Gipuzkoako Errepublika

Gipuzkoako Errepublika independentea eratzeko proposamena egin zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek 1794ko abuztuaren 14an. Frantziarren inbasioa gertatzen ari zen bitartean, Getarian bildutako Batzar Nagusiek, 46 herritako batzarkidek osatuek, Frantziaren babespeko errepublika bat eratzea babestu zuten. Agintari iraultzaile frantsesek, ordea, ez zioten Gipuzkoari inongo maniobra ahalmen politikorik aitortu, eta batzarkide horiek atxilotuak izan ziren. Batzarkideen erabakiak Manuel Godoy espainiar estatu idazkaria eta agintariak aztoratu zituen Gipuzkoaren kontra.

Historia

Fernando VI.aren eta Karlos III.aren erreinaldiek, borboitarren joera zentralistaren ondorioz, gogortu egin zituzten euskal foruen aurkako erasoak.[1]1794ko abuztuaren 1ean, Konbentzioaren Gerra zela eta, Moncey jeneralak zuzendutako armada frantsesak Nafarroatik Irun hartu zuen Bidasoan behera. Egun berean Hondarribia hartu zuten, eta hurrengo egunetan Monceyren armadaren eskuetan geratu ziren Pasaia, Lezo eta Hernani; Donostia errenditu zen borrokarik gabe (abuztuaren 3an).

Espainietako Koroaren joera zentralista zela medio, Gipuzkoan haserrea zen nagusi, eta frantsesekin ituna egin nahi izan zuten[2]. Abuztuaren 16an, Getarian bildutako Batzar Nagusiak Espainiaren menpetik atera ziren[3], eta Frantziaren protektoratupean jarri, Gipuzkoako Errepublika izendatzea eskatu zieten Konbentzioko mandatariei. Bertan, Gipuzkoako 46 herrik parte hartu zuten.[4] Abuztuaren 26an Donostiako alkateak ez zuen Gipuzkoako Errepublika aldarrikatu baizik eta Frantziari menpekotasuna,[argitu] errepublika eskatu ziotenean Napoleon Bonaparteren ordezkaria zen Salbert Pinetek 46 gipuzkoar ordezkariak atxilotu eta Baionan preso zituelako. Horrela bukatu zen Errepublika.

Bitartean, errepublikaren alde bozkatu ez zutenak Arrasaten bildu eta erresistentzia antolatu zuten irailaren 1ean egindako Batzar batean.[4] Gabriel Mendizabalek zuzendutako Milizia Forala gogor borrokatu arren, ezin izan zuten frantziar armada gelditu. Abuztuan eta irailean, bizkaitarrak eta arabarrak ere errenditu ziren. Monceyk Gasteiz abuztuaren 17an eta Bilbo abuztuaren 19an konkistatu zituen, eta armada iraultzailea Miranda Ebroraino ailegatu zen. 1795eko uztailaren 22an Frantzia eta Espainiak behin betiko bake-ituna sinatu zuten. Basileako bakea izeneko itun honen bitartez, Frantziak Espainiari Katalunian eta Euskal Herrian kendutako eskualdeak itzultzearen truke, Espainiak Frantziari Hispaniolan zituen lurraldeak eman zizkion.

Atxilotutako 46 gipuzkoarren truke Espainiak bost urtez 150 Andaluziako zaldi eta 150 behor, 1000 ardi eta 100 ahari eman behar izan zizkion. Espainiako koroak ez zuen hitza bete eta Gipuzkoako errepublika aldarrikatu zuten euskaldunak zigortu egin zituen, inhabilitazioz, kartzelaz, eta deserriaz. Manuel Godoyk bere memorietan honela gogoratu zituen une haiek:


«1794ko abuztuaren 2an frantziar gudarosteek Euskal Probintziak setiatu eta 36 ordutan Donostiara ailegatu ziren erresistentzia topatu gabe.

Donostiako okupazioa ez zen armen bidezko ekintza izan. Hainbat gipuzkoar sasipolitikari Adrien de Moncey jeneralaren lilurak jota erori ziren, hitz eman baitzien herrialdea errepublika independente bilakatuko zuela. Gizon sinesberak haiek, hiria frantsesen esku utzi zuten... [5]

»


Proposamena

Bost ideia biltzen zituen: errespetatzea gipuzkoarren fede katolikoa, errespetatzea foruak eta ohiturak, 1200 urtera arte izan zen bezala probintzia independentea izatea, gipuzkoarrak ez behartzea armak hartzera eta frantziarrak izatea akordio horren berme. Agintari frantsesei ez zitzaien proposamena gustatu, eta lurraldea konkistatu zuten. Halere, Gipuzkoaren eta Espainiaren arteko tentsioak azaleratu zituen, eta 20 urte geroago, 1813ko Donostiako sarraskiaren garaietan, espainiar militar ugarik donostiarrei eta gipuzkoarrei erra zietela dokumentatuta dago.[6]

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak