Filipinak

Filipinak[1] (filipineraz: Pilipinas, ˌpɪlɪˈpinɐs ahoskatua), ofizialki Filipinetako Errepublika (filipineraz: Repúblika ng Pilipinas), hego-ekialdeko Asiako uhartedi-estatu burujabea da. Ozeano Barearen mendebaldean kokatua, kontinentetik 1.210 kilometrora, zazpi mila uhartetik gora ditu, nahiz eta horietako hamaikak egiten duten herrialdearen hedadura guztiaren % 94. 300.000 kilometro koadroko eremua hartzen du,[2] eta 2020an 108,7 milioi biztanle inguru zituen.[3] Hiriburua Manila da, eta Quezon Hiria hiririk jendetsuena.

Filipinetako Errepublika
Republika ng Pilipinas
Republic of the Philippines
Ereserkia: Lupang Hinirang (en) Itzuli
Goiburua: Maka-Diyos, Makatao, Makakalikasan, at Makabansa
("Jainko, Jende, Izadi eta Herriarentzat")

Filipinetako bandera

coat of arms of the Philippines (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaManila
14°35′45″N 120°58′38″E
Azalera343.448 km²
Punturik altuenaApo mendia
Punturik sakonenaFilipinetako itsasoa (0 m)
KontinenteaAsia
MugakideakTxinako Herri Errepublika, Indonesia, Japonia, Malaysia, Palau eta Taiwan
Administrazioa
Gobernu-sistemaerrepublika
Filipinetako presidenteaBongbong Marcos
Filipinetako presidenteaBongbong Marcos
LegebiltzarraCongress of the Philippines (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria109.035.343 (2020)
8.053.906 (2015)
Dentsitatea317,47 bizt/km²
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Erlijioakatolizismo, islam eta kristautasun
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 21
Emankortasun-tasa2,89 (2021)
Eskolaratu gabeko umeak1.070.690 (2013)
Alfabetizazioa% 96,3 (2019)
Bizi-itxaropena71,095 (2018)
Giniren koefizientea42,3 (2018)
Giza garapen indizea0,699 (2021)
Ekonomia
BPG nominala313.595.208.737,27 $ (2017)
8.706.129.172,588 (2016)
BPG per capita2.988 $ (2017)
38 (2016)
BPG erosketa botere paritarioa877.168.636.231 nazioarteko dolar (2017)
70.297.436.682 (2016)
BPG per capita EAPn8.360,509 nazioarteko dolar (2017)
551,087 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala6,8 % (2016)
Erreserbak81.413.504.334 $ (2017)
747.283.245 (2016)
Inflazioa2,6 % (2016)
1,1 (2015)
Historia
1565Filipinetako kapitaintza nagusia
1901Insular Government of the Philippine Islands (en) Itzuli
1935Filipinetako Mankomunitatea
1946Third Republic of the Philippines (en) Itzuli
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+63
ISO 3166-1 alpha-2PH
ISO 3166-1 alpha-3PHL
Ordu eremua
Elektrizitatea220 V. 60 Hz.NEMA 1-15 (en) Itzuli, NEMA 5-15 (en) Itzuli eta Europlug (en) Itzuli
Internet domeinua.ph
gov.ph

Espainiaren kolonia izandakoa lau mendez, bizitzako hainbat alorretan nabarmena da haren eragina, kulturan, erlijioan, etab., eta ekialdeko Asiako gainerako herrialdeekin baino antz handiagoa du Latinoamerikakoekin; Estatu Batuen eragina ere handia da, eta horren seinale, ingelesa izatea hizkuntza ofizial.

Izena

Filipinak izena Filipe II.a Espainiako erregetik datorkio. Ruy López de Villalobos espainiar esploratzaileak Leyte eta Samar uharteak izendatzeko erabili zuen Las Islas Filipinas izena, Asturiasko Printzearen omenez. Nahiz eta beste hainbat izen ere erabili, azkenean Filipinas aukeratu zen uhartedi osoa izendatzeko.

Filipinetako izen ofiziala historian zehar aldatuz joan da. Filipinetako Iraultzan, República Filipina izena izan zuen. Agintari koloniar amerikarrek Philippine Islands erabili zuten, gaztelaniatik itzulita. Garai hartan hasi zen Philippines izena orokortzen.

