Euskal Herriko ingurumen-arazoak

Euskal Herriak hainbat ingurumen-arazo ditu, batzuk gizakiak sortutakoak eta besteak saihestezinak direnak. Lurralde honetako ingurumen-arazoak lau zatitan banatzen dira: berezko ingurumenaren narriadura, erliebeak eta landarediak dituzten arazoak, kutsadura-arazoak eta hondakin-arazoak.

Berezko ingurumenen narriadura

Demografia

Bilbo da biztanleria gehien duen Euskal Herriko udalerria.

Euskal Herriaren hazkuntza demografikoa naturak gaur egun jasotzen duen minaren arduradun nagusia da. Egoera hau biztanleriaren banaketarengatik eta urbanizazio-maila handiarengatik gertatzen ari da; izan ere, gero eta gehiago dira eraikitzen diren eraikuntzak, lantegiak, kaleak… Horren adibide Bilbo hiria da, 1900. urtean 100.000 biztanlera heltzen ez zena eta, gaur egun, 350.000 biztanle baino gehiago izatera iritsi dena. Hala ere, Euskal Herriko herri askotan gertatzen ari da fenomeno hori eta horrek demografiaren ikaragarrizko hazkuntza sortu du eraikin, etxe eta parke berriak sortuz. Horrez gain, biztanleriaren hazkuntzak baliabideen kontsumoan eragin nabarmena du; izan ere, zenbat eta biztanle gehiago, orduan eta beharrizan gehiago baitira ase behar direnak (elikagaiak, etxebizitzak, garraioak…).

Industrien goi-dentsitatea

Estatu mailan, Euskal Herriaren industria-dentsitatea oso altua da. Bertan mota askotako industriak eta lantegiak daude, nazionalak eta nazioartekoak. Biztanleriaren beharrizanak asetzeko behar diren mekanismoak sortzeko, produzitzeko, lantzeko… erabiltzen dira.

Gehiegizko industrializazioak abantailak eta desabantailak ditu. Alde batetik, lantegiek lanpostu asko sortzen dituztenez, pertsonen bizi kalitateak gora egiten du. Hala ere, horiek izugarrizko kutsadura-arazoak sortzen dituzte, airean eta uretan batez ere, eta, ondorioz, izaki bizidun guztiek pairatzen dituzte arazo horiek. Euskal Herrian galdategi eta errausketa-instalazio ugari daude. Burdinaren eta altzairuaren galdaketak itzelezko gas kutsakorrak sortzen ditu, eta hondakinen errausketak, are gehiago. Espainian egin den erregistro baten arabera, Euskal Herrian 370 enpresek emisioak sortzen dituzte edo kutsadura iturri dira, hala nola Muskizko Petronor, Bermeo aurrean itsasoan dagoen Repsoleko Gaviota gas-plataforma edota Zabalgarbi erraustegia.

Erliebearen eta landarediaren arazoak

Erliebearen eta paisaiaren aldaketa

Bodovalle meatzea da Euskal Herriko punturik sakonena.

Euskal Herriko meategiek eta harrobiek paisaian inpaktu handia eragiten dute; izan ere, bien artean 2.146 ha-ko azalera betetzen dute, guztiaren % 0,3 dena. Hala ere, horietatik guztietatik 620 ha hutsik daude; Orozkoko harrobia da handienetarikoa. Haatik, industria huts asko dira Euskal Herriko paisaia pobretzen dutenak, adibide nabarmenena Lemoizko zentral nuklearra izanda, ez baitu inoiz funtzionatu.

Hostozabalen basoak gutxitzea

Eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun liburu, paper, armairu, eraikuntza eta abarrak egiteko erabiltzen den zura zuhaitzetatik dator. Horretarako, basoek etengabe zuhaitzak “produzitu” behar dituzte, beharrizan horiek asetzeko. Hori dela eta, basoetan azkar hazten diren zuhaitzak behar dira eta hori posible izateko, baso-landaketak sortzen dira.

Horren ondorioa hostozabalen zuhaitzen gutxitzea da, pagoak eta haritzak esaterako. Izan ere, basoak bota eta gero hostozabalekoak ez diren zuhaitzak landatzen dira, Lawson, Insignis eta altzifre pinuak hain zuzen. Beraz, ondorio horiek gehien pairatzen dituztenak basoan bizi diren animaliak dira, euren habitata aldatu egiten da eta.

