Bilboko portua

Bilboko portua, Bilboko itsasadarrean hedatzen da, Bilboko Zorrotzaurre auzotik, Zierbenako udalerrira doan tartean. Euskal Herriko porturik garrantzitsuena da, eta Espainiar estatuko laugarrena, urtero izandako edukiontzi eta merkantzia trafikoan.

Bilboko portua
Bilbo Handiaren ikuspegia, Ibaizabal errekaren kanpoaldean portua ageri dela.
Hiria
Herrialdea Euskal Herria
HiriaBilbo, Barakaldo, Sestao, Santurtzi, Zierbena eta Getxo
Koordenadak43°21′09″N 3°02′56″W / 43.3524°N 3.0489°W / 43.3524; -3.0489
Datuak
Irekia1300ko ekainaren 15a
KudeatzaileaBilbaoport - Bilboko Portuko Agintaritza
JabeaPuertos del Estado
Motaitsas-portua
Portuaren azalera16,94 km²
Lehorraren azalera3,13 km²
Kaiak17 km
PresidenteaAsier Atutxa Zalduegi
Estatistikak
Itsasontzien helduerak2.815 (2016)
Urteko zamaren pisua (Tn)32,1 milioi (2016)
Urteko kontainer-kopurua596.688 TEU (2016)
Urteko bidaiariak190.626 pertsona (2016)
Urteko diru-sarrera65,2 milioi (2016)
Urteko mozkina32,5 milioi (2016)
Webguneawww.bilbaoport.eus

2007. urtean 40,0 milioi tona mugitu ziren portuan[1].

Bilboko portuaren agintaritza

Sakontzeko, irakurri: «Bilboko Portuaren Agintaritza»

Bilboko Portuaren Agintaritza Bilboko portuaren kudeaketaz arduratzen den erakundea da. Agintaritzak, Bilboko itsasadarraren portu jarduera duten kaien ardura dauka, horrez gain, itsasadarraren ertzetako garbiketaz eta mantentzeaz arduratzen da. Gaur egun erakundearen presidentea Jose Angel Corres da.

Bilboko portuaren ikuspegi panoramikoa.

Historia

Bilboko portua, Bilboren sorrerarekin batera agertu zen, XIV. mendean. Hasierako portua Zazpikaleen ondoan kokatzen zen. San Antongo zubiaren alde bietan. Merkataritzaren garapen eta hazkundearekin batera, portuaren garrantzia handituz joan zen. Bilboko portua beti aritu zen inguruko elizateetako portuekin lehian. Lehia horren adibide, XIX. mendearen hasieran gertaturiko Zamakolada.

Hiriaren leku faltarekin batera, portuak Abandoko elizateak Ibaizabal ibaiaren ondoan zeuzkan lurrak bereganatu zituen, Bilbok XIX. mende bukaeran elizatea anexionatzean. Ondorioz Areatzako zubia eta gaur egun Euskalduna Jauregia kokatzen den gunea (Areatzako kaia, Erripako kaia, Uribitarte eta Abandoibarra alegia) garatu zen. Geroago Zorrotzako kaia eta Deustuko kanala ere portu instalazio bilakatu ziren.

Industria hazkundearen portua

XIX. mendeko industria iraultzak, portuaren garraio eta azpiegiturak berriztea suposatu zuen. Horretarako foru aldundiak eta ekintza pribatuak eginiko inbertsioek, zortzi trenbide eraiki zituzten. Trenbideok meategiak portuarekin lotzen zituzten. Azpiegituren eraikitzearekin batera, altzairugintza garatuz joan zen. 1876. urtean portuan aritzen ziren lau fabrika zeuden.

Portuarentzat gero eta zailagoa zen eskari handiari aurre egitea, eta horrela portuaren lurraldea itsasorantz zabaldu zen, Bilbo ondoko udalerrietara zabalduz. Gauzak horrela, 1872. urtean Bilboko portu eta itsasadarraren Obren Junta sortu zen (gaur egungo Bilboko Portuaren Agintaritza.

