Joseba Elosegi

Euzko Gudarosteko ofiziala eta politikaria

Joseba Elosegi Odriozola (Donostia, 1915eko abenduaren 6a - ib., 1990eko azaroaren 5a) eusko gudaria eta politikari jeltzalea izan zen. Famatu bihurtu zen 1970eko irailaren 18an Donostiako Anoeta pilotalekuan jokatzen ari zen Munduko Pilota Txapelketako partida batean bere buruari su eman ziolako eta Francorengana hurbiltzen saiatu zelako.

Joseba Elosegi


Espainiako senataria

1979ko martxoaren 1a - 1989ko irailaren 2a
Barrutia: Gipuzkoa
Bizitza
JaiotzaDonostia1915eko abenduaren 6a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1990eko azaroaren 5a (74 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: miokardio infartu akutua
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta militarra
Lantokia(k)Madril
Zerbitzu militarra
Adar militarraSaseta Batailoia
Graduakapitain
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea
Eusko Alkartasuna

Biografia

Donostian merkataritza-peritu izateko eta Parisen Arte Ederrak ikasi zituen. Gerra Zibilean gudari izan zen, Eusko Gudarostean. Etxebarriako Urko mendian zebilela, Gernikako bonbardaketa ikusi zuen. Italiarrek Santoñako hitzarmena hautsi zutenerako Saseta Batailoiaren kapitaina zen, eta frankistek Elosegi Castro Urdialesko Barquin eskolan zuten preso. Heriotza zigorra ezarri zioten baina, El Duesoko espetxean zegoela, frankistek beste preso batzuen truke aldatu zuten.[1] Halaxe, 1938ko urtarrilaren 20an Katalunia aldera joan zen; han komandante-graduarekin, Armadaren 44. Dibisioaren barnean Ebroko guduan eta Kataluniako ofentsiban parte hartu zituen. Gerra ondoren, Sèten bizi ondoren, Lapurdira itzuli zen.[2]

1942ko otsailean, Hegoaldera itzuli zen, barnealdeko erresistentziari laguntzeko. 1946ko uztailaren 18an Guardia Zibilak harrapatu zuen Artzain Onaren katedralean ikurrina jartzeagatik. Egun batzuk geroago, libre irten bezain laster, Iparraldera ihes egin zuen.[1] Itzuli eta 1950eko uztailaren 18an berriro atxilotu zuten. Joan-etorriak 1964an bukatu ziren.

1970eko irailaren 18an, Donostiako Atano III.a pilotalekuan (garai hartan Anoeta pilotalekua izena zuen), Francisco Franco Munduko Pilota Txapelketako partida bat ikusten ari zela, Elosegik bere buruari su eman zion eta bigarren galeriatik kantxara jauzi egin zuen, «Gora Euskadi askatuta» oihu eginez, diktadoreari Gernika suntsitu zuen su kiskalgarria ikustarazteko asmoz.[3][4] Hamazazpi egun izan zen hilzorian, eta zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten[5] (horietatik hiru egon zen kartzelan, MATESA auziko zigortuekin batera indultua eman ziotelako). Presondegian zegoela, Quiero morir por algo liburua idatzi zuen.[6]

1977ko uztaileko hauteskundeetan diputatu aurkeztu zen EAJren zerrendetan, baina ez zuen kargua lortu. Hala ere, senatari izendatu zuten[7] 1979, 1982 eta 1986ko legealdietan, beraz 1979ko martxoaren 1 eta 1989ko irailaren 2 artean izan zuen kargua. 1980ko hamarkadan, ETArekin bake akordioak lortzen lagundu zuen.

1984ko ekainaren 6an Madrilgo Armadaren Museotik Itxarkundia Batailoiaren ikurrina ostu zuen. Ikurrina "enseñas del bando republicano durante la guerra de liberación" (askapen gerrako errepublikaren bandoaren ikurriak) taldearen barnean erakusten zuten.[8] Senataria zenez, instrukzioko epaitegiak Senatuari erreguzkoa bidali behar izan zion, baina 1985eko irailaren 4an erreguzko-batzordeak ezetz esan[9] eta ezin zuten epaitu. 1986ko EAJren zatiketan Eusko Alkartasunera pasa zen. Bihotzekoak jota hil zen.

Hari buruzko bi dokumental grabatu dituzte: 1971n Jeremy Wallingtonen The Man at The Window (Gizona leihoan) izenekoa Granada Televisionentzat eta 1979an Pedro Oleak Ikuska 2rako elkarrizketatu zuen.[1]

Obra

  • Quiero morir por algo (Zerbaitengatik hil nahi dut). Anai Artea, Bordele, 1971. 327 or.

Omenaldia

2021ean, Donostian, udalak San Bartolome muinoko begiratokiari haren izena eman zion. 2021eko abuztuaren 29an omenezko ekitaldia egin zioten begiratokian Eusko Alkartasunako kideek.[10]

Erreferentziak

Kanpo estekak