Bizkaiko historia

Bizkaiko historia Paleolitoan hasi zen, hainbat kobazulotan aurkitu diren margoek adierazten duten bezala. Erromatarrek eragin eskasa izan zuten lurraldean eta hori dela eta euskarak bizirik dirau gaurdaino.

Bizkaia bera Erdi Aroan eratu zen, Bizkaiko jaurerriaren sorrerarekin, eta 1200. urtean Gaztelak konkistatu zuen.

Aro Modernoan gune komertzial eta industriala bilakatu zen, batez ere Bilboko Portua dela eta, Gaztelako portua bilakatu baitzen. XIX eta XX. mendeetan burdinak eta feudalismo ezak industrializazio azkarra garatu zuten.

Historiaurrea

Paleolitikoa

Paleolitiko Ertaina

Gizakien lehenengo aztarnak Bizkaian (Neanderthalak) garai honetan gertatu ziren. Musteriar tresnak aurkitu dira Benta Laperra, Kurtzia eta Muruan.

Paleolitiko Berantiarra

Santimamiñen Chatelperroniar kultura aurki daiteke. Hau Homo sapiensi edo Neanderthalei egotzi ahal zaie.

H. sapiensekin zuzenki loturiko aztarnategi garrantzitsuenak hauek dira:

Paleolitoko artea ere agertu da. Benta Laperran bisonte eta hartzak agertzen dira. Arenatza eta Santimamiñen ere hainbat animalia daude: lehenengoan gizakiak, batez ere emakumeak agertzen dira eta bigarrenean bisontea, zaldiak, ahuntzak...

Mesolitikoa

Aziliar kulturaren garaia dao, ehizarekin baina batez ere arrantzarekin eta fruituekin. Santimamiñe da berriro ere garai honetako aztarnategirik garrantiztusnea. Arenatza eta Atxeta ere garrantzitsuak dira. Silibranka eta Bolinkoba, Lumentxa, Urtiaga eta Santa Catalinan ere aurkitu dira aztarnak.

Neolitikoa

Neolitikoaren lehenengo aztarnak K. a. 4. milurtekoan agertu ziren Euskal Herrian, baina aldaketek oraindik ere beste milurteko bat beharko zituzten gertatzeko. K. a. 3. milurtekoan abeltzaintza eta nekazaritza agertu ziren. Hala ere Bizkaian ez zen egon aldaketa handirik eta Kobeaga, Santimamiñe eta Arenazan aurki daitezke abeltzaintzaren lehenengo aztarnak: ardiak eta ahuntzak.

Aldi berean monumentu megalitikoak egin ziren, trikuharriak batez ere.

Kalkolitikoa eta Brontze Aroa

Garai honetan kobazuloetatik kanpo bizitzen hasi ziren Bizkaian, nahiz eta oraindik ere erabiltzen ziren. Ehiza geroz eta eskasagoa bilakatu zen abeltzaintzari ezker. Metalezko tresnak erabiltzen hasi zen, nahiz eta oraindik harrizkoak erabili.

Buztingintza agertu zen, dekorazio gabekoa, Beaker kultura agertu zen arte.

Bizkaia osoan hedatu zen biztanleria, gune irekietan kanpementuak sortzen, nahiz eta kobazuloak erabiltzen jarraitu.

Burdin Aroa

Aztarnategi gutxi daude garai honetan. Kobazuloak utzi ziren eta zaila da zerbait aurkitzea. HAla ere oraindik Santimamiñe, Arenaza eta Lumentxan aztarnak daude.

Erromatarren garaia

Erromatar geografoek hainbat datu eman zituzten antzinako bizkaitarren inguruan. Euren esanetan bi tribu zeuden gaur egungo Bizkaian: Karistioak eta Autrigoiak. Karistioak Bizkaiaren erdialdean bizi ziren, Bilbotik ekialdera, Arabako iparraldean eta Debako ibarrean. Autrigoiak Bizkaia eta Arabako mendebaldean bizi ziren, Kantabria, Errioxa eta Burgosen ere bizi zirelarik. Toponimia aztertuta uste da euskara hitz egiten zutela [1] . Bizkaieraren muga Karistioen eremuan kokatuko litzateke.

Ez dago inongo berririk euskaldunek erromatarrei aurka egin zietela dioenik, feudalizazioaren garaian izan ezik. Flaviobriga eta Portus Amanus nonbait egongo ziren Bizkaian, baina ez dira aurkitu. Foruan, Gernikatik gertu, erromatar presentzia egon zela aurkitu da [2] .

Erromatarren garaiko azkeneko epean feudalizazioa eman zen eta badirudi erresistentzia izan zela aldaketa horren aurka, bai eta matxinada batzuk ere.

Erromatar Inperioaren krisia eta Antzinate Beranta

Euskal gizartearen antolakuntzaren erakusgarri da Gernikako Arbola.

“Bizkaia” terminoa ez da iturri historikoetan agertzen IX. mendera arte. Ez da beraz Antzinateko izena eta ez da ezagutzen garai honetan inongo entitate politikorik osatuko zuenik.

