Lehen Karlistaldia

Lehen Karlistaldia[6][7]Lehen Karlista Gerra, Lehen Gerra Karlista eta Lehen Karlistada izenez ere ezaguna— 1833 eta 1840 urteen bitartean Hego Euskal Herrian batez ere (1839 arte) eta Espainian izandako gerra zibilari deritzo. Gerraren azaleko auzia dinastikoa zen arren, Euskal Herrian ezaugarri bereziak izan zituen, bertako lege eta erakundeen aldeko altxamendua izan zen biztanleriaren gehiengo handiaren babesaz, espainiar ordena liberal berriaren kontra.

Lehen Karlistaldia
Karlistaldiak
Data1833ko urriaren 2a1840ko uztailaren 6a
Lekua Euskal Herria
espainia
EmaitzaIsabeldarren garaipena
Gudulariak
Karlistak

Nazioarteko babesa (ekonomikoa)

Isabeldar edo kristinatarrak


Nazioarteko babesa

Buruzagiak
Tomas Zumalakarregi
Ramón Cabrera
Bruno Villarreal
Jose Migel Sagastibeltza
Juan Antonio Zaratiegi
Rafael Maroto
Vicente Genaro de Quesada
José Ramón Rodil y Campillo
Francisco Espoz y Mina
Luis Fernández de Córdova
Marcelino Oráa
Baldomero Espartero
Indarra
30.000 karlista (1838)[1]500.000 gerra osoan zehar[2]
100.000[1]-265.000[3] kristinatar (1838)
10.000 Britainiar Legio Laguntzailea[4]
5.000 Frantziar Dibisio Laguntzailea
Galerak
60.000-80.000 hildako inguru[5]80.000 hildako inguru[5]
66.000 kristinatar
7.800 frantziar
2.400 britainiar
50 portugaldar

Gerraren erdigunea Euskal Herria izan zen eta, neurria txikiagoan, Maestrazgoa eta Kataluniaren iparraldeko muga eskualdea. Alabaina, erresumako beste eskualde batzuk astindu zituen, Andaluzia, adibidez, eta gobernuaren eta altxatuen espedizio militarrek talka egin zuten askotariko tokietan.

Hainbat egilek eta lehen eskuko lekukok, hala bertakoek nola atzerrikoek, euskal subiranotasun eta, are, independentziaren aldeko herritarren borrokatzat jo dute Euskal Herrian. Lehen Karlistaldiak "erregetzaren gerra" (1839 arte), "gerra zibila", "iparraldeko gerra" eta "foruen gerra" izenak hartu zituen.

Hego Euskal Herrirako gerraren ondorio politiko nagusia, lehenik, okupazio militarra eta, bigarrenik, 1839ko Foruak Berresteko Legea eta 1841eko Nafarroako Foruak Eraldatzeko Legea izan zen; hartara, Espainiara transferitu zen herri subiranotasuna eta Hego Euskal Herriko lurraldeak Espainiako probintzia bihurtu ziren, estatus berezi batekin bazen ere. Ordu arteko barnealdeko aduanak kostaldera eta Pirinioetara lekualdatu ziren. Espainian, ordena konstituzional desegonkor bat finkatu zen, eta Espainia iraunkorki sartu zen Europako nazioarteko mailegarien finantza sisteman.

Garaia

Karlos Maria Isidro infantea, bere burua Karlos V.a aldarrikatua

XVIII. mendearen hasieran, Filipe V.a Espainiakoak Lege Salikoa ezarri zuen, emakumeei espainiar koroa heredatzea galarazten ziena. Mende bat geroago, ordea, Fernando VII.a Espainiakoa erregeak arazo bat zuen: ez zuen gizonezko semerik izan, bi alaba soilik, Elisabet (gerora Elisabet II.a Espainiakoa izenaz erregina izango zena) eta Luisa Fernanda. Fernandok Lege Salikoa atzera bota zuen bere alaba nagusia erregina izan zedin[8].

Horretarako 1830eko martxoan, hau da, Elisabet jaio baino sei hilabete aurrerago, 1789an bere aita zen Karlos IV.a Espainiakoak ezarri eta Gorteek onarturiko Berrespen Pragmatikoa argitaratu zuen, 1713ko maiatzaren 10ean Filipe V.aren araudia indargabetzen zuena[9]. Horrela, Gaztelako erresuman ohiturazkoa zen ondorengotza zuzenbidera, Zazpi Partidetara hain zuzen ere, itzuli zen.

