Athletic

Bilboko futbol taldea
Bilboko Athletic Kluba» orritik birbideratua)
Artikulu hau gehienbat Athletic klubeko gizonezkoen taldeari buruzkoa da; emakumezkoen taldeari buruzkoa beste hau da: «Athletic (emakumezkoen taldea)».

Athletic[1] (ofizialki Athletic Club,[2] askotan Bilboko Athletic edo Athletic de Bilbao ere deitua) Bilboko futbol taldea da. Historia ofizialaren arabera, 1898an sortu zen eta Real Madrid Club de Futbol eta Futbol Club Barcelona taldeekin batera, 1928an Liga sortu zenetik Espainiako Lehen Mailako edizio guztiak jokatu dituen talde bakarra da. Aldi berean, kirol elkarte anonimoa ez den Espainiako ligako lau klub profesional bakarrenetarikoa da, beraz, klubaren gobernua bere kideei dagokie. Euskal klubaren berezitasunik nabarmenena Euskal Herrian jaiotako edo futbolean trebatutako jokalariekin bakarrik jokatzeko tradizioa da. Tradizio hori 1912an sortu zen eta ordutik mantendu da.[3][4] Historikoki, harrobiko kluba izateagatik eta futbolari gazteen prestakuntzan lan egiteagatik ere ezaguna da, hau delarik lehen taldea jokalariz hornitzeko iturri nagusia.[5]

Athletic
Datuak
Izen ofiziala
Athletic Club
Motafutbol-kluba
HerrialdeaEspainia
IzengoitiaLehoiak
Zurigorriak
Eskumendekoak
LigaEspainiako futbol ligako lehen maila
EstadioaSan Mames BarriaBilbo
43°15′51″N 2°56′58″W / 43.264205°N 2.949369°W / 43.264205; -2.949369 (2013–)
 53.289
Agintea
LehendakariaJon Uriarte
ZuzendariaRafael Alkorta
EntrenatzaileaErnesto Valverde
Egoitza nagusi
Zeren jabe
Historia
Sorrera1898
Koloreak         
Taldearen koloreakTaldearen koloreakTaldearen koloreak
Taldearen koloreak
Taldearen koloreak
 
Etxekoa
Taldearen koloreakTaldearen koloreakTaldearen koloreak
Taldearen koloreak
Taldearen koloreak
 
Kanpokoa
Taldearen koloreakTaldearen koloreakTaldearen koloreak
Taldearen koloreak
Taldearen koloreak
 
3. koloreak
webgune ofiziala
Facebook: ATHLETICCLUB Twitter: Athletic_en Instagram: athleticclub LinkedIn: athleticclub Youtube: UCUiLE_NqFKarAXFhhmXiIFA TikTok: athleticclub Edit the value on Wikidata

Bere lorpen guztiak Espainiako txapelketetan lortu ditu, non Espainiako futbolaren barruan klub historikotzat hartzen den.[6] Bere izen onaren zati handi bat, Errege Kopan lortu du, hogeita lau aldiz irabazi duena (klubaren arabera hogeita bost dira, bere jabetzan duen 1902ko Koroatzearen Kopa ere kontatzen duelako),[7][8] txapelketako bigarren talderik sarituena izan zelarik XX. mendean, kopetako errege ezizena irabaziz,[9] 1998an Barçak gainditu zuen arte.[10][11] Gaur egun, Espainiako Kopa txapelketa gehien dituen bigarren taldea da, hirugarrena, Real Madril, baino bost gehiago.

Titulu ofizial gehien dituen Espainiako Ligako hirugarren kluba da (35), eta bosgarren postuan dago Lehen Mailako sailkapen historikoan, hirugarren izan zelarik 2009-10 denboraldira arte, une horretan Valentzia taldeak gainditu zuelarik, eta laugarren 2013-14 kanpainara arte, kasu honetan, Atletico Madrilek baztertuz.[12] Era berean, ligako historiako gol-zaparradarik handienaren errekorra du; 1930-31 denboraldian, 12-1 irabazi zion F. C. Bartzelonari.[13][14][15]

Talde bizkaitarraren lorpen kontinental handienak 1976-77 eta 2011-12 denboraldietan lortutako UEFAko Europa Ligako bi azpitxapeldun eta 1956ko Latindar Kopako azpitxapelduna izan dira.[16] Athleticen gol-zaparradarik handiena Europako konpetizioan Standard Liejari 1-7 irabazi zionean izan zen, 2004-05 denboraldian.[17]

Historia

Sakontzeko, irakurri: «Bilboko Athletic Klubaren historia»

Ingalaterratik Bilbora (1890-1910)

Sakontzeko, irakurri: «Ingelesen Landa» eta «Bizcaya (futbol taldea)»
1903ko Errege Kopako talde txapelduna.

1890eko hamarkadan ezagutarazi zen futbola Bizkaian, Bizkaiko portuetan lan egiten zuten marinel ingelesek football partidiloak jokatzen zituztelako tarte libreetan. Handik gutxira, zale bizkaitarrak batu zitzaizkien. Bizkaitarrek kirol berritzaile honekiko zuten interesa handituz joan zen, eta historia ofizialak dio 1898an Bilboko Zamacois gimnasioko gazte batzuek football talde bat sortzeko ideia izan zutela, Ingalaterran zeudenak bezala; talde honi Athletic Club izena jarri zioten, nahiz eta taldea 1901eko apirilaren 5era arte ez zen legez eratu On Diego Lopez Haroko kale nagusia eta Berastegi kalearen kantoian zegoen Café Garcían egindako batzarrean.[18][19][20] Garai hartan, Athleticek Lamiakoko zelaietan jokatzen zituen partidak, Bizkaiko udalerriko hipodromoko lurretan. Eta gaur egun badakigu Lamiakoko zelai horietan lehenago jokatu zirela partidak: Orain arte, klubak berak barne, 1898 urtea eman izan dute fundazio data ofizialtzat, baina zenbait ikerketek data horren aurretik Athletic izeneko klub baten existentziaren eta honek jokatutako zenbait futbol partiden testigantza ematen dute.[oh 1] Alta, Bilbon jokatu zen lehen futbol partida, 1889an, ekainaren 29an jokatu zen, Barmston Rangers eta hainbat barkutako marinelen artean.[23] Garai hartan Lamiakoko hipodromoan jolasten zituzten partidak.[24][25]

1900ean Bilbao Football Club sortu zen. Bi taldeek adiskidantzazko partidak jokatu ohi zituzten, gero eta garrantzi handiagoa zutenak Bizkaiko zaleen artean, bi taldeen artean nahiko lehia egotera iritsiz. 1902ko udaberrian Alfontso XIII.aren adin nagusitasuna ospatzeko futbol txapelketa nazional bat jokatu zen. Garaikur hau Koroatzearen Kopa izenarekin bataiatu zen, eta Errege Koparen aitzindaritzat hartua dago. Athletic Clubek eta Bilbao F. C. taldeak Bizcaya izeneko talde konbinatu bat sortu zuten,[oh 2] eta titulua lortu zuten, F.C. Bartzelonari 2-1 irabazi baitzioten Castellanako hipodromoan, Madrilen.[26]

1903an, Bilbao Football Club elkarteak elkartea desegitea erabaki zuen Batzar Nagusian, bazkide guztiak Athletic Cluben sartuz. Krisi instituzional gogorra gainditu ondoren, Athleticek urte horretan bertan egin zuen debuta Errege Kopa sortu berrian, eta txapeldun izan zen, hurrengo urtean errepikatu zuen titulua.[27]

Lamiako futbol zelaia 1900ean, Athleticen lehendabiziko jokalekua.

Lamiakoko zelaia, Leioan, Athletic Cluben lehen zelaia zela kontsideratzen da. 1887ko irailaren 18tik hipodromo bezala funtzionatzen zuen, baina azalera Santa Eugenia zelaia baino hobeto egokitua zegoen. 1901etik 1911ra jokatu zuen, nahiz eta beste klub batzuekin batera aritu (Bilbao Football Club kasu).[28] Denbora horretan, Athleticek 58 partida jokatu zituen, eta gutxienez 41 irabazi zituen.[29] Lamiakotik igaro ziren arerioen artean Real Madrid C. F. (1904) eta F. C. Barcelona (1906) daude.[30] Zelaia 3.000 eserlekutara iristen zen ia,[31] eta Bilbotik joateko trena hartu behar zen San Nikolaseko geltoki zaharrean, eta Lamiakoko zelaiaren parera iristen zenean, geltokirik edo geralekurik ez zegoenean, tren-gidariak trenaren martxa moteltzen zuen bidaiariak trenetik jaitsi ahal izateko.[32]

Kopako lehen edizioan lortutako arrakastaren ondorioz, Madrilen zeuden euskal ikasle batzuek, Enrique Allende edo Ricardo Gondra gisa, Athletic Club (Madrilgo sukurtsala) sortu zuten, gaur egungo Atlético de Madrid dena¡; baina erakunde desberdin gisa funtzionatu zuten, presidente eta batzar orokor propioekin. Hala ere, sukurtsala zenez, madrildarrek ezin zuten Athleticen aurka jokatu txapelketa ofizialean (klub bera ziren).[33]. Era berean, ohikoa zen Errege Kopako partidetan Athleticek Madrileko sukurtsaleko jokalariak zelairatzea. 1904ko eta 1905eko Kopako finalak jokatzeko Athleticek Madrileko sukurtsaleko jokalariengana jo behar izan zuen, ez baitziren hamaikakoa osatzeko nahikoa jokalari joan.[34][35] 1907ko otsailaren 20an, Athletic Club de Madrid Elkarteen Erregistroan inskribatu zen, eta nortasun juridiko propioa eta Athletic Clubaren nortasunetik bereizia lortu zuen; beraz, sozietate-mailako sukurtsala izateari utzi zion. Hala ere, kirol arloan bi taldeen arteko lotura izaten jarraitu zuen, eta talde bizkaitarrak Athletic Clubeko jokalariei Espainiako Txapelketa jokatzeko deia egiten jarraitu zuen. Adibidez, Manuel Garnica Serrano madrildarra izan zen golegileetako bat Athleticek 1911n irabazi zuen finalean. Hala ere, deialdiak bertan behera geratu ziren 1912an, Athletic Cluben filosofia delakoaren lehen bertsioa sortu zenean, honen arabera jokalari bizkaitarrak bakarrik lehiatu zitezkeelarik.[36] Gainera, Julian Ruete Madrilgo taldeko presidenteak independentzian aurrera egin zuen. 1917an, Madrilgo Athletic Clubek bazuen armarri propio bat, Madrilgo hartza eta gurbitza zituena, eta, azkenean, 1921ean, Madrilgo taldea Athletic Clubetik bereizi zen.[37][38] Prozesua 1924ko urriaren 4an egin zen, Madrilgo Athletic Clubeko Bazkideen Batzar Nagusian, eta bertan Madrilgo taldeak estatutuak eta araudiak erabat aldatu zituen, Bilboko klubarekiko menpekotasunari buruzko aipamen guztiak ezabatuz.[39]

1910-1922: San Mamesen eraikuntza eta Pitxitxi

Sakontzeko, irakurri: «San Mames (1913-2013)»
Athleticen armarria, 1913an.
Athleticen hamaikakoa 1921ean. Ezkerretik eskumara: Hurtado, Pitxitxi, Laka, Acedo, Rivero, Sabino, Ramón Belauste, Villabaso, Allende, Beguiristain eta J. M. Belauste.

Taldea sortu zenetik urte batzuk igaro ziren eta Athletici txiki geratzen hasi zitzaion Lamiakoko zelaia. Bizkaian futbolarekiko zaletasuna izugarri hazi zen azken urteetan, eta gero eta beharrezkoagoa zen zelai aldaketa bat. 1911n, egungo txapelduna zenez, klubari Errege Koparen hurrengo edizioa antolatzea zegokion. Lamiakoko zelaiak horrelako ekitaldi bat hartzeko baldintza egokiak betetzen ez zituenez, Athleticek Neguri auzoko (Getxo) Jolaseta zelai berrira joatea erabaki zuen. Futbol zelai honen neurriak, zaletu kopurura hobeto egokitzen ziren, eta garai hartan, zaleentzako estalitako tribuna bat bezalako berrikuntza garrantzitsu batzuk sartu zituen, preferetnzia bat (tribunaren aurretik korritutako bi banku ilara), eta sarrera orokor bat (gainontzeko zelai zatian, zutikako ikusleek okupatua). Athleticek 48 partida jokatu zituen Jolasetan. Horietatik lau ofizialak izan ziren (garaipenak) eta beste 44 lagunartekoak, 23 garaipen, sei berdinketa eta 15 porrotekin.[40]

Hala ere, garai hartarako estadio modernoa izan arren, Bilbotik urrun zegoen eta kluba, hazten ari zela, Bilbon bertan zelai propioa izatea bilatzen ari zen.[30][41] Hazkunde justifikatua izan zen; izan ere, 1910ean, elastiko zuri-gorria jantzita, Athletic berriz ere Kopako txapeldun izan zen, hainbat urteko lehortearen ondoren, eta hurrengo urtean ere arrakasta bera izan zuen. Urte horietan, hurrengo urteetan zeresan handia emango zuen jokalari gazte baten figura nabarmentzen hasi zen: Rafael Moreno Aranzadi, "Pitxitxi" ezizena ematen ziotena, muturreko azkarra, jaurtiketa indartsua eta oparoa zuena.[42]

Jada txapeldun zen talde bati ginga jartzeko, 1910ean klubaren historiako lehen entrenatzailea zen Mr. Shepherd ingelesa kontratatu zen.[43], taldea handik gutxira utzi zuena eta 1914ra arte William Barnes ingelesak ordezkatu ez zuena.[44]. 1913an, Athleticek, azkenean, Manuel Maria Smith arkitektoak egindako bere zelai desiratuaren eraikuntza amaitu zuen, eta San Mameseko asiloaren ondoko lurretan altxatu zen. Urte bereko abuztuaren 21ean inauguratu zen, Athletic eta Irungo Racing Club taldeen arteko lagunarteko partida batekin, gol bateko berdinketarekin amaitu zena. "Pitxitxi" izan zen San Mameseko historiako lehen gola sartu zuena.[26]

Garai arrakastatsu bat iritsi zen Athleticentzat, hiru aldiz jarraian irabazi zuen Errege Kopa, 1914, 1915 eta 1916an hurrenez hurren, eta Espainiako talderik hoberentzat hartu zuen prentsak. William Barnes aulkian zela, Athleticeko taldea honako jokalari hauek osatzen zuten: Ibarretxe atepean, Solaun eta Hurtado defentsa sendo bat osatuz, Egiaren gogortasuna, Jose Maria Belauste kolosoa, bere anaia Ramonek bezala zelai erdian egotea inposatzen zuena, edo Izeta, German, Apon, Zuazo eta Rafael Morenok osatzen zuten aurreko taldea. Azken horrek errefusatu egin zituen baldintza oso oneko kontratu profesional bat eskaintzen zioten klub ingelesen zenbait eskaintza, baina nahiago izan zuen Bilbon geratu.[26] 1917tik 1919ra bitartean, Athleticek krisi instituzionaleko garaia igaro zuen, eta aldi horretan ez zuen Errege Kopan parte hartu (haren ordez Getxoko Arenas joan zen 1917an eta 1919an, eta Real Union 1918an; biak izan ziren txapeldun). 1921 arte ez zuen Kopako txapelketa berri bat irabazi. Hau izan zen "Pitxitxi" ren azken titulua, 1920-21 denboraldiaren amaieran futboletik behin betiko erretiratu zena.[45][46] Klubaren webgune ofizialaren arabera, 89 partida jokatu zituen eta 83 gol sartu zituen, Kopako lau titulu eta eskualdeko bost txapelketa irabazteaz gain.[47] Iturri batzuen arabera, erretiratu ondoren, arbitrajean aritu zen. Handik gutxira, 1922ko martxoaren 1ean, tifusaren ondorioz hil zen, 29 urte baino ez zituela.[26]

Fred Pentland eta «lehen aurrelari talde historikoa» (1922-1936)

1920ko hamarkadan, Euskal Herriko klub nagusiak Athletic Club, Real Unión, Getxoko Arenas eta Real Sociedad ziren. Laukote honek 1928an Espainiako futbol liga txapelketa sortu zuten. 1930ean Deportivo Alaves igo ondoren, Espainiako futbol ligako lehen mailako hamar klubetatik bost Euskal Herrikoak ziren. Orduan gaztelaniaz "Con cantera y afición, no hace falta importación" (euskaraz: "Harrobia eta zaleekin, inportazioa ez da beharrezkoa") esateari ekin zioten, Athleticek bere filosofiaren lema izango zuena.

1921ean Fred Pentland izeneko entrenatzaile berri bat etorri zen Racing Santander taldetik. 1923an Athleticek Errege Kopan garaipena lortu zuen, modu iraultzaile erabiliz gainera: pase laburra. 1927an Athletic utzi eta Athletic Madrid, Real Oviedo eta Espainiaren entrenatzailea izan zen. 1929an Bilbora itzuli eta Athleticek Liga/Errege Kopa dobletea egin zuen bitan, 1930 eta 1931an hain zuzen ere. Klubak lau aldiz segidan irabazi zuen Errege Kopa 1930 eta 1933 artean eta Liga 1932 eta 1933an. 1931an Athleticek bere garaipen luzeena lortu zuen, FC Barcelona 12-1 irabaziz.

Atlético Bilbao

1931ko taldea, Liga Koparen irabazlea.

1941an kluba izenaz aldatu behar zuten, Francisco Francok agindutako dekretu baten arabera, gaztelaniazkoak ez ziren izenak galarazita zeuden eta horrela klubari Atlético Bilbao izena derrigorrez jarri zioten. Urte berean klubeko historiako golegile nagusiak bere debuta egin zuen: Telmo Zarraonaindia, hurrengo hamahiru denboraldietan 294 golak lortuko zituena. 1950/51 denboraldiko bere 38 golak oraindik Ligako errekorra badira. 1943an Athleticek Liga/Copa del Generalísimo doblete egin zuen berriro eta 1944 eta 1945ean Errege Kopa irabazi.

1950eko hamarkadaren hasieran Athletic Clubeko aurrelari lerroa ospetsua izan zen: Zarra, Panizo, Rafa Iriondo, Venancio eta Gainzak osatua. Aurrelari hauei esker klubak beste Copa del Generalísimo lortu zuen 1950ean. Ferdinand Daučík entrenatzaile berriaren heltzeak klubeko garaipenak handitu zuen: 1956an beste doblete bat eta 1955 eta 1958 Copa del Generalísimo bi lortuz. 1956an klubak Europako Kopan debuta egin zuen, historiako Manchester Uniteden talderik onenetariko batek menderatua izana.

1960ko hamarkada

1930, 1940 eta 1950eko hamarkadetan lortutako garaipenak lortzeko, Athleticek atzerritar jokalariak lortzeko murrizteen laguntza izan zuen. Nahiz eta gehienetan taldeek hiru atzerritar baino gehiago ezin izan, Real Madrid edo FC Barcelona bezalako klubek iruzur egin zuten Alfredo Di Stéfano, Ferenc Puskás, José Santamaria edo László Kubala bezalako jokalariak nazionalizatuz. Athleticek, ostera, harrobi politikari ekin zion, malgutasun gutxi edo bat ere ez erakutsiz. Hori zela eta 1960ko hamarkadan, Real Madrilen nagusitasuna azaldu zen, Atlético Bilbao taldeak 1969an Copa del Generalisimo bakarra irabaziz.

Hala ere, Athleticek aitona-amonen neurria ere erabili zuen, eta Bartzelonan jaiotako Armando Merodio fitxatu zuen. Alabaina, Txus Pereda, Miguel Jones edo José Eulogio Garate bezalako jokalariak fitxatzeari uko egin zion, jaiotzez euskal herritarrak ez baziren ere hirurak Euskal Herrian heziak eta Garateren gurasoak ere euskal herritarrak ziren. Hamarkada honetan Athletic Clubeko izar bat agertu zen: Jose Angel Iribar atezaina.

1970eko hamarkada

1970eko hamarkadan Athleticek ez zuen arrakasta berreskuratu, hamar urtez Errege Kopa bakarra lortu baitzuen, 1973an hain zuzen ere. 1971ko urtarrilaren 11n Lezamako kirol-instalakuntzak inauguratu ziren. 1975eko abenduan, Real Sociedaden aurkako partida batean, Iribar eta Errealeko kapitaina zen Inaxio Kortabarriak ikurrina atera eta zelaiaren erdigunean kokatu zuten. Hauxe zen ikurrinaren lehendabiziko agerpen publikoa Francoren heriotzaren ondoren.[48]

1977an Athletic UEFA Kopako finalera ailegatu zen, kanpoan lortutako golei ezker Juventusek menderatua izana. Hamarkada honetan ere Athletic Bilbao jatorrizko izena berreskuratu zuen.

1980ko hamarkada

Zaleak Errealaren aurkako derbiaren aurretik.
Athletic Celta Vigoren aurka, 2005ean.
Mosaikoa San Mamesen.

Kopa galdua

San Mames berrizteko lanak egin ziren hamarkada honen hasieran. Bertan, Iñaki Barrenetxea Espiga (arkitekto teknikoa eta Athletic Club-aren bazkidea) lan egin zuen eta harmaila pean zegoen gela baten kopa bat aurkitu zuen, lurrean botata. Momentu bat begiratu ostean mendeko hasierako errege kopa bat zela ohartu zen eta Athletic Club-aren bulegoetara eraman zuen errekalde kalean.Kopa hura, Ibaigane jauregira eraman zen museoa han egin zenean. Museoa San Mamesera mugitu zenean, kopa beste kopa guztiekin batera jarri zen. 2018. urtean, Iñakiren semea museoko gida bihurtu zenean istorioa kontatu zion eta honek kopei argazkiak atera zizkien bere aitak ze kopa zen esateko. Ondo atera zen eta istorio ikaragarria zenez, Asier Athletic Club-aren bokal batekin hitz egin zuen eta omenaldi bat egiteari buruz hitz egin zuten 2019. urtean. Tamalez, Iñaki omenaldia egin baino lehen zendu zen.[erreferentzia behar]

Taldea

1981ean Athleticek Javier Clemente sinatu zuen entrenatzaile gisa. Honek laster osatu zuen historiako talderik onenetariko bat, Urkiaga, De Andres, Urtubi, Argote edo Zubizarreta bezalako harrobiko jokalari gazteak Dani edo Goikoetxea bezalako beteranoekin uztartuz. Bere lehendabiziko denboraldian, Clementek Ligako laugarren postua lortu zuen. 1983an klubak Liga bat eta 1984an beste Liga/Errege Kopa dobletea lortu zituen. 1983an, lehen aldiz Athleticen gabarra atera zen titulua ospatzeko.[49][50] 1985 eta 1986an Athleticek 3.a eta 4.a hurrenez hurren bukatu zuen txapelketa. Clementeren estilo oldarkor, defentsa eta eraginkortasuna bultzatu zituen.

Ordutik Athleticek ez du garaipen handirik izan. Jose Angel Iribar, Howard Kendall, Jupp Heynckes edo Javier Irureta bezalako entrenatzaileek ezin izan dute garaipenak lortu.

1990eko hamarkada

Clemente ondorengo entrenatzaile arrakastatsuena Luis Fernández izan zen, 1996an sinatuta. 1998an Ligan bigarrena izan zen, Champions League parte hartzeko sailkatuz. Fernandezek harrobiaren ikuspegi zabalaren onurak izan zuen: Athleticen jokatzeko ez zen beharrezkoa Euskal Herrian jaioa izan baizik eta Euskal Herrian hezia izatea. Horrela Salamancan jaiotako Patxi Ferreira edo Brasilen jaiotako Biurrun debutatu zuten. Roberto López Ufarte edo Benjamín, ostera, guraso euskal herritarrak izanda ere, ez ziren aukeratuak.