Behe Inperioan (Diokleziano enperadorearen agintaldiaren hasieratik, 285. urtean, Romulo Augustulo mendebaldeko Erromatar Inperioko azken enperadorera arte, 476. urtean), geroago Bizkaia bezala ezagutuko den lurraldea Galietako prefekturaren barruan, Hispaniako diozesian eta Tarrakonenseko probintziaren barruan zegoen[3].Probintzia honek Ebro harana eta Kantauri itsasoko ekialdeko kostaldea hartzen zituen. Haatik, ezezaguna da Bizkaia zein hiri edo barrutiren jurisdikziopean zegoen.

Hispania Inperioaren barruan erretagoardiako bigarren mailako leku baketsua zen, soldaduz eta baliabide naturalez Erroma hornitzen zuena[4]. Salbuespen bakarra 260. urteko frankoen sarraldia izan zen. Hala ere, inbasioak baskoien eremuan eta, orokorrean, Tarrakonensean izandako eragina handizkatu egin da eta gaur egun ez da pentsatzen eragin handirik izango zuenik eta, are gutxiago, Bizkaian[5]. Ordutik, 409. urteko herri germaniarren sarrerara arte, Hispania bakean egon zen. Urte hori Teodosiar Garaiaren edo bakearen amaieratzat hartzen da.

Bizkaia bigarren mailako lurralde horretan bigarren mailako esparru bat zen. Izan ere, galtzada nagusiek ez dute bertako lurraldea zeharkatzen. Gertuen dagoen galtzada nagusia  Ab Asturica Burdigalam (Iter XXXIV) da eta honek Nafarroa zein Araba zeharkatzen zituen. Dena den, nahiz eta Bizkaitik ez pasa, nahiko gertu dago, 15 km-ko distantziara lerro zuzenean.

Lurraldearen antolaketaren berri izateko beste iturri garrantzitsu bat Inperioan zeharreko banaketa militarraren berri ematen duen IV. mendearen amaierako Notitia Dignitatum-a da. Iturri honen arabera, limitanei edo mugako tropak aurkitzen dira Lapurdin eta Veleian, baina Pirinioetan ez zen erromatar armadarekin loturiko tropa erregularrik egongo[6]. Tropa hauek Bizkaiko lurraldetik 80 km eta 15 km lerro zuzenean kokatzen dira hurrenez hurren, hots, nahiko gertu. Ondorioz, nahiz eta Bizkaian bertan goarnizio egonkorrik ez egon, tropa iraunkorrak lurralde horietatik hurbil aurkitzen dira.

Erregistro arkeologikoari dagokionez, aztarnategiak kostaldean eta itsasadarretan aurkitzen dira. Aztarnategi nagusiak Forua (Forua), Portuondo (Mundaka-Sukarrieta), Lumentxa (Lekeitio) eta Finaga (Basauri) dira. Aztarna isolatuak Plentzian, Muskizen, Bermeon eta Bilbon aurkituak izan dira ere, beste batzuen artean. Horietan, merkataritza-jardueraz gain, baliteke arrantza eta arrainaren kontserbazioari lotutako jarduerak gauzatzea. Horretaz gain, lurraldearen mineral aberastasunek metalurgia eta harriaren ustiaketa eta eraldaketa-jarduerak bultzatu zituzten. Foruan metalurgia jarduera garrantzitsua garatu zen IV. mendearen amaierara arte[7].

Hala ere, Inperioa III. mendean krisian sartu zenean jarduera hauek beherakada nozitu zuten. Behe Inperioan asentamendu batzuek jarraipena izan bazuten ere, beherakada pairatu eta guneak abandonoan sartu ziren. Ezegonkortasun horren testigantza dira Santimamiñeko, Lekeitioko Lumentxako eta Foruako Peña Foruako koben berrerabilpenaren aztarnak[8].

409. urtean sueboak, alanoak eta bandaloak, Pirinioak zeharkatuz, Iberiar Penintsulan barneratu ziren eta lurraldea sarraskitzeari ekin zioten[9], baina garaiko Bizkaian hiri garrantzitsurik ez zegoenez eta komunikazio bide nagusietatik urrun egonik, sarraldi honek ez zuen eragin handirik izan lurraldean. Bi urte beranduago, 411n, Iberiar Penintsula bertara etorritako herri germaniarren artean banatua izan zen eta Tarrakonensea baino ez zen Erromaren esku geratu[10]; horrela, Bizkaia Erromatar Inperioaren mendebaldeko muga izatera pasatu zen. 441.-454. bitartean Tarrakonensean bagauden erreboltak piztu ziren[11], baina ez daukagu Bizkaian eragina izan zutenaren ziurtasunik. 455ean heruloek Kantauriar eta Barduliarren itsasaldeko lurraldeak zakuratu zituzten[12] eta garai hartan gauzatzen zen nabigazioa distantzia laburreko kabotajezkoa izanik, ziurrenik lurralde honetako porturen edo hiriren batean lehorreratu ziren[13]. Eurikoren erregealdian (466-484) bisigodoek Tarrakonensea konkistatzean, Tolosako Erresuma bisigodoaren parte bihurtu zen[14].

