Haitzulo

lurpeko eremu naturala, gizakia sartzeko adinakoa

Haitzuloa, halaber harkaitz-zuloa, hartzuloa, koba (Heg.) edo kobazuloa (Heg.), lur azpian dagoen zulo sistema naturala da, uraren, labaren edo izotzaren higaduraren bidez sortzen dena. Kasurik ohikoena euri ur azidoak kareharria disolbatzerakoan agertzen dena izaten da.

New Mexicoko kobazuloa.
Argentinako kobazuloa.

Espeleologia da haitzuloak aztertzen diharduen zientzia adarra, geologia, biologia eta meteorologia uztartzen dituena, besteak beste. Gizakia haitzuloetan bizi izan zen, Historiaurrean.

Sinonimoak

Euskaraz hitz ugari ditugu kontzeptu hau izendatzeko: koba, kobazulo, leize, leizezulo, harpe, karbi, osin, troka eta haitzulo. Denek ez dute zehatz-mehatz esanahi bera. Leizeak sakon handikoak dira; eta harpeak edo kobak, zabalagoak sarreran, eta motzagoak.

Haitzulo motak

Espeleogenesia izena ematen zaio haitzuloen sorrera prozesuen multzoari. Jarduera kimiko eta geologikoek (indar tektonikoek eta atmosferikoek) eragiten dute.

Haitzulo primarioak

Inguruko harrien garai berean sorturiko haitzuloak dira. Hodi bolkanikoa sumendiak eztanda egiten duenean gertatzen da, magma fluidoak solidotzen ari den arroka zeharkatzen duenean. Laba kanporatzen denean zuloa bertan gelditzen da[1]. Laba hodirik handiena Hawaii uhartean aurkitzen da, Kazumura haitzuloa da.

Haitzulo sekundarioak

Arrokak sortu eta egonkortu ondoren sortzen diren haitzuloak dira. Arroka meteorizazioaren eraginez deskonposatu egiten da eta higadurak zuloa egiten du. Haigatzailearen arabera mota desberdinetako haitzuloak eratzen dira:

  • Itsasertzeko haitzuloak: olatuek kostaldea kolpatzean sortzen dira. Edozein motatako arrokatan gerta daitezke eta normalean nahiko txikiak izaten dira.
  • Izotzetako haitzuloak: glaziar baten azpian eratzen dira, glaziarren barneko izotza urtu eta ur korronteak agertzen direnean.
  • Haitzulo karstikoak: ohikoenak dira eta kareharrizko eta dolomiazko arroketan gertatzen da. Euri urak CO2 garraiatzen du eta disolbatzerakoan azido karbonikoa eratzen da. Honez ura azidotu egiten du eta arroka disolbatzen du. Milioka urte iraun ditzakeen prozesua izanik Estalaktitak (goitik behera) eta estalagmitak (behetik gora) dira, eta biak elkartzen direnean zutabeak sortzen dira.

Errekorrak

  • Mammoth Cave (Estatu Batuak): haitzulo sistema luzeena da, 628 km-ko luzera baitu[2]. Itsaso azpiko haitzulorik luzeena 215 km-koa da eta Mexikon aurkitzen da[2].
  • Krubera leizea (Abkhazia, Georgia): haitzulorik sakonena da. 2.197 metrotako sakonera du[3].
  • Vrtoglavica leizea (Eslovenia): Osin bertikal sakonena da, 603 metro ditu.
  • Sarawak leizeak (Borneo, Malaysia) ganbara handiena du, 700 x 400 metroko azalera eta 80 metrotako garaiera. 30 milioi m³-tik gorako bolumena du.
  • Son Doong (Vietnam): galeria luzeena du, 4'6 kilometrokoa, eta hainbat zatitan 80 metrotako altuera eta 140 metrotako zabalera dituena.

Euskal Herriko haitzuloak

Labar-pinturak

Sakontzeko, irakurri: «Labar-pintura»

Historiaurreko gizakien aztarnen artetik, ikusgarriak dira labar-pintura deitutakoak, hau da, hormetan egindako marrazkiak. Batik bat, animalia basatiak irudikatzen dituzte margo hauek, zaldiak, oreinak eta zezenen familiakoak, ziur aski ehizarekin lotutako erritu funtzioarekin.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak