Fritz Lang

Friedrich Anton Christian Lang (Viena, 1890eko abenduaren 5a - 1976ko abuztuaren 2a) Austriako zinema zuzendaria, gidoigilea eta noizbehinkako ekoizlea izan zen. Alemaniako zinema-eskola espresionistan parte hartuta (Metropolis, Das Testament des Dr. Mabuse eta M film ezagunak sortu zituen), Hollywoodera joan zen XX. mendeko 30eko hamarkadan (1935ean amerikar naziotasuna eskuratu zuen).

Fritz Lang


Epaimahaiko presidentea Cannesko Zinemaldian


Armand Salacrou - Olivia de Havilland
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFriedrich Christian Anton Lang
JaiotzaViena1890eko abenduaren 5a
Herrialdea Alemania
 Austria
 Ameriketako Estatu Batuak  (1939ko abuztuaren 14a -
Lehen hizkuntzaingelesa
HeriotzaBeverly Hills1976ko abuztuaren 2a (85 urte)
Hobiratze lekuaForest Lawn Memorial Park (en) Itzuli
Familia
Ezkontidea(k)Lily Latté (en) Itzuli
Lisa Rosenthal (en) Itzuli  (1919 -  1921)
Thea von Harbou  (1922ko abuztua -  1933ko apirila)
Hezkuntza
HeziketaKönigliche Kunstgewerbeschule München (en) Itzuli
Vienako unibertsitate teknologikoa
Hizkuntzakingelesa
alemana
Jarduerak
Jarduerakfilm-zuzendaria, gidoilaria, aktorea, film-muntatzailea, zinema aktorea, zinema ekoizlea eta errealizadorea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
Mugimenduaespresionismoa
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakLehen Mundu Gerra
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakristautasuna
judaismoa

IMDB: nm0000485 Allocine: 553 Rottentomatoes: celebrity/fritz_lang Allmovie: p98675 TCM: 1127573 TV.com: people/fritz-lang
Musicbrainz: f45e37cb-b112-456b-b09b-0e83c0cb3c41 Discogs: 4592617 Find a Grave: 5093 Edit the value on Wikidata

Aurreneko urteak

Friedrich Lang Vienan jaio zen 1890ean. Familiak ez zuen diru arazorik izan: aita, Anton Lang, arkitektoa izan zen, eta eraikuntza alorreko enpresa baten jabe. Katolikoak ziren etxean, nahiz eta ama, Paula Schlesinger, helduaroan kristautako judua izan. Oinarrizko ikasketak egindakoan, 1905ean aitak behartuta Fritzek Vienako 'Technische Hochschule'n (Goimailako Eskola Teknikoan) izena eman zuen arkitektura ikasteko asmoz; arteak, hala ere, sasoi horretan ere erakarri zuen. Hiru urte eman zituen ikastegian, gogoz kontra izan arren. Dena den, gerora, ikasitakoek eragina izango dute zinema zuzendariaren estiloan. Sasoi honetan irakurri zuenak garrantzi handia izan zuen haren formazioan: filosofia (Schopenhauer, Nietzsche, Kierkegaard), abenturazko literatura (Jules Verne eta Karl May), magia, okultismoa... Pintura oso gustuko zuen, eta Egon Schiele eta Gustav Klimt margolarien jarraitzailea izan zen. Vienako gaueko giroa, kafetegiak eta kabaretak ondo asko ezagutu zituen; izan ere, halako bitan, Femine eta Hölle izenekoetan, egin zuen lan. Gurasoen iritziaren kontra arkitektura ikasteari laga zion eta Vienako Arte Grafikoen Akademian hasi zen ikasten, handik gutxira Nurembergera joateko eta, azkenean, Municheko Arte Ederretako Eskolara. 1910ean mundu zabalean bidaiatzeari ekin zion (Alemania, Beljika, Herbehereak, Asia, Errusia, Ipar Afrika, Txina, Japonia). 1913an Parisen da, berriro ere, Montmartre auzoan hartu du bizileku eta edozelako lanak eginez hainbestean konponduko da: marrazkigile, diseinugile, akuarela-egile... Zinemarekin aurreneko hartu-emana izango du. Ezagunak zituen western zahar eta mutuak, Vienan ikusitakoak, baina Parisen ikusitako filmek zer pentsatua emango diote eta arte berriak zelako baliabideak eskaintzen dituen konturatuko da. Lehen Mundu Gerra hastear dela, Vienan da ostera eta handik gutxira soldadu ibiliko da Errusian eta Errumanian.[1]

Alemanian egindakoak

Gerra amaitu barik, 1916an, zaurituta itzuli zen etxera. Gaixoaldiak iraun zuen bitartean idazteari eta hainbat filmetarako izan zitezkeen planteamenduak jorratzeari ekin zion. Behin sendatuta, marrazkiak egiten eta aktore lan txikiak osatzen ibili zen aldi baterako. UFA konpainiako Joe May zuzendari eta ekoizlea ezagutu zuen, eta Langek zuzentzen hasteko aukera ikusi bazuen ere, ez zen halakorik gertatu: hiru gidoi bederen saldu zizkion ekoizpen etxe horri, baina Mayk berak egokitu zituen pantailarako (Die Hochzeit im Ekzentrik Klub, Joe Debbs eta Hilde Warren und der Tod ziren lanen izenburuak). 1918an, eta ordurako teniente izendatu bazuten ere, ez zioten aukerarik eman armadan jarraitzeko eta Berlinera abiatu zen; Erich Pommer ekoizlearen antzerki enpresan hasi zen lanean. Laburra izan zen antzerkiak moldatzen eman zuen sasoi hura, UFA estudioetan filmak zuzentzen hasi baitzen. Abangoardiakotzat jo zitezkeen lanak eta jende xeheari zuzendutako ekoizpenak tartekatu zituen hasiera hartan: Der Müde Tod (Herio Nekatua) eta Die Spinnen (Armiarmak) dira batzuen eta besteen adibide, hurrenez hurren. Mota batekoetan zein besteetan, espresionismoak eskura jarritako baliabide teknikoak erabili zituen.1920an Thea von Harbou ezagutu zuen, handik gutxira emazte izango zena eta Alemanian sortu zituen filmen gidoietarako lankide. Elkarlan horrek halako uzta eskaini zuen: Dr. Mabuse Der Spieler (1922), Die Nibelungen (1924), Metropolis (1926), eta M (1931). 1924an Lang Ameriketako Estatu Batuetara abiatu zen, Alemaniako kultur ordezkaritza bateko partaide. Bidaiaren helburua hango zinemagintzarako bideak gertutik ikustea eta ikastea zen, eta Erich Pommer ekoizlearekin batera joan zen. Antza, New Yorkera hurbiltzen ari zirenean, itsasontzitik bertatik jasotako ikuspegiak eragina izango zuen handik gutxira zuzendu zuen Metropolis filmaren arkitekturan.

Fritz Lang eta Thea von Harbou, 1923-1924ko erretratu batean.
Fitxategi:Зигфрид.jpg
Die Nibelungen: Siegfried filmaren irudi bat.

Das Testament des Dr. Mabuse (1933) filma bukatu orduko Langek Joseph Goebbels zain zeukan, berebiziko garrantzia zuen bilera batera deitu baitzuen. Naziak kezkatuta ei zeuden, filmak ikusleen artean eragin zezakeen iraultzarako gogoa zela eta. Goebbelsek, ordea, proposamena egin zion: UFA estudioetako buru egin nahi zuen eta nazien aldera erakarri. Bilerak luze jo zuen antza, eta handik irten zuenerako bankuak itxita zeuden. Langek ez ei zuen zalantza izpirik: atzerrirako bidea poltsikoak hutsik egingo zuen. Parisa heldu eta 1934an Charles Boyer aktoreak antzeztutako Liliom filma egin zuen. Ez ziren gutxi Alemaniatik ihes egindako sortzaileak: han ziren, besteak beste, Erich Pommer, Peter Lorre, G.W. Pabst, Seymour Nebenzal, Billy Wilder, Frank Wexman, Friedrich Hollander eta Robert eta Curt Siodmak. Handik gutxira, horietako askok Ameriketako Estatu Batuetara alde egin behar izan zuten, tartean Fritz berak[2]. Langen andreak, ordea, 1932an Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialistan izena emana zuen eta Alemanian geratzea argi zeukan; 1933an banandu ziren.

