Istanbul

Istanbul[1] (turkieraz: İstanbul, eta bizantziar garaian grezieraz hasieran Bizantzio eta gero Konstantinopla), Turkiako hiririk handiena da, bai eta Europako handienetako bat ere, 12.782.960 biztanle baitzituen 2009an.[2] Gainera, lur eremu handia hartzen du, munduko 5. udalerri handiena baita. Istanbul probintziako hiriburu administratiboa da.

Istanbul
İstanbul
Konstantinopolis
metropolitan municipality in Turkey (en) Itzuli
Administrazioa
Estatu burujabe Turkia
Turkiako probintziaIstanbul probintzia
AlkateaEkrem İmamoğlu (en) Itzuli
Izen ofizialaİstanbul
Konstantinopolis
Istanbul
Konstantinopel
Konstantinopol
Constantinople
Константинополь
Цариград
Jatorrizko izenaİstanbul
Konstantinopolis
Posta kodea34000–34990
Geografia
Koordenatuak41°00′36″N 28°57′37″E / 41.01°N 28.9603°E / 41.01; 28.9603
Map
Azalera5343 km²
Altuera100 m
Demografia
Biztanleria15.462.452 (2020)
−56.815 (2019)
Dentsitatea2.893,96 bizt/km²
Informazio gehigarria
Sorrera1453ko maiatzaren 29a
Telefono aurrizkia212, 216
Ordu eremuaUTC+03:00
Hiri senidetuakRio de Janeiro, Shimonoseki, Lahore, Johor Baharu, Jidda, Kairo, Houston, Berlin, San Petersburgo, Rabat, Mary (Turkmenistan), Bartzelona, Dubai, Kolonia, Shanghai, Odesa, Amman, Sarajevo, Durrës, Almaty, Ox, Plovdiv, Konstantza, Khartum, Kazan, Skopje, Damasko, Jakarta, Venezia, Busan, Bangkok, Beirut, Tabriz, Mexiko Hiria, Tunis, Guangzhou, Giza, Bengazi, N'Djamena, Tbilisi eta Nikosia
Matrikula34
ibb.istanbul eta ibb.istanbul…

Hiriaren historia luzean, hiriburu izan da sarritan: Erromatar Inperioa (330-395), Bizantziar Inperioa (395-1204 eta 1261-1453), Latindar Inperioa (1204-1261) eta Otomandar Inperioa (1453-1922). Horren ostean, Turkiako Errepublika berriaren hiriburua Ankarara eraman zen. 2010ean, Istanbul Europako kultura hiriburu izan zen. Hiriaren gune historikoa UNESCOren gizateriaren ondaretzat sailkatu zuten 1985an.[3]

Hiri zaharra Bosforo itsasartearen hego-mendebaldeko ertzean dago, baina hiri berriak, askoz handiagoa denak, itsasartearen bi aldeak hartzen ditu: europarra (Trazia) eta asiarra (Anatolia). Izan ere, bi kontinentetan dagoen metropoli bakarra da munduan.

Etimologia

Bizantzio (grezieraz Βυζάντιον, Byzántion) hiriaren lehen izen ezaguna da. K.a. 660 inguruan sortu zen izen horrekin, K.a. V. mendeko Herodotoren arabera Kaltzedonia baino 16 urte lehenago. Bizas zeritzan Megarako kolonoen erregeak eman zion izena.

Konstantino I.ari esker, hiria Erromatar Inperioko ekialdeko hiriburu bihurtu zen, eta Konstantinopla[4] (grezieraz Κωνσταντινούπολις, Kōnstantinoúpolis, hots, "Konstantinoren hiria") izenarekin ezagutzen hasi zen. Enperadorea Nea Roma ("Erroma Berria") izena erabil zedin saiatu zen, alferrik.

Nahiz eta lehenagotik erabili, Istanbul izena XX. mendean hedatu zen gehien, batez ere nazioartean. 1930ko martxoaren 28an, Turkiako Posta Zerbitzuak nazioarteari eskaera ofiziala egin zion, hiri osoa izendatzeko, İstanbul erabil zezan. Aditu batzuen arabera, Istanbul izena grezierazko "εἰς τὴν Πόλιν" ([is tin ˈpolin], hirian) esalditik omen dator: azken batean, hiri nagusiari soilik "hiri" deitzea ohikoa da, Iruñea kasu. Beste aditu batzuen arabera, Konstántinoupólis greziar izenaren laburdura omen da, azentu gabeko silabak galdu eta hasierako i- gehitu ondoren.