Basoen galtzea

Euskal Herrian baso ugari daude. 2016. urtean ia 500.000 ha-ko azalera betetzen zuten, baina zifra horrek, baso-ustiapena dela eta, urtero behera egiten du. Ondorioz, egoera horren arrisku eta arazorik handiena basoen galtzea da. Baina basoen galera gehienbat bi arrazoiengatik ematen da: basoen botatzea eta suteak.

Basoen botatzea nahiko kontrolatua dago mendian lan egiten duten enpresen eta Eusko Jaurlaritzaren artean, zuhaitzak ebaki ondoren berriak landatzen dituztelako. Errekuntzk batzuetan asmo txarreko pertsonek eragiten dituzten arren, orokorrean, tximista, bazken errekuntza edo mendizaleen arduragabekeriengatik sortzen dira. 1989. urtetik gaur egunera 46.000 ha baso erre dira azken arrazoi horiengatik, baina azterketek esaten dute urtetik urtera baso erreen ehunekoa jaisten ari dela.

Enpresen kutsadura eta isurketak

Berriak egindako grafika, Euskal Herrian gehien kutsatzen duten enpresei buruz. Grafika interaktiboa ikus daiteke helbide honetan.

Berotegi efektuko gasen (BEG) isurketaren bilakaera aztertuz gero, kutsadurarik handiena 2000ko hamarkadan izan zen Euskal Herrian. Hortik aurrera pixka bat behera egin dute isurketek, eta dezente murriztu dira industria eta energia sektoreari dagokionez[1]. PRTR erregistroaren emaitzei erreparatuz gero[2], industria eta energia sektoreak 14,6 milioi tona isuri zituzten atmosferara 2011n, eta 11 milioi tona erregistroak datuak eskaintzen dituen azken urtean; hots, 2017an[3].

Buruan, Petronor

Petronor findegiaren tximinia nagusia.

2017ko erregistroa begiratuta, Petronor enpresak, Muskizko (Bizkaia) petrolio findegiak kutsatu zituen gehien Euskal Herriko airea eta ura. isurketei erreparatuz gero, harenak dira industria eta energia sektoreek isuritakoen %20. Guztira, Euskal Herri osoan atmosferara bota den aren %10 harena da. 2017an, 2,2 milioi tona karbono dioxido isuri zituen atmosferara, eta, horrez gain, karbono monoxidoa, nitrogeno oxidoa, sufre oxidoa eta beste gai toxiko ugari kopuru handitan. Uretara ere toxiko asko bota zituen: besteak beste, karbono organiko totala (KOT) eta era guztietako metal astunak. Kutsatzaile handietan handiena da Petronor, eta ez du bere kaltea askorik apaldu azken urteotan. Karbono dioxidoari dagokionez, esate baterako, isurketa gehiago izan zituen 2017an 2010ean baino. Jaitsi ditu apur bat nitrogeno oxidoaren isurketak, nahiz eta horretan ere jarraitzen duen Euskal Herriko isurlerik handiena izaten. Toxiko hori ozono troposferiko (ozono gaiztoa) bihurtzen da, eta oso eragin kaltegarria dauka pertsonen osasunean eta ingurumenean, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) berak ohartarazi duenez. Ozono handiko guneetan ohikoak izaten dira arnasketa arazoak eta bestelako gaixotasunak. Besteak beste, trafikoak, findegiek, erraustegiek, ziklo konbinatuko zentral termikoek eta bestelako errekuntza prozesuak erabiltzen dituztenek sortzen dute nitrogeno oxidoa[3].

Berriki Europako Batasunak egindako txosten baten arabera, Espainiako Estatuko hamar enpresa kutsatzaileen artean dago Muskizko findegia. Europako Batasuneko Ingurumen Agentziak aztertutako 14.325 enpresa kutsatzaileetan, 127. postuan ageri da[4]. 2019an Meatzaldea Bizirik plataformak salaketa bat jarri zuen Petronorren aurka, eskualdean izandako usain eta isurketengatik[3].

