Calahorra

Errioxako herria, Ebro ibaitik eta Nafarroatik hurbil

Calahorra Errioxako (Espainia) ipar-ekialdeko udalerri bat da, Ebro ibaiaren eskuin ertzean kokatua. 2020ko erroldaren arabera 24.531 biztanle zituen eta horren ondorioz Errioxako udalerrien artean bigarrena da populazioz, Logroño hiriburuaren atzetik. Errioxa Behereko hiri garrantzitsuena da.

Calahorra
municipality of La Rioja (en) Itzuli
Administrazioa
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Errioxa
AlkateaFrancisco Javier Pagola Saenz (en) Itzuli
Izen ofizialaCalahorra
Posta kodea26500
INEk ezarritako kodea26036
HerriburuaCalahorra (municipal capital) (en) Itzuli
Geografia
Koordenatuak42°18′12″N 1°57′53″W / 42.303333333333°N 1.9647222222222°W / 42.303333333333; -1.9647222222222
Map
Azalera93.57 km²
Altuera358 m
MugakideakAldeanueva de Ebro, Autol, Quel, Pradejón, Sartaguda, Andosilla, San Adrián eta Azagra
Demografia
Biztanleria24.994 (2023)
415 (2021)
alt_left 12.320 (%49,3) (%47,6) 11.900 alt_right
Dentsitatea267,12 bizt/km²
Informazio gehigarria
Ordu eremuaUTC+01:00 eta UTC+02:00
Hiri senidetuakMonte Compatri eta Caussade
MatrikulaVI
ayto-calahorra.es

IV-V. mendetik aurrera Calahorrako diozesiaren egoitza izan da eta antzina haren menpe zeuden Kantauri itsasora arteko lurrak[1].

Izena

Udalerria izendatzeko, euskaraz Kalagorria izena ere erabili izan den arren, Euskaltzaindiak ez du ontzat ematen.[2]

Baskoien Kalakorikos hirian du jatorria. Haren gainean erromatarrek Calagurris Nassica Iulia hiria eraiki zuten. 1199ko Donemiliagako bula batean Calagurra aipatzen da[3].

Etimologia ez da zehazki ezagutzen eta hainbat hipotesi azaldu dira.

  • Arabieratiko hipotesia (Mateo Anguiano, 1701): Calaforra (Cala + forra, "gaztelu askea")[4].
  • Arameratik eratorria (1970): Calagurris, "hiri gotortua"[5].
  • Euskaratik eratorria: Garai-gorri ("garaian dagoen hiri gorria"), Garai-uri ("goiko hiria")[6] edo Kala-gorri ("muino biluzia")[7][8].

Txanpon-etxea izan zuen eta haietan KA-L-A-KO-R-I-KO-S izena azaltzen da.

Geografia

Calahorra Cidacos ibaiak Ebro ibaiarekin bat egiten duen puntuan kokaturik dago. Hiriaren alde zaharra 358 metrotako altuera duen muino baten gainean dago, Ebroren hegoaldean. Hiria harresietatik kanpo hedatzen hasi zenean muinoareen azpialdean egin zuen. Hasieran hiri errotamarreko zirkua eraiki zen han eta ondoren diozesia eratu zenean katedrala eta apezpikuaren egoitza Ebroren ertzean eraiki ziren.

Muinotik Ebroren ertzeko lautadak kontrolatzen ziren eta antzinatik izan du nekazal jarduera nabarmena, Cidacos eta Ebro ibaiek lur aberatsa sortzen baitute. Ekialdean hirigunetik kilometro gutxitara Recuenco aintzira aurkitzen da.

Historia

Calahorran aurkituriko populazio aztarnarik Mousteriar garaikoak dira. Sorbán arkeologia eremuan migrazio indoeuroparren aztarnak aurkitu dira eta Burdin Aroan finkaleku zeltiberiarra izan zela dirudi.

Antzinaroa

Hiri baskoia

K.a. II. mendean Caton jeneral erromatarrak Ebro haraneko leinu guztiak menperatu edo aliatu bihurtu zituen. Garaiko agiri batzuetan hiri zeltiberiar gisa azaltzen da eta beste batzuetan hiri baskoi gisa. Tito Livio historiagilearen arabera, vasconum ager lurraldetik kanpo zegoenez, ez bide zen baskoia. K.a. 76. urtean Estrabon greziar historiagileak hiri baskoia dela dio, ordea (Str. III, 4, 10).

Calagurrisen ondoan zeuden Cascantum eta Graccurris ere hiri baskoiak ziren ordurako[9]. K.o. II. mendean Klaudio Ptolomeok hiri baskoia zela berretsi zuen (Ptol. 2. 6. 66).

Calagurris Nassica Iulia

Antzinako hiriaren gainean eta hiriaren ekialdean Calagurris berria eraiki zuten erromatarrek. K.a. 171. urtean Nassica titulua gehitu zion Publio Cornelio Escipión Nasica eta K.a. I mendean Iulia Julio Zesar enperadoreak.

Calagurrisko txanponak.

Sertorioren gerra garaian Sertorio jeneralaren alde egin zuen. Ponpeio jeneralaren armadak hiria setiatu zuen K.a. 72. urtean eta hiritarrek nahiago izan zuten gosez hil errenditzea baino. Salustioren kroniken arabera kanibalismoraino iritsi ziren.

Halakoa zen Calahorrak Erromari zion leialtasuna, Zesar Augusto enperadorearen babesa eskuratu zuela eta kalagurritar soldaduekin destakamendu bat osatu zuela[10]. Horri esker municipium civium Romanorum bihurtu zen eta biztanleek erromatar hiritartasuna eskuratu zuten. Hiria harresietatik kanpora zabaltzen hasi zen. Bazituen erromatar hirien eraikin publiko tipikoak, hala nola tenpluak, foroak, termak, kloakak, teatroak, anfiteatroak eta baita zirkua ere. Justizia administrazioaren egoitza Calagurrisen zegoen eta txanpon-etxea ere sortu zuen; dirua hiru garai historikotan egin zuen:

  • Sertorioren gerra garaian,
  • Augusto eta Tiberio enperadoreen garaian, eta azkenik,
  • Suintila errege bisigodoaren garaian.

Guztira 33 txanpon eredu aurkitu dira.

Kristautasuna

Apezpikuaren etxea

Baskoniarren hiri garrantsitsuenetako bat zenez erromatarren garaian iritsi zen kristautasuna Calahorrara. III. mendearen amaieran bi legionario erromatar kristau bihurtu ziren Calahorran eta horregatik burua moztu zieten. Haien buruak Ebro ibaira jaurti zituzten eta kondairak dio korrontearen kontra ibaian gora egiten hasi zirela. Legionario haiek San Emeterio eta San Celedonio ziren eta gaur egun Calahorrako patroi sainduak dira. Prudentius poetak ematen digu martirioaren berri.

IV. mendean Calahorran apezpikuaren egoitza ezarri zen. Bere menpeko lurraldea oso zabala zen, Errioxaz gain Hego Euskal Herri ia osoa hartzen baitzuen. Izena ezagutzen den aurreneko apezpikua Silvino da, 463. urtearen inguruan izendatua izan zena. Musulmanen erasoen garaian (VIII. mendean) Donemiliaga Kukulara pasa zen egoitza eta geroago, Naiarara. 1170ean berriz itzuli zen Calahorrara.

Erdi Aroa

Leovigildo errege bisigodoak 568 eta 586 artean Calahorra eta gainerako hiri errioxarrak bere erresuman sartu zituen. 714an musulmanek konkistatu zuten. Hurrengo mendeetan hainbat konkista izan zituen eta XI. mendean Alfontso VI.a Gaztelakoak eskuratu zuen. Hiri forua berak eman zion. Behe Erdi Aroan muga izateari utzi zion: hiri gotortu gisa garrantzia galduz joan zen arren, Calahorrako apezpikuak gero eta indar handiagoa izan zuen, Erresuman eragin handia izaterainokoa. 1366an Henrike II.a Gaztelakoa bertan errege izendatu zuten. Alfontso X.ak asteroko merkatua egiteko pribilejioa eman zion[11].

Judutegi handi bat ere izan zuen hiriak. XI. mendean iritsi ziren aurreneko juduak eta XIV. menderako 600 biztanle inguru zituen.

Aro Modernoa

Inkisizioaren ikurra.

Errege-erregina Katolikoek Espainia guztia konkistatu zutenean erlijio uniformetasuna hartu zuten helburu eta juduak kanporatzea eta Inkisizioa sortzea erabaki zuten. Calahorrako juduak 1492an kanporatu zituzten eta 1580ko abuztuaren 25ean ijitoak kanporatzeko eskaria egin zuen udalak. Calahorra elizbarrutiko hiriburua izanik Inkisizioaren epaitegi bat bertan ezarri zen. 1521 eta 1570 artean 30 sorgin erre zituen. 1570ean Logroñora aldatu zen Inkisizioaren epaitegia[12]. XVI. mendearen amaieran, izurrite batek hiria nabarmen kaltetu zuen.