Egungo turkieraz, hiriaren izena "İstanbul" da, puntudun İ larri batekin, turkierako alfabetoak İ letra puntuduna eta I puntugabea bereizten baititu.

Bizantziarren eta otomandarren menpeko eslaviar herriek Tzarigrad erabiltzen dute, Tsarraren (Enperadorearen) hiria (serbieraz eta bulgarieraz, Цариград), berez Konstantinopla izenaren kalkoa dena.

Geografia

Istanbul satelite irudian

Istanbul Bosforo itsasartean dago, Asiaren eta Europaren mugan, Itsaso Beltza eta Marmara itsasoa lotzen diren lekuan. Hiri historikoa mendebaldean kokatzen da (Europan), Urrezko Adarra izeneko estuarioaren bi aldeetan.

Penintsula historikoa zazpi muinoren gainean eraikita dagoela esaten da, bakoitzaren gailurrean meskita inperial batekin, eta 22 km-ko luzeko harresiek inguratua. Horietako handiena Topkapı jauregiako Sarayburnu da (Jauregi muinoa)[5]. Urrezko Adarraren beste ertzean beste muino koniko bat dago, Galata auzoa (Beyoğlu barrutia) dagoen lekuan. Üsküdar ere, Asiako aldean, muino ugariz osatuta dago. Istanbuleko tontorra Çamlıca muinoa da (Asian), 288 m garai[6].

Klima

Istanbulek klima ozeaniko eta klima mediterraneoaren arteko trantsizioko klima du. Beraz, hiriak klima epela du. Esate baterako, udako lehortea ez da benetako klima mediterraneoan bezain handia. Udak beroak dira, hezeak baina euri gutxikoak (295 ordu eguzki hileko ekainean, uztailean eta abuztuan). Udako egun jakinetan, tenperaturak 35 °C-tik gorakoak izaten dira. Neguak hotzak eta hezeak dira, euri ugari egiten du eta noizean behin elurra (76 ordu eguzki baino gutxiago hileko urtarrilean eta otsailean). Neguan, egun jakinetan, tenperaturak 0 °C-tik behekoak izan dira inoiz. Horrela, urtero 25 bat izotz egun izaten dira, abendu, urtarril eta otsailean batez ere. Udaberriak eta udazkenak epelak dira.

Hirian bertan erregistraturiko tenperaturarik altuena 40.5 °C-koa izan zen, 2000ko uztailaren 12an. Inoiz erregistraturiko tenperaturik hotzena -16.1 °C-koa izan zen, 1929ko otsailaren 9ko gauean.[7]

    Datu klimatikoak (Istanbul )    
 Hila  Urt  Ots  Mar  Api  Mai  Eka  Uzt  Abu  Ira  Urr  Aza  Abe  Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C)8.79.111.216.521.426.028.428.525.020.115.311.118.8
Batez besteko tenperatura minimoa (°C)2.92.83.97.712.016.018.518.715.512.08.55.310.5
Pilatutako prezipitazioa (mm)98.480.269.945.836.134.038.847.861.496.9110.7123.9843.9
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm)17.715.313.610.37.85.33.64.06.110.312.916.9123.8
Eguzki orduak93112124180279330372330240186120932459
Hezetasuna (%)80787674747170707478808075
Iturria: NBE[8], Turkiako meteorologia institutua (DMI)[9], BBC weather[10]

Historia

Lehen jendeztatzea

Sakontzeko, irakurri: «Bizantzio»
Bizantzioko akropoliko zutabe baten hondarrak, egun Topkapı jauregian.

Istanbuleko penintsula azpian Marmaray tunela eraikitzean, Neolito garaiko jendeztatze aztarnak aurkitu dituzte, K.a. 7. milurtekokoak, Bosforoa sortu baino lehenagokoak[11]. Traziar tribuak bi lekutan ezarri ziren, Lygos-en eta Semistra-n, penintsulako muturrean, egun Topkapı jauregia dagoen tokian, K.a. XIII eta K.a. XI. mendeen artean. Leku berean, feniziarrek merkatari herrixka bat ezarri zuten K.a. 1. milurtekoan eta K.a. 685ean Megaratik zetozen greziarrek beste herri bat, Kaltzedonia izenekoa[12][13].

Hala ere, Istanbuleko historia K.a. 660 inguruan hasi zen, oro har, Bizas erregaren agindupean Megarako kolonoak Bosforoaren europar aldean ezarri zirenean, eta Bizantzio sortu (grezieraz Βυζάντιον, Bizantion, latinez Byzantium). Mendearen amaieran, akropoli bat eraiki zen behialako Lygos eta Semistra herrixken lekuan. Hiria persiar agintepean egon zen aldi batez K.a. V. mendean, baina greziarrek berreskuratu egin zuten Mediar Gerretan[14]. Bizantzio Deloseko Ligako kide izaten segitu zuen, K.a. 355ean independentzia lortu zuen arte. Erromatar Errepublikaren babespean denbora luzez egon ondoren, 73an Erromatar Inperioko zati bihurtu zen.

Peszenio Niger usurpatzailearen alde ipini izana, Septimio Severo enperadorearen aurka, garesti atera zitzaion, bi urteko setioaren ondoren 195ean errenditu zenean hiri suntsituta baitzegoen. Hala ere, bost urteren ondoren, hiria berreraikitzen hasi, eta denbora laburrean aurretik zuen ospea berreskuratu zuen.

Konstantinoplaren igoera eta erortzea

Sakontzeko, irakurri: «Konstantinopla»
Konstantinopla irudikatzen duen mapa zaharrena, 1420s-1430s an Cristoforo Buondelmontik egina.

Konstantino I.ak Lizinio garaitu zuenean Krisopolisko guduan 324ko irailean, Erromatar Inperioko enperadore bakar bihurtu zen. Bi hilabete geroago, Konstantinok Bizantzio ordeztuko zuen hiri kristau berriaren planoa ezarri zuen. Inperioaren ekialdeko hiriburu zen Nikomedia ordezkatzeko sortua, hiriaren izen berria Nea Roma (Erroma Berria) izan zen, baina ezagunagoa egin zen Konstantinopla izenarekin (Konstantinoren hiria), XX. mendea arte iraungo zuena. Sei urte geroago, 330ko maiatzaren 11n, Konstantinopla hiriburu izendatu zuten, gerora Bizantziar Inperioa izan zena.

Hiriburu hura ezartzea Konstantinoren lorpen iraunkorrenetakoa izan zen, erromatar boterea ekialderatuz eta greziar kulturaren eta kristautasunaren erdigune bihurtu baitzen[15]. Eliza ugari eraiki ziren hirian zehar, Hagia Sofia barne, mila urtez munduko katedral handiena izan zena. Hiriaren kokalekuak Konstantinoplaren beraren existentzia ziurtatu zuen, eta harresiek Europa babestu zuten ekialdeko inbaditzaileengandik eta Islamaren aurrerakadatik. Erdi Aroko mende gehienetan, Konstantinopla Mendebaldeko hiri handiena eta aberatsena izan zen.

Konstantinoplaren erortzea.

Konstantinoplaren beheraldia Laugarren Gurutzadarekin hasi zen, gurutzatuek Bizantziar Inperioa estatu txikiagoetan zatikatu baitzuten. Hiria Latindar Inperioaren hiriburu bihurtu zen, gurutzatu katolikoek bultzatua ortodoxoena ordezkatzeko asmoarekin. Hala ere, Latindar Inperioak ez zuen luze iraun eta Bizantziar Inperioa 1261ean berrezarri zen, baina ahuldu samar zegoen. Hiriko elizak, babesak eta oinarrizko zerbitzuak gain-beheran zeuden eta biztanle kopurua 40.000 baino ez zen, IX. mendeko milioi erdiarekin alderatuta.

XIV. mende erdialdean, otomandar turkiarrak estrategia militar bat hasi zuten hiria itotzeko asmoarekin, herri txikiagoak bereganatuz eta hornidura bideak itxiz. Azkenean, 1453ko maiatzaren 29an, zortzi asteko setioaren ondoren, Mehmed II.a Konkistatzailea sultanak Konstantinopla hartu zuen eta Otomandar Inperioaren hiriburu izendatu. Ordu batzuk geroago, sultana Hagia Sofia elizara joan eta iman bat deitu zuen Islamaren kredoa errezitatzeko eta katedral handia meskita inperial bihurtu zen.

Turkiarren agintea

Süleymaniye meskita (XIX. mende amaierako argazkian) Mimar Sinan arkitektoak egina

Konstantinopla erori eta gero, Mehmed II.ak hiria biziberritzea erabaki zuen. Anatolia eta beste herrialdeetako musulmanak, kristauak eta juduak ekarrarazi zituen, borondatez ala indarrez, gizarte kosmopolita sortzeraino. Mendearen amaieran, hiriak 200.000 biztanle zituen, Europako bigarren handiena[16]. Era berean, Mehmed II.ak azpiegitura zaharkituak berritu zituen eta Bazar Handia eraikitzen hasi. Garai hartan Topkapı jauregia ere eraiki zen, laurehun urtez sultanaren egoitza ofiziala izan zena.

Hiria, Kristautasunaren babes izatetik, kultura islamikoaren ikur izatera igaro zen. Meskita inperial ugari eraiki ziren, sarri eskolaz, ospitalez eta bainu publikoz atxikiak. Suleiman I.aren sultanaldia (1520-1566) arte eta arkitekturako lorpen handiko garaia izan zen. Mimar Sinan arkitektoburuak Süleymaniye meskita eta beste hainbat eraikin diseinatu zituen eta zeramika, kaligrafia eta miniaturagintza loratu ziren. XVIII. mende amaieran, hiriak 570.000 biztanle zituen.

XIX. mende hasierako matxinada garaiak Mahmud II.a sultanaren goraldia eragin zuen, eta Europa Mendebaldeko kulturarekin lerratu zen inperioa. Garai honetan zubiak eraiki ziren Urrezko Adarra zeharkatzeko, eta hiria burdinbidez lotu zen Europako sarearekin 1880ko hamarkadan. Tünel linea, munduko metro zaharrenetarikoa, 1875ean ireki zen, eta beste hainbat azpiegitura moderno ere (ur hornidura, argindarra, telefonoa eta tranbiak) hurrengo urteetan eraiki ziren, nahiz eta Europako beste hirietan baino geroago izan.

Hala ere, modernizazio esfortzuak ez ziren nahikoak izan Otomandar Inperioaren gainbehera galarazteko. XX. mende hasieran, Turkiar Gazteen Iraultzak eta gerra ugariek Inperioaren porrot ekonomikoa ekarri zuen. Lehen Mundu Gerra bukatutakoan, britainiarrek, frantziarrek eta italiarrek hiria hartu zuten. Azken otomandar sultana, Mehmed VI.a, 1922ko azaroan erbesteratu zuten. Urtebetera okupazioa amaitu zen, Lausanako Ituna sinatu eta Mustafa Kemal Atatürk iraultzaileak Turkiako Errepublika izendatu zuen 1923ko urriaren 29an.

Errepublika

Turkiako Errepublika berriaren hiriburua Ankarara eraman zen eta 1930ean hiriaren izen ofizial bakartzat Istanbul ezarri. Nahiz eta hiriburutasuna galdu, 1940ko hamarkada amaieratik aldaketa estruktural handiak jasan zituen, hala nola, plaza (adibidez, Taksim plaza), bulebar eta hiribide berriak, batzuetan eraikin historikoen kaltetan. Hiriko biztanleria laster hazten hasi zen 1970eko hamarkadatik aurrera, Anatoliako biztanleak hirira enplegu bila iristen ziren heinena. Hiria izugarri hazi zen, inguruko herri eta basoak irensteraino, eta Istanbulgo metropoli eremua eratu.

Demografia

Istanbuleko biztanleria historian zehar
UrteaBiztanleakUrteaBiztanleak
33040.0001914 909.978
400 200.000-400.0001927 680.857
530 550.0001935 741.148
545 350.0001940 793.949
715 300.0001945 860.558
950 400.0001950 983.041
1200 250.000-300.0001955 1.268.771
1453 36.0001960 1.466.535
1477 70.0001965 1.742.978
1566 600.0001970 2.132.407
1690 750.000-800.0001975 2.547.364
1817 500.0001980 2.772.708
1860 715.0001985 5.475.982
1885 873.5701990 6.629.431
1890 874.0002000 8.803.468
1897 1.059.0002007 11.372.613
1901 942.9002010 12.915.158

Metropoli eremuak 11.372.613 biztanle ditu, 2007ko erroldaren arabera[17] eta egun munduko hiri handienetakoa da. Gainera, biztanleriaren hazkuntza tasa % 3,45 da egun, batez ere landa lurretako etorkinak direla-eta. Istanbulgo biztanle dentsitatea 1.700 bizt/km² da, Turkiako batez besteko den 81 bizt/km² zifratik urrun[18].

Metropolitar eremuko biztanleria hirukoiztu egin zen 25 urtetan, 1980 eta 2005 artean. Gutxi gorabehera, istanbuldarren % 70 europar aldean bizi dira eta % 30, asiar aldean. Turkia hego-ekialdeko langabezia tasa zela-eta, eskualde horietako asko Istanbulera lekualdatu ziren lan bila, eta hiriaren aldirietan ezarri.

Ondasun nabarmenak

Sakontzeko, irakurri: «Istanbulgo gune historikoak»

Barrutiak

Istanbulgo barrutiak

Adalar |Ataşehir |Beykoz |Çekmeköy |Kadıköy |Kartal |Maltepe |Pendik |Sancaktepe |Sultanbeyli |Şile |Tuzla |Ümraniye |Üsküdar |Arnavutköy |Avcılar |Bağcılar |Bahçelievler |Bakırköy |Başakşehir |Bayrampaşa |Beşiktaş |Beylikdüzü |Beyoğlu |Büyükçekmece |Çatalca |Esenler |Esenyurt |Eyüpsultan |Fatih |Gaziosmanpaşa |Güngören |Kağıthane |Küçükçekmece |Sarıyer |Silivri |Sultangazi |Şişli |Zeytinburnu |

Garraioa

Haydarpaşa geltokia.
"Vapur" bat Bosforoan.

Istanbulen bi tren geltoki daude, Sirkeci (europar aldean) 1889an eraikia eta Haydarpaşa (asiar aldean) 1909koa. Sirkeci geltokira iristen zen Orient-Express linea ezaguna, eta bertatik irteten dira egun Paris-Venezia-Orient-Express (aurrekoaren oinordekoa-edo), Danubio-Express, Bosforo-Express, eta Greziara doan Laguntasunaren trena. Hayderpasa geltokitik, Trans-Asia-Express linea irtetean da Teheranerantz eta antzinako Taurus-Express Bagdadera. Bertatik Ankarara doazen abiadura handiko trena berriak ere irteten dira. Bosforoa igaroko duen burdinbide tunela, Marmaray izenekoa, 2004tik eraikitzen ari dira eta 2013an inauguratu zen.

Bi nazioarteko aireportu ditu hiriak: Atatürk nazioarteko aireportua, europar aldean, eta Sabiha Gökçen nazioarteko aireportua, asiarrean.

Istanbulgo metroak linea bakarra du, baina 2008an 68 milioi bidaiarik erabili zuten. Hala ere, badira halaber metro arineko linea bat (hafif metro), tranbia eta bi funikular, aldirietako tren lineez gain. Beste hirien adibideari jarraiki, 2009an metrobus sistema abian jarri zen.

Gainera, udalak ur-gaineko garraio sistema kudeatzen du, Bosfororen bi ertzetako ontziralekuak lotzeko.

Taxien sarea (turkieraz, taksi) oso garatuta dago: auto horiak dira.

Kirola

Futbola

Galatasaray SK, Fenerbahçe SK, eta Beşiktaş JK hiriko talderik indartsuenak dira: elkarren artean lehia handia dago.

Hedabideak

  • Cumhuriyet egunkaria.

Istanbuldar ospetsuak

Erreferentziak

Kanpo estekak