Behe Inperioko aztarnategiak Bizkaian

Arkeologiari dagokionez, V. mendean zehar jatorrizko asentamendu erromatar gehienak abandonatuz doaz, jada aurreko mendeetan abiarazita zegoen gainbehera prozesua areagotuz. Asentamendu txikiak dira, gehienak kostaldean eta itsasadar nabigagarrietan kokatutakoak, Goi Inperioan sortu eta hazitakoak eta itsas merkataritzari, arrantzari eta metalurgiari lotutakoak orokorrean. Lumentxako (Lekeitio) eta Ereñoko jatorrizko asentamenduak V. mendean zehar desagertu ziren. Portuondo (Mundaka-Suakrrieta), berriz, jada aurreko mendean bertan behera utzia izan zen. Finagan (Basauri), San Martin baselizaren azpian, IV. mendean hasi eta VI. mendean zehar jarraitzen duen nekropolia topatu izan da, jarraikortasuna erakutsiz. San Juan de Momoition (Garai), bestalde,  IV. eta V. mendekoak izan daitezkeen zeramika zati gutxi batzuk topatu dira.

Badirudi habitatak zonalde babestuagoetara, hala nola kobetara, lekualdatuak izan zirela. Hori izan zen Foruaren kasua, adibidez. Bertan ikus daiteke IV.-V. mendeetan zehar Elexalde muinoko jatorrizko nukleoa abandonatzen den garaian Peña Forua / Ginerradi koba okupatu zela. Ginerradirekin batera, inguruko beste hainbat koba okupatzen dira: Santimamiñe, Sagastigorria eta Aurtenetxe (Kortezubi), Ereñuko Arizti (Ereño) eta Guerrandijo  (Ibarrangelu)[15].

VI.-VII. mendeetan zehar Bizkaiko lurraldea argitzen duten informazio bakarrak arkeologikoak dira[16]. Hauek erakusten dituzten usadio eta materialak komunak dira Arabako eta Nafarroaren erdialdekoekin, hots Bizkaiko gizartea Baskoniako kultur- eta gizarte-eremuan kokatzen dute. Aztarnategia garrantzitsuenak Santimamiñeko (Kortezubi) eta Finagako (Basauri) nekropoliak dira. 

Santimamiñeko baselizan VI.-VII. mendeetako nekropoli baten aztarnak agertu ziren 2007-2008 urteetan. Baseliza XV-XVI. mendeetan eraikia izan arren, materialen berrerabilpena alde batera utzita[17], aurretik eliza bat eta hilerri bat zeudela esateko aztarna gehiago aurkitu dira bertan[18]: burdinezko lantza bat eta brontzezko gopor bat, biak egurrezko hilkutxa baten hondarrak diren iltzeek inguraturik[19]. Gainera, eraikinaren barruko zundaketa batek gopor bat eta frantziska bat atera zituen argitara[20]. Armen gordailua praktikatzen duen hileta-erritua Araba eta Nafarroako garai bereko nekropolien ezaugarria da. Material hauek Antzinaroko nekropoli baten presentzia egiaztatuko lukete; kronologikoki gutxienez VI.-VII. mendean kokaturik.  

Basauri herriko Finaga auzoan, San Martin baselizan[21] XIX. mendean gertatu ziren lehen aurkikuntzak, hala nola zirkuluz eta moztutako koroaz apaindutako hilarri bat eta eraikinaren barruan zegoen hareharrizko harri angeluzuzen bat. Lehenengo indusketa arkeologikoak nekropolia uste baino zaharragoa zela erakutsi zuen, Antzinate Berantiarrekoa, alegia[22]. Erromatar garaiko nekropolia izan ostean, jatorrizko erakinari abside karratu bat erantsi zitzaion eliza bihurtzeko eta honekin lerrokatuta VI.-VII. mendeetako hilobiak agertu dira. Hatuek eta armen presentziak Baskoniako nekropolien eredua erakusten dute.

Bizkaiko jaurerria

Sakontzeko, irakurri: «Bizkaiko jaurerria»

Goi Erdi Aroa

X. mendean Bizkaiaren bi aipamen daude iturri idatzietan. Lehena Alfontso III.aren kroniketan agertzen da. IX. mendean konposatuak izan baziren ere, Asturiaseko Alfontso I.aren (739-757) erreinaldiko gertaerak gogoratzen dituzte:

Eo tempore populatur Asturias, Primorias, Liueria, Transmera, Subporta, Carrantia, Bardulies qui nunc uocitatur Castella et pars maritimam [et] Gallecie; Alaba namque, Bizcai, Aizone et Urdunia a suis reperitur semper esse possessas, sicut Pampilonia [Degius est] atque Berroza. [23]

Hau da:

Orduan populatu ziren Asturias, Primorias, Liebana, Transmiera, Sopuerta, Karrantza, gaur Gaztela deitzen diren Barduliak eta Galiziako itsasaldea. Ordea Araba, Bizkaia, Aizone eta Orduña bertokoen eskuetan egon dira beti, Iruñea eta Berrueza [Deio da] bezalaxe.

Hurrengo Bizkaiaren erreferentzia "Roda-ko Genealogiak" deituriko testuan azaltzen da. Genealogia hauek 970-992 urteen artean konposatu ziren[24].  Iruñeko Antso Gartzeitz I.aren (905-25) alaben ezkontzak zehaztean, laugarrena, Belaskita, Bizkaiko Momo kondearekin ezkondu zela jasotzen da bertan:

Domina Blasquita uxor fuit Momi comitis Bizcaiensis eta ex ipso habuit filios Aznarium Momez eta Lupum Momez[…].

