Garapen iraunkor

Baliabide naturalen eta ondarearen kalitatea eta kantitatea gordetzen dituen garapena

Garapen iraunkorra, jasangarria edo sostengagarria garapen mota bat da (ekonomiarena, hiriena, gizartearena eta abarrena), ondorengo belaunaldien garapena eragozten ez duena, baliabide naturalen eta ondarearen kalitatea eta kantitatea gordetzen baititu.

garapen iraunkorra
garapen iraunkorra

Helburua, hiru zutabe hauek bateratzea da:

Bateratze hori hiru zutabeen edo kontzeptuen arteko harremanean datza. Harreman hori 3 B kontzeptuak dira:

  • Bideragarria (ingurumenaren eta ekonomiaren arteko oreka).
  • Bidezkoa (ekonomiaren eta gizartearen arteko oreka).
  • Bizigarria (gizartearen eta ingurumenaren arteko oreka).

3 B horiek betetzen badira, garapena iraunkorra izango da.

Izenaren inguruan

Kontzeptu hau izendatzeko Euskaltzaindiak garapen iraunkor terminoa hobetsi du 2004ko urtarrilaren 30ean, frantsesaren bidetik: devéloppement durable (hala ere, Frantzian eztabaida handia piztu da termino egokiena zein den, eta askok devéloppement soutenable darabilte).[1] Izan ere, terminoa ingelesez sortu zen, eta hizkuntza hartan sustainable development du izena kontzeptu honek. Gaztelaniak bide horri jarraitu dio: desarrollo sostenible. Eta euskaraz ere bada bide horretatik sortutako termino bat: garapen sostengagarri.

Euskaraz, hala ere, hainbat adituk eta hiztegigilek garapen jasangarri terminoa darabilte; eta zenbait adituk nahiago dute kudeaketa jasangarri terminoa, haien ustez dena ez baita garapena.

Horiez gain, bada kontzeptu hori izendatzeko erabili den beste aukerarik, hala nola garapen eutsigarri, garapen iraungarri, iraunbidezko garapen eta abar.

Arloak

Garapen iraunkorraren edo jasangarriaren hiru arloko banaketa 1979. urtean proposatu zuen René Passet ekonomialariak.[2] Eztabaida ugari egon da antolaketa honi dagokionez, bai arloak zeintzuk izan behar diren erabakitzeko orduan zein laugarren zutabea ezartzerakoan

Gizartearen[Betiko hautsitako esteka] garapenaren eta aztarna ekologikoaren arteko harremana.

Ingurumena

Gizakiaren oinarrizko beharrak —airearen, uraren, janariaren eta aterpearen kalitatea eta eskuragarritasuna— garapen iraunkorraren oinarri ekologikoak dira. Giza garapena, beraz, gizakiaren eta hurbileko ingurune naturalaren, sozialaren eta eraikitako ingurunearen[3] arteko harremanaren parte da.


Garapen iraunkorra ingurune natural, aberats eta oparoa bermatzeaz arduratzen da. Ingurunetik eskuratzen diren baliabideen urritasuna kezkagarria den momentutik, gizarteak baliabide-iturriak zainduta, baliabide horiek eskuratzeko plan jasangarri bat prestatu behar du. Hori lortzeko, hainbat modu daude, hala nola, Energia berriztagarrien erabilera eta uraren kontsumo kontrolatua.

Arazoa ondasun naturalaren ustiapena hornikuntza naturala baino azkarragoa denean dator. Hau da, eskaria asetzeko, baliabide naturalak horiek modu naturalean berriz agertzeko behar duten denbora baino azkarrago hartzean. Egoera horren ondorioa, gizartearen heriotza-tasa handitzea litzateke. Biztanleriak behera egingo luke, ingurumen degradatuak jasan dezakeen egoerara arte. Eta, egoera horrek aurrera jarraituko balu, giza arrazaren desagertzea eragingo luke.

Baliabide naturalen kontsumoaIngurumenaren egoeraJasangarritasuna
Ustiapena naturaren hornikuntza baino azkarragoaIngurumenaren degradazioaEz-jasangarria
Ustiapena naturaren hornikuntza bezain azkarraIngurumenaren orekaEkonomia egonkorra
Hornikuntza ustiapena baino azkarragoaIngurumenaren berritzeaIngurumenari dagokionez jasangarria

Garapen iraunkorra sustatzeko zenbait proiektu jarri dira martxan, adibidez, Europako ingurumen ikerketa eta berrikuntza politika. Horren helburua da agenda eraldatzaile bat definitzea eta inplementatzea ekonomia eta gizarte ekologikoak egiteko. Horizon 2020 programak bultzatuta, mundu osora dago zabalik[4], sistema malgu eta itzulgarriak lortu nahian.

Ekonomia

Garapen ekonomikoa eta hazkunde ekonomikoa nahastu egin ohi diren bi kontzeptu dira.

70eko hamarkadan jada, jasangarritasun kontzeptua, funtsezko ekologia-sistemarekiko orekan zegoen ekonomia deskribatzeko erabiltzen[5] zen. Arlo askotako zientzialariek The Limits to Growth[6][7] nabarmendu dute, eta ekonomialariek alternatibak aurkeztu dituzte; adibidez, egoera egonkorreko ekonomia,[8] planetan zehar gizarteak duen hedapenaren kezkaz aritzeko. 1978. urtean, Edward Barbier ekonomialariak The Concept of Sustainable Economic Development[9] ikerlana argitaratu zuen. Lan horretan adierazi zuen ingurumenaren kontserbazioaren eta ekonomiaren garapenaren helburuak ez direla elkarren kontrakoak eta elkarren indargarri izan daitezkeela.

Ikerketa ugarik adierazi dute energia berriztagarriekiko eta kutsadurarekiko politika eraginkorrek gizartearen ongizatean eragin zuzena eta positiboa dutela.[10][11][12][13]

Interpreting Sustainability in Economic Terms ikerlanak hiru oinarri bereizi zituen arren, Gilbert Ristek horren aurka egin zuen. Honela idatzi zuen: «From this angle, 'sustainable development' looks like a cover-up operation. [...] The thing that is meant to be sustained is really development».[14] Laburbilduz, garapen iraunkorra kontzeptua aitzakia dela dio, eta ekonomiaren garapenari berari iraunarazi nahi zaiola nola edo hala, ekosistemaren edo gizadiaren onurari begiratu gabe. Hala ere, Munduko Bankuak dio posible dela ekonomiaren hazkundearentzat eta egonkortasun ekologikoarentzat, bientzat onuragarriak omen diren aukerak bultzatzea, eta horretan jarraituko duela.[15]

Hazkunde jarraitua eta hazkunde iraunkorra kontzeptuak erabili izan dira ekonomia munduan, ezarri behar diren helburuei buruz hitz egiteko,[16], baina horrekin kritiko agertu direnek defendatu egiten dute ezinezkoa dela hazkunde iraunkorra mugatua den planeta batean, baliabide ekonomiko mugatuekin[17]. Baikorragoek diote giza adimena nolabait infinitua dela eta hazkunde ekonomikoari eutsi egin behar zaiola, kalitatea etengabe hobetuz, produktibitatea handituz, etab.[18]

Haizearen indarra, energia eolikoa, energia berriztagarria, berriztagarriak ez diren aparatu eta sistema elektromekanikoen bidez argindar bihurtua.

Energia

Ekonomiaren barne-atala da energiarena. Energia- jasangarria da denbora luzean erabil daitekeena eta garbia dena. Erregai fosilak dira munduan gehien erabiltzen direnak, baina indarra hartzen doazen Energia hidraulikoak, eguzki energiak eta eolikoak gutxiago kutsatzen dute.[19] [20] Energia berriztagarriak gero eta erabiliagoak dira, baina oraingoz ez dituzte energia iturri fosilak ordezkatzen, baizik eta haien osagarri izaten ari dira. Energia berriztagarrietara aldatzea onuragarria litzateke, adibidez, ekonomiaren jasangarritasuna eta komunitatearen horniduren segurtasuna indartzeko.[21]Kalkuluen arabera energia berriztagarriek, etorkizunean, nekez ordezkatuko dute energia ez-berriztagarriek eskaini izan duten energia kopurua.[22]

Kultura

Garapen iraunkorraren oinarrizko hiru kontzeptuen banaketa ez da nahikoa gaur egungo gizarte konplexua definitzeko. Hori horrela, zenbait erakundek laugarren zutabe bat bultzatu dute, kultura, Culture: Fourth Pillar of Sustainable Development adierazpenarekin. Dokumentu horrek kulturaren eta garapen jasangarriaren arteko erlazioarekiko hainbat ikuspuntu aurkezten ditu.[23][24][25]

Historia

CO2 kontzentrazioa holozenoan.
CO2 isurketen grafikoa Kanbodian azken hamarkadetan.
Petrolio gero eta gehiago erauzi egin zen garai batean baina badirudi petrolioaren gailurra igaro dugula.