1672an Parte del Atlas Mayor o Geographia Blaviana Que contiene las Cartas y Descripciones de Españas liburuan Calahorra ere deskribatzen da. 1.600 biztanle zituen orduan, harresiak inguratzen zuen eta lau ate zituen. Katedralaz gain, lau parrokia eta hiru komentu zituen, bi fraideenak eta bat, monjena[13].

XVIII. mendea oso oparoa izan zen eta garai hartakoak dira Calahorran dauden eraikin ugari.

Aro garaikidea

XIX. mendean, telegrafoa (1862), trena (1863), posta zerbitzua (1868) eta kontserba industria ezarri ziren Calahorran. Aldi berean, Logroñok nagusitasuna hartu zuen Errioxako hirien artean eta Calahorra Errioxa Behereko hiri garrantzitsuena izatera mugatu zen. 1959an Redondako Andre Mariaren kolegiatak konkatedral izendapena jaso zuen eta une horretan Logroño bihurtu zen Calahorrako eta La Calzada-Logroñoko elizbarrutiaren egoitza[14].

Demografia

Azpiegiturak

Calahorrako geltokia.

Ebroren haranean kokaturik dagoenez Kantauriar isurialdea eta Mediterranear itsasertzeko hiriak lotzen dituzten bideetan kokaturik dago. N-232 errepideak eta AP-68 autopistak Logroñorekin eta Bilborekin (mendebaldean) eta Zaragozarekin (ekialdean) lotzen dute. AP-15 autopistak eta N-121 errepideak Iruñearekin lotzen du.

Autobuses Olloqui autobus konpainiak Calahorra Funesekin batzen du, honako ibilbidean:

RENFE enpresaren Zaragoza-Bilbo trenbideak geltokia du[15]. Antzina, Cidacos ibaian gora zihoan trena ere bazuen, baina 1960an bertan behera geratu zen eta egun bide berde bat eraiki da bertan Calahorratik Arnedillo herrira doana[16].

Ekonomia

Calahorrako ekonomia nekazaritzan oinarritzen da. Barazkiak, piperrak eta fruita dira ekoizten diren produktu nagusiak. Espainia iparraldeko produktu horien banatzaile nagusia da eta Capital de la Verdura ("Barazkien hiriburua") ezizena eman zaio[17]. Alfontso X.a Jakintsuak XIII. mendean merkatua egiteko pribilejioa eman zion. El Raso plazan egiten da, eta horrela deitzen zaio, saldu beharreko barazkiak lurraren gainean ("al raso") jartzen direlako.

Nekazaritzako produktuen inguruan, kontserba industria eraiki da. Zapatagintzak ere munta du, ondoko Arnedorekin batera. Bestelako industria batzuk ere ditu, gehienak "Tejerías" industrialdean.

Ondasun nabariak

Carmengo santutegia.
"Arco del Planillo" ate erromatarra.
Mercadal pasealekua.

Eraikin erlijiosoak

  • Andre Mariaren katedrala: XVII. mendeko eraikin gotikoa da. Hiriko patroi San Emeterio eta San Celedonioren martirioa izan zen tokian eraiki zuten.
  • Apezpikuaren jauregia: XVI. mendean eraikia eta XVIII mendean handitua, katedralaren alboan dago.
  • Carmengo santutegia: 1603an eraikitako eliza barrokoa da.
  • Santiago apostoluaren parrokia. Eraikin neoklasikoa da, XVII eta XVIII mendeen artean eraikia.
  • San Andres parrokia: XVI. mendean altxatu zuten XI. mendeko tenplu baten gainean.
  • San Francisco eliza: XVII. mendekoa da, baina berriztatze ugari izan ditu.
  • San Jose monasterioa: XVI. mendekoa.
  • Gurutzea (El Crucifijo): XVI. mendeko tenplu txiki bat da.

Eraikin zibilak

  • Zirko erromatarraren hondarrak. Mercadal pasealekua dagoen tokian zegoen zirkoa[18]. 360 metroko luzera eta 80 metroko zabalera zuen.
  • Calahorrako Alde zaharra: Erromatarren hiriaren egitura mantentzen du. 1979an erromatarren estolderia aurkitu zen. La clínica eremu arkeologikoan, I. mendeko villa erromatar bat aurkitu da, hiru maila dituena eta zutabe eta estukoekin apaindua[19]. Bertan la Dama Calagurritana izena eman zaion emakumezko baten bustoa aurkitu da[20]. Bertatik gertu, II. mendeko harresiaren hondarrak eta ate erromatar bat ("Arco del Planillo") daude.

