Gatzaren matxinada

Gatzaren matxinada 1631 eta 1634 artean Bizkaian izandako matxinada izan zen, Bizkaiko jaurerriak biltegiratuta zuen gatzaren jabetza eta salneurriek sorturikoa[1][1].

1634ko Gatzaren matxinadan exekutatu zituzten sei buruzagien oroitarria Bilboko San Anton elizaren horman.

Bizkaiko Gatzaren Matxinada izan zen Aro Modernoan zergen kontra sortu zen mugimendu nagusia, bai iraupenez (1631ko irailetik 1634ko maiatzera), bai herriaren errebindikazioaren konplexutasunez, zeren eta, eskari ekonomikoak gainditurik, aginpide politikoari ere zegozkionak zerikusi handia izan baitzuten.

Gizarte liskar haiek zerikusia izan zuten XVI. mendearen azken laurdenaz geroztik Gaztelako erresuma osoan eta bereziki Kantauri aldeko eremu batzuetan nagusitu zen ekonomiaren beheraldiarekin. Uzta txarrek eta 1596az geroztik Atlantikotik etorri, Castro Urdialesen barrena sartu eta lurralde horietan gogor jo zuen izurriak, gosea eta gaixotasuna zabaldu zuten bazterretan eta ahiturik utzi zuten biztanleria bolada baterako. Olivares konde-dukeak, Filipe IV.aren ministro nagusiak, hondamenera zetorren inperioari kosta ahala kosta eutsi nahian, inperioari eusteko, eraberritzeko eta goraipatzeko bultzatu zuen politikaren ondorioz, arazoak larriagotu egin ziren 1627tik aurrera. Euskal probintziek, beren foruak eta zerga-salbuespenak gorabehera, ez zuten ihes egiterik izan erregearen ogasun aseezinak, Europako abenturari eusteko, gero eta maizago eskatzen zituen zergetatik, nahiz Gaztelako gorteek abentura hori maiz gaitzetsia zuten.

Testuingurua

Zergak izan ziren Aro Modernoko lehen bi mendeetako liskarren arrazoi nagusia; XVII. mendearen erdialdetik aurrera, ordea, oinarri-oinarrizko elikagaiak garestitzea izan zen matxinada gehienen arrazoi nagusia, nahiz bestelako helburuak zituzten mugimenduak ere izan ziren, tokian tokiko agintarien edo atzerritarren aurkakoak.

Oro har, eta salbuespenak salbuespen —hala nola 1647-1652an Andaluziako hiri batzuetan izan ziren matxinadak, edo 1766an bizigaiek sortutakoak, adibidez—–, egonezinak sortutako iskanbila horiek bat-batekoak eta bakartuak izan ziren, agintariek indarrez zapaldu zituzten, eta ez zuen indarkeria-maila handirik iritsi bi aldeen arteko borrokak.

Liskar haiek ez ziren maizegi gertatu, edo ez bederen garai hartan bertan Frantzian, adibidez, izan ziren bezain maiz.

1591n, eta Milioien Zergaren ondorioz, iskanbilak izan ziren Gaztelako hiri batzuetan, eta, handik urtebetera, prokuradore-talde batek protesta egin zuen gorteetan.

XVII. mendean, eta alde batera utzita Katalunia, Portugal edo Napolin zergen aurka izan ziren matxinadak, altxamendu batzuk izan ziren Filipe IV.aren agindupean ardoaren gaineko zerga berrien kontra, Errioxan, Palentzian eta Mantxan. Baina zergen aurkako matxinada guztien artean, Bizkaikoa izan zen, zalantzarik gabe, garrantzitsuena.

Aurrekariak

1586tik aurrera depresio egoeran zen Espainiako koroaren ekonomia. 1610eko eta 1620ko hamarkadetan zehar kolonietatik jasotzen zuen metal preziatu kopurua murrizten aritu zen, eta 1626an txanponaren debaluazio nabaria gertatu zen. Horrez gain, 1628an Espainiako itsas-armadak porrot lazgarria pairatu zuen holandarren kontra, Kuba inguruan. Europako egoera politikoak eta 30 urteko gerrak gastu militarra aski altua zuen garaian, kolpe latza zen hori. Ondorioz, koroak zailtasun finantziario, militar eta sozial handiak zituen 1630ean, eta diru sarrera berrien bila hasi zen larri-larri.

