Jose Maria Agirre Salaberria

Irundar ospetsua
Artikulu hau Mauthausenen kartzelaratutakoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Agirre».

Jose Maria Agirre Salaberria (Etxebarria, Bizkaia, 1919ko martxoaren 25aPalma Mallorcakoa, Balearrak, 2009ko irailaren 6a) milizianoa izan zen, Mauthausengo kontzentrazio esparrutik bizirik atera zelako ezaguna.[1]

Jose Maria Agirre Salaberria

Bizitza
JaiotzaEtxebarria1919ko martxoaren 25a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaPalma Mallorcakoa2009ko irailaren 6a (90 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakmilitarra
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila

Biografia

Etxebarrian (Bizkaia) jaioa bazen ere (Egixarre baserrian), hiru urte geroztik Irunen (Gipuzkoa) hazi zen, eta hantxe bizi izan zen 17 urte zituen arte.[2]

Espainiako gerra zibila

1936an, Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, familia osoa Hendaiara joan zen. Han zela, ama eta anai-arrebengandik banandu eta aita Doroteorekin batera Kataluniara joatera behartu zuten.[3][4]

Han miliziano bilakatu zen, eta San Pedro Martir muinoan eta Sant Feliu de Guíxolsen borrokatu zelarik. 1939an muga zeharkatu zuen Frantziara, garaile zetorren armada frankistarengandik ihesi.[4]

Frantzian erbestealdia

Frantzian Saint-Cyprien eta Gurs kontzentrazio esparruetan izan zen. Han Marcelino Bilbao ezagutu zuen, koinatua izango zuena.[5]

1939ko urrian Gursetik Septfondseko zelaira eraman zuten. Bertako bizi baldintza krudelek bultzatuta, Compagnies de Travailleurs Étrangers (CTE) delakoetan izen eman zuen, zelai honetatik alde egiteko asmoz. Marcelino eta Jose Mari 26º CTE-ra bidali zituzten eta,[5] konpainia honetan zirelarik, Maginot lerrora lan egitera.[6] 1940ko ekainean naziek harrapatu eta Estrasburgoko Stalag V-D esparrura eraman zuten.[7]

Alemaniara deportatu

Sobietar presoak Mauthausengo patioan, 1941ko urrian. Argazki hau atera zen unean, Jose Mari Mauthausengo zelaian preso zegoen.

Urte hartako abenduaren 13an Mauthausenera eraman zuten, hiltzeko asmoz. Han 4553 zenbakia eman zioten.[8] Bertan eman zuen urte eta erdian espainiar errepublikazaleek pairatu zuten hilketa sarraskiaren lekuko eta biktima izan zen, aldi berean. Jose Marik Mauthausengo harrobian lan egin behar izan zuen, hilketak burutzen ziren gunean. Isipula ere pasa zuen eta nazien esperimentuen biktima ere izan zen. 1942ko maiatzean bere egonaldiaren atal berri bat hasi zen, Ternberg eta Redl-Zipf azpiesparruetara bidali baitzuten Cesar Kommandoko itzultzaile gixa.[9]

1945eko maiatzaren 2an, naziek Ebenseera zeramatela, aliatuek askatu zuten.

Askatasuna

1945ko maiatzean, askatu ostean, Jose Mari Parisa bidali zuten indar aliatuek eta handik Châtelleraulta iristea lortu zuen, erbestean zituen ama eta anai arrebekin bat eginez.[10] 1950eko hamarkadan Mallorcara joan zen bizitzera, bertan hotel bat zuzendu zuelarik.[11] Han hil zen 2009an.

Oroimena

Mallorca 2018

Jose Mari Agirre Mallorcan bizi izandako etxearen parean, oroimenezko galtzadarri edo stolperstein bat ezarri zen 2018ko abenduaren 18an, Gunter Demnig artista alemanak egina.[12]

Etxebarria 2022

Etxahun Galparsororen hitzaldia, Etxebarrian, 2022-03-26.
JM Agirreren oroimenezko liburuxka (2022).

Jose Mari Agirreren sorterrian, Etxebarrian, omenaldi bat antolatu zuten, 2022ko martxoaren 26an eta 27an, Ahaztuen Oroimena 1936 - Markinaldeko Frentea elkarteak[13] bultzatuta.[14] Etxahun Galparsoro historialariak hitzaldi bat eman zuen, pilotalekuko kultur aretoan, martxoaren 26an. Agirreren bizialdia izan zuen hitzaldiaren muin, baina, horrekin batera, Lea-Artibai eskualdeko beste deportatu batzuk ere ekarri zituen gogora, besteak beste, Jose Clark (Markina-Xemein), Lucio Vallina (Ziortza-Bolibar), Iñaki Eizagirre (Ondarroa), Aurelio Artola (Lekeitio) eta Cecilio Hidalgo (Berriatua). Hitzaldiaz gain, Galparsorok idatzitako liburuxka bat argitaratu zuten.[15]

Hurrengo egunean, martxoaren 27an, gorazarre ekitaldi bat egin zuten; parte hartu zuten Mikele Sotil margolariak, Lorea Zulaika abeslariak eta Associació Memòria de Mallorca[16] elkarteko kideek besteak beste. Agirreren zenbait senitarteko ere omenaldian izan ziren.[14]

Erreferentziak

Bibliografia

  • Galparsoro, Etxahun 2020: Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deportado vasco, Bartzelona, Crítica. ISBN 978-84-9199-178-6
  • Gallart Vivé, Ernest 2011: El kommando César: los republicanos españoles en el sistema cocentracionario del KL Mauthausen, 978-84-614-8303-7
  • Juaristi Larrinaga, Patxi 2011: Markinako Frontea: Markinako eta Xemeingo egoera politikoa eta soziala Bigarren Errepublikan eta Gerra Zibilean (1931-1939), Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua. ISBN 978-84-9860-583-9

Ikus, gainera

Kanpo estekak