Ozeano Australa

ozeano

Ozeano Australa,[1] Hego Ozeanoa edo Hego Poloko Ozeanoa (eta beste garai batean Antartikako Ozeanoa deituta[2]) Lurraren hegoaldean dagoen ozeanoa da, 60° hego latitudeko paraleloaren (edo Zirkulu polar antartikoaren) hegoaldera eta Antartika inguratzen kokatzen dena. Denera, 20.327.000 km²-ko azalera du; tamainari dagokionez bigarren ozeano txikiena izanik, Ozeano Artikoa baino handiagoa, baina Barea, Atlantikoa eta Indikoa baino txikiagoa.[3]

Ozeano Australa
OzeanoaAustrala
EskualdeaHegoaldea
KontinenteaAntartika
Koordenatuak65°S 90°E / 65°S 90°E / -65; 90
Azalera20.327.000 km2
Luzera17.968 km
Sakonerabataz bestekoa: 3270 m maximoa: 7235 m

James Cook esploratzaileak, 1770eko hamarkadan egin zituen bidaien bidez, planetaren hegoaldeko latitudeak urez osaturik zeudela frogatu zuen. Geroztik, Hego Poloko Ozeanoaren exisentzia eta honen iparraldeko muga dudan jarri dira geografo ezberdinen eskuz, beste ozeanoen (Pazifiko, Atlantiko eta Indikoaren) parte bezala identifikatuz. Halaber, John Leech-en arabera, Nazioarteko Erakunde Hidrografikoaren (NEH) komodoroa, ikerketa ozeanografiko berriaren arabera Itsaslaster Zirkunpolar Antartikoak garrantzi handia duela ezagutu da eta Hego Ozeanoa izena zirkulazio horren ipar-mugaren hegoaldera dagoen ur-masa definitzeko erabili da.[4] 2000. urtean La Hayan egin zen Itun Antartikoaren Kontsulta Bileratik, NEHaren polizak Ozeano Astrala 60° hego-latitudeko paraleloaren hegoaldera dagoen ur masa bezala definitzen duen arren, erabakia ez zen berretsia izan. Beste batzuen ustetan, ozeanoaren muga naturala konbergentzia antartikoak osatzen du.[5]

Historia

Hegoaldeko lur ezezaguna

1564ko Typus Orbis Terrarum, Abraham Ortelius-ek eginiko mapa zen; non, proposaturiko Hego Amerika eta Antartikaren arteko lotura irudikatzen zuen.

Ozeano Australeko esplorazioak Terra Australis kontinente mitikoaren sinesmenak inspiratu zituen; izan ere, Ptolomeoren garaitik ipar hemisferioko lurraldeak (Eurasia eta Ipar Afrika) "konpentsatzeko eta oreka mantentzeko" hegoalde urrunean kontinente handi bat zegoela uste zen.[6] Antartikaren inguruneetako lehen kontaktua 1487an eman zen Bartolomeu Dias Esperantza Oneko lurmuturrerra heldu zenean, Afrikako kontinentearen eta hegoaldeko kontinente hipotetiko honen artean ozeano bat zegoela frogatuz.[7] Fernando Magallaes-ek, 1520an Magallaes itsasartetik igarotzean, Suaren Lurraldean ikusitako irlak hegoaldeko lurralde ezezagun horren parte zirela suposatu zuen. 1564an Abraham Ortelius-ek bere lehen mapa argitaratu zuen, Typus Orbis Terrarum. Zortzi orriko mundu mapa honetan, Regio Patalis Locach gunearekin kokatzen dira, Terra Australis-en iparraldeko luzapen bezala, Ginea Berriraino heltzen direlarik.[8][9]

Geografo europarrek Suaren Lurraldea Ginea Berriko kostaldearekin lotzen zuten haien lurbira-globoetan, Atlantikoko hegoaldea, eta ozeano pazifiko zein indikoen hegoaldeko gune ezezaguna Terra Australis Incognita (Hegoaldeko Lurralde Ezezaguna) bezala identifikatuz; tropikoraino luzatzen zen kontinente izugarria. XVI. eta XVII. mendeetan kontinente honen bila esploratzaile asko inspiratu ziren.[7]

Gabriel de Castilla Antartikako kontinentea deskubritu zuen lehen esploratzailea kontsideratzen da, 1603an 64º H-tik haratago "elurrez estalitako mendiak" ikusi zituela esanez, baina bere garaian baztertu egin zuten.[10][11]

1606an Pedro Fernández de Quirós-ek Australia del Espiritu Santo-n deskubritu zituen lurraldeak (Hebrida Berriak), "Polorainokoak" Espainiako erregearen izenerako harturik.[7]

Francis Drake-k, bera baino lehenagoko esploratzaile espainiarrek bezala, Suaren Lurraldearen hegoaldera kanal bat zegoela uste zuen. Willem Schouten eta Jacob Le Maire-ek Suaren Lurraldeko hego-luzapena deskubritu eta Hornos lurmuturra izendatu zuten 1615ean, artxipielago honek tamaina txikia eta hegoaldeko lurralde mitikoarekin erlazionatu gabea zela frogatuz. Ondorioz, 1642an Abel Tasmanek azaldu zuen Holanda Berria (Australia) urez banandurik zegoela beste inolako kontinentetik.[7]

James Cook kapitainaren erretratua (1775), Nathaniel Dance-Holland. Egun, Erresuma Batuko Itsasgintza Museo Nazionalean (National Maritime Museum, NMM) aurkitzen dena.