Olivares konde-dukea, Espainiako estatu gizona eta Filipe IV.aren begikoa, 1638an.

Beste aldetik, estatu modernoen egituratzen prozesuaren baitan, zentralizazio prozesuetan murgildurik zegoen Espainiar estatua. Olivaresen gidaritzapean barne politika zentralista burutu zen, eta XVI. mendean mantendu ziren lurraldeen berezitasunak desagertarazi nahi ziren. Horrek kontrako jarrera sortzen zuen eta hori goxatzeko gobernuak oinarrizko zenbait produkturen gaineko zerga ezeztatu eta gatzaren gaineko zergaz ordeztea proposatu zuten 1630ean. Zerga hura estatu mailakoa zen, ordea, eta foru zuzenbidearen kontra zihoan zuzenean[2].

Arrazoi ekonomiko eta administratiboez gain, beste zenbait faktorek ere hauspotu zuten herritarren haserrea. Batzarrak bertan behera uztea eta euskararekiko erdeinua izan ziren horietako batzuk (batzarkideei gazteleraz mintzatu eta idaztea inposatu baizitzaien). Gizarteari begiratuz, koroaren zergek goi eta erdi eta behe mailen arteko haustura handitu zuten, merkatari apalak eta nekazari eta langileak baitziren nagusiki zerga hura ordaindu behar zutenak.

Zergari erantzun gogorrena Bizkaian gertatu zen, baina beste lurraldeetan ere gertatu ziren istiluak, maila apalagoan.

Milioen Zerga

Mende-hasieratik zalaparta handia zegoen Bizkaiko gizartean. 1601ean, Milioien Zerga ezarri nahiak —ordu arte euskal probintziek ez zuten zerga hori ordaindu beharrik izan—, herri-matxinada bat sorrarazi zuen Bizkaian. Handik sei urtera, 1607ko abenduan, “taldekatu” zeritzenek iskanbila handia sortu zuten Bilbon. Antonio de Bilbao sindiku prokuradoreak 15 eskulangile salatu zituen (margolariak, eskudelgileak, jostunak, sokagileak, etab.).

Delitu hauek egozten zizkieten: “elkargo, ezkutuko batzar eta konfederazioak egitea… hiribildu honek duen gobernatzeko era eta modua hausteko”; azken finean, udalean nagusi ziren oligarken aginpideari aurre egitea, “jende arruntak” erakunde horretan parte hartu nahi baitzuen, beti egin izan zuen bezala. Taldekatuak zeritzen haien nahiek esparru egokia aurkituko zuten berriz ere 1631-1634tik aurrera.

Historia

Gatzaren zergaren legea

Gatzaren zergak Bizkaiako foruak urratzen zituen, eta gizartearen bizi baldintzetan eragin zuzena zuen.

1631ko urtarrilaren 3ko Errege Agindu baten bidez, gatzaren prezioa % 44 igotzeaz gainera, bildutako gatz guztia konfiskatu eta Errege Ogasunak bakarrik salduko zuela agindu zuten[3]. Gatzaren gaineko errege-monopolioa ezarri zen, horrela. Esan bezala, modu honetan habsburgotarrek Iparraldeko Europan zituzten gerrak finantzatu nahi zuten, foru-eskubideak eta zerga-salbuespena urratzen zituzten arren.

Bilbon atsekabea zen nagusi eta bertako aldundiak batzorde negoziatzaile bat bidali zuen Madrilera, Juan Ortez de Velascok eta Martin de Hormaecheak osatua, Filipe IV.ak zin egin zituen foruak errespetatzeko eskatzera. Madrilen, jakina, muzin egin zieten eskaerei.

Gatzaren zergak kolpe ekonomiko gogorra esan nahi zuen biztanleentzat. Kontuan hartu behar da gatza zela arraina eta haragia mantentzeko oinarrizko produktua, eta elikagai horien prezioari zuzenean eragiten ziela. Erregeak lehen ere horrelako beste arau batzuk ezarriak zituenez, adibidez artile eta oihalen merkataritzari ezarritako tasa, baserritarrek eta burgesek, aho batez, errege funtzionarioen aurka egin zuten[4].