Hau Bizkaiko konde baten lehen aipua da, bakarra XI. mendea baino lehen. Ezkontza Iruñeko errege familiaren estrategia politikoaren barruan ulertzen da, inguruko lurraldeetako familia nagusiekin harreman-sare bat hedatzeari ekin baitzioten.

Gaztelako Erreinuarekin egoniko gatazkak handiak izan ziren XI. eta XII. mendetan. Gaztelarrak Errioxako lurjabe handiek lagunduta erreboltak egin zituzten, Gaztelako feudalismoak euren interesak babesten zituelako. Gaztelaren aldekoek Haron zuten euren zentrua, Haroko jaunek lortu baitzuten sortu berri zen Bizkaiaren agintea. Bizkaia honek hasiera batean Uribe, Busturia, Markina, Zornotza eta Arratiako eskualdeak hartzen zituen, eta Urduñako hiria ere. X. mendeko Rodako Kodizeko genealogietan Bizkaiko lehen konde ezaguna aipatzen bada ere, Momo izenekoa, Bizkaiko kondeen (eta gero jaunen) lerro historikoa 1043. urtean hasten da, Eneko Lopez lehenengoz agiri batean agertzen denean. Hala ere Bizkaia azkar izan zen Nafarroarekin berbatua eta 1199-1200era arte Bizkaiko Jaunek ezin izan zuten euren titulua egonkortu.

Behe Erdi Aroa

Bizkaiko hiribilduen sorrera eta garapena

Behe Erdi Aroa baino lehenago hasi bazen ere, Bizkaiko hiri-sarearen osatzea XIV. mendeko fenomenoa da gehienbat. Hiribilduen garapena hiru fase desberdinetan gauzatu zen: 1199-1287, 1290-1338 eta 1355-1376[25]. Hiribilduak fundatzeko arrazoiak askotarikoak izan ziren. Lehen fasekoek fundazio zaharrenen indarra berretsi nahi zuten (ad. Balmaseda), nazioarteko harremanen trinkotzearen eta merkantzien elkartrukeen loraldiaren garaian. Bigarren fasekoak, aldiz, Lekeitio moduko nukleoen itsas jarduera edota Bilbo eta Durangoren bidegurutzezko kokapen estrategikoa indartzeko ezarri ziren. Azkenik, hirugarren fasekoen ezarkuntzaren xede nagusia populazioaren finkapena eta haren defentsa izan ziren ahaide nagusien eta oro har nobleen erasoen aurrean[26].

Lehenengo fasean Harotarren helburua Meseta eta Europako kostalde atlantikoa erlazionatzea izanik, lau hiri (Lanestosa, Balmaseda, Otxandio eta Urduña)[27], Gaztelarako bide nagusietan sortu ziren eta bat, Bermeo, itsasaldean[28]. Hasierako hiribildu hauen artean, Bermeo gailendu zen, portu bakarra izateagatik (nagusitasun hau portu berrien agerpenarekin bukatu zen XIII. mendearen bukaeran eta XIV. mendearen hasieran)[29].

Bizkaiko hiribilduek jasotako forua  1095. urtean Alfontso VI. Gaztelakoak Logroñori eman ziona da[30], zeina Gaztelako Koroan frankoentzako lehenengo forua eman zen. Foru honek abantaila handiak ematen zituen merkataritza arloan[31]. Fundataileak Harotarrak eta bere leinukoak izan ziren, lehenengo fasean Lope Sanchez Menakoak Balmasedari (1199)[32], Lope Díaz Harokoak Bermeo eta Urduñari 1229 eta 1236. urteetan[33]. Azkenik, Lanestosa Lope Diaz IV. Harokoak sortu zuen 1287. urtean[34]

Herentziaz Iñigo Lopezen hurrengoek jaso zuten titulua eta 1370an Gaztelako Juan infanteak lortu zuen eta beraz Gaztelako erregeek jaso zuten titulua zuzenean. Horrela Karlos I.ak Espainiako erregearen titulura gehitu zuen, beti ere foruak zin egiten bazituen. Foru horietan esan behar zuena zen subirautza bizkaitarrengan zetzala eta beraz Jaunaren kontra erabakiak hartu zitzaketela.

Jaunek Gernikako Arbolaren azpian zin egin behar zituzten foruak bertan egiten zelarik Batzar Nagusia.

Aro Modernoa

Bilbao in 1575.

Aro Modernoan merkataritzak garrantzi itzela hartu zuen, batez ere Bilboko Portua zela eta, 1511an Espainiak eskumena eman baitzion merkataritzarako. Bilbo Gaztelako portu garrantzitsuena izan zen, bertatik garraiatzen zelarik artilea Flandriara.

1628an Durango Bizkaian sartu zen eta geraoago Enkarterriekin berdina gertatu zen.