Enparantzak, parkeak eta pasealekuak

  • Mercadal pasealekua. Hiriaren azpialdeko pasealeku nagusia da. Bertan hiriko sinbolo diren hainbat elementu aurkitzen dira.
  • El raso enparantza. Bertan barazkien merkatua egiten da.
  • Cidacos ibaiaren ertzeko parkea
  • Terrorismoaren biktimen omenezko parkea

Eskulturak

  • La moza edo epaiketa rolloa Mercadal pasealekuan dago. Erdi Aroan gaizkileak exekutatzeko erabiltzen zen[21].
  • La matrona: 1878an inauguraturiko eskultura da Adolfo de Areizaga eskultore bilbotarrak Carrarako marmolarekin egindakoa. K.a. 72. urteko Fames Calagurritana omentzen du eta hiriko sinboloa da[22].
  • Kintilianoren eskultura: 1970ean ezarri zen IV. mendeko Kintiliano poetaren omenez. Haren izeneko biribilgunean dago, udaletxearen aurrean[21].
  • Nekazarien eskultura: Lucio Marcos Pernía artista kantabriarrak egin zuen eta 2008an ezarri zen liburutegiaren ondoan[23].

Kultura

Fitxategi:Cristo de la Agonía 3.JPG
Aste Santuko prozesioa.
Erromanizazioaren museoa.

Jaiak

Calahorran San Emeterio eta San Celedonioren omenezko jaiak ospatzen dira neguan (martxoaren 1-3) eta udan (abuztuaren 25-31). Sei lagunarte edo peña daude hirian eta bakoitzak bere koloreko zapi eta blusa ditu; Peña Philips gorria (zaharrena da), Peña de El Sol berdea, Peña Calagurritana beltza, Peña Riojana urdina, Peña El Hambre granatea eta Peña La Moza arrosa[24]. Peña Philips da denetan zaharrena.

Aste Santua oso entzutetsua da eta 2014an Interes Turistiko Nazionaleko Jai izendatu zen. La Cofradía de la Vera Cruz elkartea antolatzailea da eta 16 pasok egiten dute prozesioa. Aurreko asteburuan merkatu erromatarra ospatzen da[25].

Museoak

Calahorran hainbat museo eta interpretazio gune daude: aipagarriena Erromanizazioaren museoa da (Museo de la Romanización). Alde zaharrean dago, 1930eko hamarkadan eraikitako "Casa del Millonario" eraikin modernistan. 1984an inauguratu zen. K.a. IV eta K.o. IV mendeen artean aurkituriko mila pieza arkeologiko inguru daude ikusgai. Elementu aipagarrienak Herkulesen burua (K.a. 500) eta la Dama Calagurritana (K.o. II. mendea) dira[26].

Calahorrako katedralaren klaustroan Elizbarrutiko museoa (Museo Diocesano) eraiki zen. Errioxako elizetan aurkituriko altxorrak daude, erretaulak, irudiak, urrezko gailuak, sagrarioak, kalbarioak... Aipagarrienak XII. mendeko Biblia bat, Henrike IV.ak emandako "Custodia del Cipres" (XV. mendea) eta torah judu bat dira[27]. "Casa Santa" interpretazio zentruan kristautasunaren hastapenak erakusten dira, tartean san Emeterio eta San Celedonio martiriak[28]. Aste Santuko pasoen erakusketa iraunkorra ere badago San Francisco elizan.

Barazkien museo bat ere dago (Museo de la verdura)[29].

Gastronomia

Calahorrako baratzeetako produktuek osatzen dute hiriko gastronomiaren oinarria, eta jaki tipikoena garaian garaiko menestra da. Calahorrako azaloreak tokiko babes izendapena du[30]. Udazkenean piperrak batzen dira eta kalean egurrezko edo ikatz begelalezko sutan erretzen dira[31].

Barazkiez gain, arkumea eta odolki gozo pinoidunak ere jaten dira.

Azkenburukoetan, aipagarriak dira magdalenak, mantekatuak eta "pastel calagurris" arbendolezko pastela[32].

Kirolak

Hiriko kirol taldea Club Deportivo Calahorra da. 1923an sortu zen eta futbol taldeak Bigarren B mailan jokatzen du azkenaldian. 2001. urtean bigarren mailarako igoera fasea jokatu zuen. La Planilla futbol zelaian jokatzen du: La Gaunasen ondoren, Errioxako estadio handiena da, 4.200 ikuslerentzako tokia baitu[33].

Calahorratar ezagunak

Hiri senidetuak

Erreferentziak

Kanpo estekak