Urtarrilaren 24an 1.500 lagun armatuk zergaren kontrako haserrea erakutsi zuten Gernikako Batzarrean, eta horrez gain jauntxo eta nobleziaren aurkako jarrera argi azaldu zuen[2]. Madrilen morroi izatea leporatu zieten batzarkideei, eta herri xeheak batzarrean parte hartzea eta batzarretan euskaraz aritzea eskatu zuten[4]. Lope de Morales korrejidoreak, ikaraturik eta egoera lasaitzeko asmoz, foruen legeetako bat aplikatu zuen, foru pasea; foruekin bateragarri ez zen erregearen agindua onartu bai, baina ez betetzea. Egoera baretu egin zen, eta zenbait hilabetez ez zen istilu nabarmenik izan.

1632ko udaberrian gatzaren zerga kobratzeko asmoz agertu zen Bizkaiko Epaile Nagusia. Erreakzioa ez zen gozoa izan; haren eta beste funtzionario batzuen kontrako berripaperak zabaldu ziren, eta beste "kolaborazionista" batzuekin batera traidoretzat jo zituzten.

Matxinada

1632ko urrian gatzaren zerga jeisteko hainbat errege-agindu argitaratu zituen Bizkaiko korrejidore berriak, Juan Calderon de la Barcak. Jendeak gatzaren zerga berriz indarrean ezartzeko beste modu bat besterik ez zela ulertu zuen[5], berriro aldundia kontuan hartu gabe. Biztanleak, merkatari apalak eta behe mailako biztaleak batez ere, suak hartu zituen eta kalera jo zuten.

Erregearen agindu eta bandoak erre zituzten herriko plazan, diputatuak biltzen ziren eraikinaren parean. Ondoren, matxinatu taldeek, gehien bat maila apaleko jendeak osaturik, gatza biltzen zen gordailuei eraso eta harpilatu zituzten. Aberats eta nobleen etxeak erasotu eta haietako zenbait hustu edo erre zituzten. Domingo de Castañeda korrejidorearen prokuradorea hil zuten, antza denez hasierako istilu horiek eragin zuten hildako bakarra[2].

Zergaren kontrako protesta zena, laister bihurtu zen zerbait konplexuago. Foru eskubideak, gizarte banaketa, hizkuntza, funtzionarioen gehiegikeriak, gobernu zentralak erakutsitako erdeinua... faktore asko bildu ziren, azkenerako gatzaren zerga bigarren mailako afera bihurtuz.

Negoziaketak eta 1633ko Gernikako Batzarrak

Madrilen erantzuna ez zen bortitza izan. Katalunia eta Portugalgo arazoak eta Europako egoera politikoa zela eta, ez zuen iraultza edo gerra ireki bat sortu nahi Bizkaian. Horren ordez, negoziagileak bidali zituen, hala nola Morales korrejidorea edo Juan Alonso Idiaquez Ciudad Realeko dukea. 1632 urtearen bukaeran heldu ziren Bilbora, baina negoziazioak ez ziren inora heldu. Baliteke denbora galerazte hutsa izatea negoziazioen helburua, ez baitirudi negoziagileek jarraibide edo eskaintza argirik zutenik[5]. Gauzak horrela, liskarrak hasi ziren berriro 1633ko otsailean.

1633an Gernikan Batzar Nagusien bilera egin zen, Morales korrejidorea karguan berresteko, baina jendeak foruei errespetua eta gatzaren zerga tratatzea eskatu zuen. Azkenik matxinoek batzarra eten eta korrejidorea 24 dekretu sinatzera behartu zuten. Haietako bakarra zen gatzari buruzkoa, matxinadak izaera orokorra zuen seinale[2][4].

Erantzun moduan, Madrildik Bilboko portuan sartzen ziren merkatal ontziei kontrol gogorrak ezarri zizkien. Kontrolak ezin izan ziren gauzatu, baina hiriaren ekonomia kaltetua gertatu zen. 1633ko maiatzean Bizkaiko Aldundiak negoziazioei berrekitea erabaki zuen[5].

Foru legearen berrezarpena eta gobernuaren erantzuna

Filipe IV.a (1635 inguruan Velazquezek margoturiko irudia).

Matxinadak, aldizka, beste hiru urte iraun zuen, Madrildik erantzun armatua atzeratu egin baitzen. Olivaresek bi ahoko politika egitea erabaki zuen, alegia, aldi berean Bizkaiko jaurerriaren interesak eta erregearenak zaintzea.

Nolanahi ere, itxuraz bare baina lehertu beharrean egon zen giroa 1634ko udaberria arte. Azkenean, erregeak amore eman zien apirilean Bizkaiko Jaurerriko eskakizunei; hitz eman zuen beraz foruak beteko zituela, eta kenduko zuela gatza saltzeko debekua. Baina indarkeria erabili zuen, aldi berean. 1634ko apirilaren 20an sartu ziren Bilbon erregearen soldaduak, Juan Alonso Idiakez gipuzkoarra, Ciudad Realeko dukea, buru zutela, matxinada hartako buruzagi nabarmenenak hiltzeko aginduarekin.

Jendearen oldarraldia bareturik zegoela zirudienean, 1634ko maiatzaren 14an, Morales eta Ciudad Realek Bizkaiko matxinoen buruzagi nagusiak sarekada batean atxilotu eta San Anton elizaren ondoan hil zituzten, epaiketa edo defentsa aukerarik gabe. Gainontzekoek ihes egin zuten.

Maiatzaren 14an exekutatuak honakoak izan ziren: Morga eta Sarabia lizentziatua; Juan de la Puente eta Urtusaustegui; Martin Otxoa Ojarabidekoa, jaurerriko idazkaria; Juan Larrabaster, kapitaina eta idazkaria; Juan Bizkaigana eta Domingo Bizkaigana anaiak, ferratzaileak. Ihes egin zutenak: Diego de Etxarte; Martin Arana; Armona, elizgizona.

Giroa baretzeko asmotan, berriz, Filipe IV.a Espainiakoak indultu orokorra eman zuen (zenbait salbuespenekin), eta gatzaren zerga baliogabetu zuen[5].

Gipuzkoan ere egon ziren liskarrak, nahiz eta Bizkaiakoak baino apalagoak izan. Horren karira hainbat lagun izan ziren espetxeratuak, Arrasateko alkatea, besteak beste.

Gatazkaren izaera eta bilakaera

Denboraren buruan, hasieran gatazka ekonomikoa zena gatazka politiko eta sozial bihurtu zen. Bizkaiko Batzar Nagusiek berek hautsi egin zituzten Bizkaiko forutasunaren zutabeak. Gogoratzekoa da euskal probintziak zergetatik salbuetsitako eremua zirela, aduana-erregimen berezia zutela alegia, eta, beraz, bizkaitarrek inongo zergarik ordaindu gabe inporta eta esporta zitzaketela salgaiak.

Azken batean, zergen igoerak sortu zuen gatazka hasieran. Baina geroago mugimendu hura gero eta erradikalago bihurtu zen, eta, azkenerako, Bizkaiko Jaurerriko gobernu osoa jarri zuen zalantzan. Mugimendua erradikalizatu izanak leinu zaharren aldera bultzatu zituen merkatariak, eta hala eskatu zioten erregeari “erabaki zezala, matxinadako buruzagiak zigorturik, Bizkaiko Jaurerria gatzaren zergatik libratzea, eta jaurerri horri ematea lehen zuen gobernua, eta izendatzea ikuskari bat merkataritzak behera egin ez zezan”.

Matxinadaren arrazoiak ugariak eta konplexuak dira, baina honako zerrenda honeta bil daitezke:

  • Gatzaren prezioaren eta oinarrizko elkagaien balioaren igoera.
  • Orokorrean, zergen igoera eta behe mailako gizarte klasearen egoera ekonomiko larria.
  • Foruen kontrako legeen aplikazioak.
  • Tokiko batzar, erabaki eta usadioekiko erdeinua, gazteleraren inposizioa barne.
  • Kanpoko agintariek tokiko erakuneetan zuten boterea.
  • Nobleziaren eta beste gizarte mailen arteko klase ezberdintasuna.
  • Funtzionarioen ustelkeria eta Madrilekiko zurikeria.
  • Merkataritza mugak.

Erreferentziak

Bibliografia

  • García de Cortázar, F. eta Lorenzo, J.M. (1988) "Historia del País Vasco: de los orígenes a nuestros días", Donostia: Txertoa

Ikus, gainera

Kanpo estekak