Geografia

Sakontzeko, irakurri: «Filipinetako geografia»

Mugak

Filipinetako uhartedia Ozeano Barearen mendebaldean dago, 4°40'N eta 21°10' N latitudeen artean, eta 116°40'E eta 126°34'E longitudeen artean. Ekialdean Filipinetako itsasoa du, Hego Txinako itsasoa mendebaldean eta Celebesko itsasoa hegoaldean.

Uharteak

Herrialdea 7.641 uhartez osaturik dago. Horiek hiru multzo edo azpi-uharteditan banatzen dira (ipar-hego): Luzon, Bisayak eta Mindanao. Hauek dira 11 uharterik handienak:

# [A]IzenaMultzoaEremua[4]Koordenatuak
1LuzonLuzon109.96515°59′59″N 121°00′00″E / 15.9996°N 121.0000°E / 15.9996; 121.0000 (Luzon)
2MindanaoMindanao97.5307°41′42″N 124°15′04″E / 7.695°N 124.251°E / 7.695; 124.251 (Mindanao)
3SamarBisayak13.42911°48′00″N 125°00′43″E / 11.800°N 125.012°E / 11.800; 125.012 (Samar)
4NegrosBisayak13.31010°01′34″N 122°58′01″E / 10.026°N 122.967°E / 10.026; 122.967 (Negros)
5PalawanBisayak12.1899°30′00″N 118°30′00″E / 9.5001°N 118.5000°E / 9.5001; 118.5000 (Palawan)
6PanayBisayak12.01111°10′26″N 122°30′14″E / 11.174°N 122.504°E / 11.174; 122.504 (Panay)
7MindoroLuzon10.57212°52′15″N 120°55′40″E / 12.8707°N 120.9279°E / 12.8707; 120.9279 (Mindoro)
8LeyteBisayak7.36810°50′01″N 124°50′00″E / 10.8335°N 124.8333°E / 10.8335; 124.8333 (Leyte)
9CebuBisayak4.46810°19′42″N 123°48′22″E / 10.3284°N 123.8060°E / 10.3284; 123.8060 (Cebu)
10BoholBisayak3.8219°50′41″N 124°12′49″E / 9.8447°N 124.2135°E / 9.8447; 124.2135 (Bohol)
11MasbateLuzon3.26812°15′01″N 123°30′00″E / 12.2502°N 123.5000°E / 12.2502; 123.5000 (Masbate)

Erliebea

Uharte gehienak, sumendi jatorrikoak, menditsuak dira eta oihan tropikalez estalirik daude. Tontorrik garaiena Apo mendia da (2.954 metro), Mindanaon. Sumendi ugari aktiboak dira, Pinatubo ezaguna adibidez.

Klima

Klima tropikala da, beroa eta hezea eta. Urteko batez besteko tenperatura 26,5 °C-koa da. Filipinarrek hiru urtaro bereizten dituzte: Tag-init edo Tag-araw (uda, martxotik maiatzera), Tag-ulan (urtaro euritsua, ekainetik azarora) eta Tag-lamig (urtaro hotza, abendutik otsailera). Tifoiek sarritan astintzen dute uhartedia, urtean hogei inguruk.

Landaredia eta fauna

Filipinen hegoaldean Wallace Lerroa igarotzen da, Insulindian zehar Asia eta Australia banatzen dituen alegiazko lerroa. Fauna eta, hein txikiago batean, flora desberdinak dira lerroaren bi aldeetan, nahiz eta geografia aldetik hurbil egon eta antzeko klima eduki, historia ebolutibo desberdina erakutsiz. Lerroa Bali eta Lombok uharteen artean igarotzen da Java ekialdean, Borneo eta Sulawesi artean gero eta azkenik Filipinetako hegoaldetik.