Honek erregearen anaia zen Karlos Maria Isidrori kalte egin zion, Lege Salikoaren arabera oinordeko izan behar baitzuen berak. Izan ere, Fernando VII.aren erreinaldian oinordekoa izan zen, Fernandok hirutan ezkondu bazen ere seme-alabarik ez zutelako. Laugarren emazteak ordea alaba bi izan zituen. 1833ko irailaren 29an Fernando hiltzean, Elisabet erregina izendatu zuten; bere adin urria zela-eta, ordea, bere ama Maria Kristina izendatu zuten erregeorde[10].

Espainiako egoera politikoa XIX. mendearen erdialdean nahasia zen. Fernando errege absolutu bat izan zen arren, bere bizitzaren azken aldera liberalei zenbait kontzesio egin zizkien. Bere alaba Elisabetek erreformetan aurrera jarraituko zuelakoan, absolutismoaren jarraitzaileak Karlos Maria Isidroren aldera jo zuten. Honek, Elisabet Asturiasko printzesatzat onartu ez zuena, Abrantesko agiria aurkeztu eta bere eskubide dinastikoak aldarrikatu zituen[11].

Arazo dinastikoa, gainera, ez zen bakarra gerra hasteko. Iberiar Penintsulako Gerra izan eta gero, Fernandok 1812ko Espainiako Konstituzioa indargabetu egin zuen. Hala ere Hirurteko Liberalaren (1820-1823) ondoren, Fernando VII.ak berriro inkisizioa martxan ipini bazuen ere, bere erreinaldiaren bukaeran liberalak erakartzeko zenbait foru kendu egin zituen[12][13].

Alderdiak

Eliza ofizialki alderdi baten alde agertu ez zen arren, elizgizon askok (tartean Merino apaiza famatua) karlisten alde egin zuen[8]. Euskal herrialdeetako biztanlegoak, Karlosen alde egin zuen. Alde batetik kristinatar liberalek Euskal Foruak ezabatuko zutenaren beldur zirelako, eta baita Elizak euskal gizartean zuen pisuagatik.

Era berean, Katalunia eta Aragoin Espainiako Ondorengotzaren Gerra eta gero jada galduta zituzten foruak berreskuratzeko aukera antzeman zen Karlosen alde eginez gero[14].

Bestalde, liberalek eta moderatuek estatuko instituzioak, armadaren gehiengoa eta hiririk garrantzitsuenak kontrolatzen zituzten.

Atzerritarren parte-hartzea

Britainiar Legioaren 6. Erregimentuak 1836ko azaroaren 17an gipuzkoar nekazarien etxeetan eragindako arpilatze eta suntsiketa (Zumalakarregi Museoko bilduma).

XIX. mendeko beste gerretan bezala, erromantizismo mugimenduak bultzatuta hainbat lagun hartu zuten parte gerran, gehienetan karlisten alde,[15]. Aipatzekoak dira C. F. Henningsen ingelesa[16] Alphonse de Barrés du Molard, Alexis Sabatier eta Louis Xavier Auguet de Saint-Sylvain frantziarrak edo August von Goeben, Adolf Loning, Felix von Lichnowsky eta Wilhelm von Rahden alemaniarrak[17].

Bestetik gerran gizatasunez jokatzeko (Lord Edward Elliot)[18] eta amaiera emateko (Lord John Hay) ingelesak ere aritu ziren.

Liberalek (Espainiako gobernuak, bereziki) Erresuma Batua, Frantzia eta Portugalen laguntza jaso zuen, armada hornitzeko eta diruzaintzarako kredituen bitartez. Nazioarteko maileguak 1835ean hasi ziren. Britainiarrek George Lacy Evans jeneralak zuzendutako boluntarioek osatutako British Legion[19] eta Bizkaiko golkoan blokeoa egiteko Royal Navy bidali zituzten. Portugaldarrek das Antas baroiak zuzendutako Laguntza Dibisioa eta frantziarrek Légion Étrangère bidali zuten muga eta kostaldeak kontrolatzeko.

Karlisten aldeko abenturan, esperientziaren inguruko liburuak eta memoriak idatzi zituzten, esaterako Felix von Lichnowsky prusiarrak. Liburu horiek interesgarriak dira bai gerraren inguruko jasotako informazioagatik baita ere garaiko gizartearen inguruko testigantzagatik. Lichnowskyren liburuak, adibidez, Euskal Herriari buruzko datu eta deskribapen asko bildu zituen.

Gerra

Borroka eremuen mapa.

Hasiera batean liberalen indarra handiagoa zen arren, Tomas Zumalakarregik antolatutako gerrilla gerra arrakastatsuagatik, karlistak euskal lurraldeetan indartsu egin ziren eta liberalei sona handiko porrotak eragin zizkieten. 1835ean, garaipen hauek animatuta, Karlosek Zumalakarregi Bilbo setiatzera behartu zuen (berak nahiago zuen Gasteiz hartu, bertatik Madril erasotzeko), portu garrantzitsu batez jabetu nahi baitzuen. Zumalakarregi setioan bala galdu batez hil zenean, karlistek ezin izan zuten bere trebetasuna berdinduko zuen buruzagi militarrik aurkitu.


«[Badakigu orain euskal probintziek] ez daramate[la] gerra zibil bat, independentzia gerra bat baizik, errege-nahia ez dela haientzat bandera bat baizik, beste probintzietako absolutisten eta Europako monarken zein autokrazien laguntza segurtatuko diena; finean, Espainia errege absolutu baten esklabu baten pean jarri nahi badute, haien errepublikar konstituzioen bidez aske irauteko da.»

Louis Vierdot, Revue des deux Mondes (1836)[oh 1]


Heriotza honen ostean, liberalak pixkanaka-pixkanaka gerran iniziatiba hartzen hasi ziren, baina ezin izan zuten gerrilla karlista menperatu. Nazioarteko maileguez gain (Rothschild Etxeak hornituak), Mendizabalek errekrutamendu orokorra egin zuen Espainian, soldadu gehiago biltzeko. Gauzak horrela, gerra amaitzeko formulak bilatzen hasi ziren batez ere herrialdeetako handikiak, Baionan bilduta. Hauek Muñagorriren bandera eta leloa ("Bakea eta Foruak") bultzatu zituzten. Militarki eraginik izan ez bazuen ere, eragin handia izango zuen gero, 1839an Rafael Maroto eta Baldomero Esparteroren arteko Bergarako besarkadaren testuan. Bertan, karlista militarren graduak mantentzen ziren baina foruak ez ziren erabat berresten, hauek Espainiako legedi, konstituzio eta hiritarren bonbardaketan ezartzen baitziren[20].

Lehen karlistaldiko zenbait militar eta buruzagi

Iparraldeko frontea

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Revue des Deux Mondes: Gerra Hego Euskal Herrian (FR)
Iparraldeko frontea, 1836ko maiatzean.
Soldadu karlistak Bilboko lehendabiziko setioan (1835) zauritutako Zumalakarregi garraiatzen.
Lutxanako guduaren irudikapena
Britainiar Legio Laguntzailearen erasoa 1837ko Irungo guduan.
Bergarako besarkada. 1839ko abuztuaren 31a.

Fernando VII.a hil ondoren, Karlos erregenahiak Joaquín Abarca apezpikua izendatu zuen ministro unibertsal[21] eta berarekin bat egiteko eskatu zien armada eta autoritateei, ondorio gutxiekin. Nazioartean Miguel I.a Portugalgoak baino ez zuen aintzat hartu, Espainia eta Portugalen arteko harreman diplomatikoak hautsiz. Urriaren hasieran erresumaren zenbait lekutan matxinadak hasi ziren, erregearen boluntario herrietako elkarteek eginak. Gehienetan ez zuten arrakasta handirik izan, Euskal Herrian eta Errioxan izan ezik, non denbora eskas batzuetan hiriak kontrolatu zituzten.

Matxinadak ez zuten armadaren babesa izan. Horrela Ladron de Zegama jeneralak, Valladoliden agintaritzarik gabe zegoena, eta Tomas Zumalakarregi, Iruñean erretiroa hartuta zegoena, bere etxetik alde egin zuten zeuden gotorlekuen garnizioa estutasunean jarri barik altxatzeko. Adituen ustez, Ladron de Zegama jeneralak 1833ko urriaren 6an Tricion Karlos Maria Isidro Karlos V.a izenaz errege aldarrikatu zuenean hasi zen. Matxinoek Logroño hartu ondoren, Nafarroara pasa ziren, bertokoekin bat egiteko. Nafarroan gertatu zen batasun honek Tomas Zumalakarregik zuzendutako armadaren hasikina izan zen eta zazpi urtez gerra mantendu zuten.

Tomas Zumalakarregik berehala Euskal Herriko karlista armada antolatu zuen, hasieran Nafarroan eta gero Pedro Sarsfieldek zuzendutako espedizioak zigortutako Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabakoekin batera.

Zumalakarregik guda-zelaian armada kristinatarrari kendutako armaz hornitu zituen bere soldaduak edo lantegi eta konboiei lapurtutakoez[22]. Bere gutxiagotasunaz jabetua Iberiar Penintsulako Gerran ezagututako gerrilla taktikak errepikatu zituen, eremu menditsua eta biztanleria zibilaren laguntzari esker. 1833ko abenduaren 7an, Bizkaia eta Arabako Foru Aldundiek bere tropen buruzagi izendatu zuten. Soldaduen artean ospetsua ("Tomas osaba" ezizena zuen), gupidagabea izan zen liberalak zapaltzeko eta beldurra erabili zuen lurraldea kontrolpean izateko.

1834 urteetan zehar, guduetan karlistek garaipenak lortu zituzten: Logroño eta Cenicero arteko arma-konboia lapurreta egin zuten edo Dulantzi eta Etxebarriko guduak. Baina, urte bukaeran, porrota jaso zuten Mendazako guduan eta atzera egin behar izan zuten Arkijasen. 1835eko martxo eta apirilean, Larremiarko guduan, berriz, Francisco Espoz y Mina menderatu zuen.

Artatzako guduan Gerónimo Valdés mendean hartu ondoren, Tomas Zumalakarregik liberalei hainbat herri eta gotorleku kendu zizkioten (Maeztu, Altsasu, Elizondo, Doneztebe, Urdazubi eta abar), hiriburuak eta zenbait kostaldeko herri baino ez mantenduz. Liberalen armada Ebroko hegoaldeko ertzean kokatu zen. Garaipen militarrek indarberritua eta nazioartean finantza eta aintzatespena lortzeko asmotan, erregenahiak Bilbo hartzea agindu zuen, Zumalakarregik Gasteiz hartu eta bertatik Madril erasotzea nahiago bazuen ere. Kanpainaren hasieran arrakasta izan zuten, izan ere Espartero mendean hartu zuten Deskarga mendatean. 1835eko ekainaren 10ean Bilbo setiatzeari baina, operazioak begiratzen ari zela zauritua, 1835eko ekainaren 24an hil zen Zumalakarregi.

Zumalakarregi hil ondoren Vicente González Moreno izendatu zuten ordezko. Honek Bilboren setioa utzi zuen Luis Fernández de Córdovak zuzendutako armada zetorrelako[23]. Honek, egun batzuk pasa ondoren, Mendigorriko guduan mendean hartu zituen karlistak.

1835eko urrian Nazario Egia Euskal Herriko karlista tropen jeneral bilakatu zen. Bere agintaldian 36.000 lagun izatera ailegatu zen eta bere ordezkoa zen Bruno Villarrealek euskal mugetatik kanpo espedizioak prestatu zituen.

1836ko urrian berriro Bilbo setiatu zuten, baina bost egun beranduago utzi zuten. Azaroan, hirugarrenez, Bizkaiko hiriburua setiatzeari ekin bazioten, hilabete eta erdi geroago utzi zuena hain zen ona Baldomero Esparterok prestatutako defentsa[8].

Porrot honen ondorioz, erregenahiak Sebastian Gabriel Borboikoa hautatu zuen buruzagi berri, 1837ko martxoan Oriamendiko gudua irabazi zuen. Tartean karlisten erradikalek kontrolpean zuten politika, batez ere Expedición Real eta gero[24].

Juan Antonio Gerge bilakatu zen buruzagi 1838ko ekainera arte. Urizaharreko gudua eta gero Rafael Marotok ordezkatu zuen[25]. Honek armada berrantolatu eta 1839ko otsailean Gerge eta beste militarrak, bere kontra konspiratzeagatik salatuak, fusilatu zituen[26]. Bere aurkariak botatzea saiatzeagatik, erregenahiak kargutik kendu zuen egun batzuk geroago berrizendatu arren.

Marotok, bere tropen aurkako jarrera izan arren eta erregenahiaren laguntzarik gabe, Elisabet II.a Espainiakoaren armadarekin negoziatu zuen[27]. 1839ko abuztuaren 29an Baldomero Espartero eta Marotoren ordezkariak ziren La Torre eta Urbiztondo jeneralek Oñatiko ituna sinatu zuten. Abuztuaren 31an Bergaran Maroto eta Esparterok elkar besarkatu ondoren guda amaitu zen[28]. 1839ko irailaren 14an Karlos Maria Isidro erregenahiak muga zeharkatu zuen zenbait jarraitzailekin batera.