Klubak beste harrobian hezitako jokalariak, Euskal Herriko harrobikoak ez baziren ere, fitxatu zituen. Horrela Bixente Lizarazu (klubeko lehendabiziko Ipar Euskal Herriko jokalaria) Ismael Urzaiz edo José Mari fitxatu zituen. Politika berri honek 1995ean eztabaida sortu zuen Athleticek Real Sociedadetik Joseba Etxeberria fitxatu zuenean. Jokalari hauek, Rafael Alkorta, Julen Guerrero edo Patxi Ferreira bezalako Athleticen harrobiko jokalariekin batera 1998ko arrakasta lortu zuten.

2000ko hamarkada

XXI. mende hasierako lehendabiziko urteak, Athletic historiaren txarrenetariko batzuk izan dira Errege Kopa emaitza txarrak izan ez ezik Ligako lehendabiziko postuetatik at geratu ere izan du. Lehen Mailan mantentzea lortu badu ere, Athletic bere historiako kirol-krisialdi nagusietariko batean sartuta dago, beti sailkapeneko azken postuetatik irten ezinda. Adibidez, 2006/07 denboraldian bere historiako sailkapen posturik txarrena lortu zuen, 17.a izanda.

Hala ere, klubak bazituen berri pozgarriak ere: alde batetik, 2002an sinatutako itun bati esker, emakumezkoen taldea sortu zuen, lau liga irabazi dituena; bestetik, harrobiak jokalari inportateak ere sortu ditu, tartean Yeste, Amorebieta, Iraola edo Llorente.

2010eko hamarkada

San Mames estadioa 2013ko abenduaren 28an.

Joaquín Caparrós sevillarra Athletic entrenatzen hasi zenetik taldearen emaitza juxtuak alde batetara utzi eta Ligan eta Kopan paper ona egitera ohitu da. 2009ko Errege Kopako finala izan zen inflexio-puntua. Bertan Athleticek Bartzelonaren aurka galdu bazuen ere zaletuak ilusionatzen hasi ziren eta taldearen mailan jauzia egon zen. Hurrengo urtean UEFA Europa League jokatu zuen emaitza onik lortu ez bazuen ere. 2010-11 denboraldian Liga bikaina egin zuen eta 6. sailkatzea lortu zuen, berriz ere Europan jokatzeko aukera eskuratuz.

Hauteskundeetan Josu Urrutia lekittarra bihurtu zen lehendakari eta honek Marcelo Bielsa argentinarra ekarri zuen. Bielsaren eskutik Athletic joko ikusgarria egiten hasi zen, eta hasieran jokalariei ohitzea kostatu bazitzaien ere denboraldi zoragarria egin zuen, Errege Kopako eta UEFA Europa Leagueko finalak jokatzera iritsi baitzen. Hurrengo urtea oso gorabeheratsua izan zuen baina 2013-14 urtea berriz ere bikaina izan zen eta Ernesto Valverderen eskutik 4. eginez Txapeldunen Ligarako sailkatu zen.

2014-15 denboraldia makal hasi zuen eta Txapeldunen Ligan liga fasera iritsi bazen ere hirugarren egin eta kanporatua izan zen. Europa Leaguen jarraitu zuen baina kanporaketa bakarra jokatu zuen. Denboraldiak aurrera egin ahala maila hobetu zuen eta Ligan 7. postua eskuratzeaz gain Errege Kopako finalera iritsi zen, baina ezin izan zuen Bartzelona gainditu.

2015-16 denboraldia bikain hasi zuen, 31 urteko lehorraldiaren ondoren, titulu bat eskuratu baitzuen: Espainiako Superkopa. Modu harrigarrian gainera, etxean Bartzelonari 4-0 irabazi eta Nou Camp zelaian 1-1 berdinduz. Adurizek sartu zituen Athleticen bost goletatik lau eta finaleko izarra izan zen. Europan txukun aritu zen eta Europa Leagueko final laurdenak jokatu zituen. Ligan 5. postuan sailkatzea lortu zuen. 2016-17an apalago ibili zen baina zazpigarren eginda, Europa Leaguera sailkatu zen. 2017-18 denboraldia oso txarra izan zen, 16. postuan amaituta eta euskal taldeen artean okerrena izanik. 2018-19 denboraldian, azaroan Berizzo entrenatzaile berria bota izan behar zen eta Garitanok hartu zuen lekua. Jaitsiera postuetan hartu zuen taldea eta Europara sailkatzear egon zen, baina azken jardunaldian Sevillan galdu eta saririk gabe geratu zen. 2018aren amaieran Aitor Elizegi aukeratu zuten lehendakari.

2020ko hamarkada

2019-20 denboraldian Errege Kopako beste final bat jokatzera iritsi zen, Bartzelona eta Granada kanporatu ondoren. COVID-19 pandemiak finala atzeratu arazi zuen eta 2021eko apirilaren 3an jokatu zen. Realak 1-0 garaitu zuen Athletic. Hamabost egun beranduago eta toki berean hurrengo urteko Errege Kopako finala jokatu zuen berriz ere, eta oraingoan Bartzelona izan zen zurigorriak 4-0 garaitu zituen. Aurrez Superkopa jokatu zen 2021eko urtarrilean Andaluziako zelaietan. Finalerdietan Real Madril gainditu zuen eta finalean Bartzelona luzapenean 3-2 gainditu ondoren Espainiako Superkopa irabazi zuen hirugarren aldiz. Hurrengo urteko Superkopa Saudi Arabian jokatu zen eta finalera iritsi zen Athletic, baina Real Madrilek garaitu zuen 2-0 emaitzaz. 53 urte pasa ziren talde bien artean txapelketa bateko finala azkenengo aldiz jokatu zutenetik, 1958ko Kopa finala hain zuzen ere.

2023-24 denboraldia bikaina izaten ari da. Liga guztian zehar Txapeldunen Ligarako postuetatik gertu ibiltzeaz gain Errege Kopako finalera iritsi zen Bartzelona eta Atlético Madril kanporatu ondoren. Azkenean 2024ko Errege Kopako finala Mallorcari irabazi zion, 40 urte beranduago Kopa titulu berria eskuratuz, 25.a.

Palmaresa

Zaleak udaletxe aurrean 2009ko kopa galdu ondoren.

Nazioartekoak

Sakontzeko, irakurri: «Athletic-en ibilbidea Europan»

Espainiakoak

  • Liga Txapelketak:
    • Txapelduna (8): 1929-30, 1930-31, 1933-34, 1935-36, 1942-43, 1955-56, 1982-83, 1983-84.
    • Txapeldunordea (7): 1931-32, 1932-33, 1940-41, 1946-47, 1951-52, 1969-70, 1997-98.
  • Errege Kopa:
    • Txapelduna (25): 1902, 1903, 1904, 1910, 1911, 1914, 1915, 1916, 1921, 1923, 1930, 1931, 1932, 1933, 1943, 1944, 1945, 1950, 1955, 1956, 1958, 1969, 1973, 1984, 2024.
    • Txapeldunordea (17): 1905, 1906, 1907, 1913, 1920, 1942, 1949, 1953, 1966, 1967, 1977, 1985, 2009, 2012, 2015, 2020, 2021.
  • Superkopa:
    • Txapelduna (3): 1984, 2015, 2021
    • Txapeldunordea (3): 1983, 2009, 2022
  • Eva Duarte Kopa:
    • Txapelduna (1): 1950
    • Txapeldunordea (1): 1945

Herrialde txapelketak

Lagunarteko txapelketak

2023/2024 taldea

2023ko uztailaren 5ean eguneratua.

Zbk.PostuaJokalaria
1 ATEUnai Simón
2 AURJon Morcillo
3 ATZDani Vivian
5 ATZYeray Álvarez
6 ERDMikel Vesga
7 AURAlex Berenguer
8 ERDOihan Sancet
9 AURIñaki Williams
10 ERDIker Muniain
11 AURNico Williams
12 AURGorka Guruzeta
13 ATEJulen Agirrezabala
14 ERDDani Garcia
15 ATZIñigo Lekue
16 ERDUnai Vencedor
Zbk.PostuaJokalaria
17 ATZYuri Berchiche
18 ERDÓscar de Marcos
22 ERDRaúl García
23 ERDAnder Herrera
31 ATZAitor Paredes
- ERDIñigo Ruiz de Galarreta
- AURJuan Artola
- ATZImanol García de Albeniz
- ERDPeru Nolaskoain
- ATEAdu Ares
- AURNico Serrano
- ERDBeñat Prados
- ATZAlex Petxarroman
- AURAsier Villalibre

Lehen taldea denboraldika

Athletic 2014-15

Athletic 2015-16

Athletic 2016-17

Athletic 2017-18

Athletic 2018-19

Athletic 2019-20

Athletic 2020-21

Athletic 2021-22

Athletic 2022-23

Athletic 2023-24

Jokalariak

Sakontzeko, irakurri: «Zerrenda:Athletic Clubeko futbolariak»

Pichichi Saria

IzenaDenboraldiaGolak
Carlos1974-197519
Uriarte1967-196822
Zarra1952-195324
Zarra1950-195138
Zarra1949-195025
Zarra1946-194734
Zarra1945-194624
Zarra1944-194519
Unamuno1939-194026
Gorostitza1931-193212
Bata1930-193127
Gorostitza1929-193019

Zamora Saria

IzenaDenboraldiaGolak
Iribar1969-197020
Lezama1946-194729
Etxebarria1940-194121
Blasko1935-193630
Blasko1933-193421
Blasko1929-193020

Gol gehien egin dituzten jokalariak

#IzenaGuztiraLigaKopaChampionsUEFASuperkopaLatindar KopaLigako KopaErregionalErrekopa
1Zarra335251[52]813
2Bata2081053667
3Dani199147370114
4Gorostitza1961093750
5Iraragorri179882467
6Aduriz172118163314
7Arieta17113630221
8Panizo169126376
9Gaintza1521193012
10Artetxe13410523501
11Unamuno130702040
12Urzaiz1291161210
13Uriarte1209021081
14Sarabia11883280313
14Llorente1188517160
16Iriondo11785302
17Guerrero1161011122
18Carlos115812905
19Etxeberria104881024
20I.Williams97731671

Partida gehien jokatu dituzten jokalariak

#IzenaGuztiraLigaKopaUEFAChampionsErrekopaSuperkopaLatindar KopaLigako KopaErregional
1Iribar6144669349060
2Muniain555430605474
3Rojo5414148734060
4De Marcos526404505787
5Etxeberria5144454118802
6Iraola510406564332
7Susaeta507379506783
8Gaintza496382996027
9Orue48339174106002
10Larrazabal4453903710800
11Canito440354766022
12Guerrero430372417800
13Argote42733268135008
14Urzaiz41936734117
15I.Williams413335443004
15Panizo413326798
17Aduriz407316414172
18Cedrun4043346262
19Dani402302682327
20Urrutia4013483995

Jokalari ezagunenak

Emaitzak

Errekorrak eta estatistikak

  • Bazkideak: 35,479[53]
  • Aurrekontua: 61.100.000 €[53]
  • Denboraldiak Ligan: 93 (2023-24 barne, guztiak).
  • Ligako partida batean lortutako gol gehien (etxean): Athletic 12 - FC Barcelona 1 (1930-31).
  • Ligako partida batean lortutako gol gehien (kanpoan): Osasuna 1 - Athletic 8 (1958-59).
  • Kopako partida batean lortutako gol gehien: Athletic 12 - Celta 1 (1946-47)
  • Europako partida batean lortutako gol gehien: Standard Lieja 1 - Athletic 7 (2004-05).
  • Emaitzarik onena Ligan: 1.a (8 aldiz)
  • Emaitzarik txarrena Ligan: 17.a (06-07).
  • Ligako emaitza historikoa: 3.a

Azken urteetako ibilbidea

DenboraldiakPostuaJok.IBGAGKGPtKopaEuropaSuperkopa
1996-19971D642161610725764Final Zortzirenak
1997-19981D23817147524265Final LaurdenakUEFAFinal Hamaseirenak
1998-19991D83817912534760Final ZortzirenakChampions LeagueMultzoan
1999-20001D1138121412475750Final Hamaseirenak
2000-20011D1238111017446043Final Zortzirenak
2001-20021D838141113546653Finalerdiak
2002-20031D738151013636155Final Hamaseirenak
2003-20041D5381511125349561.Erronda
2004-20051D93814915595451FinalerdiakUEFAFinal Hamaseirenak
2005-20061D1238111215404645Final ZortzirenakIntertoto2.Erronda
2006-20071D1738101018446240Final Hamaseirenak
2007-20081D1138131114404350Final Laurdenak
2008-20091D133812818476244FINALA
2009-20101D83815914505354Final HamaseirenakEuropa LeagueFinal HamaseirenakFINALA
2010-20111D63818416595558Final Zortzirenak
2011-20121D1038121313495249FINALAEuropa LeagueFINALA
2012-20131D123812917446545Final HamaseirenakEuropa LeagueMultzoan
2013-20141D43820108663970Final Laurdenak
2014-20151D738151013424155FINALAChampions League
Europa League
Multzoan
Final Hamaseirenak
2015-20161D53818812584562Final LaurdenakEuropa LeagueFinal LaurdenakTXAPELDUNA
2016-20171D73819613534363Final ZortzirenakEuropa LeagueFinal Hamaseirenak
2017-20181D1638101315414943Final HamaseirenakEuropa LeagueFinal zortzirenak
2018-20191D838131411414553Final Zortzirenak
2019-20201D1138131213413851FINALA
2020-20211D1038111116464246FINALATXAPELDUNA
2021-20221D838141311433655FinalerdiakFINALA
2022-20231D83814915474351Finalerdiak
2023-20241D38TXAPELDUNA
Athletic Clubeko sailkapen historikoa Ligan.
Athletic Clubeko sailkapen historikoa Europan.

Instalazioak

Sakontzeko, irakurri: «San Mames»
San Mames futbol zelaia, 2007ko ekainean
(Athletic Club 2 - Levante UD 0)
San Mames Barria.

Hasieran Bilboko Campa de los Ingleses eta beste hainbat lekuetan jokatu bazuen ere, egungo Athletic Clubeko futbol zelaia San Mames da. Zelaiak 40.000 ikusleentzako lekua du eta 103x68 m. neurriak. 1913ko abuztuaren 21ean zabaldu zuten Racing de Irun aurkako partida jokatuz. Izena San Mames kristau martiritik datorkio, horrela zuen izena bere jabea zen egoitza. San Mames martiriaren kondaira dela eta, Athleticeko jokalariek lehoiak dute ezizena.

Zelaiaren ezaugarri nagusia duen arkua da, Bilboko ia edoizein lekutik ikus daitekeena. Athleticeko zelaian 1982ko Munduko Futbol Txapelketako partidak jokatuak izan ziren.

Hona hemen zelaiaren ezaugarriak:

Estadio berria

San Mames futbol zelai zaharkitua aspaldi geratu zitzaion txiki Athletic Clubari. Hori dela eta, zelai berria egin eta 2014an inauguratu zuten. Hona hemen zelai berriaren ezaugarriak:

Entrenatzeko instalazioak

Sakontzeko, irakurri: «Lezama (kirol-instalakuntzak)»

Athletic Clubek Lezamako instalazioetan entrenatzen du. Instalazioak 1971an eraikiak dira eta hantxe lehenengo taldeak ez, beste talde guztiek (emakumezkoena tartean) jokatzen dute.

Uniformea

  • Lehenengoa: Zamarra txurigorria, praka eta galtzerdi beltzak.[56]
  • Bigarrena: Zamarra urdina, praka txuria eta galtzerdi urdinak.
  • Hirugarrena: Zamarra txuria lerro gorri eta berdez (ikurrina bezala), praka txuriak eta galtzerdi gorriak.

Historia eta bilakaera

Urzayk diseinatutako zamarra.

Historiako bere lehendabiziko partidatan, Athletic Clubek edozein motako uniformea erabili zuen lagun arteko partidak jokatzeko normalean, zamarra eta praka txuriak eta galtzerdi beltzak.

1902-03 denboraldian, lehendabiziko Kopan parte hartzeko, uniforme berria behar zuen. Horrela Blackburn Roversen talde ingelesak erabili zuen uniformea aukeratu zuten, Athletic Clubeko ordezkariek Ingalaterran erositakoa. Uniformeak zamarra txuri-urdina eta praka eta galtzerdi urdinak zituen.

1910ean, Athleticeko ordezkariek, Blackburn Roversen uniformeak agortuak zirelako, Southamptonen uniformeak (zamarra txurigorria, praka eta galtzerdi beltzak) erosi zituen. Athletic Clubekoek Atlético de Madrideko jokalarie prestatu zieten uniformea, baina azkenek praka urdinak erabiltzea erabaki zuten.[57]

1950ean Athleticek galtzerdi txuri-gorriak erabiltzea erabaki zuten. 1970eko hamarkadan berriro galtzerdi beltzak erabiltzera pasa zuten.

1980ko hamarkadan, Athleticek 10 urteko kontratua sinatu zuen Adidas enpresarekin. 1990eko hamarkadan Kappa enpresarekin sinatu zuen, 1998-1999 denboraldia arte. 1999-2000 denboraldian berriro 2 urteko kontratua sinatu zuen Adidas enpresarekin. 2001ean Athleticek bere marka propioa sortu zuen: 100% Athletic.

2004an, zamarra berezi bat aurkeztu zuen taldeak, zuri-gorria baina marra zuzenik gabea, Dario Urzay margolariaren diseinuarekin, hurrengo denboraldian UEFA lehiaketako partiduetan erabiltzeko. Baina polemika baten ondoren, lagunarteko partida batean bakarrik erabili zen, eta asmoa atzera bota zuen klubak.[58]

2008ean Athleticek lehendabizikoz zamarran enpresa pribatu baten publizitatean izateko kontratua sinatu zuen, Petronor enpresarekin. Publizitatearen truke, hiru denboraldirako 6 milioi euro lortu zituen. Lehenago, publizitate instituzionala erabilia zuen: lehenengo taldeak Europan "Euskadi" eta beste taldeek (tartean, emakumezkoena) "Bizkaia".

Etxeko uniformearen bilakaera

 
2012-2013
 
2013-2014
 
2015-2016
 
2016-2017
 
2017-2018
 
2018-2019
 
2019-2020
 
2020-2021
 
2021-2022
 
2022-2023
 
2023-2024

Kanpoko uniformearen bilakaera

 
2009-2010
 
2011-2012
 
2012-2013
 
2013-2014
 
2014-2015
 
2015-2016
 
2016-2017
 
2017-2018
 
2018-2019
 
2019-2020
 
2020-2021
 
2021-2022
 
2022-2023
 
2023-2024

Entrenatzaile ezagunenak

Presidenteak

Harrobia

Sakontzeko, irakurri: «Bilbao Athletic» eta «Baskonia Kirol Kluba»

Athletic Clubeko harrobia Euskal Herriko emankorrenetariko bat da, lehenengo taldean ez ezik, Europako klub nagusietan ere jokatutako jokalariak sortu baititu. Harrobiaren egoitza nagusia 1971an Lezamako instalazioetan dago. Hantxe 11 urte baino gehiago dituzten jokalari asko ari dira.

Hona hemen harrobiaren organigrama:[59]

  • Bilbao Athletic (Athletic B)
  • Baskonia Kirol Kluba (Athletic C)
  • Gazteak (Ohorezko Maila eta Gazteen Liga Nazionala)
  • Kadeteak (Euskal Liga eta Ohorezko Maila)
  • Haurrak (Gorena eta 1. maila)
  • Kimuak (lau talde).

Harrobiaren egungo metodologi arduraduna Eduardo Estibariz da.

Ereserkia

Sakontzeko, irakurri: «Athleticen ereserkia»

Athletic Clubeko lehenengo herri ereserkia Alirón abestia zen. Jatorrian 1913an Aquino eta Retanak moldatutako kuplea zen. Teresita Zazá izeneko kupletistak Bilbora abestia eraman eta Athleticzaleek errepika aldatu zuten: Alirón, alirón, el Athletic campeón abesteko. Abestiaren hitzak gaztelaniaz zeuden eta honela zioten:

«En España entera triunfa la canción del "alirón"

y no hay chico deportista que no sepa esta canción.
Y las niñas orgullosas hoy le dan su corazón
a cualquiera de los once del Athletic campeón.

»

1950eko hamarkadan beste abesti bat zabaldu zen herria, Timoteo Urrengoetxeak moldatu eta Los Cinco Bilbaínos abestutakoa. Abestiaren leloak honela zioen:

«Athletic, Athletic Club de limpia tradición:

ninguno más que tú lleva mejor blasón.
Del fútbol eres ley; te llaman el león.
Y tu afición es rey del fútbol español.

»

1982an, Carmelo Bernaola musikagile eta Athleticzaleak ereserki berria egin zuen: Alirón kuplearen leloa eta 1928an Feliciano Beobidek moldatutako Altza Gaztiak biribilketa erabili zituen abesti berria moldatzeko. Bernaolaren moldaketek txistu eta danbolin erabiltzen zituzten. Hitzak Juan Anton Zubikaraik paratu zituen, Bernaolak berak proposatua. Gaztelania alde batera utzita, bizkaieraz idatzi zuen, eta Espainiaren ordez, Euskal Herria aipatu. Beobideren izenburuari eutsi zion: Altza gaztiak. Leloak honela dio:

«Zabaldu daigun guztiok irrintzi alaia:

Athletic, Athletic zu zara nagusia.

»

Ereserkia 1983an ABAOaren abesbatzak eta Bilboko Udal Bandak grabatu zuten. San Mameseko estadioan lehendabizikoz 1983ko martxoaren 30ean entzun zen, FC Barcelonaren aurkako Kopa partida hasi baino lehen.[60]

Peñak edo kirol-lagunarteak

Athleticzaleak San Mameserako bidean partida baten aurretik

Athleticen webgune ofizialaren arabera, 2006-09-23an Athleticek 373 peña edo kirol-lagunarte zituen munduan zehar, honela banatuak:

1973tik aurrera, urtero peñen kongresu bat egiten da.

Emakumezkoen taldea

Sakontzeko, irakurri: «Athletic (emakumezkoen taldea)»
Emakumezkoen taldea bere laugarren liga txapelketa ospatzen San Mamesen

Athletic emakumezkoen taldea 2002an sortu zen. Haren jatorria Leioa EFT izan zen. Lehoi emeek 2001-2002 denboraldian Superligara igotzea lortu zuten. 2002-2003 denboraldian Athletic Superligako taldeetatik Euskal Herriko bakarra izan zen, baina haren estreinaldia ohorezko mailan ezin hobea izan zen, txapeldunak izan baitziren, apirilaren 27an San Mames bete-betean Sevillako Hispalis gainditu zutenean. “Lehoi emeek” hurrengo bi denboraldietan titulua ere lortu zuten, 2004-2005 denboraldian partida bat ere galdu barik. Denboraldi hartako titulua jokalariek Bilboko kaleetan zehar ospatu zuten, milaka eta milaka zaleren artean. 2005-2006 denboraldia hasi baino lehen, Iñigo Juaristik (hiru tituluetako entrenatzailea) eta zenbait jokalarik taldea utzi zuten, zuzendaritzarekiko desadostasunak zirela kausa. Horren ondorioz, Athleticek ezin izan zuen aurreko denboraldietako arrakasta berdindu. 2006-2007 denboraldian, Juaristi itzuli zen taldera eta "Lehoi emeek" titulua berreskuratu zuten.

Superliga irabazteak Europako Txapeldunen Liga jokatzeko aukera eman zion taldeari, eta bigarren faseraino heltzea lortu zuten. Erregina Kopa ere jokatu du, baina lorpen aipagarririk barik.

Athletic Club Femenino B taldea ere sortu zen 2002an.

Oharrak

Erreferentziak

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Bilbo


2023-24 denboraldiko Espainiako Futbol Ligako Lehen Mailako taldeak
Alavés | Almería | Athletic | Atlético Madril | Bartzelona | Betis | Cádiz | Celta Vigo | Getafe | Girona | Granada
Las Palmas | Mallorca | Osasuna | Rayo Vallecano | Real Madril | Real Sociedad | Sevilla | Valentzia | Villarreal