Ameriketan

1934ko ekainaren 1ean Langek kontratua sinatu zuen Metro-Goldwyn-Mayer estudioekin. Zer zuzendu erabaki ez, eta denboratxoa eman zuen Ameriketako Estatu Batuak eta beronen jendea eta ohiturak ezagutzen: autoa hartu eta herrialdean zehar han-hemen ibili zen, eta hizkuntza ahal bezain ondo ikasten. Lehen lana Fury (1936) izan zen. Hogei urtean hogeita lau film zuzendu zituen, konpainia handien babesean zein berak ekoiztuta: Metro -bi film-, Paramount -bi-, Fox -lau-, United Artist -bat-, RKO -bat, Columbia -bi-; ekoiztetxe txikien kasuan banaketa hau da: Diana Productions -bi-, Fidelity Pictures -bi-, Arnold Productions -bat-, International Pictures -bat-, United States -bat- eta Blue Gardenia Productions -bat-.

XX. mendeko 40ko urteen amaieran komunismoaren usaina izan zezakeen edozeren aurkako jazarpena hasia zen, eta horrek eragin handia izan zuen Langen lanean. Hona Langen beraren berbak:

«Sorginen ehiza deitu zuten hura ezagutu genuen, bai ondo ere; House by the River (1950) filma sortzen ari ginen. Ez naiz inoiz Alderdi Komunistako kide izan, baina, bai, ezkerra nuen gogoko. Komunista deitu zidaten dena den, eta ordutik aurrera lan barik geratu nintzen. Ez zidaten inongo kargurik leporatzen, ez zuten zuzen esaten komunista nintzela, izan nintekeela baizik. Eta nahikoa zen antza.»


Positif aldizkaria, 94. zenbakia, 1968ko apirila.

While the City Sleeps (1956) eta Beyond a Reasonable Doubt (1957) Ameriketan sinatutako azken lanak izan ziren. Gogaituta zebilen erabat Hollywooden lan egiteko moduaz eta egileari ezartzen zitzaizkion muga eta baldintzez. Londresen izan zen sasoi batean Taj Mahal izena izan behar zuen film bat bideratzeko, Alexander Kordak ekoiztua. Eszenak topatzeko Indiara beren beregi egindako bidaiatik itzuleran lanak bertan behera geratu behar zutela esan zioten. Asmoa ezerezean geratu zen. Orduan Alemaniarako bidea egin zuen. Egokitzapena ez zen samurra izan, eta hainbat saio egin zuen filmatzen jarraitzeko. Arthur Brauner ekoizleak, aldez aurretik ere saiatu zena Lang erakartzen, 1921eko film baten bertsioa berriro egiteko konbentzitu zuen, eta bi partetan aurkeztu zuen: Der Tiger Von Eschnapur (Eschnapurreko Tigrea) eta Das Indische Grabmal (Indiako hilobia) (1959). Arrakasta handiko lana izan zen, eta horrek kemena eman zion Langi lanean jarraitzeko. Ostera ere aspaldiko gaia eta pertsonaia berreskuratuko ditu: Die Tausend Augen Des Dr. Mabuse (1960). Frintz Langen azken lana izan zen.

Azken urteetan Langi nekeza egin zitzaion lanik atontzea; ekoizteko trabak besterik ez zuen ikusten. Gidoiak eta egitasmoen zirriborroak landu zituen, inora ailegatu ez baziren ere. Omenaldiak jasotzeko sasoia izan zen, film jaialdietan aditu eta gonbidatu aritzekoa (Cannes, 1964; Venezia, 1967; Donostia, 1970)... Erretiroa hartzeko Ameriketako Estatu Batuetara joan zen, eta Beverly Hillseko bere etxean eman zituen azken urteak. 1976ko abuztuaren 2an zendu zen.

Frau Im Mond filmean lanean (1929ko otsaila)

Filmografia

Sakontzeko, irakurri: «Frintz Langen filmak»

Erreferentziak

Kanpo estekak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Fritz Lang