Donostiako Aquariuma

Donostiako Aquariuma Gipuzkoako Donostia hiriburuan dagoen akuarioa da. 1928an eraiki zuten, eta 1998an zaharberritu eta handitu. Donostiako museorik bisitatuena da[1], 320.000 bisitari izan zituen 2022an[2], eta Espainiar estatuko itsas natur zientzietako museo zaharrena ere bai[3]. 360ºtako ikuspegia duen tunela eta balearen hezurdura dira elementu aipagarrienak[4].

Donostiako Aquariuma
Kokapena
Koordenatuak43°19′22″N 1°59′31″W / 43.3228°N 1.9919°W / 43.3228; -1.9919
Map
Inaugurazioa1928ko urriaren 1a
Kontaktua
HelbideaKarlos Blasco de Imaz plaza 1, 20003 Donostia
Webgune ofiziala

Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak itsasoaren inguruko ezagutzaren hezkuntza eta dibulgaziorako sortu zuen eta egun hiriko interesgune kultural eta turistikoa da. Europako zoo eta akuarium onenen artean dago, 2014an Trip Advisorren zerrendan Europako 16. museorik onena izatearen saria jaso zuen[4].

Historia

Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea

1908ko irailaren 3an Donostiako Itsas Komandantzian itsasoarekiko zaletasuna zuten hainbat aditu elkartu ziren eta XX. mendearen hasieran bolada betean zegoen ozeanografia zientzia bultzatzeko helburuaz Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea eratu zuten. Coruñan, Lisboan, Monakon eta Ingalaterra, Norvegia eta Dinamarkako hainbat itsas-portutan zeuden ozeanografia elkarteen antzekoa sortu nahian zuzendaritza batzorde bat eratu zen eta hainbat jarduera planifikatu ziren, hurrengo urteetan aurrera eraman zirenak, hala nola, adituen hitzaldi eta konferentziak antolatzea eta itsas ikerketak egitea[5]. Burutu zituen aurreneko bi lanak Arrantza Eskola eta Itsas Museo Ozeanografikoa sortzea izan zen[5].

Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea 1912an hasi zen itsasoaren inguruko hezkuntza eta dibulgazio lana egiten[6]. 1913an Euskal Herriko Ontzigintza eta Ozeanografiari buruzko erakusketa historikoa egin zen eta 1915ean Ozeanografiari buruzko Ontzigintza Museoa inauguratu zen Miramar zinema zaharretan[7].

Aquariuma

Alfontso XIII.a Espainiakoa 1928ko urriaren 1ean Aquariumaren inaugurazioan.

1928ko urriaren 1ean Alfontso XIII.a Espainiakoak Aquarium Itsas Jauregia inauguratu zuen, kaiaren muturrean, paseo berriaren hasieran eta Urgull mendiko gotorlekuaren oinean, gaur egun kokaturik dagoen lekuan hain zuzen ere[5].

1934an balearen hezurdura mitikoa ezarri zen Aquariumeko areto nagusian. 1878an harrapaturiko balea baten hezurdura da[7].

1945ean Jose Maria Navaz Espainiako Ozeanografia Institutuko (I.E.O.) biologoak Elkarteko laborategiaren ardura hartu zuen eta haren agindupean ikerketa lan handiak burutu ziren, bai eta liburutegiko funtsak handitu ere. 1976an Euskal Herriko ontzigintza ulertzeko funtsezkoa izan den Ontzigintzaren Historia eta Modelismo atala sortu zen[7].

1980. hamarkadan eraikina berrizteko lan handiak egin ziren eta 1990. hamarkadaren amaieran akuarioa bera handitu zen, Aquarium Itsas Jauregia interesgune kultural eta turistiko bihurtuz[7].

Eraikina

Eraikin nagusia Karlos Blasco Imaz plazan kokaturik dago[3], itsas-portuak paseo berriarekin bat egiten duen puntuan. 1920. urtean Juan Carlos Guerra arkitektoak diseinatu zuen "Palacio del Mar" izeneko eraikina. Euskal estiloan eraiki zen, eskualdeko dorretxe eta jauregietan ageri diren hainbat arkitektura-elementu ditu[8].

1998ko zabalkundea Juan Manuel Encio arkitektoak burutu zuen eta 2008an Hoz Arkitektoek berriztatze lanak egin zituzten[9].

Erakusketa

Bi espazio desberdin ditu, itsas museoa eta akuarioa.

Itsas museoa

Donostiako Aquariumeko balea.

Lehenengo bi solairuetan gipuzkoarrek itsasoarekin izan duten harremana eta historia erakusten da; itsas merkataritza, mota askotako itsasontzien maketak, Donostiaren kaiaren ingurukoak, arrantza motak (itsas zabalekoa eta kostaldekoa edo itsasbazterrekoa) eta baita balearen arrantzaren inguruko azalpenak ere. Azken atal batean koralak eta itsasoko fosilak ere erakusten dira[3]. 1878an Zarautz eta Getaria artean ehizaturiko euskal balea baten hezurdura ere ikusgai dago[10].

Akuarioa

Ozeanarioko tunela.

Bigarren espazioa akuarioak osatzen du. 31 akuario daude ikusgai, gaika sailkatuak. Guztira 200 arrain espezie inguru ikusten dira[11]. Gehienak Kantauri itsasoko eta Ozeano Atlantikoko fauna eta ekosistemak erakusten dituzte eta badira akuario tropikalak ere[1], Karibekoak, Indiako ozeanokoak eta Amazonas ibaikoak[3]. Mangladia da horietako bat, akuario handi samarra denez 20 arrain-espezie inguru sartu dituzte, tartean saguzar-arrainak, Caesio generoko arrainak eta beste hainbat[12].

Ozeanario handi bat ere badu, hori da akuario ikusgarriena. 1'5 milioi litro ur dituen espazioa da eta 360ºtako ikuspegia ematen duen tunel batek zeharkatzen du. 42 espezietako 5.000 arrainetik gora daude Ozeanario honetan[13], Kantauri itsasokoak orokorrean; bisiguak, itsasugeak, manta-arraiak eta tartean bost marrazo espezie[11]. Bi zezen-marrazo ditu, "Txuri" eta "Kontxita"[14], eta 2023an momar espezieko lau marrazo jaio ziren Aquariumean[15]. Ez dira ugaltzea lortu duten arrain bakarrak, katuarrainak esate baterako aspalditik ari dira ugaltzen Aquariumean[12].

Espezieen horniketa

Donostiako Aquariuma hornitzeko hainbat bide izaten dira:[12]

  • Izaki tropikalak lortzeko Europako hornitzaile handiekin jartzen dira harremanetan. Gehienak Herbeheretan daude eta garestiak izaten dira. Horrela eskuratzen dituzte pailazo-arrainak, behi-arrainak, arkaitz-arraina, eta baita nautilus zefalopodoa ere. Arrain hauen garraioa da bereziki konplikatua.
  • Arrantzaleekin lankidetzak dituzte eta haiek Kantauri itsasoko espezietaz hornitzen dute Aquariuma; itsas-aingirak, morenak, lupiak, urraburuak... Arrantzaleek zerbait berezia aurkitzen dutenean ere Aquariumera eramaten dute. Sareetan trabatuta gelditu zaizkien dortokaren batzuk ere eraman izan dituzte.
  • Inguruko akuarioekin harreman handia izaten da, bereziki Biarritzeko akuarioarekin. Arrainak aldi baterako uzten dira edo salerosketa egiten da.

Ikus gainera

Erreferentziak

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Donostia