreak erakusten dizkio. XIX. mendeko botanika irakasle batek eskuratu zituen, artisau beiragile alemaniar familia batekin kontratua eginda, gorabahera zenbaiten ondoren (familiaren hasierako ezetza lan asko izateagatik, aduanan puskatu egiten ziren loreak, ...). Azkenean arazoak konpondu eta urtetako lana izan zen bilduma osatzeko (203-207 orr.).
  • Renata esnatzen da hegazkinean (208 or.). Carmentxu bisitatzen du New Yorken, amarekin batera 1940ko hamarkadan New Yorkera joan zen emakumea. Gogoratzen dituen hitz bakanetatik goxua esaten du askotan. Donostiara itzuli nahi luke (209 or.).
  • Txalupan osabekin ateratzen da arrantzan, Ondarrutik hurre dagoen kala batera. Venezuelan arrantzan nola aritu ziren kontatzen du idazleak, eta nola harrapatu eta gero aske utzi zituzten hango militarrek. Frankismo garaiko Bilboko presondegiko anekdota bat ere jasotzen du: Francok berrikitan Bilbora egindako bidaia baten dokumentala ematen dute kartzelan, baina une batean jendetza azaltzen den fotograma batean hango preso bat ikusi eta barre egiten dute, sekuentzia hori dokumentalean antzinako Athletickeko ospakizunetatik txertatuta zegoela dakitelako (210-212 orr.).
  • Arrantzan trakets aritzen da idazlea osabekin. Belaunaldiz belaunaldi jaos beharreko trebezia dela irizten du, beirazko loreen artisautza bezala. Portura itzultzean, osaba Santik Dos Amigos ontziari buruzko paperak ematen dizkio: horietan Dos Amigos izena ontziaren aurreko jabe batek jarri ziola irakurtzen du, beste lagun batekin erosi zuelako. Eleberrian zehar han eta hemen aipatu duen misterioa argituta geratzen da (212-214 orr.).

21: LUR HARTU

  • Hegazkinaren lurreratzea konTAzten ari dela, 2008ko irailean Ondarroan Ertzaintzaren aurka izandako bonba atentatua nola bizi zuen konattzen du, nola bonbaren danbatekoak esnarazi eta etxean txikizioak egin zituen. Beldurtu ziren Unai etxean ez zegoelako, baina azkenean onik zegolera jakin zuten telefonoz. Txikizioak konpondu arren, arazoak jarraituko duela irizten du (215-219 orr.).

22: AGIRREREN ARROSAK

  • Txomin Agirre eta Resurreccion Maria de Azkue Ondarroan elkartzen diren udan. Azkue Agirre bisitatzen zuenean, etxeko atarian biltzen zne berarekin, bere familiaren etxe txiroa erakutsi nahi ez ziolako. Gutunez ere izaten zituzten harremanak. Azkuek gehiago idazteko estaen zion, baina honek mojen aitortzekin eta arrosen zainketekin lanpeturik zegoela esaten zion (221-222 orr.).
  • Euskarak literatura trazio txikia du, mundu zabalean ezagutzen den klasikorik ez du. Euskararen klasikoa Axular da. Haren inguruko kondairak kontatzen ditu. Literatura txikia izan arren, etxea erakutsi nahi ez zuen Agirrek ez bezala egin behar dela uste du, daukagun txikia erakutsi eta zabaldu (223-225 orr.).

23: NEW YORK CITY

  • Amak esan zion Artetaren koadroko neska bat amona zela (227-228 orr.).
  • Zinegile bat dator Ondarroara eta idazleak hango bazterrak erakusten dizkio, besteak beste Antigua ermita, non Nazarenoaren irudiari musu eman eta burua argitzen den. Zinegileak han inguruan dabiltzan bi haur filmatzen ditu, tximeletak harrapatu nahian dabiltzala. Irudi zoragarriak atera omen zaizioñ. Euskaraz ari dira, bata txuria da eta bestea beltza. Aldi berean, idazleak kontatzen du nola amaren etxea miatu zuten guardia zibilek, baina amak aurretik paper konprometigarri guztiak hautsi zituen. Amak urduritu zen alabaren gelan euskal kantak aurkitu zituztenean, baina euskaraz alabak esan zion lasaitzeko. Guardiek zer zioen galdetu eta amak sukarra zuela eta ura nahi zuela esan zien. Unairekin gogoratu eta hari buruzko poema bat ematen dio liburuari amaiera, hegazkina aireportuko lurrean dagoen unean bertan (228-233 orr.).

Erreferentziak

Kanpo estekak