COVID-19

Covid-19» orritik birbideratua)
COVID-19 pandemia

• Birus espezieen multzoa: Koronabirus • Birusa: SARS-CoV-2 • Gaixotasuna: COVID-19
• Pandemiari buruzko informazioa: COVID-19 pandemia • Euskal Herrian: COVID-19 pandemia Euskal HerrianZerrenda:COVID-19 gaixotasunaren ondorioz hildakoak
Adi! Wikipediak ez du aholku medikurik ematen. Arazoren bat izanez gero, deitu zure osasun zentrora

Artikulu hau gaixotasunari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Koronabirus (argipena)».

COVID-19 (ingelesezko coronavirus disease 2019 terminoaren akronimoa) SARS-CoV-2 koronabirusak eragiten duen gaixotasun infekziosoa da. Birusaren inkubazio aldiak (gaixoa kutsatuta dago, baina ez du sintomarik azaleratzen) bi eta hamalau egun artean irauten du, eta aldi horretan ere gaixotasuna kutsagarria da. Sintoma adierazgarrienak sukarra, eztula eta arnasteko zailtasunak dira[1] eta hilgarria izan daiteke.[2] Pneumonia, arnas zailtasun akutuaren sindromea, sepsisa eta shock septikoa eragin ditzake. Ez dago tratamendu espezifikorik: neurri terapeutiko nagusiak sintomak arintzea eta biziarteko funtzioak mantentzea dira.

Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
COVID-19
COVID-19 gaixotasunaren sintomak.
Deskribapena
Motapneumonia atipikoa, infekzio koronabirikoa, pneumonia birikoa, Zoonosia, Virus diseases of plants (en) Itzuli, pneumonia
eritasuna
Espezialitateainfektologia, pneumologia, Birologia, epidemiologia
larrialdietako medikuntza
Arrazoia(k)SARS-CoV-2
Sintoma(k)Eztula, sukarra, arnas gutxiegitasuna, buruko mina, mialgia, betealdia, hemoptisia, beherakoa, Arnasestua, lymphopenia (en) Itzuli, anemia, anosmia, ageusia (en) Itzuli, Hipoxia, hotzikara, Muki-pilaketa, anorexia, goragalea, konjuntibitisa, tripako mina, pneumonia birikoa, Garun-lesioa, deliriuma, Psikosia, entzefalitisa, enantema, Burn-out sindromea
Zutitzearen disfuntzioa
Sortzen duCOVID-19 gaixotasunaren 2019-2020ko pandemia, arnas distresaren sindrome akutua, pneumonia birikoa, Tronbosia, Shock toxikoaren sindromea, pediatric multisystem inflammatory syndrome (en) Itzuli, zitokina-ekaitza, Gatzapena, COVID-19 mortality (en) Itzuli
COVID iraunkorra
Patogenoaren transmisioaaire bidezko kutsadura, droplet infection (en) Itzuli, ukitzeen bidezko kutsapen, kutsapen zuzen, fomite transmission (en) Itzuli
eye infection (en) Itzuli
Azterketa medikoareverse transcription polymerase chain reaction (en) Itzuli, ELISA, ordenagailu bidezko tomografia axiala, Polimerasaren kate-erreakzioa
COVID-19 rapid antigen test (en) Itzuli
Tratamendua
Erabil daitezkeen botikaknirmatrelvir/ritonavir (en) Itzuli, Remdesivir, molnupiravir (en) Itzuli, favipiravir (en) Itzuli, ruxolitinib (en) Itzuli, Koltxizina, fluvoxamine (en) Itzuli, casirivimab/imdevimab (en) Itzuli, Gammaglobulina, abatacept (en) Itzuli, cenicriviroc (en) Itzuli, tofacitinib (en) Itzuli, Lenzilumab (en) Itzuli, sargramostim (en) Itzuli, mavrilimumab (en) Itzuli, otilimab (en) Itzuli, tradipitant (en) Itzuli, aprepitant (en) Itzuli, remestemcel-L (en) Itzuli, ibudilast (en) Itzuli, apremilast (en) Itzuli, ifenprodil (en) Itzuli, eculizumab (en) Itzuli, ravulizumab (en) Itzuli, selinexor (en) Itzuli, prazosin (en) Itzuli, losmapimod (en) Itzuli, leronlimab (en) Itzuli, nangibotide (en) Itzuli, piclidenoson (en) Itzuli, fenretinide (en) Itzuli, ebselen (en) Itzuli, fostamatinib (en) Itzuli, vadadustat (en) Itzuli, lanadelumab (en) Itzuli, zilucoplan (en) Itzuli, apabetalone (en) Itzuli, Bucillamine (en) Itzuli, enisamium iodide (en) Itzuli eta deuremidevir (en) Itzuli
Identifikatzaileak
OMIM301051
DiseasesDB60833
MedlinePlus007768
eMedicine007768
MeSHD000086382
Disease Ontology IDDOID:0080600