Historia garaikidea

Tomas Zumalakarregi buruzagi karlista

Bizkaiko kostaldeko herriek itsasontzi nahi zituzten, gehienak arrantzara eta merkataritzara dedikatuak. Lapurdi eta Gipuzkoako beste herri batzuekin batera Bizkaiko golkoan baleen desagertzearen erantzuleak izan ziren. Era berean Ternuan egon ziren lehen Europar kokaguneak sortu zirela uste da. Ingalaterrarekin hainbat tratu ere egin zituzten.

Napoleonen gerren ostean euskal probintziek euren forua galtzeko arriskua ikusi zuten Espainiar Gorteen tendentzia liberala zela eta. Honek Karlistaldiak sortu zituen, non Bizkaiak karlistak babestu zituen. Herri batzuek, batez ere Bilbok, Madrilekin bat egin zuten. Gerraren bukaeran Bizkaiak zuen autonomia murriztu zen.

1850eko hamarkadan burdin meatze handiak aurkitu zituzten Bizkaian. Honek kanpoko dirua ekarri zuen, batez ere Frantzia eta Ingalaterratik. Industrializazioan Ybarra, Chavarri eta Lezama-Leguizamon burges familiak agertu ziren. Altos Hornos de Vizcaya, Iberdrola eta Banco Bilbao Vizcaya Argentariaren parte diren Banco Bilbao eta Banco Vizcaya sortu ziren.

Industrializazioa

Bizkaiko burdinak garrantzi berezia izan zuen industrializazio prozesuan. Lehen aipatu diren burdinolek, eta Somorrostrotik ateratzen zen kalitate handiko metalak merkatu ona zuten Europako Atlantikoan. Gainera, Bilboko portua leku estrategikoa zen nazioarteko merkataritza hori egiteko: produkzio lekutik gertu, Gaztelako artilearen portu naturala zen, Europan asko kontsumitzen zen produktua[35]. Barkuek artile hori garraiatzen zuten, eta burdina pisua emateko erabiltzen zuten[36], bereziki Ingalaterrara[37], baina baita Amerikara ere[38]. Burdina zeramatzaten itsasontziek bueltako bidean beste produktu batzuk ekartzen zituzten, eta bide horretan garrantzia hartu zuen Bilbo-Cardiff bideak: Galesera burdina eramaten zen eta bueltan ikatza ekarri, Asturiasen produzitzen zena baino kalitate hobea zuena[39]. 1856an egoera guztiz aldatu zen: Henry Bessemerrek bere izena daraman prozesua patentatu zuen[40]. Bizkaiko burdinak askoz emaitza hobeak ematen zituen, fosforo gutxi zuelako; Erresuma Batura egindako esportazioak biderkatu ziren[41]. 1863tik aurrera burdinaren salmenta erraztu zen, fiskalitatea aldatzearen ondorio[42].

Meatzaritza: industrializazioaren oinarria

Sefanitro eta Orconerako kargalekuak.

Egoera horretan, Bizkaiko meatzaritzak gorakada handia izan izateko aukera guztiak zituen. Ingalaterrak minerala eros zezan azpiegitura antolatu zen lehenengo: burdina meatzetatik itsasontzietara eraman behar zen, eta horretarako idien bidez gurdietan eramateko sistema hobetu behar zen. Meatzaritza enpresei, garraio enpresak eta mearen salerosketa enpresak gehitu zitzaizkien. Sistemaren antolaketan bost maila zeuden: meatzeen jabeak, burdina erauzten zuten enpresak, meatzetik portura minerala zeramaten enpresak, esportazio enpresak eta ontzigileak. Maila guzti horietan atzerriko eta Bizkaiko enpresen kapitala nahastu zen, baina denborarekin atzerritarren kapitala handituz joan zen[42].

1873an "The Orconera Iron Ore Cp. Limited" sortu zen Londresen[43] eta 1876an "Cie Franco-Belge des Mines de Somorrostro", biak Ybarra familiaren eta nazioarteko kapitalarekin. Orconeraren kasuan Dowlais eta Consett britainiarrak eta Krupp alemaniarra zeuden akzionisten artean, %25 Ybarra familiarena zen bitartean[43]. 1886an "The Luchana Mining Co" eta "The Parcocha Iron Ore and Railway Co. Ltd." sortu ziren, biak kapital ingelesarekin. Enpresa horietako bakoitzak bere trenbide eta kargalekuak eraiki zituen, baita aire bidezko tranbiak ere[44]. Lehen trenbideak 1865tik aurrera eraiki ziren: Foru Aldundiaren esku zegoen Trianoko trenbidea izan zen lehenbizikoa[42][45]. Horrela deskribatzen du egoera González Portillak:

«Azken buruan, atzerriko kapitalak eta teknikariak etortzean, behar zen meatze-azpiegitura hasi zen berehala prestatzen (trenbidea, airetiko tranbiak, amaigabeko kateak, plano okertuak, ontziralekuak...), horrela minerala neurri handitan atera eta esportatzea posible bihurtuz. 1876-1882 artean 41 milioi pezeta baino gehiago inbertitu ziren garraio-gastu hauetan, inbertsio horien atal handiena, noski, trenbideek eramanez, %88rekin.»

—Manuel González Portilla (1995)[46].


Aldundiaren trenbideaz gain, beste batzuk hasi ziren proiektatzen eta sortzen: Galdamesera zihoan 20 kilometroko "Bilbao River & Cantabrian Railway Co. Ltd." izan zen garrantzitsuena, Bigarren karlistaldiarekin batera amaitu zena. Tren hori zen bakarra Galdamesko minerala har zezakeena, eta Sestaoraino eramaten zuen, garaian hondartza deitzen zen guneraino.[47] Pablo Alzolak "The Orconera Iron Ore Cp. Limited" enpresarentzat beste trenbide bat diseinatu zuen, eta Errekatxora zihoana 1872an amaitu zen[42]. Parte hartu zuten enpresa gehienek bazekiten trenbidearen eraikuntza zela atalik garestiena, eta horregatik holding moduan elkartu ziren, arriskuak eta irabaziak partekatuz.[48]

Mineralaren ustiaketa 73 jabe ezberdinek egiten zuten XIX. mendearen amaieran, baina gehiengoa familia gutxi batzuek egiten zuten: mineralaren erdia Ybarra, Martínez Rivas eta Chávarri familiena zen[42]. Hala ere, gauza bat da jabetza, eta bestea ustiaketa egiten zuen enpresa zein zen. Enpresarik garrantzitsuena lehen aipatutako "Orconera Iron Ore Co. Ltd." zen, eta ondoren "Franco-Belge des mines de Somorrostro". Ondoren zetozen "Martínez Rivas", "Chávarri Hermanos", "José Mc Lennan", "Compañía Explotadora Somorrostro", "Echevarrieta y Larrínaga", "Darío P. Arana, "Otto Kreizner" eta "Pedro P. Gandarias"[42]. Eta behin portuetara iritsita enpresa gutxi batzuek ere garraiatzen zuten metal hori. Mineralaren hiru laurdena hamahiru enpresek garraiatzen zuten: Orconera, Martínez Rivas, Otto Kreizner, "Seebold, "Griffiths Tate", "Macleod", "V. Jacquemin", "Dyers Martin", "J.B. Rochelt", "Larrucea y López eta "Mac Lennan" etxeek[42].

Negozio honetan zeuden familiak gutxi ziren, hala ere, eta izen batzuk han hemenka errepikatzen dira. Meatzaritza antolatzeko hiru elkarte sortu ziren Bizkaian: "Círculo Minero de Bilbao, "Asociación de Patronos Mineros de Vizcaya" eta "Cámara Oficial Minera de Vizcaya". Entitate ezberdinak baziren ere, hiruek zituzten patroi berberak[44].

Siderurgia eta metalurgia

Bizkaiko lehen enpresa siderurgikoa "Santa Ana de Bolueta" izan zen, 1841ean Begoñako Bolueta auzoan ireki zena, aduanak kostaldera eraman ziren urte berean[49]. Burdin lingoteen bigarren fusioa egiten hasi zen 1843tik aurrera, Ingalaterratik ekarritako mearekin, Asturiastik ekartzen zen ikatz begetala erabiliz berotzeko, Ibaizabalen egindako presaren indar hidraulikoarekin[49]. Prozesua garestia zela eta, lehen fusioa egiten hasi ziren ere 1848an eraikitako labe garaiarekin. 1860an lehen 200 langile zituen, hiru labe garai eta langileentzat eraikitako lehenengo etxea[50]. Bertan eraiki zen, adibidez, 1847ko Areatzako zubia[51].

Lehen aipatu bezala, Bilbo-Cardiff garraioak burdina eramaten zuen eta kalitate handiko ikatza ekarri. Hori baliatuz, Barakaldo eta Sestao inguruan industria berria sortzeko aukera zegoen. 1880ko hamarkadarako "Nuestra Señora del Carmen" eta "Siderurgia San Francisco" enpresak zeuden ibaian behera[oh 1]. 1880ean "San Francisco de Mudela" enpresa sortu zen Desertu auzoan[52]. 1882an "La Vizcaya" (Sociedad Anónima de Metalurgia y Construcciones Vizcaya) sortu zuten hainbat inbertsorek, baita La Basconia ere Basaurin[53][54]. Honen ondoan eraiki zuten Sociedad Anónima Iberia 1890ean[44]. Industria guzti honek ez zuen ikatz nahikorik, eta horretarako 1894an La Robla trenbidea sortu zen, León eta Palentziako probintziatik ikatz merkeagoa ekartzeko[55][56]. 1895 iritsi zenean 14 siderurgia fabrika garrantzitsu ziren Bizkaian, eta laster hasi zen elkartze prozesu bat, Bizkaiko Labe Garaiak sortzeko bidean.

