Maria Rosario Arrizabalaga

ekintzailea eta feminista

Maria Rosario Arrizabalaga Urreta (Ermua, Bizkaia, 1949ko urriaren 18aDonostia, 2021eko uztailaren 12a), Mariarro deituraz ezagunagoa, gizarte-ekintzailea izan zen, eta feminismoa eta justizia soziala izan zituen bizi-ardatz.

Maria Rosario Arrizabalaga

Bizitza
JaiotzaErmua1949ko urriaren 18a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaDonostia2021eko uztailaren 12a (71 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakemakumeen eskubideen aldeko ekintzailea eta aktibista
Izengoitia(k)Mariarro

Bizitza

Jose Mari eta Jesusaren lau seme-alabetatik zaharrena, Markinako Veracruz ikastetxean Batxilergo Laborala eta Administrari ikasketak burutu zituen, azken alor hau ogibide bihurtuz. Markinan Mikel Zarate idazlea izan zuen irakasle eta beronen eskutik hasi zen justizia sozialean sakontzen.[1]

Bere gaztaroa gertuko eta urrunagoko errealitateek markatu zuten: bere horretan zegoen frankismoak, langileen greba gogorrek, Burgosko prozesuak, Vietnamgo gerrak, borroka soziala Hego Amerikan eta Afrikan, Lemoizko zentral nuklearraren aurkako mugimenduak… bere esanetan “iraultza garaia”. 1995 eta 2000. urteen artean, laneko eszedentzia bat eskatuta, aspaldiko ilusioa betetze asmoz, ikasteari ekin zion berriro eta Gizarte Hezkuntza egin zuen Bilbon.[1]

Ibilbidea

Bere ibilbide politikoa eta konpromiso soziala eskutik joan dira beti eta, nolabait esatearren, bere jardunari esker eskola politiko bat sortu zuen jaioterrian eta herrikideen artean.[2] Frankismo garaian ekin zion militantzia politikoari, hasiera haietan Komunistak taldean; ondoren etorri ziren EMK (Euskadiko Mugimendu Komunista) eta Zutik alderdiak. Laneko goizeko jarduna eginda, arratsaldez zeregin klandestinoetan aritzen zen: panfletoak egin, mezuak zabaldu…[1]

Partaidetzan oinarritatutako demokrazian sinisten zuelako, Franco hil osteko Espainiako Trantsizio politikoaren garaian, 1979ko lehen hauteskunde demokratikoetan Ermuko Herri Kandidaturaren eraketan hartuko zuen parte. 1987koetan, herri mailan ere, soilik andrazkoz osatutako Emakumeen Kandidaturaren sortzailetako bat izango zen eta beronen zerrenda-buru ere. Emakumeen beharrak eta eskubideak plazaratzeko helburuarekin sortua, ezaugarri horiekin Estatu mailan aurkeztutako lehen kandidatura izan zen eta boto gutxi batzuengatik ez zuen ordezkaritzarik lortu.[1][2]

Ermuko herriarentzat 1970ko hamarkadan hasita berebiziko garrantzia izango zuen Familien Elkartearen partaide ere izan zen.[1] Neurri handi baten emakumez osatua, protesta gisa errepideak mozten zituztela eta abarrekoengatik, salaketa desberdinei egin behar izan zioten aurre. Elkartekoen eta beste herritar askoren ekimenez lortuko zen Ongarain kokatutako bi eskolak zabaltzea, premia-premiazko ziren haur-eskola eta anbulatorioa, kaleetako ezinbesteko espaloiak, hil edo biziko bihurtutako errepide azpiko Sallabente auzoko pasabidea...[3]

Saharar emakume batekin, 2010an.

Feminismoak eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldeko mugimenduak bere bizitza-konpromisoa markatu zuten arren, parte hartu zuen orobat intsumisio mugimenduan, NATOren kontrakoan... eta, geroago pentsio duinen aldeko mobilizazioetan eta Ermuko nagusien egoitzako egoera salatzekoetan ere. Itxialdiak, protestak, manifestazioak, hitzaldiak, kontzentrazioak, manifestu irakurraldiak, jai errebidinkatzaileak... ohikoa bihurtu zen Mariarroren presentzia eta iritzia oholtza gainean zein pankarta edo mikrofono baten atzean.[1][4]

Feminismoa

Ermuko eta Bizkaiko Emakumeen Asanbladen sortzaileetakoa izan zen,[5][6] bere berbetan “dena egiteko zegoen sasoian, lana eta ilusioz gainezka”, eta sortu zen une beretik Ermuko Berdintasun Udal Kontseiluaren parte aktibo eta enblematikoa.

Ermuko Asanbladaren bitartez eta beraren zein herriko beste emakume batzuen ekimenari esker gauzatutako egitasmo aipagarrienak:

  • Emakumeen Planifikazio Zentroa, Planing-a (1981ean zabaldua)
  • Tratu txarrak jasotzen zituzten emakumeentzako Arretarako Udal zerbitzua eta Babes etxea (1988. urtean martxan jarriak, Euskal Autonomia Erkidegoan era horretako zerbitzua eskaini zuen lehen herria bihurtu zuten Ermua).
  • Udal Berdintasun Saila eta Emakumeen Udal Kontseilua (1991n eratua, Euskal Herriko lehenengoa izan zen).
  • Gazteentzako sexu informazio bulegoa (1993an irekia).
  • Emakume eta gizonen arteko Udaleko I. Berdintasun Plan Orokorra (1995ean garatua, Euskal Herriko aurrena izan zen).
  • Emakumearen Topalekua (2003an irekia, Euskal Herriko lehenengoa izan zen).[3][7][8]

Etengabeko borrokan emakumeen eskubideen alde, errebindikatzaile sutsua izan zen antisorgailuen erabileraren alde, abortu eta dibortzio eskubideen alde, emakumeek beraien gorputzaz gozatzeko aldarrian, amatasuna sexualitatearekin ez nahasteko diskurtsoan...[9] Salatu izan zuen ere espetxeetan emakumeek pairatzen duten matxismoa, preso dauden andrazkoen eskakizunekin bat eginez.[2]

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren kanpamendu batean, 2003an.

Nazioarteko elkartasuna 

Munduko herritarren desoreka ekonomiko, politiko eta kulturala berdintzeko ahaleginetan, kooperazioa sustatzen duten hainbat taldeko partaide izan zen, bereziki saharar herriaren askatasunaren aldeko mugimenduetakoa: besteak beste izan zen Saharako lagunen Ermuko Hagunia Elkarteko eta Nazioarteko Elkartasun eta Lankidetza Kontseiluko sortzaile, gaixo dauden neska-mutil sahararrak artatzeko etxebizitzaren bultzatzaile, herri mailan antolatutako saharar herriaren aldeko ekimen ugariren sustatzaile... Arrazakeria areagotzen eta etorkinen eskubideak ukatzen dituzten politikak salatzeaz gain, Ermua-Harrera proiektua bultzatu zuen ere.[5][10]

2012an Ignacio Ellakuria Saria eman zitzaion Saharar Emakumeen Nazio Batasunari laguntzeko euskal sareari.[11] Eusko Jaurlaritzak banatzen duen sari honek, elkartasuna eta kooperazio eremuetan egiten den nazioarteko lana aintzat hartzea du helburu.[12] Taldearen izenean jaso zuen saria Maria Rosario Arrizabalagak.[13] Osteko mintzaldian, saharar herriak pairatzen zuen errealitatea gogoratu zuen ermuarrak, bertakoen autodeterminazio eskubidea errespetatu beharra zegoela azpimarratuz.[14]

Mauritanian 2008an, bertako emakume artean.

"Nire benetako bizitza militantzian egindakoa da" esango zuen.[15] Ahots esanguratsua eta kritikoa bere jaioterriaren hamarkada luzeetako historian, "beste herri bat, mundu hobe bat eraikitzea"[2] lortzeko itxaropenarekin bizi, borrokatu eta amestu zuen emakumeen erreferente hau 2021eko uztailaren 12an zendu zen, gaixotasun motz baina larri baten ondorioz amatatuta.[15][16][17]

Aitortzak

  • 2021eko urriaren 23an, omenaldi eta aitortza ekitaldia egin zitzaion Ermuko Martxoaren 8a plazan.[18][19][20]
  • 2021an Ermuko Nazioarteko Elkartasun eta Lankidetza Kontseiluak argitaratutako "20 años haciendo camino. Elkartasunean lan eta lan" liburuak, Mariarroren ibilbidearen gaineko argazki bilduma jasotzen du, bereziki lan horren eta orokorki Kontseiluaren bultzatzaile handienetakoa izan zena omendu asmoz.[21][22]

Erreferentziak

Bibliografia

  • "20 años haciendo camino. Elkartasunean lan eta lan". Ermuko Nazioarteko Elkartasun eta Lankidetza Kontseilua, 2021.

Kanpo estekak