Kutsatzeko modurik ohikoena pertsonen artekoa da, normalean airekoa, doministiku egitean, eztul egitean edo arnasa botatzean igortzen diren tanta txikien bidez. Fomiteen bidez ere birus patogenoak har daitezke. Sintomak birusarekiko esposizioa gertatu eta bi eta hamalau egun artean agertzen dira. Transmisioa eskuaz garbituz, maskarak erabiliz eta gaixotasunaren diagnostiko goiztiarraz prebeni daiteke .

COVID-19 gaixotasunaren 2019-2020ko agerraldiak mundu osoko pandemia sortu zuen, eta Euskal Herrian ere eragina izan zuen,

Transmisio bideak

Infekzioa pertsonaz pertsona transmititzen da, batez ere, 5 mikra baino gehiagoko arnas tantengatik eta infektatutako pertsonen jariakinekiko kontaktu zuzenagatik. Ez dirudi metro bat edo bi baino distantzia handiagoetara transmiti daitekeenik.

Infektatutako pertsona baten arnas-sekrezioak dituen eskua ukitzeagatik edo aurretik harekin kontaktuan izandako gainazal edo objektuak (fomiteak) ukitu ondoren ahoa, sudurra edota begiak ukitzeagatik transmiti daiteke. Adibidez, atearen heldulekua ukitu edo gaixoari eskua eman eta gero, aurpegia ukitzea. Birusak gainazaletan orduak aktibo irauten duela uste da.

Sintomak

Sintomarik arruntenak sukarra, eztula eta arnas-faltaren sentsazioa dira. Kasu larriagoetan, infekzioak pneumonia eragin dezake edo arnasa hartzeko zailtasun handia, giltzurrunen funtzioaren galera eta baita, zenbait kasutan, heriotza ere. Konplikazio horiek, oro har, adineko pertsonetan edo beste gaixotasunen bat duten pertsonengan gertatzen dira, hala nola, bihotzeko edo biriketako gaixotasuna badute edo immunitate-arazoak badituzte.

Munduko Osasun Erakundeak Txinako 55.924 laborategitan egiaztatutako kasu hartu zituen eta gaixotasunak eragiten dituen sintomak hurrenak direla ondorioztatu zuen:[3]

SintomaEhunekoa
Sukarra% 87,9
Eztul lehorra% 67,7
Nekea% 38,1
Karkaxaren ekoizpena% 33,4
Arnasteko zailtasunak% 18,6
Gihar edo artikulazioetako mina% 14,8
Eztarriko mina% 13,9
Buruko mina% 13,6
Hotzeria% 11,4
Goragalea eta botaka egitea% 5
Sudurreko kongestioa% 4,8
Beherakoa% 3,7
Hemoptisia% 0,9
Kongestio konjuntiboa% 0,8

Zerrendan aurrera joz gero, pneumonia larria, arnasteko zailtasunaren sindrome akutua, sepsia, shock septikoa eta heriotza daude. Kutsatutako zenbait norbanako asintomatikoa izan daitezke, hau da, testak gaixorik daudela esan arren, ez dute sintomarik garatzen eta beraz, ikerlariek kutsatutako norbanakoak hurbiletik zaintzeko gomendioa eman dute, kutsapena kontrolatu nahi bada.[4][5][6]

Inkubazio aldiak (kutsapen-unetik lehen sintomak garatu arte dagoen tartea) egun bat eta hamalau egun artean iraun ditzake, baina ohikoena bost egun irautea da.[7][8] Alabaina, kasu batek hogeita zazpi eguneko inkubazio aldia izan zuen.[9]