Antartikako Konbergentziaren hegoaldean

Anthony de la Roché-k Hego Georgiara egin zuen bidaia 1675an, Konbergentzia antartikoaren, eta ondorioz Antartika zein Hegoaldeko Ozeanoaen lehen aurkipena izan zen.[12][13] Gutxira, ‘Roché Irla’ irudikatzen hasi ziren, aurkilarearen ohore moduan. James Cook-ek kontuan izan zuen aurkikuntza, irla kartografiatu zuenean 1775ean.[14]

Edmond Halley-ren bidaia Paramour HMS ontzian,[15] Hego Antartikako ikerketa magnetikoaren izotzarekin topo eginez 52º H-an urtarrilean 1700an, baina latitude horretan (Hego Georgiatik iparraldera 140 mi-ra heldu zelarik) bere hego urrunena zen. Jean Baptiste Charles Bouvet de Lozier itsas-ofizial frantsesa saiatu zen partziali kondairakoa zen "sieur de Gonneyville"-k deskribatutako "Hegoaldeko Lurraldea" aurkitzen, azkenean Bouvet irla aurkituz 54º10´ H, eta 48º-ko longitude noranzkoan izotzez gaineztaturiko itsasoa ia 55ºH-an, 1730ean.[7]

1771an, Yves Joseph Kerguelen Frantziatik itsasoratu zen Maurizioko hegoaldera joateko aginduarekin "kontinente oso handi baten bila". 50º H-an zegoen lurralde batekin egin zuen topo, "Hego Frantzia" deitu zuena, hegoaldeko kontinentearen masaren erdigunea zelaren ustetan. Lur berri horien esplorazioa amaitzeko berriro atera zen, biziezina zen irla bat zela konturatuz eta "Harriabar Irla" bezala berrizendatuz. Ostera, izena bere omenera Kerguelen irletara aldatu zen.[7]

Zirkulu Antartikoaren hegoaldean

Deskubritu gabeko kontinentearen obsesioa Alexander Dalrymple hidrografoarekin gailendu zen, Royal Society-tik nominatu zutelarik Venusen trantsitoa burutzeko Tahitirako expedizio batean 1769an. Expedizioa aurrera eramateko agindua admiraldgoak James Cook kapitaiari eman zion. 1772an, kapitainak Resolution (462 tonako itsasontziarekin) komandatuz eta Tobias Furneaux kapitainak Adventure ontzia (336 tonakoa) gidatuz Bouvet uhartea bilatu zuten, inolako arrakastarik gabe. Ostera, 58° H latitudean 20 gradu jo zituzten mendebalderantz longitudean, eta gero, 30º ekialderantz, gehienbat 60º H-ren hegoaldean mantenduz. Honela, boluntarioki inoiz baino latitude hegoalderagoetan ibiltzea lortu zuten.[7][16]

Lurraren lehen ikustaldia

60° hego-latitudeko paraleloaren hegoaldean aurkitu zen lehen lurraldea Livingston irla izan zen, 1819ko otsailaren 19an William Smith kapitain ingelesak begiztatua.[17] Kapitiainak Buenos Aires-etik Valparaisorako itsasbidea gauzatu zuen Williams ontzian, Drake pasaia igarotzen ari zirenean hegoalderatz desbideratu zelarik. Hala, Livingston irlako ipar-ekialdeko muturra (Williams Point) begiztatu zuen.[18]

Smith-en ikuskapena sakonki dokumentaturiko lehena izan arren, aitzindari batzuk proposatu izan dira (nahiz eta orain arte ez den baieztapenak sostengatzen dituen froga historiko nahikorik aurkitu): alde batetik, Ui-te-Rangiora nabigatzaileak Te Ivi o Atea ontzian Tai-uka-a-pia (XIX. mendeko Percy Smith etnologo ingelesak "izozturiko itsasoa" bezala interpretatua) topatu omen zuen VII. mendean.[19][20][21][22] Bestalde, nabigatzaile europarren artean Dirck Gerritsz marinel nederlandetarra (1599) eta Gabriel de Castilla almirante espainiarrena (1603) daude . [23]

Livingston uhartearen ikuspegia Drake pasaitik ikusita, Hondamendi uhartea lehen planoan (1822ko ilustrazioa, George Powell).
Hego Shetlandak artxipielagoaren mapa (1822, George Powell).

Smithen esploraziak eman ziren aldi berean, Antartikako historiako bizitza-galera handiena eman zen; izan ere, irailaren hasieran, Rosendo Porlier y Asteguieta brigadier espainiarraren aginpeko lau itsasontziko eskuadra Cadizetik Callaorantz bideratuta zegoen bitartean, klima gogorraren ondorioz San Telmo ontziak lema eta masta galdu zituen. Eskuadrako Primerosa-Mariana ontziak estatxekin atoian hartu zuen arren, sokak hautsi eta ontzia zein bertako 644 bidaiariak beren zortera utzi ziren. 1820an Livingston irlara heldu ziren itsasontziaren hondarrak aurkitu zituen Smithek, egun ez da hondamendia inork biziraun izanaren arrastorik aurkitu.[17][23][24][25]Antartikako kontinentearen lehen begiztapena hiru pertsonen artean eztabaidatzen da, iturriaren arabera lehen deskubritzailea aldatzen delarik: Fabian Gottlieb von Bellingshausen (1778 – 1852), Edward Bransfield (1785 – 1852) eta Nathaniel Palmer (1799 – 1877).[26][27][28][29]

Faddey Faddeyevich Bellingshausen Errusiar Itsas Armada Inperialeko admirala (ezkerrean) eta Mikhail Lazarev komandantea (eskubian).

von Bellingshausenek Errusiar Itsas Armada Inperialeko admirala izanik, Antartidako lehen espedizio errusiarra (1819 - 1821) zuzendu zuen, Mikhail Lazarev komandante errusiarrarekin batera. Vostok (euskaraz: Ekialdea) eta Mirny (euskaraz: Baketsua) gerraontziak erabili ziren. Espedizioa 1819ko uztailaren 4ean habiatu zen Kronstadteko portutik eta urtearen amaierarako gune subantartikora heldu ziren.[30] 1820ko urtarrilaren 15ean, espedizioak Zirkulu Antartikoa igaro zuen (66° S latitudean eta 3° W longitudean) eta 1820ko urtarrilaren 28an ezagutzen den izotz plataformaren lehen behaketa eman zen, Maud Erreginaren Lurraldearen Marta Printzesaren Kostaldetik 32 km (20 milia)-ra (69°21′28″S 2°14′50″W) zeudela. Egun, Fimbul izotz plataforma bezala ezagutzen da. Otsailean, kontinenteko ertzera (Enderby Lurraldean) hurreratu ziren.[31][32] Bertatik, Cook-ek 1775ean eginiko ibilbidea jarraitu, eta Australiaruntz jo zuten.[30][33]

Antartikako izotz-geruzaren paisaia (1820).

Bransfield Erresuma Batuko Erregeren Itsas Gudarostearen marinel irlandarra zen.[34][35][36] William Smith-ek bere lehen bidaian Livingston irlako begiztatu ostean, Itsas Gudarosteak Smithen ontzia pleitatu eta Bransfield bidali zuen Smith-ekin batera aurkitu berri ziren irlak ikuskatzera. Hala, 1819ko urrian Hego Shetlandaketara jo zuten, bertan George Erregearen uhartea topatu eta Erresuma Batuko lurralde berri bezala erreklamatuz Jurgi III erregearentzat.[17][23][37] Jarraian, hegoalderantz jo zuten Bransfield itsasartea igaroz. 1820ko urtarrilaren 30ean Trinitate Penintsula, Antartikako pentsulako iparrerengo gunea, behatu zuten; Bransfield-ek bere egunerokoan bi "mendi altu, elurrez estaliak" desribatu zituelarik. Hurrenez, Antartikako izotz-geruzaren ertza jarraitu zuten ipar-ekialdeko norabidean Elefante uharteko eta Clarence uharteko gune ezberdinak deskubrituz eta koroa ingelesarentzat erreklamatuz. Gainera, bidean Trinitate penintsulako segmentu bat eta Claren ce uharte guztia erregistratu zituen.[38][39]

Nathaniel Brown Palmer esploratzaile, nabigazio kapitain, itsasontzi disenatzaile eta itsas txakur ehiztari estatubatuarra zen.[40] 1820ko azaroaren 17an Antartikako penintsula behatu zuen.

Antartikako esplorazio goiztiarra

Sakontzeko, irakurri: «Antartikako espedizioen zerrenda»; «Antartikako historia».

1897aren aurretik egindako Antartikako espedizioen ibilbideak.

XX. mendea arte, espedizio gehienen helburua komertziala zen: balea-arrantza eta itxas-txakurren ehiza aukerak bilatzeko.

Antartikako kontinenteko lehen lurreratzea John Davis kapitain amerikarrak adarrikatu zuen 1821eko otsailaren 7an, nahiz eta gertaera hau ez duten historialari guztiek onartzen.[41][42]

1823an James Weddell itsas-txakur ehiztari ingelesak egun Wedell itsasoa bezala ezagutzen den urak aurkitu zuen.

Antartikako esplorazioaren Aro heroikoa

Sakontzeko, irakurri: «Antartikako esplorazioaren Aro heroikoa».