Lehen pausoa "Nuestra Señora del Carmen" modernizatzea izan zen, eta izena aldatzea: 1882tik aurrera "Altos Hornos de Bilbao" izatera pasa zen, Bessemer eta Martin-Siemens prozesuak aurrera eraman zitzakeen enpresa zen[52]. Enpresa hau Ybarra familiarena zen, kanpoko kapital askorekin. Pedro Pascual Gandariasen "La Vizcaya" enpresak 1888tik aurrera produktu elaboratua egiteari ekin zion, Cockerill enpresaren teknologia sartuz, Robert konbertidoreekin eta Siemens labeekin[52]. Francisco Goitia Ostolaza enpresari gipuzkoarrak latorri enpresa bat sortu zuen Beasainen, baina ikusita siderurgiaren negozioak gorakada zuela Ezkerraldean, Goitia y Compañía enpresa sortu zuen Sestaon, 1890tik aurrera "Compañía Anónima La Iberia" izena hartu zuena. Enpresa honek "La Vizcaya"ri erosten zion materiala, eta bere soberakinak berriro berari saltzen zizkion[57]. 1892tik aurrera enpresa hauek elkartzeko saiakera egin zen. José Villalonga Gipuló eta Luis Zubiria Ybarrak Victor Txabarri eta Pedro Pascual Gandariasekin negoziazioa ireki zuten ahalik eta 1901ean fusionatzea erabaki zuten arte. La Iberiak enpresa horiekin batzea eskatu zuen. 1902ko apirilaren 29an sortu zen, ofizialki, Bizkaiko Labe Garaiak. Ybarra-Zubiria-Vilallongak, Txabarrik eta Gandarias-Durañona familiek zituzten akzio gehienak. Enpresa berria Euskal Herriko handiena izan zen, 200 bulegoko langile, 14 ingeniari, 65 kontramaestre, 5.420 langile eta 230 meatzarirekin[58].

1918an Babcock & Wilcox enpresak Galindon fabrika bat ireki zuen, Sestao eta Trapagaran artean[59]. Enpresa honek Bizkaiko Labe Garaiei materiala erosten zion zuzenean, eta horrekin kalderak, elektrizitaterako tresnak, eraikuntza metalikoko produktuak eta lokomotoreak egiten zituzten[60]. Laster hasi ziren ere metalezko tutuak egiten[54]. 1929an, Trapagan, Babcock & Wilcoxen lehiakide izan zen General Eléctrica Española sortu zen, General Electric eta Alstomen patenteak garatzen zituen enpresa[61].

Ontziolak

Bilboko Areatza 1880 inguruan. Barkuak bertaraino iristen ziren garai hartan.
Euskalduna ontziola, 1983an.

Bilbok ontziolei lotutako negozio asko izan ditu historian zehar. Hasiera batean barkuak Areatzan bertan konpontzen ziren; Estufa zeharkaleak horri zor dio izena, bikea berotzeko lekua baitzegoen[62]. Bilbo osoan zehar, eta Abraraino, ontziola ugari zeuden, baina aro aurreindustrialean famatuena "Real Astillero de Zorroza" izan zen, baina honek ateak itxi zituen industrializazioa hasi baino lehen[63]. XIX. mendearen hasieran ontziolak hedatzen joan ziren itsasadarrean zehar, La Salve, La Vega, Deustuko Unzueta, Aranatarrena Erripan edo Kortabitarte familiarena Uribitarten. 1841etik 1874ra bitarte 1.000 itsasontzi handi egni ziren bertan, baina denak egur eta belazkoak[64]. Baporeak egiten hasteko asmoz, 1868an "Sociedad Empresa Diques Secos" sortu zen.

Burdinaren negozioak eragindako pizkundeak itsasontzi gehiago izatea eskatzen zuen. 1891ean "Astilleros del Nervión" sortu zen Sestaon, armadarako barkuak egiteko asmoarekin. Negozioa ez zen ondo atera eta Armadak hartu zuen, 1900era arte, ontziolaren ardura[64]. 1908an, Espainiako gobernuak "Sociedad Española de Construcción Naval" delako elkartea sortu zuen, Espainiar armadarentzako gerraontziak eraikitzeko asmoarekin[65]. 1915ean ontziolak bestelako ontzien eraikuntzari ekin zion, Lehen Mundu Gerrak eragin zuen egoeraz baliatuta. Urte berean, Sestaoko ontziola berria eraiki zen, gaur egun La Naval ontziola gisa ezagutzen duguna. 1920an Alfontso XIII.a erregeak, ontziola berriak egindako lehen ontzia inauguratu zuen, erregearen izena zeraman Alfonso XIII 1.809 bidaiarientzako transatlantikoa (gero Errepublika garaiean Habana bezala berrizendatuko zena. 1924ean La Naval ontziolak Nerbioiko Ontziola erosi zion Bizkaiko Labe Garaiei, ontziolaren alokairua urte pare batez ordaintzen ibili eta gero. Euskal Herriko ontziolarik handiena izan zen geroztik[65].

1900ean "Diques Secos" enpresak Olabeagan zuen lekua probestuz, "Compañía Euskalduna de Construcción y Reparación de Buques" sortu zuten Eduardo Aznar Tutorrek eta Ramon de la Sotak. 1902an hasi zen jarduera eta 1904an lehen itsasontzia atera zen bertatik, Memroden izenekoa. Batez ere "Sota y Aznar" itsas-merkataritza enpresaren eskariak asetzen zituzten[66]. Lehen Mundu Gerrarekin batera negozioa asko handitu zen, eta bereziki de la Sotak dirutza handia egin zuen[67].

