Robert Gerhard

Kataluniar konpositorea

Robert Gerhard i Ottenwaelder (Valls, Alt Camp, Katalunia, 1896ko irailaren 25a[1] - Cambridge, Ingalaterra, 1970eko urtarrilaren 5a) musika klasikoko musikagile katalana izan zen.[2][3] Kataluniako musika ondarearen pertsonaia aipagarrienetako bat da, bai Kataluniako eta baita Europako musikaren funtsezko pertsonatzat hartua izateraino.[4]

Robert Gerhard

Bizitza
JaiotzaValls1896ko irailaren 25a
Herrialdea Espainia
 Erresuma Batua
HeriotzaCambridge1971ko urtarrilaren 5a (74 urte)
Hobiratze lekuaAscension Parish Burial Ground (en) Itzuli
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakkatalana
gaztelania
ingelesa
Irakaslea(k)Arnold Schönberg
Felip Pedrell
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmusikagilea
Lan nabarmenak
KidetzaVienako Bigarren Eskola
Genero artistikoaopera
sinfonia
sardana

IMDB: nm0314281 Musicbrainz: 99ac9dd1-4c4a-4869-bd1e-d53fa883d807 Discogs: 880077 IMSLP: Category:Gerhard,_Roberto Allmusic: mn0001333742 Find a Grave: 5887947 Edit the value on Wikidata

Aita Suitzarra eta ama alsaziarra izanik, familiako negozio zen ardo-esportazioari uko egin zion laster musikan jardun ahal izateko.[5] Munichen eta Bartzelonan zenbait urte ikasten igaro ondoren, 1923an Vienara joan zen, Arnold Schönbergekin konposizio ikasketak burutzeko. Errepublikaren etorrerarekin, Higini Anglès musikologoarekin aritu zen pedagogia eta musika klasikoaren popularizazio lanetan. Aldi berean, Bartzelonako Taldearen buru zen, garai hartako konpositore argi eta abangoardisten artean osatua zegoena. Gerra Zibilaren amaieran, Gerhard, antifrankista sutsua izanik, Ingalaterrara erbesteratu zen, Cambridgen finkatuz. 1960an ingeles herritartasuna hartu zuen, eta Katalunia opor egonaldi laburretan soilik bisitatu zuen.[6]

Robert Gerhardek Schönbergen teknika serial dodekafonikoaren erabilera oso pertsonala burutzen du bere musikan, Mediterraneoko musiken txinpartekin argituz. Berrogeita hamarreko hamarkadan, bere lanek forma tradizionaletara atzerabegirakoa egiten dute, aldi berean ganbera musikan esplorazio esperimentala egiten duen bitartean, batez ere timbreen eta testura instrumentalen arloan, perkusioan bereziki. Orkestratzen zuen trebezia instrumentu mota guztietara hedatu zen, baita ezohikoak diren haietara ere. Honek aurrerago bere lan elektroakustikoetan erabiliko zituen aldez aurretik grabatutako soinuak biltzeko zuen zaletasunarekin bat egin zuen.[7]

Robert Gerharden bilduma Cambridgeko Unibertsitateko Liburutegian, Kataluniako Liburutegian eta Institut d’Estudis Vallencs-en dago gordea.[8]

Aintzatespenak

Bizirik zela

Bere bizitzaren amaieran, beste bereizketa batzuen artean, Cambridgeko Unibertsitateak 1968an emandako honoris causa doktorea eta Britainia Handiko Inperioko Ordenako komendadore titulua jaso zituen.[9]

1969an, BBC britainiar telebistak Barrie Gavinek zuzendutako The Explorer dokumentala igorri zuen, Robert Gerharden lanaren, nortasunaren eta ospearen inguruan datzana.[10]

Ingalaterran geroz eta aintzatespen handiagoa lortzen ari zen bitartean, Espainian konpositorea ez zen kasik kontuan hartua izan haren heriotzera arte. Bere abizenengatik Gerharden jatorriari buruz sortu zen nahasmena, Ingalaterran bizi izan zituen urteak, Errepublikaren alde egon izana eta bere musikaren estetika abangoardista izan ziren bere lanak Espainia frankistan izan zuen porrotaren adierazleetako batzuk.[11] Gerhardek berak esan zuen: "Ez dut sekula Kataluniako klima kulturalaretik at nengoela sentitu. Askok musikari "ingelesa" bihurtu naizela diote, baina adierazpen hau zentzugabea da; kazetarien ohiko erran-merranetako bat, aukera izan dudan guztietan ukatzen saiatu naizena! Egia esan, neure egin dut eta gero eta argiago daukat, Kataluniako egungo belaunaldi gaztearen iritziz "atzerritarra" naizela."[12]

Hil ondoren

Haren heriotzaren ondoren, konpositoreari omenaldi eta ekintza ugari egin zitzaizkion.

1977ko urtarrilaren 20an egun batzuk gorabehera, soilik Robert Gerharden lanak jo ziren kontzertu bat egin zen Bartzelonako Kataluniar Musikaren Jauregian, Radio Nacionalak antolatuta. L'infantament, 2 apunte, 2 impromptu eta 6 kataluniar abesti herrikoi lanak interpretatu zituzten. Urtarrilaren 31n, 11 egun beranduago, musikagilearen omenez beste kontzertu bat egin zen Fundació Miró-n. Bertan, Kataluniako beste konpositore garaikide batzuen lanak estreinatu ziren.

1978ko uztailaren 1ean Berlinen, musika garaikideko kontzertu batean Gerharden Libra obra jo zen. Gainera, jakina da lan hau hainbatetan joa izan zela Katalunian, Toledon eta Madrilen.

Urte batzuk geroago, 1984ko azaroaren 8an eta 9an, haren 1. Sinfonia estreinatu zen Madrilen, Jesús López Cobosek zuzenduta. Urte bereko azaroaren 17an eta 18an, L'alta naixença del Rei En Jaume estreinatu zen Kataluniar Musikaren Jauregian. 4. Sinfonia eta Pedrelliana ere jo ziren. Ciutat de Barcelona Orkestrak eman zituen kontzertu hauek, Antoni Ros-Marbà-k zuzenduta.

Azkenik, 1985eko apirilaren 25ean BBCko Orkestra Sinfonikoak Orkestrarako kontzertua (1965) estreinatu zuen Cambridgen.

Lan nagusiak

Robert Gerharden lanak estilo ezberdinetako eta instrumentu multzo askotarako obrak biltzen ditu.

Gerharden orkestra sinfonikorako lan handien artean lau sinfonia azpimarra ditzakegu, baita Orkestrarako kontzertua (1965) ere. Lehen Sinfonia 1955. urtean estreinatu zen Alemaiako Baden-Baden hirian, Musika Garaikidearen Nazioarteko Elkarteak (alemanez Internationale Gesellschaft für Neue Musik) urtero antolatzen zuen ekitaldian. Bigarren sinfonia 1957–59 bitartean idatzi zuen, eta 1959ko urriaren 28an estreinatu zuen BBCko Orkestra Sinfonikoak Londresen Rudolf Schwarzen zuzendaritzapean. Hala ere, 1967an partitura berrikusi ondoren guztiz berridatzi zuen sinfonia, hari Metamorfosi izena jarriz. Rafael Patxot kataluniar idazle eta mezenasari eskainia zegoen. 3. Sinfonia, Collages deitua, Koussevitzky fundazioaren enkargu bat izan zen, eta 1961ean estreinatu zen Londresen, berriz ere BBCko Orkestra Sinfonikoak jota eta Schwarzek zuzendua. Gerharden 4. Sinfonia eta azkena, New York izena duena, bere obra ezagunenetarikoa da. 1966 eta 1967 artean idatzia, New Yorkeko Orkestra Filarmonikoaren 125. denboraldirako enkargu bat izan zen. Leonard Bernsteinek zuzendu behar zuen, baina arazo batzuk zirela medio ezin izan zuen, eta William Steinbergek zuzendu zuen 1967ko abenduaren 14an izandako estreinaldia.

Zenbait lan kontzertante ere idatzi zituen Gerhardek, solista eta orkestarako: Biolin kontzertua (1943), 1950eko maiatzean Florentzian estreinatua Antoni Brosa biolin-jolearen eskutik; Piano eta hari-orkestrarako kontzertua (1951), eta Klabezin, soka eta perkusiorako kontzertua (1955–56), 1958ko martxoaren 25ean estreinatu zena Londreseko Unibertsitatean.

Ganbarako musika pila ere idatzi zuen: haien artean bi hari kuarteto, lehena 1950–55 artean eta bigarrena 1961–62 artean idatziak; Bederatzikotea (1956–57), zeharkako txirula, oboe, klarinete, fagot, tronpeta, tronpa, tronboi, tuba eta eskusoinurako idatzia eta 1957ko irailean BBC irratian zuzenean estreinatua; eta Zortzirako kontzertua (katalanez Concert per a 8) (1962), zeharkako txirula, klarinete, eskusoinu, mandolina, gitarra, kontrabaxu, perkusio eta pianorako idatzia eta 1962ko maiatzaren 17an Londresen estreinatua nabarmendu ditzakegu.

Erreferentziak

Bibliografia

  • Sánchez de Andrés, Leticia. Pasión, desarraigo y literatura: el compositor Robert Gerhard. Antonio Machado Libros, 2015. ISBN 978-84-9114-086-3 .
  • Homs, Joaquim. Robert Gerhard i la seva obra. Bartzelona: Biblioteca de Catalunya, 1991. ISBN 978-84-7845-109-8 .
  • Mestres Quadreny, Josep Maria. Vida i obra de Robert Gerhard. Bartzelona: C_RG L'Auditori, 2011. ISBN 978-84-615-0940-9 .
  • Bowen, Meirion. Gerhard on music: selected writings, edited by Meirion Bowen. Aldershot: Ashgate, 2000.
  • Proceedings of the 1st International Roberto Gerhard Conference : May 27-28th 2010. England: Centre for Research in New Music, University of Huddersfield, 2010.
  • DDAA. El compositor Robert Gerhard. Patrimoni humà / The composer Robert Gerhard. Human heritage. Valls: Institut d'Estudis Vallencs (Col. Estudis Vallencs), 311 pàg, edició bilingüe català-anglès, 2017. ISBN 978-84-86083-82-3
  • Rubió Jordana, Bernat. Robert Gerhard i Jordi Rubió: estudi d'una relació. Valls: Institut d'Estudis Vallencs (Quaderns de Vilaniu / Miscel·lània de l'Alt Camp, 72), 2017.