LS Concorde ontzia itsasadar barruko Lutxanako kaira sartzen.

1887an Portugaleteko Burdinazko moilaren eraikuntza inauguratu zen. 1902an Kanpoaldeko portua eraiki zen, Evaristo Txurruka ingeniariak gidaturiko lanetan. Ordurako portuak 18 kilometro kai eta hiru gune desberdinez osaturik zegoen. Itsasadarrean barrurago zegoen gunean, portu komertziala zegoen. Erdialdeko gunean portu industriala. Eta kanpoaldeko portuan, itsasontzi handientzako kaiak aurkitzen ziren.

Luzero puntako eta Galea puntako kaiak eraiki ziren, portuaren kanpoaldeko gunea zein zen argi ezarriz. Galea puntako kaia amaitu gabe geratu zen, Getxoko familia burgesek, portua eskuinaldera zabaltzearen aurka agertu eta gero. Gaur egun kaia oraindik ere amaitzeke dago.

Portuaren hazkundea etengabekoa izan zen 1970eko hamarkadako krisialdira arte. Bilboko portua, Espainia mailako porturik garrantzitsuena zen, edukiontzi eta merkantzia gehien mugitzen zituena.

Orduan Bilboren gainbeherarekin batera, portuaren gainbehera ere etorri zen. Bilboko itsasadarraren barrualdeko guneek zuten degradazioa izugarria zen. Enpresa eta ontziola askoren itxierak eta kutsadurak, gune metropolitarraren bizimodua asko okertu zuten.

Bilboko Superportua

Gainbehera egoera hartan, Bilboko portuaren zabalkunde eta berritzeko proiektu baten bila hasi zen ordurako Bilboko Portu Agintaritza zenak. Itsasadarraren barruko guneak berriztu eta bertako iharduera industrialak kanpoaldeko portura eramateko helburuarekin. Horrez gain, agintaritzak portura enpresa berriak erakartzeko asmoa zeukan.

Superportua eraiki beharreko gunea itzela zen, kanpoaldeko portua eta Luzero punta kokatzen den gunearen artekoa alegia. Itsasoari dozenaka hektarea "irabazi" beharra zegoen, eta ingurugiroarentzako kalteak direla eta talde ekologistek gogor gaitsetsi zuten proiektua, euren artean Abra Defentsa Batzordea.

Superportu berriaren lanak 1991. urte hasieran hasi ziren, Zierbenako portuaren ondoan. Zierbenako portuaren ondoko harrobi batetik ateratako 50 tona kare harri baino gehiago eraibili da portuaren kai eta materialak eraikitzeko. Pixkanaka portuak itsasoari lekua kenduz joan zen. 1993. urterako Zierbena udalerria "inguraturik" geratu zen, Superportuaren kai berriek inguratuta alegia.

Bi urte beranduago, 1995. urtean, Zierbenako kaia ia eraikita zegoen, 3,15 kilometroko luzerarekin, Superportuko kairik luzeena delarik. Zoritxarrez, 1996ko Otsailaren 3an egondako enbatak, kaiaren zati handi bat desegin zuten. Hamairu metroko olatuek kaiaren puntan zegoen 110 tona altxatzeko gai zen Manitowoc garabi bat ere erabat apurtu zuten.

Urte bereko Ekainerako kaia berreraikitzeko lanak hasiak ziren. Horrekin batera Zierbena eta mende hasierako kanpoaldeko portuaren artean itsasoari lurra irabazteko lanak zirauten. Kanpoaldeko portutik mendebaldera, 1,4 kilometroko luzerako kai berri bat eraiki zen.

Portu berriaren lehen fasea 1999. urtean inauguratu zen. Ondorengo urteetan portu berriaren guneak zabalduz joan dira. 2003. urtean Bizkaiko Badia Elektrizitatea eta Bizkaiko Badia Gasa izeneko bi zentral elektriko zabaldu zituzten[2]., 500 milioi euroko inbertsioaren ostean. Horrez gain, Getxoko udalerrian, Ereagako hondartzaren ondoan, kirol portu berria eraiki da, denda, jatetxe eta bestelakoekin.

