Gernikako Arbola (ereserkia)

Iparragirrek eta Altunak 1853. urtean Madrilen sortutako zortzikoa, euskal ereserki nazional ez-ofizialtzat hartua
Gernikako arbola (abestia)» orritik birbideratua)

Gernikako Arbola Jose Maria Iparragirre olerkari, musikari eta koblakariak 1853an Madrilen Gernikako Arbolaren eta Euskal Herriko foruen omenez idatzi eta kantatutako ereserkia da, zortziko erritmoduna. Historikoki euskaldunen ereserki nazional ez ofiziala izan da XIX. mende erdialdetik, hala Euskal Herri barnean nola euskal diasporan.[1] Hainbat ahapaldi dituen arren, ereserki gisa lehen ahapaldia kantatzen da soilik. 2007an, 4/2007 Foru-Arauak ezarrita, Batzar Nagusiek Bizkaiko ereserki izendatu zuten abestia[2]. Ideologien gainetik, Gernikako Arbolak euskal herrizale askoren atxikimendua eskuratzeko indarra izan du.[3]

Gernikako arbola
Gernikako Arbola.

Herrialdea Euskal Herria
HitzakJose Maria Iparragirre eta Juan Maria Blas Altuna, 1853
MusikaZortzikoa
Onarpen dataXIX. mendearen bigarren erdialdea
Multimedia
Jose Mari Iparragirre, 1853
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Kantuaren jatorria Iparragirrek osatutako bertso-paperean dago.
Joxe Mari Iparragirre

Sorrera

Adierazi da musika Juan Maria Blas Altunak sortua dela.[4][5][6] Iparragirrek, ordea, erabat ukatu zuen hori. Ahozko tradizioaren arabera, On Be­nito Bizkarrak, Urkiolako santutegian abade izandakoak, 1912-13an argitaratu zuen Ur­kiolako istoriotxo batean adierazi zuen Iparragirrek 1854ko ekainaren 13an abestu zuela lehen aldiz Euskal Herrian[7], Urkiolako santutegiaren aurrean[8].

Izan ere, lparragirrek Gernikako Arbola Euskal Herritik kanpo abestu zuen lehenengoz, Madrilgo San Luis kafetegian, Durangoko Juan Maria Blas Altuna piano-jotzailearekin batera, abestu baitzuen 1853an[7].

Zabalkundea

Bigarren Karlistaldian eta, bereziki, gerraosteko debeku eta zapalketa giroan, joera desberdinetako euskaldunek eta, oro har, euskal herritarrek maitasun handiz heldu zioten Iparragirreren zortzikoari, baita ekitaldi publiko askotako ezinbesteko doinu bihurtu ere. Bigarren Karlistaldi amaieran, beren burua eman ez zuten karlistek, jada desarmaturik, Donibane Garazitik Baionara formazioan joanez ahotan erabili zuten kantua, frantses prefetak "euskaldunen ereserki nazionala" deitua[9].

Euskal identitate kolektiboa adierazteko ereserki bihurtu zen luze gabe, bereziki foruak aldezteko elkarretaratzeetan eta bilkuretan. Jose Maria Salaberria idazleak hauxe adierazi zuen:

«Hark ereserki nazional baten maiestatea eta sakontasun osoa zuen. Euskaldunen Marseillesa jaioa zen. Aberriak bazuen ahotsa.»


Sabin Arana

Sabin Aranak abestiari euskal ereserki izateko oker iritzi zion, are gehiago aberriaren aurkako zeritzon. Izan ere, Aranaren ustez, ereserkia unibertsalista eta azalekoa zen, eta Euskadiren mendekotasun politikoarekiko utzikeria agertzen zuen. Ildo horretan, 1901ean Eman ta zabal zazu munduan frutua abestu beharrean, euskotarrek emak da zabaltzazu geurian frutuba abestu beharko zuketela idatzi zuen, euskotarrek kanpoko kontuez arduratu baino lehenago, euren aberriaren egoeraz kezkatu beharko ziratekeela aldarrikatu nahian.[10]

Horretaz gain, ereserkiak Haritza eta Batzarretxea Gernikako hiribildukotzat jotzea gaitzetsi zuen, egiaz Lumoko elizatean kokatuta daudelako. Hori Arana Goirirentzat garrantzitsua zen, Bizkaiko elizateek XIX. gizaldira arte Bizkaiaren independentzia eta foru-zuzenbidea gorde zutelako; hiribilduak, ostera, Gaztelako eta Espainiako errege-erreginen mendeko eremuak ziren, Espainiako zuzenbidepekoak.

Bestalde, Gernikako Arbola erdarakadaz josia egoteak ez zuen bat egiten Sabin Aranak sustatu zuen euskara garbiarekin.

Horiek horrela, 1883. eta 1888. urteen artean Aranak ereserkiaren bere aldaeraren zirriborro bat egin zuen:

«
Luno’ko zugatz donia
Zeu zara onesana
Euskeldunen artian
Ta guztiz maitia
Geure errija estaleizu
Zeure zunbilagaz;
Lagija izango-zara,
Beti, ...
»


Egungo harrera

Euskal Herriko lurralde osoa batuko lukeen ereserkirik egokiena izan litekeela defendatu izan dute ezker abertzaleko kide batzuek[11]

Bertsioak

Hitzak

1
Gernikako Arbola
da bedeinkatua
euskaldunen artean
guztiz maitatua.
Eman ta zabal zazu
munduan frutua
adoratzen zaitugu
Arbola santua


2
Mila urte inguru da
esaten dutela
Jainkoak jarri zuela
Gernikako Arbola.
Zaude bada zutikan
orain da denbora
eroritzen bazera
arras galdu gera

     

3
Ez zera eroriko
Arbola maitea
baldin portatzen bada
Bizkaiko Juntea.
Laurok hartuko degu
zurekin partea
pakian bizi dedin
euskaldun jendea.


4
Betiko bizi dedin
Jaunari eskatzeko
jarri gaitezen danok
laster belauniko.
Eta bihotzetikan
eskatu ezkero
Arbola biziko da
orain eta gero.

     

5
Arbola botatzia
dutela pentsatu
Euskal Herri guztian
danok badakigu.
Ea bada jendea
denbora orain degu
erori gabetanik
eduki behar degu.


6
Beti egongo zera
udaberrikoa
lore aintzinetako
mantxa gabekoa.
Erruki zaitez bada
bihotz gurekoa
denbora galdu gabe
emanik frutua.

     

7
Arbolak erantzun du
kontuz bizitzeko
eta bihotzetikan
Jaunari eskatzeko.
Gerrarik nahi ez degu
pakea betiko
gure lege zuzenak
hemen maitatzeko.


8
Erregutu diogun
Jaungoiko Jaunari
pakea emateko
orain eta beti.
Bai eta indarra ere
zerorren lurrari
eta bendizioa
Euskal Herriari.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo-estekak