Historia

Historiaurrea eta garai prehispanikoa

Filipinetako giza espezierik zaharrena Homo luzonensis da, duela 67.000 urte bizi izan zena. Luzongo iparraldeko Callao kobazuloan 2007an aurkitutako hezur bati esker deskribatu zen. Gizabanakoak txikiak ziren: helduak 1,20 metro ingurukoak, eta zuhaitzetan bizitzeko egokiturik zeudela uste dute, haien oinetako hezurrak ikusirik.[5] Gizaki modernoaren fosilik zaharrena, berriz, duela 16.500 urteko Tabongo gizakia da, Palawan uharteko Tabon haitzuloan 1962an topatutako kaskezurra. Duela 3.500-4.000 urte, Taiwanetik abiaturik, austronesiarrak iritsi ziren Luzon uhartera. Neolitoko teknologien jabe, austronesiarrak harremanetan jarri ziren lehenagoko biztanle ehiztari-biltzaileekin.[6] K. a. 1000 aldean, lau talde sozial mota zeuden uhartedian: tribu ehiztari-biltzaileak, herri gerrazaleak, lur garaietako plutokraziak, eta portu-printzerriak.[7]

Ezagutzen den Filipinetako idazkunik zaharrena Lagunako kobrezko xafla da (900. urtea).[8] X. mendetik aurrera, zenbait portu hiri sortu ziren kostaldean, Asiako beste herrialde batzuekin merkataritza harremanak zeuzkatenak. Txinarekiko harremanak Tang dinastiaren garaian (705–907) hasi arren, Song dinastian zehar (960–1279) sendotu ziren. Indiako kulturaren ezaugarri batzuk Majapahit Inperioaren bitartez iritsi ziren, eta XV. menderako Islama finkaturik zegoen Sulu artxipelagoan, eta handik hedatuz joan zen.

Espainiar kolonizazioa

1521eko martxoaren 16an, Fernando Magallaes eta Juan Sebastian Elkano esploratzaileak lehorreratu ziren uhartedian. 1565eko otsailaren 13an, Miguel Lopez Legazpi zumarragar militarra Cebura heldu zen eta, hainbat borrokaren ostean, bakea hitzartu zuen Rajah Tupas buruzagiarekin. Espainiarrek eraikin militar sendoa eraiki zuten bertan, eta handik Filipinetako gainerako lurraldeak mendean hartzeari ekin zioten. Legazpi Cebuko administratzaile geratu, eta ondoko herrialdeekin komertzioa indartzen saiatu zen, batez ere, Txinarekin. Hitza eta armak tartekatuz, pixkanaka hartu zituzten Panay, Masbate, Mindoro eta Luzon, non tagaloen erresistentzia gogorrarekin topatu ziren. 1571n, Mayniladen kontrola hartu zuten, eta Espainiar Ekialdeko Indien hiriburu izendatu.[9]

Eliza barroko katolikoak (irudian Paoayko San Agustin eliza, Luzonen), Espainiar Inperioaren eragin argienetakoa.

Bien bitartean, 1565ean Andres Urdanetak Itzulbidaia aurkitu zuen, alegia, Filipinetatik Mexikora itzultzeko bidea, Ozeano Barea ekialderantz zeharkatuz. Ibilbide horrek Kuroshio itsaslasterra jarraitzen zuen iparraldeko 42 graduko latitudean. Berehala konturatu ziren aurkikuntza horrek zuen garrantziaz, bai Filipinak Espainiaren mende izateko, bai Asia, Amerika eta Europaren arteko harreman komertzialetarako. Horiek horrela, nabigazio lerro bat ezarri zen Asia eta Amerika artean, Manilako galeoia, Filipinetako historian guztiz erabakigarria.[10] 1566ko maiatzaren 1ean hasi zen, San Jerónimo ontzia Acapulcotik irten zenean, eta bi mende eta erdiz iraun zuen Filipinak eta Mexiko arteko garraioa egiten.

Espainiar kolonizazioaren berezitasunak

Filipinetako kolonizazioak ez zuen sortu garrantzi handiko mestizaje -eta akulturazio- oinarririk. Metropoliaren eta artxipielagoaren arteko harremanak, batez ere, nekazaritzako baliabideei lotutakoak izan ziren, Filipinetako Konpainia zaharrak monopolizatuta, eta apaiz eta misiolarien lanari lotutakoak. Harreman horren irudia ematen du XIX. mendearen erdialdeko diplomazialari baten testigantzak:

«Koloreko jendeak borondatez eman behar dio zuriari errespetua eta obedientzia. Helburu hori lortzeko lehenengo taldea maila intelektual eta moral eskasean eduki behar da, kopuruz indartsuago izanda ere indar politikorik izan ez dezan (...).

Orain Manilan mutilentzat dauden eskolak itxi egin behar dira (...).Arma-zerbitzuetan ez dute soldadu arruntetik, edo gehienez, kabotik gora egin behar. Hobe da espainiar nekazari bat egitea sarjentu edo ofizial, irakurtzen eta idazten ez badaki ere, indigenarik argiena baino (...)".

»

—Sinibaldo Mas y Sanz idatzita. "Informe sobre el estado de las islas Filipinas en 1842".(6)


Nahiz eta kolonizazioa erabatekoa ez izan, independentzia lortu zutenerako populazioaren % 15en ama hizkuntza gaztelania zen. Iraultzarako deialdia gaztelaniaz egin zuten eta Filipinetako hizkuntza gehienek gaztelaniaren eragina dute gaur egun, bereziki chavacanoak. Aipagarria da Asiako herrialdeen artean gehiengo katolikoa duen bakarra dela.

Espainiar agintearen gainbehera

1785ean, Filipinetako Konpainia eratu zen, Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren jarraipena. Ilustrazioaren garai betean sortua, konpainia berriak Asiaren eta Espainiaren arteko merkataritza zuzenaren monopolioa jaso zuen. Filipinetako produktuek muga-zergarik ordaintzen ez zutenez, azukre-kanabera, anil, masustondo (zeta ekoitzeko) edota piperbeltzaren laborantza sustatu zen, eta baita ehun fabrikak ere.[11] XIX. mendearen hasieratik aurrera, gero eta merkatari atzerritar gehiago kokatu ziren Manilan. Manilako galeoiak, 1815ean egin zuen azken bidaia, eta 1834an Koroak Filipinetako Konpainia desegin zuen, eta merkataritza askea onartu uhartediko portuetan.[12]

Latinoamerikako independentzia gerrek ere lagundu zuten filipinar nazio nortasuna sendotzen. 1872ko urtarrilaren 20ean, 200 filipinar soldadu eta langile matxinatu ziren Cavite hirian espainiar zapalketaren aurka. Altxamendua birrindu ondoren, agintari kolonialek hiru apaiz liberal, José Burgos, Mariano Gomez eta Jacinto Zamora, hilarazi zituzten, subertsioa egotzirik.[13] Horren ondoren, Marcelo H. del Pilarrek, José Rizalek eta Mariano Poncek propaganda mugimendu bat antolatu zuten Espainian, eta Filipinetan erreforma politiko sakonak egiteko galdegin zioten gobernuari,[14] uhartediak Espainiako legebiltzarrean toki bat izatea barne. Baina, Canovas del Castilloren gobernuak errotik ukatu zuen horrelako aukerarik, eta gogor zapaldu zituen estatus aurreratuago baten aldeko aktibistak. Filipinetara itzuli zelarik, Rizal atxilotua izan zen, eta 1896ko abenduaren 30ean hilarazia, matxinadaz akusaturik.[15]

Iraultza eta estatubatuar agintea

Sakontzeko, irakurri: «Espainia-Estatu Batuak Gerra»

1892an, Rizalen atxiloketaren ondoren, Andrés Bonifaciok Katipunan sortu zuen, Filipinen independentziaren aldeko ezkutuko elkartea. Elkartea azkar zabaldu zen Manilatik probintzietara, eta 1896an 30.000 kide zituen. Urte horretan, Filipinetako Iraultza hasi zuten espainiar aginte kolonialaren kontra.[16] 1898ko apirilean, Espainiaren eta Estatu Batuen arteko gerra piztu zen Kuban, eta laster hedatu zen Filipinetara. Espainiarren ahuleziaz baliaturik, Emilio Aguinaldok independentzia adierazi zuen 1898ko ekainean. Baina, Estatu Batuen aurkako gerra galdu zuelarik, Espainiak Parisko Ituna sinatu zuen, uharteak amerikarren esku uzten zituena 20 milioi dolarren truke.[17] Horren ondorioa izan zen Estatu Batuen eta filipinar independetziazaleen arteko gerra, 1899an hasi eta, ofizialki, 1902an amaitu zena.[18]

1899-1902 bitarteko gerran nagusiturik, Estatu Batuek berenganatu zuten lurraldea. Azkenik, 1946ko uztailaren 4an uhartediak independentzia erdietsi zuen.

