Intsinis pinu

Pinus generoko espeziea, 50 m-raino hazten da eta azikulak hirunaka kokatuta daude. Jatorriz Ipar Amerikakoa da eta birpopulaketan asko erabiltzen da

Intsinis pinua, insignis pinua, pinu beltza edo pinu azkarra (izen zientifikoa: Pinus radiata; dagoeneko ez da erabiltzen Pinus insignis izen zientifiko zaharkitua)[1] 30-40 metroraino hazten den pinua da. Jatorriz kaliforniarra da, eta asko erabiltzen da lurrak basotzeko. Laster hazten delako erabiltzen da hainbeste; izan ere, urte gutxi batzuen buruan hainbat metroko garaiera eta zentimetro ugariko zurtoina hartzen du.

Intsinis pinu
Iraute egoera

Galzorian  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
KlaseaPinopsida
OrdenaPinales
FamiliaPinaceae
GeneroaPinus
Espeziea Pinus radiata
D.Don
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakradiata pine (en) Itzuli

Gaur egun Euskal Herrian banaketa zabala duen arren, zuhaitz hau berezko area txikienetakoa duen pinua da: 4.000 ha gutxi gorabehera, San Frantziskoko badian (Kalifornia). Basotze artifizialei esker, orain oso hedatua dago Europako hego-mendebaldean, Zeelanda Berrian, Txilen, Australian eta Hegoafrikan.

Euskal Herrian intsinis pinuaren gehiegizko landaketa eta ustiaketak bertako basoak arriskuan jarri ditu. Gainera, intsinis pinuak eragiten duen lurraren azidifikazioak bertako basoen birsortzea eragozten du. XXI. mendearen hastapenetan, ordea, intsinis pinuak balioa erruz galdu du merkatuan, eraikuntzaren eta papergintzaren krisiak eraginda; eta, gainera, intsinis pinua gaitzak jota dago. Beraz, Euskal Herrian ez zaio etorkizunik ikusten, eta zuhaitz espezie autoktonoak landatzera jotzen ari dira lurjabe asko.[2][3][4]

Ezaugarriak

Morfologia

Azala

Oro har 30 metroko garaiera lortzen du, 45 metrora ere irits daitekeen arren. Gaztetan, eite konikoa dute, adinarekin zabaldu egiten dira. Sustrai sistema azalekoa dute, hori dela eta haize boladak ez dituzte oso ondo jasaten. Enborra zuzena eta zilindrikoa dute. Azala lodiera aldakorrekoa da, iluna, latza eta berehala zartatzen dena.

Hostoak

Hostoak orratz-formakoak dira, hirunaka faszikuluetan antolatua. Honako hau identifikaziorako erabil daiteke, izan ere, hemen Euskal Herrian bera baita 3 hosto dituen pinu bakarra. Hosto hauek, 10-16 cm inguru neurtzen dute eta hiru urtetik behin aldatzen dira.

Loreak

Kono arrak ugariak eta adaketan taldekaturik agertzen dira, horiak. Kono emeak, kolore purpurakoak dira.

Pinaburuak

Pinaburua

Pinaburuak 2-5 bitarteko bertizilotan multzokatuta, adarrean txertatuak, ia eseriak agertzen dira. Kolore arre horixka, distiraduna eta asimetrikoa. Haziak beltzaxkak, 5-10 mm-takoak, hegala estua eta pinazia baino 3-4 aldiz luzeagokoa.

Udaberri hasieran loratzen da, pinaburuak bigarren udazkenean heltzen dira eta urte erdi edo baten buruan haziak sakabanatzen dira. Pinaburuak ez dira beti irekitzen lurrera erori aurretik. Pinaburu hauek hainbat urtetan izan dezakete hazia euren baitan ernegarritasuna galdu gabe.

Euskal Herrian

1850 aldera, Karlos Adan de Iartzak (1812-1863) intsinis pinuaren aleak landatu zituen Ispasterko (Bizkaia) Zubieta jauregiko lorategietan. 1870etik aurrera, haren seme Mario Adan de Iartzak (1846-1920), pinuaren hazkundea ikusita, Bizkaiko hainbat menditan landatu zuen. Horixe izan zen espeziearen arrakastaren hasiera Euskal Herriko mendietako zuhaitz landaketatzat. 1913ko uztailaren 29an, haren iloba Mariano Adan de Iartzak hitzaldi interesgarria eman zuen Tolosako (Gipuzkoa) Musika Zentroan, La repoblación forestal en el País Vasco izenburuarekin. Geroago argitaratu zen hitzaldi hartan, Suitzan baso-ikasketak egin zituen teknikari hark bi printzipio berritzaile ezarri zituen:[5]

  1. Zuhaitz landaketak ezin ziren oinarritu espezie indigena edo dendrologikoetan soilik, hau da, eskualde bakoitzean modu espontaneoan hazten direnetan.
  2. Zuhaitz landaketen sustapena ez zen administrazioaren esku utzi behar bakarrik.

Gipuzkoako Foru Aldundiko kargudun hautatu Vicente Laffittek, hizlaria aurkeztu zuen arren, Mariano Adan Iartzaren aurkako tesiak defendatzen zituen. Laffittek foru aldundi hartan sortu berri zen Mendi Zerbitzua sustatu zuen, eta mendi publikoetan zuhaitzak landatzea bultzatu. Hala ere, espezie exotikoak sartzearen bidez baso paisaia eraldatzen saiatzea «garestia, arriskutsua eta zuhurtziagabea» zela iruditzen zitzaion.[5]

1913tik aurrera, ordea, zuraren eskaria handitu zen, eta apurka-apurka intsinis pinuz landatzen hasi ziren mendi publiko zein pribatuak. Garai hartan, zura txanda laburren ondoren (20-25 urte) mozten zenez, zuhaitz gehienek diametro txikia zuten. Hainbat hondamendik —besteak beste 1956an Gipuzkoan gertatutako izozteek eta 1989an Bizkaian izandako suteek— landu berriak ziren azalera adinkide handiak ekarri zituzten berekin. Denborak aurrera egin ahala, pinudiak mozteko batez besteko txandak handituz joan ziren, bai eta mozteen guztizko bolumena eta mozte horietatik zerratzera bideratzen zen ehunekoa ere.[5]

Euskal Autonomia Erkidegoan zabaldu da gehien pinu hau, eta erkidego horretan 1986an erregistratu zen intsinis pinuaren hektarea kopuru handiena: 163.000 hektarea. Geroztik, atzera egiten ari da, urteko batez beste 1.000 hektarea kenduta. Nolanahi ere, guztizko izakin zurgaiei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko pinudietan gorantz egin du zutikako zuraren kantitateak. 2011ko Baso Inbentarioak adierazten duenez, intsinis pinuaren izakin zurgaiak guztira 30 milioi metro kubiko dira, batez beste hektareako 216 metro kubiko izanik. 1972an egindako lehenengo Baso Inbentarioan, berriz, 15 milioi metro kubiko eta batez beste hektareako 94 metro kubiko neurtu ziren.[5]

Azkenaldian, intsinis pinuak merkatuan balioa erruz galtzea ekarri dute papergintzaren eta eraikuntza sektorearen gainbeherak (azken hori, 2008. urteaz geroztik mundu osoko ekonomia jo duen Atzeraldi Handiari lotua), bai eta Akitanian 1999an eta 2009an izandako haizete handiek ere. Akitaniako haizeteek, izan ere, zuhaitz asko bota zituzten, eta haien zura oso prezio txikian saldu zen.[5] Gainera, intsinis pinua gaitzak jota dago. Beraz, Euskal Herrian ez zaio etorkizunik ikusten, eta zuhaitz espezie autoktonoak landatzera jotzen ari dira lurjabe asko.[2][3][4]

2010eko hamarkadaren amaiera aldean Lecanosticta acicola onddoaren erasoa jasan zuen.

Erabilerak

Batez ere papera, altzariak eta meatzaritzako habeak egiteko erabiltzen da.

Erreferentziak

Kanpo estekak