Antartikako esplorazioaren garai heroikoa XIX. mendearen amaieratik I. mundu guda amaitu arte (1897–1922) zabaldu zen. Denboraldi honetan, Antartikako gunea nazioarteko herrialdeen interesekoa bilakatu zen; 17 espedizio zientifiko zein geografiko antolatu zirelarik 10 herrialde ezberdinetatik.[43]

Garai heroikoaren ezaugarri bereizgarrietako bat, aurretiaz mugaturik aurkitzen zen garrio eta komunikabide-teknologiaren garapena izan zen.[44]

Antartikako esplorazioaren garai heroikoko espediioak
DatakHerrialdeakEspedizioen izenakOntzia(k)Buruzagia
1897 - 99BelgikaEspedizio Antartiko BelgaBelgicaAdrien de Gerlache
1898 - 1900Erresuma BatuaSouthern Cross espedizioaSouthern CrossCarsten Borchgrevink
1901 - 04Erresuma BatuaDiscovery espedizioa (1901-1904ko britainiar espedizio antartikoa)Discovery (ontzi nagusia)

Morning (laguntza ontzia)Terra Nova (laguntza ontzia)

Robert Falcon Scott
1901 - 03AlemaniaGauss espedizioa (Antartikako lehen alemaniar espedizioa)GaussErich von Drygalski
1901 - 03SuediaEspedizio Antartiko SuediarraAntarctika (ontzi nagusia)

ARA Uruguay (laguntza ontzia)

Otto Nordenskjöld
1902 - 04Erresuma BatuaEskoziako Espedizio Antartiko NazionalaScotiaWilliam Speirs Bruce
1903 - 05FrantziaHirugarren Espedizio Antartiko FrantsesaFrançaisJean-Baptiste Charcot
1907 - 09Erresuma BatuaNimrod espedizioa (Espedizio Antartiko Britaniarra)NimrodErnest Shackleton
1908 - 10FrantziaLaugarren Espedizio Antartiko FrantsesaPourquoi-Pas? IVJean-Baptiste Charcot
1910 - 12JaponiaJaponiar Espedizio AntartikoaKainan MaruNobu Shirase
1910 - 12NorvegiaAmundsenen Hego Poloko espedizioaFramRoald Amundsen
1910 - 13Erresuma BatuaTerra Nova espedizioaTerra NovaRobert Falcon Scott†
1911 - 13AlemaniaAntartikako bigarren alemaniar espedizioaDeutschlandWilhelm Filchner
1911 - 14Australia eta Zeelanda BerriaAustralasiar Espedizio AntartikoaAuroraDouglas Mawson
1914 - 17Erresuma BatuaTrans-Antartika Espedizio InperialaEnduranceErnest Shackleton
1914 - 17Erresuma BatuaRoss Sea taldeaAuroraAeneas Mackintosh†
1921 - 22Erresuma BatuaShackleton–Rowett espedizioaQuestErnest Shackleton†

† Espedizioa eman bitartean hildakoak.

Historia modernoa

Geografia

Ozeano Australeko uharteak

Sakontzeko, irakurri: «Antartikako eta Antartikaz hegoaldeko uharteen zerrenda».

Uharte antartikoak, zentzu hertsian, Antartikako kontinentearen inguruan aurkitzen diren irlak dira, Antartikako plakan kokatuak Konbergentzia Antartikoaren hegoaldean (zehazki, 60° hego latitudeko paraleloaren hegoaldean).

UharteakAzalera

(km²)

Altitude handiena.

(m)

Koordenatuak
Alexandro I.aren uhartea49070297670°46′H 71°15′M
Petri I.a uhartea156164068°51′00″S 90°35′00″M
Hego Orkadak6201265,860°36′H 45°30′M
Scott uhartea4 ha5467°22.7′H 179°54,7′M
Balleny irlak170580066°55′H 163°45′E
Hego Shetlandak
George erregearen uhartea1383,865562°23′H 59°7′M
Nelson uhartea..62°18′H 59°03′M
Robert uhartea132.62°24′H 59°30′M
Snow uhartea120,4.62°47′H 61°23′M
Smith uhartea148210563°00′H 62°30′M
Low uhartea..63°17′H 62°09′M
Deception uhartea7954262°58′37′′H 60°39′00″M
Greenwich uhartea142,762562°31′H 59°47′M
Berkner uhartea4387397579°20′H 48°07′M
Thurston uhartea15700.72°10′H 99°00′M
Carney uhartea8500.73°56′H 121°00′M
Roosevelt uhartea791055079°17′H 162°00′M
Siple uhartea6390311073°44′H 125°12′M
Adelaida uhartea4463231767°12′H 68°30′M
Spaatz uhartea4100.73°00′H 75°00′M
Bear uhartea3500.68°18′H 67°06′M
Guest uhartea2950.76°11′H 167°04′M
James Ross uhartea2598,4162864°12′H 57°45′M
Ross uhartea2.460379477°30′H 167°45′E
Anvers uhartea2.432282164°36′H 63°30′M
Joinville uhartea1.607,476563°21′H 55°40′M
Charcot uhartea1.500.69°45′H 75°15′M
Mill uhartea1.258,132665°30′H 100°40′E
Sherman uhartea1.158,618673°3′H 100°00′M
Smyley uhartea1.000.72°43′H 78°33′M
Brabante uhartea976,8252264°15′H 62°20′M
Livingston uhartea973,591462°36′H 60°30′M
Grant uhartea767,858074°28′H 131°35′M
Latady uhartea700.70°45′H 74°35′M
Drygalski uhartea693,751065°45′H 92°30′E
Renaud uhartea618,3.66°10′H 66°00′M
Masson uhartea585,447166°08′H 96°35′E
Elefante uhartea557,985261°01′H 54°54′M
Rothschild uhartea500.70°45′H 74°35′M
Hearst uhartea50036569°00′H 62°20′M
D'Urville uhartea455,321063°06′H 56°15′M
Koroatze uhartea450127860°26′H 45°43′M
Sturge uhartea437,494567°26′H 164°47′E

Ozeano Australeko ur-egiturak

Ozeanografia fisikoa

Itsaslaster Zirkunpolar Antartikoa (Antartikako inguruko zirkulu gorria), Zirkulazio termohalinoaren parte bezala.