"Pride of Bilbao" ontziarn itsasoratzea Bilboko portutik.

Etorkizuna

Etorkizunari begira, portuaren handitze prozesua ez da oraindik amaitu. Hurrengo urteetan obrak aurrera jarraituko dute, aurrikuspenen arabera hemendik 10 urterarte ez da portua guztiz osaturik egongo, eraikitze lanak 2020rako amaituz[3].

AZ-2 kaiaren eraikuntza 2007an hasi bazen ere, lanak atzerapena izan zuten eta nahiz eta dozenaka kamioik eta Kronborg-R draga 2008 eta 2009an lanean aritu diren, ez zen kaiaren betetzea amaitzerik lortu. 2009ko abenduan "Gerardus Mercator" izeneko Jan de Nul ontzi enpresa belgikarraren draga etorri zen kai berrien eraikuntza lanak azkartuz. Draga honek La Arena hondartzatik gertuko itsas hondoan harea hartu eta ondoren Zierbenako kai barruan bota zuen.

2010ean zehar Bilboko La Naval ontziolan eraikitako Cristobal Colon dragak lanak jarraitzea espero bazen ere, azkenik Bilboko Portu Agintaritzak berandutu egin zituen AZ-2 kaiaren betetze lanak.

Kaiak

Itsasadar barruko kaiak

Itsasadar barruko kaiak, Bilboko itsasadarraren barnealdean dauden kaiak dira, itsasgora eta itsasbeheren menpe, ontziak itsasgora denean bakarrik lehorreratu daitezke, gutxi gorabehera 12 orduoro.

Deustuko kanala

Sakontzeko, irakurri: «Zorrotzaurre»
Zorrotzaurreko penintsularen aireko ikuspegia. Irudiaren erdian Deustuko kanala ageri da eta eskuinean Zorrotzako kaia.

Bilboko Deustuko San Pedro barrutian kokatzen da. Hasierako proiektua 1929. urtean onartu bazen ere Gerra Zibilaren hasierak, proiektua bertan behera utzi zuen, eta eraikitze lanak ez ziren 1950eko urriaren 11ra arte hasi. Proiektuak kanal artifizial bat sortu zuen Bilboko itsasadarraren Deustuko behekaldeko lurretan, Zorrotzaurre izeneko penintsula sortuz. Lur zatiak, 130 metroko zabalera zeukan hasierako bihurgunean eta 100 metro Zorrotzaurreko penintsularen amaieran.

Kaia 1968ko abuztuan inauguratu zen, 7 metroko sakonerarekin. Bilboko Portuko Agintaritzak Deustuko Kanala 2006. urteko otsailaren 7an ofizialki itxi[4] bazuen ere, ondoren hainbat itsasontzi sartu izan dira kanalean, Zorrotzaurren dagoen Cadenas Vicinay enpresaren beharrak direla eta. Kanala, portuko hainbat ontzi eta erremolkadoreren aparkaleku moduan ere erabiltzen da, horietako bat, Boreas ontzia. Poliziak droga topatu zuen itsasontzi barruan 2003. urtean, eta ordutik Boreas ontzia kanalean dago geldirik.

Zorrotzako kaia

Zorrotzako kaia Zorrotzaurretik ikusia.

Bilboko Zorrotzako auzoan kokatzen da. Deustuko kanalak duen noizbehinkako jarduera kenduta, Bilboko udalerrian geratzen den portuko azken atala da. Porturatzen diren merkatal ontziek, 100 metro inguruko luzera daukate eta gehienbat txatarra eta burdin hondakinak deskargatzen dituzten

Kaiak 800 metroko inguruko luzera dauka, eta lau itsasontzi aldi berean hartzeko tokia dago.

Lutxanako kaia

Arrontegi zubiaren ikuspegia. Zubiaren eskuinaldean Lutxanako kaia dago.
Sakontzeko, irakurri: «Lutxana (auzoa)»

Barakaldoko Lutxana auzoan kokatzen da. Gaur egun, iharduera gutxi du kai honek, eta Bilbaina de Alquitranes enpresaren beharreterako erabiltzen da gehienbat. Antzina, Lutxanako Sefanitro enpresak ere erabiltzen zituen kaiak. Bilbaina de Alquitranes enpresaren lehengai beharretarako astero edo bi-astero kimika gaien ontzi bat porturatzen da.

Kaiak, 250 bat metroko luzera dauka.

Udondoko kaia

Udondoko kaia Erandioko Astrabudua eta Leioako udalerrien artean kokatzen zen, Erandio eta Areeta arteko itsasadarraren ertzeko errepidearen alboan. Kaian, kimikagaiak dakartzaten ontziak lehorreratzen ziren, Dow Chemical enpresarentzako lehengaiak ekarriz.

Kaiak 75 bat metroko luzera zeuzkan.

ACBko kaia

Sakontzeko, irakurri: «ArcelorMittal Sestao»

Izen bereko lantegiaren ondoko kaia da Sestaoko udalerrian kokaturik. Bertan, burdin-hondakinez beteriko 100 metro inguruko luzera duten itsasontziak porturatzen, 2500 eta 4000 tona txatarra deskargatzeko gaitasunarekin. Lehengai hau, ACBren labeen erregaia izateaz gain, lantegiak ekoizten dituen altzairuzko produktuen lehengaia da.

Kaiak 750 metroko luzera dauka eta aldi berean lau itsasontzi egoteko toki nahikoa dago, tamainaren arabera betiere. Horrez gain, itsasontzien txatarra lantegian deskargatzeko lau garabia erabiltzen dira, kaian zehar perpendikularki antolaturiko errailetan zehar mugitzen direlarik.

Santurtziko kaiak

Santurtziko kaiak, portuaren kanpoaldean 1990eko hamarkadan "Superportua" eraikitzen hasi baino lehen Santurtziko udalerrian zeuden kaiak dira.

Bizkaia kaia

Bizkaia kaia

Santurtziko udalerrian kokatzen da. Kaia bi zatitan banatzen da, batetik "Bizkaia iparralde" kaia eta bestetik "Bizkaia ekialde" kaia. Iparraldeko kaia mendebalde ekialdeko norabidea dauka eta 750 metroko luzera eta Ekialdeko kaia iparralde hegoaldeko norabidea eta 200 metroko luzera.

Ekialdeko kaian ro-ro trafikorako bi arrapal daude. Arranpetako bat normalean Pride of Bilbao ferrytik jaitsitako autoek erabiltzen dute.

Victoria erregina kaia

Victoria erregina kaia

Santurtzin kokatua, kaiak 630 metroko luzera dauka. Kaia mendebalde-ekialdeko norabidea dauka eta bertan merkatugai orokorra daramaten ontziak porturatzen dira. Kaiko garabiak eta kanpotik ekarritakoak ere erabiltzen dira salgaiak deskargatzeko.

Alboko kaia

Santurtzin kokatua, Alboko kaiak 300 metro inguruko luzera dauka. Kaia iparralde-hegoaldeko norabidea dauka eta Bigarren barraren eta Printzesa kaiaren artean kokatzen da. Kai honetan multzokako solidoak deskargatu edo kargatzen dira, zama errazteko, siloak daudelarik.

Bigarren espigoia

Espainiako printze izenaz ere ezagutua, hiru zatitan banatzen da. "Hegoaldeko 2. barra", "Ekialdeko 2. barra" eta "Iparreko 2. barra". Hegoaldeko kaiak 950 metroko luzera dauka, Ekialdeko kaiak 270 metro, eta iparreko kaiak 820 metroko luzera. Gai solidoak kargatzeko erabiltzen da.

Printzesa kaia

Kaiak 500 metroko luzera dauka. Orokorrean merkatugai solidoak kargatzeko kaia da.

Nemar kaia

Bi zatitan banatzen da, "Nemar 1" kaia eta "Nemar 2" kaia. Lehen kaiak 260 metro dauzka eta iparralde-hegoalde norabidean hedatzen da. Bigarren kaiak bestalde 175 metroko luzera dauka eta mendebalde ekialdeko norabidean hedatzen da.

Zabalkuntza kaiak

Zabalkuntza kaiak Zierbenako dikearen barneko eta Santurtziko kaiari 1997tik aurrera portua zabaltzeko eginiko lanetan eraikitako ATM eta TMB kaiak barne hartzen ditu.

ATM

Kaiak 750 metroko luzera eta lau garabi dauzka. 2007ko abenduan, bere azalera handitzeko baimena eskatu zion Bilboko Portuaren Agintaritzari[5].

TMB

Kontainerren terminala, A1 kaia.

TMBren kontainerren terminala, Zabalkuntzako A2 kaian kokatzen da, kanpoaldeko Abran. 2003ko urrian inauguratu zen eta 330.000 metroko karratuko azalera dauka. Kaiak 770 metroko zabalera eta lau PANAMAX garabi dauzka. Hogei metroko sakonera, eta hiru burdinbide lineek hornitzen dute terminalak, linea bakoitzak 500 metro dituelarik.

A-3 kaia

Kaiak 830 metroko luzera dauka. Jatorriz kotxeak kargatzeko eta ro-ro trafikorako kaia izan behar zuenak, erabilera anitz izan ditu azken urteetan. Kotxeen ondoren, airesorgailuak kargatzeko erabili zen, eta 2007. urtetik aurrera, matxuraren bat jasaten duten itsasontzien geraleku moduan erabiltzen da.

Horrez gain, A-3 kaia AZ-2 eta AZ-3 kai berrien eraikuntza gunearen ondoan dagoenez, kai berri hauen porlanezko egitura eraikitzeko enkofratua dago bertan.

AZ-1 kaia

Kaiak 890 bat metroko luzera dauka eta Zierbenako kaiaren muturraren azken zatian dago. Kargaturiko gaiak solidoak dira.

AZ-2 kaia

Eraikitzea aurrikusten den kaia da. 2009an zehar kaiaren kanpoaldea markatzen duen porlanezko egitura eraiki da eta 2010ean kai barrualdearen betetzea hastea espero da.

Kai berriak 293.000 metro koadroko azalera eta isasontzientzako 654 metroko gunea izango du[6].

AZ-3 kaia

2006. urtean eraikitzen hasi zen kaia da, A-3 kaiaren eta Zierbenako kaiaren artean. Eraikitze prozesuaren lehen zatian, lurra bota zen iparralderantz, eta ondoren, kaiaren kanpoaldeko porlanezko hormak eraikitzen hasi ziren. 2009ko abenduaren amaieran Jan de Nul enpresaren Gerardus Mercator draga ekarri zuten. Ontzi honek La Arena hondartzatik milia batzuetako hondoan zegoen area hartu eta kai barruan botatzen hasi zen. Lanean hilabete eta erdiz aritu ondoren, 2010eko otsailean lana bukatu eta AZ-3 guztiz betetzea lortu zuen.

Kai berria harea kargatzeko erabili zuten lehen aldiz 2010eko udaberrian. Kai berriak 235.500 metro koadroko azalera eta 600 metro luze den itsasontzientzako gunea dauka[6]..

Kanpoaldeko portua

Sakontzeko, irakurri: «Luzero punta»
Kanpoaldeko portua Luzuerotik ikusia.

Kanpoaldeko portua Petronorren petrolio eta gasoila kargatzen diren kaiak eta hauen inguruan eraikitako BBG eta biodiesela ekoizten duten lantegiak.

Sollana punta

Sollana punta Bunge enpresaren ekimenez eraiki zen, soia eta landare jatorriko merkatugaiak energia bihurtzen dituzten bestelako enpresek kaiaren eskaria bete dute. 2007. urtean, biodiesela ekoizten duten hainbat lantegi berri eraikiko zirela eman zen argitara.