Ziklo konbinatuak, haizea hartzen

2000ko hamarkadan garrantzi handia izan zuten, eta, hori dela eta, euskal geografia zipriztindu zuten garrantzi handiko hainbat proiektuk, bereziki Nafarroan eta Bizkaian. 2010eko hamarkadan, baina, Euskal Herriko gas bidezko ziklo konbinatuak krisi larrian sartu ziren, eta 2017ko txostenak jasotzen dituen datuak ere horren isla dira. Esate baterako, Castejongo EdP España zentralak 0,5 milioi tona CO2 isuri zituen atmosferara, 2010ekoaren erdia. Zierbenako Bahia de Bizkaia Electricidadek ere 0,46 milioi tona isuri zituen —2010ean, 1,1 milioi tona—. Boroako (Zornotza) Bizkaia Energia eta Castejongo Iberdrolaren zentralek oraindik ere egoera txarragoa daukate. Gas bidezko ziklo konbinatuak euren ahalmenaren %15ean jardun dira azken urteotan, batez beste. Ondo ez badaude ere, aurten burua altxatzen hasi ote diren dira adituak. Izan ere, Espainiako mix energetikoaren barruan aurre hartu diete ikatz bidezko zentral termikoei. Nahiz eta haiek baino gutxiago kutsatu, airea eta ura asko kutsatzen duten instalazioak dira ziklo konbinatuak, eta klima aldaketaren aurkako borrokan traba handia dira, berotegi efektuko gasen sortzaile handiak direlako[3].

Zementu fabrikak, beste orban bat

Cementos Portland enpresa, Olatzagutian.

Porlan ekoizpenak garrantzi handia dauka Euskal Herrian, eta sektore hori osatzen duten enpresak dira industria kutsadura sortzaile nagusietako bat. Arrigorriagako, Añorgako (Donostia), Olatzagutiko eta Lemoako fabrikek ez dute kutsatzen 2000ko hamarkadan bezainbeste, baina hori gertatu da, batez ere, euren ekoizpena asko gutxitu delako, eraikuntzaren krisiaren ondorioz batik bat. Espainiako Estatuan 56 milioi tona porlan ekoitzi zituen sektoreak 2007an —produkziorik handieneko urtea izan zen—, eta 2019an 13,4 milioi tona inguruan geratu zen. Ekoizpena txikitu bada ere, eragin handiko industria da zementuarena, eta haren ingurumen inpaktua handia da oraindik ere. 2017ko txostenaren arabera, Lemona Industrial izan zen gehien isuri zuen arloko enpresa: 0,48 milioi tona. Haren atzetik, Arrigorriaga eta Olatzagutiko lantegiek bota zuten gehien. Añorgako instalazioak zenbat isuri zuen ez du jasotzen txostenak, baina karbono monoxido ( ) sortzaile handia izan zen, handienetan bigarrena Lemona Industrialen ostean. , eta beste hainbat gai kimiko kutsagarriren eragileak dira zementu fabrikak[3].

Paper fabrikak: isurketak eta usaina

Zikuñaga paper-fabrika, Hernanin

Paper ekoizpenari lotutako sektorea kutsadura eragile garrantzitsua da, eta, gainera, azken urteotan ekoizpena handitzeko hainbat inbertsio egin ditu. Hiru tokitan daude fabrikarik kutsatzaileenak: Iurretan, Hernanin eta Zangozan. Berotegi gasen isurketa garrantzitsuak egiten dituzte airera, eta eragin nabarmena daukate inguruko ibaietan. Esate baterako, Iurretako fabrikak hainbat salaketa jaso ditu, Ibaizabal ibaian kontrolik gabe egindako isurketen ondorioz. EH Bilduko parlamentariek Iurretako fabrika salatu zuten 2018an ibaira egindako isurketengatik[5], eta Iñaki Arriola Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak handik egun batzuetara adierazi zuen Uraren Euskal Agentziak txosten bat zabaldu zuela enpresaren aurka[6]. Hernaniko Zikuñagako paper fabrikak ere kexa asko eragin ditu talde ekologisten eta herritarren aldetik. Fabrika hori ekoizpena handitzeko inbertsio handiak egiten ari da azken urteotan. Haren helburua da ekoizpena %40 handitzea, eta, horretarako, 180 milioi euroko inbertsioa egingo du. 2018an, Hernani Aire Garbia plataformak mobilizazioa egin zuen Hernanin, paper fabrikak sortzen dituen usainak eta herriko aire kutsadurarengatik protesta egiteko[7]. Eguzki talde ekologistak ere behin baino gehiagotan egotzi dio usaina eta kutsadura sortzea. Zangozako fabrikak ere iragarri zuen makina bat erosi behar zuela bere ekoizpena heren bat handitzeko[3].