Kasu larrienetan, birusak immunitate-sistemaren gehiegizko erantzuna eragiten du, hantura handia eta anitz organoko porrota agertuz. Zitokina asko askatzen dira prozesu horretan, "zitokina-ekaitza" izenarekin ezagutzen dena, eta horrek hantura horiek sortzen ditu [10]. Horri aurre egiteko, immunosupresoreak erabili dira hainbat kasutan, gehiegizko erantzun immune hori moteltzeko [11]

Gaitzaren diagnostikoa

Lagina hartzen sudurretik COVID-19 diagnostikatzeko

Gaitzaren sintomatologiak eta gaixo batekin kontaktuan egon izanak medikuari COVID-19 susmatzeko zantzu bat eman diezaioke, baina gaixotasunaren diagnostikoa laborategiko proba zehatzen bidez egin behar da.

Birusa antzemateko gehien erabiltzen den teknika PCR da, zehazki, RT-PCR izeneko aldaeraz, birusaren genoma eta birusen kopurua (birus-karga) detektatzen dituena. Lagina sudurreko frotis batetik edo frotis nasofaringeo batetik lortzen da [12]. Probak sentikortasun handia du eta emaitza ordu gutxitan jakiten da.

Beste proba batek, birusaren genomaren ordez, birusaren antigeno bat (bilgarriaren S proteina) detektatzen du. Lagina, lehen bezala, hodi nasofaringeotik hartzen da, eta emaitza 10-15 minuturen buruan jakiten da. PCR baino azkarragoa da; beraz [13]. PCRren aldean, ordea, teknika horrek ez du bermatzen infekzioa aktibo dagoenik.

Antzeko gauza bat gertatzen da teknika serologikoekin, odoleko birusaren aurkako antigorputzak detektatzen dituztenak. Antigorputzen presentziak odolean gizabanako hori birusarekin infektatua izan dela adierazten du, baina horrek ez du esan nahi lagina hartzeko unean infekzioa aktibo duenik [14]. Ikerketa epidemiologikoak egiteko, baina, teknika horiek azkarrak eta baliotsuak izaten dira, gaitzaren hedapena komunitate batean jakiteko.

Transmisio arriskua gutxitzeko neurriak

Higienea

Edozein gaixotasun infekziosoren aurrean, prebentziorako neurriak ezinbestekoak izaten dira. Higiene neurriak areagotzea, eskuak, arropak, lekuak garbi mantentzeko ahalegin bereziak egin behar dira.

Eztula edo doministiku egitean, erabilera bakarreko paperezko zapi edo komuneko paperezko zapia erabiltzea gomendatu egiten da. Erabili ondoren, zapihori zakarrontzira bota behar da, baita eskuak garbitu ere. Erabilera bakarreko paperezko zapirik eskura ez balego, ukondoaren barnealdean eztul edo usin eginbehar da, besoaren flexuraren gainean, ez eskuetan.

SARS-CoV-2 koronabirusaren eramaile bat eztul edo doministiku egitean kanporatutako listu-tantatxoak hurbil dauden pertsonen ahoarekin edo sudurrarekin kontaktuan jar daitezke, edo azaleretan geratu (mahaietan, ateen heldulekuetan, hainbat objektutan, jostailuetan, bulegoko tresna edo materialetan...) eta bertan ordu batzuk mantendu. Horregatik, garrantzitsua da higiene neurriak mantentzea, indartzea eta prozedura berriak ezartzea.



Garbiketa eta desinfekzioa

Ikaskideek, lankideek-eta objektuak eta ingurumen-gainazalak garbitzea eta desinfektatzea lagungarria da haietan egon daitezkeen birusak desagerrarazteko, birusaren transmisioa minimizatzea ahalbideratuz.

Garbiketa prozeduretarako jarraibideak normalean hauek dira:

  • Dendetan eskuragarri dagoen edozein xaboi edo detergente erabil daiteke. Produktu higieniko horiek erabiltzea ur hutsaz baliatzea baino eraginkorragoa da.
  • Ura hotza, epela edo beroa izan daiteke, edo erabilitako garbiketa-produktuaren etiketan gomendatzen denaren arabera.
  • Xaboiarekin edo detergentearekin garbitu ondoren, urarekin xaboia edo detergentea garbitu behar da.
  • Desinfektatzaileak eta garbitzaileak erabiltzen direnean, ekoizleen jarraibideak arretaz irakurri eta bete behar dira.
  • Mahaietan edo objektuetan utzitako hautsa urarekin eta xaboiarekin kendu beharko da, eta ez trapu lehorrekin. Ahal diren guztietan, mopa eta lanbasa erabili behar da, eta ez erratza. Xurgagailua erratza baino hobea da: izan ere, eskobatzean lurretik hautsa altxatzen da.
  • Lantoki edo ikastetxeetan ordenagailuak edo antzeko tresnak partekatzen badira, ekitaldi-aretoan edota ostalaritza zerbitzuetan, garrantzitsua da higiene neurriak areagotzea; izan ere; egunean zehar haietatik igarotzen diren pertsonen joan-etorri handia da eta baten batek, nahi gabe, birusa eroan lezake.
  • Garbiketa ikastetxe edo lantoki osoan egin beharko da, gutxienez egunean behin.

Honakoetan arreta berezia jarriko da:

  • Mahaiak eta aulkiak.
  • Ateen heldulekuak.
  • Argiaren etengailuak, partekatzen diren telefonoak, txirrinak.
  • Eskolako materiala, bulegoko materiala, partekatzen den material didaktikoa...
  • Kontuz, batez ere, gela partekatuetan (informatika gelak, ikus-entzunezko gelak, batzar gelak...).
  • Partekatzen diren ordenagailuetako teklatuak, saguak, urrutiko agintariak.
  • Komunak.

Beste aholku batzuk:

  • Lurrerako moketarik, tapizik edo estalkirik ez izatea gomendatzen da, salbu eta horietan garbitasuna zorrozten bada. Edukiz gero, ez dira tapizak astindu behar garbitzerakoan.
  • Komenigarria da erabilera bakarreko paperezko zapiak erabiltzea. Erabili ondoren, baztertu egingo dira egunero. Posible bada, pedala eta estalkia duen kubo batera botako dira, plastikozko poltsa bat duena. Paperezko ezpain-zapia baztertu ondoren, komenigarria da eskuak garbitzea.
  • Irakasleek adi egon behar dute haize-instrumentuak, arkatzak, errotuladoreak eta ikasleek ahora eraman eta beste tresna batzuekin, parteka dezaketen material guztia ez partekatzeko.
  • Saihestu behar da jaki batzuk partekatzea, esate baterako, esku askok fruitu lehorrak leku beretik hartzea, edo plastikozko poltsa batetik esku askok aperitiboak-edo hartzea.
  • Gomendagarria da, posible balitz, ikasgeletako mahaien arteko espazioa urruntzea, eta ikas-taldeak eta lan taldeak online kudeatzea.
  • Lantokiak eta ikastetxeak normalean baino gehiago aireztatzea komeni. Egunero aireztatzea.

Jantokiak

Sektoreko profesionalek normalean erabiltzen dituzten higiene neurriak beti bezala ondo zaindu behar dira.

  • Jateko tresnak (baxera, mahai-tresnak, edalontziak, etab.): jantokietako erabiltzaileek erabiltzen dituzten tresnak, garbiketa egokia izan behar dute, ohiko moduan. Ez da beharrezkoa gomazko eskularru esterilak erabiltzea.
  • Ikastetxeetan arreta handia jarri behar da ikastetxeko ikasleen artean edalontziak, mahai-tresnak, paperezko zapiak eta hortzetako eskuilak ez trukatzeko.
  • Sukaldeetan otorduak egiteko erabiltzen den materiala ohiko moduan garbitu behar da.

Garraio publikoa, eskola garraioa

Garraio publikoa nahiz eskola-garraioa erabiltzen bada, komenigarria da ondorengo higiene neurriak hartzea:

  • Ibilbidearen aurretik eta ondoren, autobusak eta tren bagoiak, ahal den neurrian aireztatzea.
  • Autobus edo tren barruko gainazalak urez eta detergentez garbitu behar dira, ahal bada, ohiko maiztasuna areagotuz.
  • Erabilera bakarreko papera, ahal bada, barruan plastikozko poltsa eta estalkia duen kubo batera bota beharko da.