Ceballos punta

Ceballos punta Petronorren kaien eta Sollana puntaren arteko kaia da. Bi porturatze gune ditu, eta petroliotik eratorritako gaiak kargatu eta deskargatzeko erabiltzen da. 2010eko uztailaren amaieran ekialdeko porturatze gunearen hedadura handitu zen.[7].

Bizkaiko Badia Gasa

Sakontzeko, irakurri: «Bizkaiko Badia Gasa»
Mozah gasontzia BBG terminalean.

Bizkaiko Badia Gasaren (BBG) Likidoturiko Gas Naturala kargatzeko kaia 2003an inauguratu zen, 264 milioi euroko inbertsioaren, eta 30 hilabeteko eraikuntza lanen ondoren. Terminalaren emisio-gaitasuna 800.000 m3 (n)/h gas da. Terminalera etorritako lehen gasontzia British Innovator izan zen, 2003ko abuztuaren 8an. Gasa gordetzeko bi tanke handi daude, eta eskariaren handitzea dela eta, hirugarren bat eraikitzeko egitasmoa aurkeztu dute BBGko arduradunek.

BBG enpresaren akziodunak Enagas eta Energiaren Euskal Erakundea (EVE) dira.

Petronor

Petronorrek sei porturatze gune ditu, 1etik 6ra zenbatuta. Batetik hirura bitarteko porturatze guneak Luzero puntari atxikitako kaian daude, lautik seira bitartekoak bien bitartean Luzero punta eta Ceballos punta bitarteko kai batean daude.

Lehen ontziralekuan, petrolio-ontzirik handienak lehorreratzen dira, 100.000 tona petrolio edo gehiago garraiatzen dituztenak. Bigarren eta hirugarren ontziralekuan, petrolio kantitate txikiagoa edo gasolioa garraiatzen dituzten ontziak. Laugarren, bosgarren eta seigarren porturatze guneak petroliotik eratorritako merkatugaiak kargatu eta deskargatzeko erabiltzen dira.

Getxoko kaia

Getxoko udalerrian kokatzen da. Kaiak 335 metroko luzera dauka[8]. Kaia 2006. urtean zabaldu zen, eta urte hartan 20 kruzero inguruk erabili zuten. 2008. urtean 38 kruzero etorri ziren eta 2009rako kopuru hori errepikatzea aurreikusten da. Etorriko diren ontzien artean, Queen Mary 2 itsasontzi erraldoia dago.

Portuko sarrerak eta azpiegiturak

Lineak

Portuko enpresak

La Naval ontziola gaur egun Hego Euskal Herrian ontzigintzan dabilen enpresa nagusia da, Sestaon kokatutakoa.

Estatistikak

Sakontzeko, irakurri: «Bilboko portuko estatistikak»
Bilboko portuaren estatistikak[9][10]
UrteaGuztiraLikidoakKontainerrakBidaiariakOntziakKruzeroak

200028.633.90314.764.295434.333129.6313.796
200127.100.44214.325.857454.382134.9543.84517
200226.257.10813.125.429455.019138.8523.67319
200328.099.27615.662.945453.763111.6223.45817
200433.214.27418.598.894468.959144.6773.71021
200534.100.49419.684.506503.811177.7953.58321
200638.590.82722.289.779523.113185.3883.68321
200740.014.32622.682.181554.568172.6263.59521
200839.397.93823.057.334557.355179.5723.58538
200932.179.92920.497.399443.464166.1043.04230
201034.665.38119.763.269531.456165.0243.24033
201132.001.39117.860.894572.785152.2012.99053
201229.505.87415.060.947610.133142.7542.80850
201330.071.32315.761.452606.827141.9792.78944
201431.007.34716.344.900630.888161.2422.86258
201532.874.74218.199.807627.302165.5232.81643
201632.067.27118.087.203596.688190.6262.81551

Ikus, gainera

Erreferentziak

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Bilbo