Zabalgarbi eta hondakinen errausketa

Hondakinen errausketaren aldeko apustua egin dute Bizkaian eta Gipuzkoan, hondakinen bidez energia sortzen dela argudiatuta. Kutsadura iturri garrantzitsu bat ere badira, baina, erraustegiak. Zabalgarbi Bizkaiko erraustegia Euskal Herrian gehien isuri zuen zortzigarren industria instalazioa izan zen, PRTR inbentarioaren arabera: 0,27 milioi tona[8]. Horrez gain, metanoa, nitrogeno oxidoa eta beste hainbat gai kutsagarri isuri zituen airera. Errausketaren bidezko kutsatzaile horiek ez ezik, hondakin ugari ere atera ziren prozesutik: 7.381 tona errauts sortu ziren —hondakin arriskutsutzat hartuak— eta 47.000 tona zepa —hondakin ez-arriskutsutzat hartuak—. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak azken horiek erabili nahi ditu eraikuntzako lanetan, eta prozesu hori bideratzeko protokoloak lantzen hasi da[3].

Gipuzkoako agintariek azken urteotan esan dute Zubietan martxan jarri nahi duten erraustegiaren zepak ere horretan erabiliko direla. Azken urteotan, gainera, nabarmen handitzen ari da dioxina eta metal astunen kutsadura Zabalgarbiren inguruetan, Tecnaliak egiten duen azterlan baten arabera. Hala ere, lan horretan adierazi dute datuak falta direla kutsadura horren erantzukizuna errauste plantari egozteko, beste iturri posible batzuk ere badirelako. Zabalgarbi 250.000 tona hondakin inguru ari da errausten urtero. Zubietan 200.000 tona errausteko gai izango den instalazioa jarri nahi dute martxan 2019 amaieran, eta, horren arabera, Gipuzkoan gehien isuriko duen bigarren edo hirugarren instalazio nagusi bihur daiteke[3].

Kutsadura arazoak

Kutsadura atmosferikoa

Boroako[Betiko hautsitako esteka] zentral termikoa

Euskal Herrian bi kutsadura atmosferiko mota bereiz daitezke: finkoak eta mugikorrak. Finkoen kasuan, kutsadura-fokua estatikoa da eta horietan edozein industria edo lantegi sartzen dira. Euskal Herria herrialde oso industrializatua denez, kutsadura finkoa nabaritzen da.

Horren kezka 1968. urtean hasi zen, Erandion izan ziren gertakizunak [9] direla eta. Horren ondorioz, 1970. urtean kutsaduraren neurketak zonalde horretan hasi ziren eta 1975ean Aire Kalitatea Zaindu eta Kontrolatzeko Sare Automatikoa instalatu ziren Bilbo Handian, estatu mailan lehenengoa izanik. Bilbo Handiko ingurunean siderurgia bat, bi zentral termiko, findegi bat, hainbat enpresa kimiko, erraustegi bat, zementu-lantegi bat eta beira-fabrika bat daude.

Hobekuntzaren bilakaeraren puntu garrantzitsuenak hauek izan dira:

  • 1979. urtean Behe Nerbioi-Ibaizabalen emisioen inbentarioa eguneratzea.
  • 1982. urtean Nerbioi-Ibaizabal gunean kutsatzaileen dinamika eta sakabanaketa eta gunearen meteorologiaren ezaugarriak aztertzea.
  • 1984. urtetik aurrera Zaintzarako Sare Automatikoa progresiboki hedatzea.
  • 1986. urtean Sentsore Sarearen sistema informatikoa ordezkatzea eta urruneko estazio kopurua 17ra areagotzea.
  • 1988. urtean Nerbioi-Ibaizabal guneko sakabanaketa-egoera aldatzea: Atmosferaren Saneamendu Plana.
  • 1990. urteko Airearen Kalitatea Kudeatzeko Plana Behe Nerbioi-Ibaizabalen.
  • 1991. urteko Atmosferaren Saneamendu Plana Debako Arroan.
  • 1992. urteko Goi Nerbioiko Atmosferaren Saneamendu Plana.
  • 1993. urteko Atmosferaren Saneamendu Plana Donostialdean eta Arabako lautadan.
  • 1994. urtean Airearen Kalitatearen Kontrolerako Sarea berria hedatzea (31 estazio) eta Bilboko Udalaren estazio automatikoak txertatzea.
  • 1996. urteko Ibaizabal eta Orian saneamendu planak (3 estazio).
  • 1995. urteko azpi-sareen instalazioa; Goi Nerbioi, Deba, Donostialdea eta Arabako lautadan (9 estazio).
  • 1996. urteko azpi-sareen instalazioa Ibaizabal eta Orian (3 estazio).
  • 1997. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiaren estazio automatikoak txertatzea, azpi-sareak Urola eta Bidasoan instalatzea eta Arabako lautadako estazioak hedatzea (8 estazio).
  • 1998. urtean hondoko estazioak instalatzea (3 estazio).
  • 2000. urtean Bilbo Handiaren kutsatutako atmosfera-gune izendapena indargabetzea.

Beste alde batetik, kutsadura mugikorra dago: trafikoa. Kutsakorrak diren garraioak herrialde guztian zehar egon arren, gehien arduratzen duten tokiak hiriak dira; Bilbo, Donostia eta Gasteiz aire kalitate txarrena duten lekuak direlako. Bilboko Maria Diaz Harokoa kalea Euskal Herriko aire kalitate txarrena duen tokia da hain zuzen ere. [10] Airearen kalitatearen inguruko azterketaren arabera, lurralde osoko biztanleriaren % 40 toki kutsatu batean bizi da. Aldiz, kutsadura gutxien dagoen tokiak Mundaka, Pagoetako natura parkea eta Valderejoko natura parkea dira.

Uraren kutsadura

XX. mendean Ibaizabal izugarri kutsatu zen ibaia zen.

Uraren kutsadura lantegiek eta hiriek ibaietara botatzen dituzten hondakinengatik sortzen da. Euskal Herrian bost ibaietatik bat kutsatuta dago eta horietan dagoen kutsakor esanguratsuena merkurioa da. Lurralde osoko ibai kutsatuenak Bizkaitik igarotzen den Ibaizabal eta Gipuzkoako Deba ibaia dira, Uraren Euskal Agentziaren (URA) arabera. [11]

Lurzoruaren kutsadura

Euskal Herriko lurzoruaren kutsadura hainbat faktoreren menpe dago: hiri eta industria-hondakinak, nekazaritzan erabiltzen diren baliabide kaltegarriak eta monolaborantza. Denbora bat pasa eta gero, hondakinak lurzoruan degradatzen dira, nekazaritzan erabilitako ur kutsatuak, pestizidak edo ongarri kaltegarriak lurrean filtratzen dira eta batzuetan nekazariek lurzoruari ez diote behar duen atsedena ematen, eta desertizazioa sortzen dute. Horrek guztiak paisaiaren degradazioa eta lurzoruaren erabilgarritasuna galtzea dakar.

Hondakin solidoak

Euskal Herrian 6 milioi tona hondakin sortzen dira urtero, edo, beste modu batera esanda, lurraldeko biztanle bakoitzak 2 tona eta erdi botatzen ditu zaborrontzi ezberdinetara. Balioa oso altua da Europarekin konparatuz; izan ere, europar bakoitzak batez beste tona eta erdi hondakin bakarrik sortzen ditu. 2010. urtetik gaur egunera, hondakinen sorkuntza % 6,8 jaitsi da, baina lurraldearen erosteko ahalmen handia dela eta, oso zaila da ehuneko hori jaistea. Industriek eta hiriek sortzen duten hondakin kantitate guztitik, %60 birziklatu edo berrerabiltzen da. [12]

Erreferentziak

Bibliografia

Kanpo estekak