Hondakinen kudeaketa

Ikastetxeek, lantokiek... ohiko hondakinen kudeaketa mantendu beharko dute. Hondakinen kudeaketa egiten duten langileak inoiz baino zorrotzagoak izatea gomendatzen da, batez ere hondakinak erabiltzeko behar duten babesari dagokionez. Betiere eskularruak erabil beharko dituzte.

Higiene pertsonalerako materiala

Komeni da zentroak higiene pertsonalerako material hau eskura izatea:

  • Eskuak garbitzeko xaboia, banakako dispentsagailuduna izango da.
  • Oinarri alkoholikoko prestakinak.
  • Erabilera bakarreko paperezko eskuoihalak edota esku-lehorgailu elektrikoak, oihalezko eskuoihalak saihestuz.
  • Erabilera bakarreko zapiak.
  • Estalkidun kuboak, pedaldunak hobetsiz.
  • Plastikozko xabor poltsak. Konpostableak hobetsiz.

Material hori edukiz gero, beharrezkoa den leku gehienetan banatuko da, hala nola, komunetan, jantokian, patioetan, kafe-makinen inguruetan... eta gune horietako bakoitzean kubo bat jarriko da, ahalik eta eskuragarrien. Kubo horrek pedal bidezko irekiera izango du, eta plastikozko poltsa izango du barruan. Eztul egin, doministiku egin edo sudurra garbitu ondoren, erabilera bakarreko paperezko zapiak botatzeko.

Lantokietako garbitzeko materiala

Balizko kasuen jakinarazpena

Gaixotasunaren sintomak daudela susmatzen bada (sukarra, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna, ondoez orokorra...), informazioa profesionalengandik telefonoz jaso eta babes neurriak hartu behar dira inor ez kutsatzeko.

Esate baterako, EAEko Osasun Sailak, Osakidetzak, telefono berezi bat jarri du[15]. Telefono horretara deitu behar da eta bertan profesionalek egoera baloratu eta aholkuak eta jarraibideak emango dituzte.

Laborategiko emaitzak lortu arte, agian, pertsona isolatuta mantentzeko aholkua emango da, baieztatutako kasu baten aurrean eramaten diren kontrol-neurriak jarraituz. Ikastetxeetako eta lantokietako kideek gaixotasunaren sintomak badituzte, haien erietxera joan beharko dute eta gomendio berberak bete.

Prognosia

Gaixotasunak hiltzen dituen pertsonen artean, gehienek beste gaitz batzuk dituzte lehenagotik, batez ere hipertentsioa, diabetesa eta bihotzeko gaitzak, eta hasierako sintomak zutenetik heriotzaraino, batez beste 14 egun igarotzen dira. Txinan egindako lehen ikerketen arabera, gizonezkoen heriotza tasa % 2,8koa da eta emakumeena, % 1,7koa. Adinari dagokionez, 50 urtetik beherakoen artean heriotza tasa % 0,5 baino txikiagoa da, baina 70 urtetik gorakoen artean, ehunekoa baino handiagoa da. 2020ko otsailaren 26ra arte Txinan izandako kasuen artean, ez zen 10 urtetik beherakoen artean heriotzarik gertatu.

2020ko udaberriko pandemiaren Hego Euskal Herriko datuek erakutsi dute gaitzaren hilkortasun-tasa gurean, % 1,3 ingurukoa dela [16]. Hots, gripeak baino 10 aldiz gehiago hiltzen dituela COVID 19ak.

COVID-19 gaitzaren heriotza tasa adin tarteko

Tratamendua

Gaur arte, eritasun horrek ez du tratamendu zehatzik; hortaz, eskuragarri dauden tratamenduek sintomak leuntzea dute helburu.[17] Sintoma horiek sukarra, nekea, eztul lehorra eta arnas gabezia dira; kasu larrienetan pneumonia eta giltzurrunen gutxiegitasuna ere azaltzen da.[18][19][20] Gaixotasunen Kontrol eta Prebentziorako Txinatar Zentroak (CCDC) pneumonia sendatzeko baliatzen diren tratamenduek koronabirusak eragindako pneumonia sendatzeko eraginkortasunik duten ikertzen dihardu.[21]

Arnas-aparatuan duen eraginagatik, arnasgailuen erabilpena funtsezkoa da[22].