Filipinak independenteak

Filipinek 1946an lortu zuten burujabetasun formala Estatu Batuen mendekotasunetik, baina egoera berriak ez zuen ekarri aldaketa sozial nabarmenik herrialdera. Horrela, gaur egun ere, oraindik lurjabe handien lurrak lantzen dituzte nekazariek; lurraren % 60aren jabetza nekazarien % 20aren esku dago eta lurjabeen oligarkiak indar handia du bertako politikan. Bestalde, ordura arte bezala, Filipinetako gobernuaren politika eta ekonomia Estatu Batuen eraginpean egon zen 1992 inguru arte; orduan alde egin zuen Estatu Batuetako gudarosteak Filipinetan zituen baseetatik, sumendi erupzio baten ondorioz.

1965etik 1986ra, Ferdinand Marcos diktadorea izan zen lehendakari, baina 1986an oposizioa gobernuaren gehiegikerien kontra altxatu zen, eta demokratizaziorako bidea zabaltzeko eskatu zuten. Izan ere, Marcosen agintaldian gero eta gehiago areagotu zen zapalkuntza, Estatu Batuetako gudarostearen laguntzarekin oro har, bai mugimendu armatu independisten kontra (Mindanaoko independista musulmanak etab.) eta bai oposizio politiko eta sindikalaren kontra ere.

Azkenik, 1986an egin ziren hauteskundeetan oposizioaren ordezkari zen Corazon Aquino hautagaiak, hiru urte lehenago hil zuten Benigno Aquino oposizioko buruaren alargunak, iruzurra egon zela salatu eta desobedientzia zibilerako deia egin zuen. Militar batzuek matxinada antolatu zuten, herritarren laguntzarekin, eta Marcosek erbestera ihes egin behar izan zuen. Aquinok hartu zuen lehendakari kargua, baina arazo larriei eta estatu kolpea emateko zenbait saiakerari aurre egin behar izan zien. 1987an konstituzio berria onartu zen, baina berrikuntza ekonomikoen gelditasunak herritarrei eragindako haserrea eta militarren presioa zela-eta, zailtasunak izan zituen Aquinok herrialdea gobernatzeko. Gerrillak ere bere horretan jarraitu zuen, bai Mairuen Nazio Askapenerako musulman autonomistenak (FLNM) eta bai maoismoaren jarraitzaile diren komunisten Herri Gudaroste Berriak (NAP).

Mindanaon gatazka larriak izan ziren, Mairuen Askapen Frontearen iritzian Filipinetako gobernuak ez duelako bete 1987ko konstituzioak zioena. 1992ko hauteskundeetarako demokrazia finkatuta zegoen, gutxi asko, nahiz eta gerrilla komunista eta musulmanek indarrean zirauten eta Filipinek ez zuten beren inguruko zenbait herrialdek bezain ekonomia bilakaera bizkorra, baina Aquinok Fidel Ramos hautagai militarraren alde egin zuen, eta Ramos izendatu zuten lehendakari. 1993an FLMN talde musulmanarekin su-etena sinatu zen; horrela amaitu zen 20 urtean 50.000 hildako eragin zituen liskarra. Gerrilla talde txikiago batek, dena den, borrokan jarraitu zuen Mindanaon estatu musulmana ezartzearen alde, harik eta 1996an bake hitzarmena sinatu zen arte.

1994an, Ramosek koalizio berria osatu zuen gehiengo nagusiak bildurik, eta horri esker 1995eko hauteskundeak irabazi zituen. Hainbat neurri hartu zituen, ekonomiaren segurtasuna areagotzeko (industrializazioa bultzatzea harturik helburu nagusi) eta gizartea baretzeko: amnistia eman zuen, alderdi komunista legeztatu zuen, nazio batasunerako batzorde bat osatu zuen eta komunistekin, musulmanekin eta ofizial gazteekin harremanak hobetzen ahalegindu zen.