Papergintza

Gipuzkoan bezala, XVIII. mendean zehar itxitako burdinola batzuk papergintza tailer bilakatu ziren.Irekitzen lehenengoa Berrizkoa izan zen, 1779an[68]; ondoren etorri ziren Zallakoa (1782), Etxebarrikoa (1830) eta Basaurikoa (1848)[69]. 1892an Arrigorriaga eta Zallan bi enpresa sortu ziren: "Sociedad Papelera Vizcaína" eta "Papelera del Cadagua"[70]. 1900ean enpresa askoren batasun prozesua eman zen, 1901ean "Papelera Española" sortuz; enpresa horren baitan zeuden aipatutako bi papergintza enpresa hauek[68].

Ehungintza

Boinas La Encartadaren fabrika museo bat da orain.

Ehungintzak ez zuen izan Gipuzkoan izandako garrantzia, baina izan ziren enpresa garrantzitsu batzuk ere. 1892an Boinas La Encartada ireki zen Balmasedan. Bere produktu nagusia txapelak izan ziren, baina artilezko beste produktu batzuk ere egin zituzten[71]. Marcos Arena Bermejillo indianoa sortu zuen, Ameriketak egin eta gero. Santos López de Letona eta Domingo Otaola bilbotarrek, Martín Mendia eta Bautista Hernandez balmasedarren kapitalarekin batera ireki zen. Bere unerik gorenean 130 langile zituen fabrika honek[72], eta artilearen prozesu osoa egiten zuen.

Santos López de Letonak beste enpresa bat ireki zuen Galdakaon: "La Josefina"[73], gaur egungo Bridgestone[74] dena Enpresa honen eta López de Letonan Indautxun zuen etxearen artean instalatu zen Euskal Herriko lehenengo telefono linea pribatua[73]..

Artiach gaileta enpresaren lantegia Deustuko erriberan.

Beste industria batzuk

"Grandes Molinos Vascos"

Bizkaiko lehen enpresa kimikoa Galdakaon sortu zen "Sociedad Anónima Española de la Pólvora Dinamita" izan zen, 1872an[75], Alfred Nobelen baimenarekin eta Bizkaiko meatzaritzari lotuta. Industria kimikoa ez zen, hala ere, gehiegi garatu lehen urteetan, baina "La Dinamitak" bere negozioak hedatzen jakin izan zuen[75]. 1885ean "Pirotécnica Astondoa" sortu zen, bolbora egiteko helburuarekin. 1913an "L'Èglise et Cie." sortu zen, beranduago "Maderas y Alquitranes" deituko zena, bikea eta galipota egiten zuena Bizkaiko Labe Garaietatik zetorren lehengaiarekin. 1950eko hamarkadara arte ez zen finkatu Bizkaian "Dow Chemical" enpresa garrantzitsua, azido sulfurikoa piritatik lortzen zuen fabrika. Bere soberakinak burdinan aberatsa zen minerala zen, Labe Garaiek erosten zutena[75]. 1940ean "Sefanitro" ireki zen Lutxanan, hau ere Labe Garaien eta Bizkaiko burgesiaren babesarekin.

Elikagai industrian Artiach sortu zen Bilbon 1907an. 1920ean erre zen eta ondoren Deustun izan zuen egoitza[76]. 1902an Iralan "Harino Panadera" sortu zuen Juan Jose Iralak, ogia modu industrialean egiteko; 1.000 langile zituen hiriari ogia emateko lanean[77]. 1920an "Grandes Molinos Vascos" sortu zen Zorrotzan, lehenago ontziolak egondako lekuan. 1923tik aurrera itsasadarretik iristen zen zereala jaso eta modu industrialean irina egiteari ekin zioten[78].

1913ko otsailaren 7an "Astra" enpresa armagilearen lehenengo harria jarri zen Gernikan[79] (hasiera batean "Esperanza y Unceta" izenarekin). Eibartar ugarik egin zuten lan enpresa honetan, baita greba antolatu ere urte horretako udazkenean[80][81].


XX. mendea

Espainiako Bigarren Errepublikan, Euzko Alderdi Jeltzaleak agindu zuen herrialdean. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean Bizkaiak Errepublikaren alde egin zuen eta Francisco Francoren aurka. Gerra hasi ondoren lehenengo autonomia estatutua onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoan baina Bizkaiko herri batzuetan baino ezin izan martxan jarri. Nafarroatik faxista eta erreketeak Bizkairantz zetozenez, Burdin Hesia eraikiarazi zuen Jaurlaritzak Bilboren inguruetan. Hesiak akats ugari zuen, eta faxistek laster konkistatu zuten Bilbo. 1937an Gernikako bonbardaketa egin zuten Hitlerren hegazkinek eta aste batzuk lehenago Durango eta Otxandion berdina egin zuten. Momentu horretan Euzko Gudarostea Santoñara joan eta Mussoliniren Italiaren aurrean errendizioa aurkeztu zuten.

Francoren diktaduran Bizkaia eta Gipuzkoa "probintzia traidore" izendatu zituzten, eta edozein autonomia mota ukatu zitzaien.

1975n Francoren heriotzaren ondoren 1978ko Espainiar Konstituzioak foruak onartu eta 1979an Gernikako Estatutua onartu zen hiru herrialderentzat. Ondoren egoniko hauteskunde guztietan Bizkaian Euzko Alderdi Jeltzaleak irabazi zuen.

Oharrak

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak