Joanes Etxeberri

euskal idazlea

Joanes Etxeberri (Sara, Lapurdi, 1668Azkoitia, Gipuzkoa, 1749) euskal idazlea eta sendagilea izan zen.[1] Euskaltzale handia zen, eta aurreko gizaldiko euskal idazleen lanak irakurriak zituen. Axular buruzagi eta aitzindaritzat zeukan, eta haren lanari jarraipena eman nahi izan zion. Idatzi zituen bere idazlan guztiak euskararen ingurukoak izan ziren. Bere garaian erlijiosoa ez zen idazle bakanetakoa dugu, eta erlijio gaiez kanpora ibili zen ia bakarra.

Joanes Etxeberri
Bizitza
JaiotzaSara, 1668
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaAzkoitia, 1749 (80/81 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakmedikua eta idazlea
MugimenduaSarako Eskola
Izengoitia(k)Etxeberri Sarakoa

Literaturaren Zubitegia: 403

Bizitza

Etxeberrik lehenengo ikasketak Pauen jesuitekin egin zituen, eta jarraian Okzitaniako Tolosako Unibertsitatean lortu zuen medikuntzako batxiler-gradua. Medikuntzatik at letra-gizona ere izan zen. Sendagile lanari Saran ekin zion, eta garai hartan Maria Itsasgaraterekin ezkondu zen. Hamaika seme-alaba izan zituzten; haien artean aipagarriena Agustin da, Mutrikuko mediku izan zena.

Ondoren, Hego Euskal Herrira joan zen, 1713ko abenduaren 11n Berako udalarekin sinatu zuen bere lehenbiziko kontratua, 1716an berretsiko zuena. Baztango Elizondon ere lan egin omen zuen denbora batez, baina batik bat Beran bizi izan zen 1722 arte. Urte hartan Hondarribiara joan zen, ordurako zuen ospeak eramanda. Hala ere, Hondarribian jasotzen zuen soldata urriak eta hura jasotzeko atzerapenak eraginda, Etxeberrik Hondarribitik alde egin zuen. 1725eko urrirako Azkoitiko mediku ageri zen. Artatzen zituen gaixoen artean Loiolako josulagunak zeuden, besteak beste Kardaberaz edota Larramendi. Azkoitian segitu zuen mediku lanean, bertako udalak zahartzaroan erretiratu zuen arte. Azkenik,1749an zendu zen, 81 urte zituela.[2]

Lanak

Funtsean hiru lan idatzi zituen:

  • Lau-urdiri gomendiozko karta, edo gutuna[3] (1718) Lapurtarren Biltzarrari egindako gutuna da. Bertan euskaraz, euskara Lapurdiko eskoletan irakasteko eskakizuna egin zuen. Horrekin batera, berak egindako gramatika lana aurkeztu zuen, eta argitaratu eta eskolako material gisa erabiltzeko baimena eskatu. Biltzarrak ezezko erantzuna eman zion eta, horregatik, ezin izan zituen bere lanak plazaratu.
  • Eskuararen hatsapenak[4] (1712). Saiakera elebiduna da, euskaraz eta latinez idatzitako euskararen apologia-lana. Urkixok Zarauzko frantziskotarren komentuan aurkitu zuen. Ez datoz jatorri kontuak soilik: hizkuntzaren goraipamen sutsua da eta, Hegoaldeko apologistek ez bezala, euskaraz moldatua. Horrezaz gain, eta besteak beste, Axular izendatzen du literatur hizkuntzaren eredu nagusi.
  • Euskal-herriari eta Euskaldun guztiei eskuarazko hatsapenak latin ikasteko. Garai hartan kultur hizkuntza latina zen oraindik. Horregatik, euskaldunek gaztelaniazko edo frantsesezko ikasbideetara jo behar izaten zuten latinaz jabetzeko.

Bizi izan zen artean, lehenengo liburuxka bakarrik kaleratu zuen. Bigarrena eta hirugarrena ez ziren XX. mendera arte kaleratu, nahiz eta Etxeberrik saiakerak egin argitaratzeko. Haietako batzuk frantziskotarren Zarauzko komentuan egon ziren "galdurik".

Bazen laugarren obra bat halaber: Hiztegia, euskaraz, latinez, frantsesez eta gaztelaniaz atondua. Larramendik horren berri izan zuen, baita erabili ere, baina badirudi betiko galdu zela.

Erreferentziak