1998an, berriz, Joseph Estrada lehendakariorde eta oposizioaren hautagaiak irabazi zituen lehendakaritzarako hauteskundeak. Aurreko agintariaren politikari jarraipena eman zion, ekonomista adituen aholkuei jarraituz, eta pobreziaren kontrako borroka izan zuen kezka nagusia (1995ko elikagaien krisiarekin, esaterako, Filipinetako biztanleen bi herenetik gora gelditu zen pobreziaren mailatik behera). Estradaren agintaldia ustelkeriaz eta iruzurrez betea egon zen; 2001ean dimisioa ematera behartu zuten, eta Gloria Macapagal-Arroyo izendatu zuten lehendakari.

Azken urteak

2004an, Macapagalek irabazi zituen hauteskundeak, baina jende askok zalantzan jarri zuen haren garaipena eta protesta handiak izan ziren haren dimisioa eskatuz.

2014ko uztailaren 28an, Abu Sayyaf talde islamikoak hemeretzi lagun hil eta hamar zauritu zituen Filipinetan, atentatu batean. Sulu uharteko Talipao herrian gertatu zen erasoa, biktimak auto ilara batean zihoazela. Eskualde horretako agintariekin bake elkarrizketak egiten ari ziren[19]. Abenduaren 6an, Hagupit tifoiagatik 600.000 herritarrek alde egin behar izan zuten etxetik[20]. Gutxienez 3 pertsona hil ziren, 890.000 lagun etxetik atera behar izan zituzten eta haizeak 170 kilometro orduko abiadura eduki zuen[21].

Politika eta administrazioa

Gobernua

1987ko konstituzioaren arabera, errepublika presidentzialista da. Presidentea da estatuburua eta gobernuburua. Parlamentuak bi ganbera ditu: Senatua (24 kide) eta Ordezkarien Ganbera (filipineraz: Kapulungan ng mga Kinatawan ng Pilipinas; 297 kide).[22]

Banaketa administratiboa

Sakontzeko, irakurri: «Filipinen banaketa administratiboa»

Bangsamoro eskualde autonomoa izan ezik, estatu unitario gisa gobernaturik dago. 17 eskualde, 81 probintzia, 146 hiri, 1.488 udalerri eta 42.036 barangaytan banaturik dago.[23]

Filipinetako probintziak eta eskualdeak.
EskualdeaHiri nagusiaEremua[2]
(km²)
Biztanleria
(2020ko
zenbatespena)
[2]
Dentsitatea[2]
(bizt/km²)
Bicol
V eskualdea
Legazpi17.2906.133.836354,8
Cagayan ibarra
II eskualdea
Tuguegarao26.3883.657.741138,6
Calabarzon
IV-A eskualdea
Calamba15.59516.057.2991.030
Caraga
XIII eskualdea
Butuan18.6032.753.109148,0
Cordillera
CAR
Baguio18.1881.807.73899,39
Davao
XI eskualdea
Davao18.8095.290.869281,3
Ekialdeko Bisayak
VIII eskualdea
Tacloban20.8364.742.337227,6
Erdialdeko Bisayak
VII eskualdea
Cebu Hiria14.2857.957.046557,0
Erdialdeko Luzon
III eskualdea
San Fernando21.22812.313.718580,1
Hiriburu Nazionalaren Eskualdea
NCR
Manila59913.804.65623.060
Ilocos
I eskualdea
San Fernando12.3045.270.807428,4
Iparraldeko Mindanao
X eskualdea
Cagayan de Oro17.4875.017.051286,9
Mendebaldeko Bisayak
VI eskualdea
Iloilo20.0427.904.899394,4
Mimaropa
IV-B eskualdea
Calapan26.7073.174.859118,9
Bangsamoro
BARMM
Cotabato12.4704.183.316335,5
Soccsksargen
XII eskualdea
Koronadal17.9904.919.936273,5
Zamboangako penintsula
IX eskualdea
Pagadian14.5903.782.761259,3
FilipinakManila300.000108.771.978362,6

Demografia

Biztanleria

2020an 108,7 milioi biztanle inguru zituen.[3] Adinari dagokionez, 0-14 urte bitartekoak, % 32,4 dira; 15-24 urte bitartekoak, % 19,1; 25-54 urte bitartekoak, % 37,4; 55-64 urte bitartekoak, % 6,2; eta 65 urtetik gorakoak, % 4,9. Bizi itxaropena 70,3 urtekoa da: 66,8 urtekoa gizonezkoena eta 74 urtekoa emakumezkoena (2021eko zenbatespenak). Biztanleriaren % 98,2 alfabetaturik dago.[22]

Banaketa etnikoa

Azpimarratzekoa da Filipinetako etnia aniztasuna. Austronesiarrak dira gehienak, baina 175 talde etnolinguistiko baino gehiago bereizten dira. Tagaloak (% 24,4 2010ean), bisayak (% 11,4), cebuanoak (% 9,9), ilokanoak (% 8,8) eta hiligaynon edo ilonggoak (% 8,4) dira ugarienak.[22]

Hizkuntzak

Sakontzeko, irakurri: «Filipinetako hizkuntzak»

170 hizkuntza baino gehiago mintzatzen dira, ia guztiak austronesiarrak. Hala ere, bi hizkuntza soilik dira ofizialak herrialde osoan, filipinera (berez tagaloaren aldaera bat) eta ingelesa. Eskualdeko hizkuntzak (cebuera, ilokano, hiligaynon, bikol, waray-waray, kapampangan, pangasinan, kinaray-a, maranao, maguindanao, tausug) hizkuntza ofizial laguntzaileak dira bakoitzaren eskualdean. Gaztelania eta arabiera aukerazko sustapena dute.

Herrialdeko hizkuntza austronesiar nagusiak hauek dira, hiztun kopuruaren arabera:

Immigranteen komunitateen eraginez, beste hizkuntza batzuk ere hitz egiten dira, hala nola txinera, japoniera, koreera eta arabiera.

Erlijioa

Katolikoak dira Filipinetako biztanle gehienak, % 80,6, protestanteak % 8,2, bestelako kristauak % 3,4, musulmanak % 5,6, tribu-erlijioen jarraitzaileak 0.2%, eta sinesgabeak % 0.1 (2010eko zenbatespena).[22]

Hiri nagusiak

Ekonomia

Berriki industrializatutako herrialdea da Filipinak. Nekazaritzak BPGaren % 9,6 ekartzen du, industriak % 30,6, eta zerbitzuek % 59,8. 2011tik 2017ra, ekonomia % 6 baino gehiago hazi zen urtean. Aberastasuna, ordea, gutxiren artean banaturik dago. 2010-2019 bitartean langabezia-tasa % 7,3tik % 5,1era jaitsi bazen ere, artean azpienplegu handia zegoen (% 17 inguru).[22]

1998an Filipinetako ekonomiak hondoa jo zuen Asiako finantza krisi orokorraren eta eguraldiaren gorabeheren eraginez. Ekonomiaren hazkunde tasa % 0,5 apaldu zen 1997an. Gobernuak erreformak egin zituen, filipinarrek ekialdeko Asiako herrialde industrializatu berrien artean bere lekua izan zezaten. Azpiegiturak hobetzea, zerga sistema berrantolatzea gobernuaren diru sarrerak hobetzeko, eta ekonomiaren pribatizazioa eta deszentralizazioa bultzatzea izan ziren bide horretan erabilitako estrategiak.

Ekonomia jarduerarekin loturik, baso soiltzea kalte handiak eragiten ari da; 1991ko Uring tifoiaren ondoriozko uholde handietan, esaterako, hondamen handiak izan ziren zuhaitzik ezaren eraginez. Ingurumenarekin, demografiarekin eta politikarekin loturiko gorabeherak direla-eta, zailtasun handiak daude Filipinetako biztanleen ongizatea areagotzeko. Horrekin batera, azpimarratzekoa da kanpo merkataritzatik jasotzen duen diruarekiko mendekotasuna; izan ere azukrea, kokoa, zura eta kobrea esportatzen ditu, besteak beste, eta era horretako lehengaiak saltzen dituzten herrialdeak munduko prezioen mende egoten dira, eta ez dute prezio horien gaineko kontrolik izaten. Inportazioek hartzen dute kanpo merkataritzaren % 55 eta esportazioek % 45 (2019ko datuak). Beti ere, azken urteetan garrantzi handia hartu dute bestelako ekoizpen batzuek, hala nola erdieroaleek, elektronika produktuek, garraio-ekipamenduek eta jantziek.[22]

Kultura

Gizateriaren ondarea

Erreferentziak

Kanpo estekak