Itsaslaster Zirkunpolar Antartikoa

Itsaslaster Zirkunpolar Antartikoa Ozeano Australeko itsaslaster bat da, mendebaldetik ekialdera dabilena. Ozeano Atlantikoa, Pazifikoa eta Indiakoa lotzen ditu, eta haien arteko garraiobide nagusia izanik. Munduko ur-laster handiena da, 135 milioi metro kubiko garraiatuz segundoko (4.6×109 cu ft/s), munduko ibai guztien emaria baino 135 aldiz gehiago.

Lurraren errotazio-noranzko bera du, eta bera da Hego hemisferioko itsaslaster bakarra tropikoen arteko zonako itsaslasterren ekialdetik mendebalderako higidura konpentsatzen duena. Beraz, Itsaslaster Zirkunpolar Antartikoak ur epelak Antartikara iristea eragozten du, batetik, eta, horri esker, Antartikak bere inlandsis edo izotz-geruza gordetzen du; bestetik, Antartikatik datozen icebergak Ipar hemisferioan bezain latitude txikietara iristea eragozten du.

Lur-masek eta batimetriak nabarmen mugatzen dute itsaslasterra. Hego Amerikan hasita, lasterrak Drake pasaia zeharkatzen du, eta gero erdibitu egiten da. Beso bat, azalekoa eta epela, ekialderantz eta iparralderantz abiatzen da Malvinetako itsaslasterrean, eta beste beso bat, sakonagoa, ekialderago iristen da iparralderantz egin baino lehen. Indiako ozeanora iritsita, Kerguelen uharteetan erdibitu egiten da berriro, baina fluxu gehiena iparraldetik pasatzen da. Zeelanda Berritik hegoaldera jarraitzen du, eta deflexio bat jasaten du Pazifikoko hego-ekialdeko bizkarretik igarotzean.

Iturburuak

Ozeano Australeko iturburuen egituraketa.

Ozeano Australean iturburuak (ingelesez: upwellling) aurkitu daitezke, fenomeno ozeanografiko hauek itsas hondoko elikagaietan dentsoak diren urak azaleratzea eragiten dute. Haizearen, Coriolis efektuaren, eta Ekman garraioaren ondorioz ematen dira eta iturburu mota ezberdinak daude.

Ozeano Australean, kostaldeko iturburuak ematen dira, non haize korronteak kostaldeko ertzarekiko paralelo jotzen duten, itsas-korronteak eratuz. Korronte hauek Korioilus efekuaren ondorioz ezkerrerantz mugitzen dira hego hemisferioan eta gainazaleko ura Ekman garraio bidez kostaldetik urruntzen da, itsas-hondoko ur dentsoago batengatik ordezkatzen direlarik.[45]

Ross eta Weddell biren kokalekuak.

Ross eta Weddell birak

Ross bira Antartikako ozeanoan gertatzen diren bi biretako bat da. Ross itsasoan kokatuta dago, eta erloju-orratzen noranzkoan biratzen da. Itsaslaster Zirkunpolar Antartikoaren eta Antartikako kontinente-plataformaren arteko interakzioaren ondorioz sortzen da. Biraren erdialdean itsasoko izotzak irauteko joera duela ikusi da.[46]

Weddel bira Antartikako ozeanoan gertatzen diren bi biretako bat da. Weddell itsasoan dago, eta erloju-orratzen noranzkoan biratzen da. Itsaslaster Zirkunpolar Antartikoaren eta Antartikako kontinente-plataformaren arteko interakzioaren ondorioz sortzen da bira.[47][48][49]

Klima

Itsas uraren tenperatura -2 °C eta 10 °C (28 °F eta 50 °F) artean dago.[50] Zikloi ekaitzak ematen dira, ekialderantz mugituz, kontinentea inguratzen dutelarik, eta maiz gogor bilakatzen dira izotz eta ozeano zabalen arteko tenperatura desberdintasunaren ondorioz. Ozeanoaren azalera 40° Hego latitudearen eta Itsaslaster Zirkunpolar Antartikoaren artean zabaltzen da, bertan planetako haize bortitzenak ematen direlarik.[3] Neguan, ozeanoa 65° hego-latituderaino (Pazifikoaren noranzkoan) eta 55° hego-latituderaino (Atlantikoaren noranzkoan) izozten da, gainazal tenperatura 0 °C (32 °F) azpiraino jaitsiz. Halaber, kontinentearen kosta batzuetan, barnealdetik datozen etengabeko haize katabatiko gogorrek itsasertza izotzik gabe mantentzen dute neguan zehar.

Hondamen naturalak

Antartikako mugako gertakizunak.[51]

Krisi klimatikoa

Antartika klima aldaketaren ondorioak gehien sentitzen diren lekuetako bat da. Tenperatura hamarkada bakoitzeko 0,5 ºC inguru igo da 1950etik. Horrela jarraitzen badu, izotza urtzen den heinean lur libre gehiago egongo da, beraz, seguruenik askoz ere eskualde berdeagoa izango da etorkizunean.[52] Itsasoaren maila globala igotzen ari da glaziarren urtzearen, Groenlandiako eta Antartikako izotz geruzen urtzearen eta hedapen termikoaren ondorioz,[53][54] isuriak handiak izanez gero itsas maila 2100ean 2 metro igotzeko aukerarekin.[55]

Baliabide naturalak

Hego ozeanoaren baliabide naturalak ez dira oraindik ustiatu, baina kontinentearen gertutasunean gas- eta petrolio-hobi handiak daudela uste da. Gainera, urrea bezalako mineral baliotsuen metaketak espero dira, alubioi sedimentuetan aurkitu daitezkeenak prozesu sedimentarioetan grabitateak eragindako banaketagatik sortuak. Baita, manganeso noduluak, itsas hondoan nukleo baten inguruko burdin eta manganeso hidroxido geruza zentrokideek osaturiko arroka kontzentrazioak; nukleoa mikroskopikoa izan daiteke eta kasu batzuetan manganesozko mineral bilakatu kristalizazio prozesu bidez.[3][56]

Antartikako kontinentea estaltzen duen izotza munduan dagoen ur gez erreserba nagusia da;[57] ia munduko ur gezaren %81a osatuz eta munduko pertsona guztiak hainbat hilabetez mantentzeko haina. Hori dela eta, hamarkada askotan zehar proposatu da Ozeano Australeko izozmendiak iparraldera, Australiara, atoitzea bertan landu daitezen, baina orain arte ez da horrelako proiekturik arrakastaz aurrera eraman.[58]

Biodibertsitatea

Flora

Organismo autotrofo itsastarren bi ordezkari bakarrak itsas algak[59] eta fitoplaktona[60] dira; animalia itsastar asko, modu zuzen zein ez-zuzenean, fitoplaktonaren menpe bizi direlarik.

Animaliak edo Fauna

Arrainak

Channichthyidae familiako arraina, soilik klima antartiko eta subantartikoan bizi daitezkeena. Bertako tenperatura hotzak bizirauteko izotz-kontrako substantziak jariatzen dituzte eta koloregabeak dira, hemoglobinarik ez dutelako.

Klima polar honetan ingurune hotzetan bizirauteko moldatu diren arrainak aurkituko ditugu, horretarako gorputzeko izotz-kontrako proteinen produkzioa emendatzen dutenak, gorputz barnean izotz kristalen sorrera emendatzea ekidinez.[61][62] Ondorioz, gainontzeko ozeanoekin alderatuta, Ozeano Australean familia gutxi batzuetan bildutako arrain espezie urri daude. Gehienak Liparidae, Nototheniidae eta zoarzidoen (Zoarcidae) familietako kideak dira, blenido antartikoen subordeneko gainontzeko ezpezieekin batera Hego ozeanoko 320 espezie ezagunen %90 osatzen dutelarik; kontuan edukita, hamarnaka deskribatu gabeko espezie daudela, batez ere Liparidae familiaren barnean.[63] Liparidae familiako espezieak ur sakonetan bizi diren bitartean, Nototheniidae familiakoak azaleko uretan aurkitu daitezke.[64] Genero ugari bat Notothenia da.

Ur hauetan bizi den arrain ezberdinen beste adibide bat Channichthyidae familia da, Hego Ozeanoan soilik (Antartika eta Hego Amerikako kostaldeetan) bizi dena.[65] Arrain hauek hemoglobinarik ez dutenez, haien odolak ez du kolorerik eta egunean zehar itsas hondoan egoten dira, gauean zehar ur-zutabeetan gorantz eginez krustazeoz elikatu ahal izateko.[66] Aintzinan, Champsocephalus gunnari familia honetako espezie ugariena zen (kostaldean eta gune ez oso sakonetan bizi zena), baina XX. mendearen amaieran emandako gehiegizko arrantzaren ondorioz populazioak beherakada handia jasan zuen.[67]

Bestalde, Dissostichus generoaren barnean bi espezie daude; Antartika kostaldeko Dissostichus mawsoni eta Patagoniako ur-subantartikoetako Dissostichus eleginoides. Espezie hauek itsas hondoan, 100 eta 3.000 metro artean bizi dira eta 2 metroko luzera zein 100 kilogramorainoko pisua eskuratu ditzakete 45 urteraino biziz. Arrain hauek komertzialki arrantzatzen dira, gehiegizko arrantzaren ondorioz populazioen murrizpena eman delarik.[67]

Espezie aipagarri eta ezohikoa Pleuragramma antarctica da, Antartika inguruko uretan bizi den arrain benetan pelagiko bakarra kontsideratua.[68]

Pinguino enperadoreen (Aptenodytes forsteri) bi heldu eta kume bat Cerro Nevado uhartean, Antartikan.

Hegaztiak

Ozeano hauetan endemikoak diren eta kontinenteko kostalde arrokatsuek zein inguruko irletan habiak sortzen dituzten 100 milioi baino hegazti gehiago daude; hauen artean albatrosak (Diomedea generoa), petrelak (Procellaria eta Oceanites generoak) eta fulmarrak, marikakak, ubarroiak, kaioak edo antxetak eta txenadak (Sterna generoa) aurkitzen dira.[69] Hauez gain, Hego Georgiako uhertedian Anthus antarcticus espezie intsektiboroa aurki dezakegu, ur-gezetako ahateez gain.[70]

Bestalde, hegan ezin duten pinguinoak hego hemisferioan bizi dira, gehienbat Antartikan kontzentratuz. Pinguinoen 18 espezie kontinentean bizi eta ugaltzen dira eta beste 4 espezie ur-subantartikoetako irletan.[71] Aurki ditzakegun pinguinoen artean pinguino enperadorea (neguan ugaltzen den Antartikako animalia bakarra, bero mantentzeko lau luma geruzaz babestua)[72], Adelia pinguinoa, Papuako pinguinoa, pinguino papozuria, Pinguino erregea[73] eta Eudyptes chrysolophus daude.[74][75]

Ugaztunak

Ozeano Australeko uretan Pinnipedia familiako eta zetazeo ordeneko hainbat espezie bizi dira.

Xibartak abeste posizioan, ustez ugaltze-funtzioarekin erlazionaturik dagoena.

Zetazeoen 10 espezie aurki ditzakegu ingurune hauetan, 6 bale aholatzak (Mysticeti parvordenekoak) -handiena balea urdina (Balaenoptera musculus) da, Zere arrunta (Balaenoptera physalus), Ipar-zerea (Balaenoptera borealis), Ipar Atlantikoko sardako balea edo euskal balea (Eubalaena glacialis), Xibarta (Megaptera novaeangliae), Zere txikia (Balaenoptera acutorostrata)- dira eta 4 odontozetoak -Kaxalotea edo zeroia (Physeter macrocephalus), Berardius arnuxii, Hyperoodon planifrons eta habitat honetako izurde bakarra (Lagenorhynchus cruciger)-. Espezie hauetako asko migratzaileak dira eta Antartikako negua heltzean ur tropikaletara bidaiatzen dute.[76]

Phocarctos hookeri, Zelanda Berriko otarioa kumea elikatzen.

Halaber, Antartikako uretan pinipedoen zazpi espezie aurki ditzakegu itsas txakur -Lobodon carcinophaga, Leptonychotes weddellii, Ommatophoca rossii eta Hydrurga leptonyx-, itsas lehoi edo otaria -Arctocephalus gazella- eta itsas elefanteen -Mirounga leonina- artean.[77][78] Hauez gain, pinipedo arraro eta jarraitu bat dago, Zelanda Berriko otaria (Phocarctos hookeri); gehienbat ur-subantartikoetako Auckland uharteetan ugaltzen dena, nahiz eta aintzinan eremu zabalagoak erabiltzen zituen.[79]

Animalia hauek Antartikako ingurune hotzetara egokitzeko gai dira ilaje geruza lodi bati edo azalari azpian loturiko gantz geruza sendo bati esker. Itsas elefanteena da espezie handiena, 4.000 Kg pisatzera heldu daitekeelarik eta itsas lehoiak txikienak dira, emeek 150 Kg pisatzen dituztelarik; bi espezie hauek bankisa edo itsas-izotzetik iparraldera bizi dira eta harem bidez ugaltzen dira hondartzetan.[79]

Gainontzeko pinipedoak, itsas lehoien lau espezieak, bankisetan bizi dira eta ur azpian ehizatzen duten arren, lehorrean edo itsas-izotzetan ugaltzen dira. Bertan denbora asko igarotzen dute harrapari lehortarrik ez dutela aprobetxatuz eta munduko itsas txakurren biomasaren %50 osatzen dute.[80] Lobodon carcinophagus-ek 15 milioiko populazioa osatzen dute, munduko animalia zabalduenetarikoak bilakatuz[81] eta Leptonychotes weddellii (hegoalderantz urrunagoen bizi den itsas txakur espeziea) bezala,[82] koloniatan bizi dira; Hydrurga leptonyx eta Ommatophoca rossii ordea, bakarka.

Krustazeoak

Euphausia superba krill espeziea mikroskopio birtualez aztertua.

Krill-a ozeanoko kate trofikoaren oinarria da, plaktonaz elikatu eta gainontzeko animalien (arrain, hegazti, pinipedo eta zetazeoen) elikagaia delako. Krustazeo igerilari aske honen 5 espezie aurkitu dira Ozeano Australean. Euphausia superba munduko animalia ugarienetakoa da, eta hego hemisferioko krill espezie ugariena, 500 milioi tonako biomasarekin. Banako bakoitzak 6 zentimetro neurtzen eta 1 gramo pisatzen ditu. Neguan, janaria urria denean, krill-ak gaztedi fase txikiagora bueltatzen dira, beren gorputza elikatzeko erabiliz. Krill taldeek hainbat kilometroko hedadura lortu dezakete, metro karratuko 30.000 banakorekin eta ura kolore gorriko bilakatuz. Normalean taldeak ur sakonetan mantentzen dira egunean zehar, eta gaua heltzean planktonez elikatzeko igo. Aipatu bezala, animalia handiago asko krill-aren menpekoak dira beren biziraupenerako.[83][84]

Krustazeo bentiko askok ez dute urtaroko ugaltze-zikloa eta kumeak kumaldi-poltsa batean hazten dituzte. Glyptonotus antarcticus isopodo bentiko ezohiko handia da, 20 zentimetroko luzera eta 70 gramoko pisua eskura ditzakeelarik. Amphipoda ordena, krustazeo bentikoen talde oso dibertsoa da, Konbergentzia Antartikoaren hegoaldean bizi diren 600 espezie ezagunekin eta oraindik deskribatu ez diren beste hainbat. Orden honetako banako handiek, bereziki Epimeriidae familiakoek 8 zentimetrorainoko luzera eduki dezakete.[85][86]

Beste animalia taldeak

Txipiroi antartiko edo txipiroi erraldoia, munduko zefalopodo eta ornodun handiena da.

Kelizeratuen artean, pantopoda edo itsas-armiarma motelak ohikoak dira Hego Ozeanoan, pantopoda guztien artean tamaina handienekoak habitat honetan bizi direlarik, batzuetan giza eskua hainako tamainara haziz. Itsas hondoan ugaltzen diren koral, belaki eta briozoez elikatzen dira.[85] Molusku urtar asko aurkitu daitezke Antartikan. Adamussium colbecki bezalako bibalbioak itsas hondoaren inguruan mugitzen dira; aldi berean, Laternula elliptica gordelekuetan bizi da, bere gaineko ura filtratuz.[85]

Hego Ozeanoan 70 zefalopodo espezie inguru daude; guztietan handiena txipiroi erraldoia edo antartikako txipiroia (Mesonychoteuthis hamiltoni) da, 14 metroko luzerara heldu daitekeena eta munduko ornodun handienen artean kokatzen dena.[87] Onykia ingens edo Moroteuthis ingens ur-subantartikoetako harrapakin nagusia da, hainbat ornodunek ehizatua.[88]

Itsas trikuen Abatus generoko banakoak sedimentua zulatzen du, bertan aurkituriko elikagaiak janez.[85]Salpa thompsoni eta Ihlea racovitzai Antartikako uretan ohikoak diren salpa tunikatuen espezieak dira. Salpa thompsoni izoztz gabeko guneetan aurkitzen da, Ihlea racovitzai ordea, latitude altuagoetan izotz inguruan aurkitzen da.Balio elikagarri baxua dutenez, gehienbat arrainek jaten dituzte, hegaztiak eta itsas ugaztunak bezalako animalia handiagoek soilik janari eskasiaren aurrean ehizatzen dituztelarik.[89] Antartikako belakiak luzaroan bizi dira. Ingurumen aldaketekiko sentikorrak dira, sinbiosian dituzten mikroorganismoen komunitateen espezifitateari esker. Hori dela eta, ingumen-osasunaren adierazle bezala erabiltzen dira.[90]

Ekonomia

Historikoki, Antartikako ekonomia balea eta foken ehizan oinarritu da. Balea arrantza Antartikako uretan XIX. mendean hasi zenean, Industria Iraultza garatu zen. Industralizazioak zekartzan berrikuntza eta teknika-aurrekariek lehengai askoren eskaera emendatu zuten (lanpara erregaia, labaingarri industriala edo gantz-jangarriak, eta hauek egiteko behar zen lumera).[91][92]

Ondorioz, behar zen lumera eskuratzeko, arrantzaleek baleen ustiapen intentsiboari ekin zioten. 1800eko hamarkadako itsasontzi arrantzari gehienen itua xibartak izan ziren, hamarkada bakarrean xibarten populazioak beherakada handia jasan zuelarik, espezie honen banakoak aurkitzea oso zaila bilakatuz. Hala, xibartak aurkitu ezin zirenenan, jomuga hurrengo balea espezie errentagarrienera igaro zen, balea urdinetara.[93]

Bale kantitate gehiago ehizatu ahal izateko, teknologia berria ere garatu zen arrantzan; arpoiak eta kanoiak zeramatzaten lurrun-makinek propultsaturiko ontzi mekanikoak, arpoi leherkorrak, besteak beste. Berrikuntza hauek bale arrantza efizienteagoa egin zuten, eta aurretiaz ehizatzeko azkarregiak ziren espezieak (balea urdinak eta zere arruntak) harrapatzeko aukera eman zuten. Hala, XIX. mende amaieran eta XX. mendearen hasiera bale arratzaren garai modernoa hasi zen.[94][95]

Gauza bera gertatu zen 40ko hamarkadan zere arruntekin, kaxaloteekin, ipar-zereekin eta minke baleekin.[93][96]

XVIII. eta XIX. mendeetan itsas-txakur edo fokak hegoaldeko uretatik desagertu ziren, James Cook-ek 1775ean Hego Georgoako uhartea aurkitu ostean bertako itsas-txakur populazio handien ehizari ekin zietelarik. 1822 urterako, bertako itsas-txakur populazioa ia erabat irangituta zegoelarik. Izan ere, garaian itsas-txakur larruak modan zeuden jantziak egiteko orduan, Europan eta Ipar Amerikan eskari handian zeudelarik.[93]

Erreferentziak

Kanpo estekak