1968: Erromako Kluba sortu zuten Aurelio Peccei Fiat enpresako administrazio kontseiluko kideak, Alexander King eskoziar zientzialariak eta beste hainbatek, munduaren garapen eta eboluzioa ikertzeko helburuarekin, batez ere hazkunde globalaren mugak aztertu nahian.

1972: Erromako Klubak txosten bat plazaratu zuen, Hazkundea gelditu? edo Hazkunderako mugak izenekoa (The limits to growth), klubaren enkarguz Massachusetts Institute of Technology erakundeko ikerlariek idatzia. Txosten honek gizadiaren eboluzioaren simulazio informatikoak ematen ditu, baliabide naturalen ustiapenaren arabera, 2100 urtea arte. Txostenak dioenez, orduko hazkunde ekonomikoak jarraituz gero XXI. mendean zehar munduko biztanleria neurrigabeki gutxituko zen, batez ere kutsaduraren handitzea, landa lurren antzutzea eta energia fosilen urritzea dela-eta.

1972: Giza ingurumenari buruzko Nazio Batuen batzarra Stockholmen. Eko-garapena kontzeptua agertu zen, hau da, garapen ekonomikoa ezin dela kontuan hartu horrekin batera gizarte garapenik eta naturaren babesik ez badago. Lehen Lurraren Goi Bilera izan zen. 1970eko hamarkadan, ingurumena munduko ondaretzat hartzen hasi zen, hurrengo belaunaldiei pasarazteko oinarrizko ondarea. Hans Jonas filosofoak ardura hau adierazi zuen Erantzukizun printzipioa liburuan (1979).

1973: Ernst Friedrich Schumacher ekonomialariak Small is beautiful liburu eraginkorra plazaratu zuen, non lehen aldiz kapital naturalaren kontzeptua agertu zen. Horrenbestez, gizateriaren kapital osoa hiru kapital ezberdinen batuketa gisa ulertuko zen, alegia, kapital naturala, kapital soziala eta kapital artifiziala. Gaur egun onartua dago garapen iraunkorrak ezin duela kapital naturala inondik ere murriztu.

1980: Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasuna erakundeak txosten bat plazaratu zuen, Kontserbaziorako estrategia globala. Bertan agertu zen lehen aldiz garapen iraunkorra kontzeptua, ingelesezko sustainable development hitzekin.

1987: Brundtland txostena. Garapen iraunkorra garapen mota bat da, oraingo beharrei erantzuten diena baina ez dituena ondorengo belaunaldienak eragozten. Honi bi kontzeptu atxiki zaizkio: "beharren kontzeptua", batez ere probreenen oinarrizko beharrei lehentasuna ematea, eta gure teknikak eta gizarte organizazioaren "mugek" duten eragina ingurumenaren gaitasunean oraingo eta geroko beharrei erantzuteko.

1992: Rio de Janeiroko Goi Bilera (ekainaren 3tik 14ra). Garapen Iraunkorra kontzeptuaren garrantzia eta hau ezagutarazteko/mediatizatzeko ahalegina. Agenda 21 delakoen sorrera. Brundtland txosteneko definizioa, ingurumenaren babesa eta baliabide naturalen arrazoizko kontsumoa ardatz zuena, aldatu egin zen. Horrela, hiru zutabe edo kontzeptuak agertu ziren, garapen iraunkorraren arabera lortu beharrekoak, beti ere garapen ekonomikoa, gizarte justizia eta ingurumenaren babesa elkarrekin batuz.

2000: Johannesburgoko Goi Bilera (abuztuaren 26tik irailaren 4ra). Estatuburuek, gobernu ordezkariek eta Gobernuz Kanpoko Erakundeek itun bat hitzartu zuten, baliabide naturalen eta bioaniztasunaren babesa bultzatzeko.

2005: Kiotoko protokoloa. Berotegi efektua sortzen duten gas isuriak murrizteko ituna.

2007: Baliko goi-bilera, Kiotoko protokoloa eguneratzeko. AEBek eta Txinak ez zuten itunik sinatu nahi izan.

Protokoloak protokolo, atmosferako CO2aren kontzentrazioa handitzen segitu du[26], erregai fosilen erabilpena, murriztu beharrean, planetako leku batzuetatik beste batzuetara mugitu delako.[27][28][29] Petrolioaren gailurra eta ikatzaren gailurra gainditu badira, erregai fosilen erabilpenari eutsi zaio, erregai fosilak ez dira ordezkatu.[30]

Erreferentziak

Bibliografia

Ikus, gainera

Kanpo estekak