Ondorioak Euskal Herrian

Ondorioen artean, nabarmenetarikoa Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako foruen murrizketa izan zen. Haien deuseztapen osoa Bigarren Karlistaldiarekin egikaritu zen. 1841ko lege batek, halaber, Nafarroako foruak desegin zituen, autonomia handia izaten jarraitu bazuen ere.

Aragoi eta Valentziako frontea

Ramón Cabreraren erretratua

1833ko azaroaren 13an karlistek garaipen inportantea lortu zuten: Morella matxinatu eta Karlos V.aren zutoihala atera zuen. Carlos Victoriak, Morellako komandantea zena, iruzur egin eta bertoko tropak hiritik aterarazi zituen. Hiriko ateak itxi eta Herbésko baroia zen Rafael Ram de Viu eta Manuel Carnicerrekin batera karlistekin bat egin zuen. Hala ere, gobernuaren tropak konturatu eta Horék zuzendutako zutabea bidali zuten hara. Karlistek abenduan Morellatik ihes egin bazuten ere, Herbésko baroia eta beste buruzagiak Calandan atxilotu eta abenduaren 27an fusilatu zituzten. Honek matxinadaren sua piztu eta Maestrazgo eta Ebro haranean partidak sorrarazi zituen, Carnicer, Quílez edo Cabrerak zuzendutakoak[29].

1834ko otsailean Maestrazgo eta Aragoiko partidek Manuel Carnicer hautatu zuten buruzagi.[30] 1835eko apirilean fusilatua izan ondoren bere laguntzailea zen Ramón Cabrerak ordezkatu eta karlisten indarrak berpiztu zituen.[31] Hala ere karlistak ez ziren beste liberalak mendean hartzeko eta 1836an Evaristo de San Miguelek Cantavieja konkistatu zuen erreginarentzat. 1837an Cabrerak galdutakoa berreskuratu eta 1838ko urtarrilean Morella konkistatu ondoren bertan kokatu zuen bere hiriburua. Ordurako Aragoi, Valentziako iparraldea eta Kataluniako hegoaldea kontrolatzen zituen. Hala ere, Euskal Herrian gerra bukatu eta gero, Esparterok 44.000 lagun eraman zituen Zaragozara eta 1839ko urrian Mas de las Matasen kokatu zuen bere kuartel nagusia. Cabrerak 1840ko maiatzaren 30ra arte mantendu zuen erresistentzia, Esparterok Morella konkistatu eta Cabrerak Bergara alde egin zuenean hain zuzen ere[32].

Kataluniako frontea

Katalunian zeuden partida ugariek ez zuten antolakuntzarik. Hori zela eta, erregenahiak Euskal Herriko batailoi nagusietatik armada bat hautatu eta hara bidali zuen[33]. 1835eko abuztuan Juan Antonio Gergek zuzendu zuen 2.700 laguneko gudaroste hau zuzendu zuen. Hara ailegatu eta gero, bertakoekin bat egin zuen eta Olot setiatu bazuen ere ezin zuen hartu. Gergek Kataluniako karlista tropak antolatu eta agiri bat prestatu zuen erregeari eta buruzagiei bidaltzeko. Agiri honetan, Euskal Herritik ekarritakoak zenbatu gabe, 19.000 soldadu zituela esan zuen. Hala ere, identifikatu gabeko hainbat partida zituenez datu hori ez dela fidagarria oso, nahiz eta benetan soldadu asko izan[34].

Gergek Kataluniatik alde egin zuenean, Ignacio Brujó eta Rafael Maroto bilakatu ziren buruzagi. Azkena, bertan izan zen hilabete gutxietan, nahasketa sortzeaz gain porrot asko izan zituen eta, beraz, 1836ko abenduan Gergerekin zerbitzatu zuen Blas María Royo de Leónek ordezkatu zuen. Royok Oliverreko guduan garaipena lortu eta Solsona konkistatu zuen. 1837an Expedición Real izeneko espedizioan parte-hartzailea izan zen Antonio Urbiztondok Royo ordezkatu eta hurrengo urteko uztailean Berga okupatu eta bere hiriburu izendatu zuen.

Bergan osaturiko gobernua eta Urbiztondo arteko arazoen ondorioz, hasieran José Segarra eta gero Charles d'Espagnac hautatu zituzten buruzagi. Azkena tropak modernizatzea saiatzeaz gainera, karlisten erradikalei hurbildu zen, ofizialen atsekaberako. Armadak erregenahiri kargutik kendu zezan eskatu eta urrian lortu zuen.

Bergarako besarkada eta gero, Euskal Herritik soldadu berriak etorri zizkienez, Katalunian gudak hilabete batzuk gehiago iraun zuen[35]. Azkenekoz, Cabrerak zuzendutako gudarosteak 1840ko uztailaren 6an muga zeharkatu zuten[36].

Gaztelako frontea

Gaztelako karlista infanteria

Gaztelan ere karlista taldeak sortu zituzten. Nagusienak Gaztela Zaharrean izan ziren. Euskal Herritik gertu zeuden eskualdeetan, karlistek, gobernuaren tropek bultzatuta Euskal Herrira jo eta euskaldunen armadaren barnean batailoi gaztelarrak sortu zituzten[37]. Buruzagi nagusiak Balmaseda, Basilio García, Jerónimo Merino eta Cuevillas ziren. Hauek liberalek kontrolpean zuten bere lurraldeetatik erasoaldiak prestatu zituzten, batzuetan La Mancha eskualderaino ere ailegatuz. Ontoriako husarrak, Balmasedak zuzendutako gaztelar zaldizkoez osaturiko unitatea zena, bere errejimenturik ospetsuena izan zen, Cabreraren zuzendaritzapena bukatu zena. Maestrazgo galdu zutenean, ezin zuten Ebro zeharkatu eta Frantziara ihes egiteko Cuenca, Soria, Burgos, Errioxa eta Nafarroatik itzultzea egin zuten. Zeharkatu zituzten herrietan bidegabekeria asko egin eta gero, Nafarroan harrapatu zituzten Cabrera aspalditik Frantzian zegoela. Hori zela eta, bandolerotzat hartu eta exekutatu zituzten.

Gaztela Berrian karlistek Ciudad Realen eta Cabrerak kontrolpean zituen eskualdeetatik gertu (Cuenca eta Albaceten) partidak zituzten, nagusiena Palillos anaiena izanik[38]. Nahiz eta partida hau besteak baino handiagoa izan, inoiz ez zituen berrehun lagun baino gehiago izan.

Karlisten espedizioak

Karlistek Euskal Herritik zenbait espedizio atera zituzten liberalen lurraldeak erasotzeko[39]. Espedizio hauen helburu nagusiak bi izan ziren:

  • Karlismoak jarduerarik ez edo jarduera urria zuen lurraldeetara guda zabaltzea.
  • Mugitu gabe zituen errejimentuak laga, Euskal Herrian arriskutsuak omen zirelako.

Espedizio guztietan porrota jasan ondoren Euskal Herrira itzuli ziren . Hona hemen aipatutako espedizioen zerrenda:

Guduak (osatu gabeko zerrenda)

IzenaDataEmaitza
Los Arcosko gudua1833ko urriaren 11Liberalen garaipena
Nazar eta Asartako gudua1833ko abenduaren 29aLiberalen garaipena
Altsasuko gudua1834ko apirilaren 22aKarlisten garaipena
San Fausto haitzen gudua1834ko abuztuaren 19aKarlisten garaipena
Vianako gudua1834ko irailaren 4aKarlisten garaipena
Dulantziko gudua1834ko urriaren 27aKarlisten garaipena
Etxabarriko bentaren gudua1834ko urriaren 28aKarlisten garaipena
Mendazako gudua1834ko abenduaren 12aLiberalen garaipena
Arkijasko lehenengo gudua1834ko abenduaren 15aGarailerik gabekoa
Ormaiztegiko gudua1835eko urtarrilaren 3aKarlisten garaipena
Arkijasko bigarren gudua1835eko otsailaren 5aKarlisten garaipena
Artatzako gudua1835eko apirilaren 20tik 22raKarlisten garaipena
Deskargako gudua1835eko ekainaren 2aKarlisten garaipena
Bilboko lehendabiziko setioa1835eko ekainaren 10etik uztailaren 1eraLiberalen garaipena
Mendigorriko gudua1835eko uztailaren 16aLiberalen garaipena
Jurramendiko gudua1835eko azaroaren 16aKarlisten garaipena
Arlabango lehen gudua1836ko urtarrilaren 16tik 17raGarailerik gabekoa
Lugarizko gudua1836ko maiatzaren 5aLiberalen garaipena
Arlabango bigarren gudua1836ko maiatzaren 22tik 26raKarlisten garaipena
Villarrobledoko gudua1836ko irailaren 20aLiberalen garaipena
Majaceiteko gudua1836ko azaroaren 23aLiberalen garaipena
Bilboko bigarren setioa1836ko urriaren 23tik abenduaren 24raLiberalen garaipena
Lutxanako gudua1836ko abenduaren 24aLiberalen garaipena
Oriamendiko gudua1837ko martxoaren 10etik 16raKarlisten garaipena
Irungo gudua1837ko maiatzaren 17aLiberalen garaipena
Huescako gudua1837ko maiatzaren 24aKarlisten garaipena
Barbastroko gudua1837ko ekainaren 2aKarlisten garaipena
Chivako gudua1837ko uztailaren 15aLiberalen garaipena
Villar de los Navarrosko gudua1837ko abuztuaren 24aKarlisten garaipena
Andoaingo gudua1837ko irailaren 14aKarlisten garaipena
Aranzuequeko gudua1837ko irailaLiberalen garaipena
Expedición Real kanpainaren bukaera
Morellako lehenengo gudua1838ko urtarrilaren 26aKarlisten garaipena
Urizaharreko gudua1838ko ekainaren 20tik 22raLiberalen garaipena
Morellako bigarren gudua1838ko uztailaren 24tik abuztuaren 24raKarlisten garaipena
Maellako gudua1838ko urriaren 1aKarlisten garaipena
Ramalesko gudua1839ko apirilaren 27tik maiatzaren 13raLiberalen garaipena

Armadak

Hona hemen armada bien osaera[42]:

Armada liberala

Sakontzeko, irakurri: «Armada liberala (Lehen Karlistaldia)»
  • Lerroko infanteria-errejimentuak
  • Infanteria arina-errejimentuak
  • Probintzietako soldadutza infanteria-errejimentuak
  • Infanteriazko errege-guardia. Batailoi bina zituzten lau errejimentuak
  • Errege-guardiaren probintzietako granadari-errejimentua
  • Errege-guardiaren probintzietako ehiztari-errejimentua
  • Errege-guardiaren ingeniari-errejimentua
  • Errege-guardiaren zaldizko artilleria
  • Errege-guardiaren lerroko artilleria
  • Errege-guardiaren zaldizko granadari-errejimentua
  • Errege-guardiaren lantzari-errejimentua
  • Errege-guardiaren ehiztari-errejimentua
  • Errege-guardiaren korazari-errejimentua
  • Printzesaren husarrak
  • Lerroko zalditeria edo dragoiak
  • Zalditeria arina
  • Elisabet II.aren saihetsetik erasotzaileak
  • Zalditeriaren franko-nafar gorputza
  • Txapelgorriak
  • Burgosko boluntarioak. 1200 lagun.

Karlista armada

Sakontzeko, irakurri: «Armada karlista (Lehen Karlistaldia)»

Iparraldeko tropa karlista[43]

  • Infanteriaren ohorezko guardia.
  • Zalditeriaren ohorezko guardia.
  • Zutoihalaren eskolta.
  • Buruzagi eta ofizialen eskuadroia
  • Madrilgo boluntario nabarien batailoia.
  • Nafar infanteria. 800 laguneko hamabi batailoi
  • Nafarroako gidariak. 800 laguneko batailoi bat
  • Nafarroako lantzariak. Lau eskuadroi
  • Gipuzkoar infanteria. 1.000 laguneko zortzi batailoi
  • Gipuzkoako eskuadroia. 100 zaldi
  • Arabar infanteria. 800 laguneko zazpi batailoi
  • Arabako gidariak. 800 laguneko batailoi bat
  • Arabako eskuadroia. 120 zaldi
  • Bizkaitar infanteria. 900 laguneko bederatzi batailoi
  • Bizkaiko eskuadroia. 90 zaldi
  • Gaztelar infanteria. 800 laguneko lau batailoi
  • Gaztelar zalditeria. Hiru lantzari-errejimentu
  • Granadari batailoia. 800 lagun.
  • Gudu eta mendi artilleria
  • Miatzeko artilleria
  • Lau zulatzaile-konpainia. Herrialdeko bana
  • Arlabango husarrak. 100 zaldi
  • Hiru kantabriar batailoi, 900 lagun.
  • Aduanazainak.


Aragoi, Valentzia eta Murtziako errege-armada

  • 1. Tortosako brigada. 1.,2. eta 3. Tortosako batailoiak, 800 lagun.
  • 2. Tortosako brigada. 1.,2. eta 3. Morako batailoiak, 750 lagun.
  • 1. Aragoiko brigada. Aragoiko gidariak, 5. eta Aragoiko tiratzaileak, 700 lagun.
  • 2. Aragoiko brigada. 4., 6., 7., eta 8. Aragoiko batailoiak, 850 lagun.
  • 3. Aragoiko brigada. 1.,2. eta 3. Aragoiko batailoiak, 700 lagun.
  • 1. Valentziako brigada. 1.,2. eta 3. Valentziako batailoiak, 800 lagun.
  • 2. Valentziako brigada. 4.,5., 6. eta 7. Valentziako batailoiak, 850 lagun.
  • 1. Murtziako brigada. 1. eta 2. Ciden batailoiak, 800 lagun.
  • 2. Murtziako brigada. 3. Ciden batailoi eta Morellako kondearen gidariak, 800 lagun.
  • 1. Aragoiko lantzari-errejimentua, 250 lagun.
  • 2. Tortosako lantzari-errejimentua, 490 lagun.
  • 3. Aragoiko lantzari-errejimentua, 350 lagun.
  • 1. Valentziako lantzari-errejimentua, 360 lagun.
  • 1. Ciden lantzari-errejimentua, 280 lagun.
  • 1. artilleria-batailoia, 500 lagun.
  • Trenen konpainiak, 150 lagun.
  • Zulatzaile konpainia, 390 lagun.
  • Cabreraren miñoi-konpainia, 100 lagun.
  • Cabreraren ordenantzak, 100 lagun.
  • Cabreraren gidariak 100 lagun.

Abestiak

  • Viva la paz, viva la unión, viva la paz y don Carlos de Borbón (Karlista).
  • Duro tiene el corazón don Carlos, viejo cruel y sólo seis años cuenta niña inocente Isabel. (Cristina).
  • Eta tira eta tunba, Joseba Tapiak 2010ean argitaratutako diska.

Fikzioan

Benito Pérez Galdós idazlea Madrid Cómico aldizkariko karikatura batean. Episodios Nacionales ospetsuak idazten irudikatzen du.[oh 2]

Literatura

  • Voyage en Navarre pendant l'insurrection des basques (1830-1835), Agosti Xahok 1836an argitaratutako eleberria. 2018an Jakes Sarrailletek eta Xabier Zabaltzak euskaratua zuten Bidaia Nafarroara euskaldunen oldartzearen denboran (1830-1835) izenburuarekin.
  • Atheka gaitzeko oihartzunak, Joan Batista Azkonagerre biarriztarrak 1870ean argitaratutako eleberria. Izatez, jatorrizkoa frantsesez eman zuen argitara Les échos du pas de Roland izenburuarekin 1867an.
  • Ellos y nosotros: episodios de la guerra civil, Sabino Goikoetxeak 1867an argitaratutako liburua.
  • Episodios Nacionales, Zumalacárregui liburukia (1898), Benito Pérez Galdósek idatzia.
  • Episodios Nacionales, Luchana liburukia (1899), Benito Pérez Galdósek idatzia[44].
  • Episodios Nacionales, Vergara liburukia (1899), Benito Pérez Galdósek idatzia.
  • Les carabines de Gastibeltsa, Mark Légassek 1977an frantsesez argitaratutako eleberria. 1985ean euskarazko itzulpena agertu zen Gastibeltzaren karabinak izenburuarekin.
  • Sasiak ere begiak baditik, Aingeru Epaltzak 1986an argitaratutako eleberria.
  • Sara izeneko gizona, Bernardo Atxagak 1996an argitaratutako eleberria.
  • El oro de los carlistas, Juan Basek 2001ean argitaratutako eleberria.

Filmak

Oharrak

Erreferentziak

Bibliografia

  • Autore ezberdinak (1846): Galería militar contemporánea. Sociedad tipográfica de Hortelano y Cía.
  • Payne, Stanley G. & Tusell, Javier (1996): La Guerra Civil: una nueva visión del conflicto que dividió España, Temas de Hoy.

Ikus, gainera

Kanpo estekak