Euskal Herriko egitura energetikoa

Euskal Herriko egitura energetikoa inguruko herrialdeen antzekoa da. enpresa pribatuak arduratzen dira energiaren horniduraz eta energia jakin batzuen ekoizpenaz. Gaur egun bi energia mota baliatzen dira Euskal Herrian; energia berriztagarriak eta ez-berriztagarriak. Energia iturri hauek nagusiki argindarra sortzeko eta erregai fosil bidezko gailuak (adb. garraioak edo berogailuak) martxan emateko baliatzen dira. Bai bata eta bai bestea gure gaur egungo ekonomia sistemaren oinarrian daude, eta haien ekoizpenak eta erabilerak errotik aldatu dute Euskal Herriko eta oro har herrialde industrializatuetako jendeen bizimoldea azken berrehun urteetan.

Industrializazioa aintzineko energia-iturri eta azpiegiturak

XVIII. mende arte, Euskal Herrian baliatzen ziren energia-iturri nagusiak egurra, egur-ikatza, haizea, ura eta abereen indarra ziren. Harrikatzaren ustiapena ezaguna bazen ere, ez zen munduko beste leku batzuetan bezain erabilia[1][2][3]. Egurra eta ikatza errez sortutako beroa besteak beste metalgintzan eta janaria prestatzeko (ogia...) baliatzen zen, eta beste energia-iturriak gailuak mugiarazteko (garraiobideak, eiherak...).

Oraindik ere baliatzen diren energia-iturriak dira, nahiz eta ez duten industrializazioarekin garatu ziren energia-iturriek beste garrantzia gaur egungo ekonomian. Haize eta ur erroten kasuan, nagusiki argindarra ekoizteko baliatzen dira orain, eta egurra zein egur-ikatza sutondoak dituzten etxeak berotzeko erabiltzen da.

Industrializazioarekin sortu edo indartu ziren energia-iturri eta azpiegiturak

XVIII. mende bukaera eta XIX. mende hastapenetik goiti eman zen industria iraultzak erregai fosilen erabilpena izugarri emendatu zuen, eta gaur egun ere energia-iturri horiek dira argindarra sortzeko eta gure ekonomian funtsezkoak diren gailuak martxan emateko erabilienak.

Lurrun makinaren asmakuntzak eta erabileraren zabaltzeak harrikatzaren ustiaketaren gorakada bortitz bat ekarri zuen. Harrikatzarekin batera petrolioaren eta gasaren erabilpena areagotu zen, eta hauek ustiatu, tratatu zein garraiatzeko azpiegitura ainitz garatu ziren XIX eta XX. mendeetan; besteak beste meatzeak, itsas-portuak, trenbideak, errepideak eta findegiak.

XX. mendean zehar argindarra ekoizteko eta garraiatzeko azpiegiturak (kable-sistema, zentral elektriko, termiko eta hidroelektrikoak, urtegiak...) izugarri garatu ziren, elektrizitatea eta elektrizitate bidezko tresnak hirietako bitxikeria izatetik etxe bakoitzeko oinarrizko baliabide izatera igarotzeraino.

Euskal Herrian kontsumitzen den argindarraren ehuneko handiena erregai fosilen bidez ekoitzia da[4].

Energia-iturri mota berriak eta zahar-berriak

Sakontzeko, irakurri: «Energia berriztagarriak Euskal Herrian»

Erregai fosilen kopurua mugatua izanki[5], eta arrazoi ekologiko eta geopolitikoak direla medio[6][7], gaur egungo ekonomia eta jendarte sistemaren energia beharrei aurre egiteko beste energia-iturri batzuk asmatzen eta garatzen dihardute hainbat sektorek[8].

Lemoizko zentrala da Euskal Herrian eraiki den zentral nuklear bakarra, baina ez zen inoiz martxan ezarri.

Energia ez berriztagarrien alorrean energia nuklearra dago. Erregai fosilen ordezko garbiago bat bada ere arriskutsuak diren hondarkinak sortzen ditu, eta zentral nuklearretan istripuak daudelarik[9] osasunarentzat kaltegarriak diren produktuak askatzen dira[10][11]. Ondorioz, energia-iturri mota honen erabilpena sutsuki eztabaidatua dago[12] eta adibidez, Euskal Herriko herri mugimenduak zentral nuklearrak eraikitzearen kontra agertu izan dira mota honetako proiektuak aurrera eraman nahi izan direnean. Gaur egun ez dago zentral nuklearrik Euskal Herrian bertan; hurbilenekoak Garoñako zentrala (Burgos) eta Arcachongoa (Gaskoinia) dira.

Euskal Herrian ekoizten diren energia berriztagarri nagusiak energia hidraulikoa eta energia eolikoa dira. Tamaina handikoa delarik, energia-iturri hauen ustiapenak eragin kaltegarria eduki dezake ingurunean eta horrek eztabaidak sortzen ditu azpiegiturak eraiki ala ez erabakitzeko orduan[13]. Eguzki-energia ere ustiatzen da maila apalago batean[14].

Gaur egun 49 parke eoliko daude Nafarroan eta 7 EAE-n (2018ko urtarrileko datuak[15]). Ipar Euskal Herrian ez da parke eolikorik[16][17], baina hainbat udaletxek herriko eraikinetan eguzki-plakak jartzeko pausoa eman dute[18].

Euskal Herriko energia ekoizle eta hornitzaileak

Hego zein Ipar Euskal Herriko energia ekoizle eta hornitzaileak enpresa pribatuak dira. Jatorriz Électricité de France (EDF) eta Endesa frantziar eta espainiar estatuen jabetza baziren ere (hurrenez hurren), gaur egun enpresa pribatuak dira. EDF-ren kasuan, frantziar estatua akzioen %80aren jabe da.

Erreferentziak

Kanpo estekak