Egungo antibiralek gaixotasuna sendatzeko balio ote duten aztertzen dihardute zientzialariek;[17] horien artean indinavir, saquinavir, remdesivir, lopinavir/ritonavir eta beta interferoia proteasa inhibitzaileak proposatu dira.[23][24][25] Antigorputz monoklonalen (mAbs) eraginkortasuna ere ikerketzen ari dira.[26]

Klorokinaren fosfatoa itxurazko hobekuntza eragin du birusak sortzen duen pneumoniaren tratamenduan [27] [28]. Beste deribatu batek, hidroxiklorokinak, "zitokinen ekaitza" kaltegarria, antza, saihesten du [29]. Efektu bera du tozilizumab izeneko botikak ere [30]

Seroterapiaren erabilera ere ikerketapean dago, hots, gaitza gainditu dutenen odolaren transfusioa. Odol horrek birusaren aurkako antigorputzak ditu [31]

COVID iraunkorra

Sakontzeko, irakurri: «COVID iraunkor»

COVID-19 izan duten gaixoen % 14 inguruk COVID iraunkor deritzona pairatzen dute [32]. Gaitzarekin kutsatu eta gutxienez 12 astez koronabirusaren sintomekin segitzen dutenek gaixotasuna pairatzen dute, OMEaren arabera.

Gaitz iraunkorra dutenek honako sintoma hauek izaten dituzte: nekea, buruko mina, arnasa egiteko zailtasunak, takikardiak, digestio arazoak eta giharretako ahulezia, batik bat [33]

Nahiz eta ikerketa asko egin COVID iraunkorraren alderdi ezkutuak jakiteko, gaur egun (2021eko urrian) gaixotasunaren definizioa oraindik ez dago argi eta gaitzaren nondik-norakoak jakiteko, goizegi da.

Txertoa

Sakontzeko, irakurri: «COVID-19aren aurkako txertoa»

SARS-CoV-2ak sortutako pandemia agertu bezain laster, eta birusaren genoma ezagutu bezain laster (2021eko urtarrilean [34]) mundu osoko laborategi farmazeutikoak buru-belarri sartu ziren txertoa lortzeko erlojuaren aurkako lasterketa zorabiagarri batean.

2020ko abuztuan txertoa izateko zazpi hautagai fase aurreratu batean zeuden, saio klinikoen 3. fasean, hain zuzen ere [35]. Moderna farmazeutikoaren txertoa horietako bat da eta birusaren ARNaren zati bat darabil. ARN horrek giza zeluletan proteina biriko bat sortzen du, S proteina (S-skipe), eta gorputzak proteina horren aurkako antigorputzak sortzen ditu gero. Antigorputz horiek koronabirusaren erasoa saihestuko dute.

Txinak birus motelduekin egindako hiru txerto ditu saio klinikoen 3. fasean, eta Oxfordeko unibertsitateak adenobirus aldatu batekin (txinpantzeen hotzeria sortzen duena) erantzun immune eragitea lortu du saio klinikoetan [36]. Azken txerto horrek (AZD1222) txinpantzeen adenobirus aldatu bat bektoretzat darabil, Troiako Zaldia bailitzan. Barruan SARS-CoV-2aren material genetikoaren zati bat dauka, birusaren S proteina kodetzen duena. Adenobirusak material genetikoa askatzen du giza zeluletan sartzean eta zelulek birusaren S proteina ekoizten dute. Azkenik, immunitate-sistema aktibatzen da eta S proteinaren aurkako erantzun immunea (antigorputzak eta T linfozitoak) antolatzen du [37]

2020ko azaroan Pfizer konpainia estatubatuarrak hirugarren faseko saio klinikoek emaitza oso onak eman zituztela jakinarazi zuen [38]. Txerto horren (tozinameran) eraginkortasunak itxaropena zabaldu zuen mundu osora, eta botika etxe horrek 2021eko lehenengo hilabeteetan txertoa kopuru handietan merkaturatzeko moduan egongo zela aditzera eman zuen. Europar Batasunaren oniritzia jaso zuen txerto horreki 2020ko abenduan, eta Batasuneko estatu askotan lehenengo txertoak 2020ko abenduaren 27an ipini ziren.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak