SUEZ

Frantziako ura eta hondakinak kudeatzeko enpresa

SUEZ frantses estatuko udalerrien ur-hornidura eta saneamenduaz arduratzeagatik ezaguna den enpresa multinazionaletako bat da, eta Ipar Euskal Herriko hainbat udaletxek baliatzen dituzte haren zerbitzuak[1].

SUEZ
creating cycles. for life.
Datuak
Motanegozioa, enpresa eta filiala
Jarduera sektoreaIndustria, Hondakinen kudeaketa, water supply (en) Itzuli, birziklapena, plastic recycling (en) Itzuli, Hondakin-uren arazketa, waste collection, treatment and disposal activities; materials recovery (en) Itzuli eta Collection of hazardous waste (en) Itzuli
HerrialdeaFrantzia
Jarduera
KidetzaTEAM2 ecotechnology cluster (en) Itzuli
Eskumendekoak
SUEZ Eau France (en) Itzuli eta SUEZ Recycling & Recovery France (en) Itzuli
Enplegatuak40.000 (2022ko otsailaren 1a)
Agintea
ZuzendariaSabrina Soussan (en) Itzuli
Egoitza nagusi
Legezko formapublic limited company with a board of directors (n.o.s.) (en) Itzuli
JabeaMeridiam (en) Itzuli
Zeren jabe
Q3206228 Itzuli, SUEZ Eau France (en) Itzuli eta Q3518567 Itzuli
Ekonomia
Diru-sarrerak8.787.300.000 € (2023ko maiatzaren 5a)
Historia
Sorrera2008ko uztailaren 22a
SorlekuaParis
webgune ofiziala
Twitter: suez Instagram: suez_group LinkedIn: suez Youtube: UCAoU2AuJy9YghBz5TxHx3xQ Edit the value on Wikidata

Historia

Gaur egungo Suez taldea hainbat enpresen fusioa da. Erroak XIX. mendean sortutako enpresetan ditu, gerora elkarri batzen joan zirenak: La Compagnie universelle du canal maritime de Suez (euskaraz, “Suezko itsas kanaleko Konpainia unibertsala”) eta La Société Lyonnaise des eaux et de l'éclairage (euskaraz, “Ur eta argiztapen Sozietate Lyondarra”).

Talde industrial frantses-belgiar honek energia (argindar eta gas) zein uraren kudeaketa arloetan mundu mailako garrantzia izan zuen. 2008n Gaz de France enpresarekin bat egin zuen eta fusio horretatik GDF Suez eta Suez Environnement sortu ziren; lehenak energia kudeatzen zuen, bigarrenak ura. 2015etik goiti GDF Suez-ek Engie izena hartu zuen eta Suez Environnement aldiz, Suez bilakatu zen.

Compagnie universelle du canal maritime de Suez

Suezko kanala XX. mende hasieran.

Enpresa hau Ferdinand de Lesseps arkitektu frantziarrak sortu zuen 1858an, Frantziar Inperio Koloniala hedatze bete-betean zelarik. Enpresaren helburua gaur egungo Egipton kokatzen den Suezko kanala sortu eta ustiatzea zen. Mediterraneo itsasoa eta Itsaso Gorria batzen dituen 160 km-ko kanal hau 1869an inauguratu zuten.

1956an, Egiptoko garaiko lehendakaria zen Gamal Abdel Nasserrek kanala nazionalizatu egin zuen[2], ordurarte Compagnie universelle du canal maritime de Suez-en jabetza zena Suez Canal Authority (euskaraz, “Suezko Kanalaren Autoritatea”) enpresa publikoaren jabetza bilakatuz. Hala ere, entrepresa frantsesak kalte-ordain handiak jaso zituen trukean, 1968 urte arteko ustiaketa baimena baitzuen[3]. 1958an Compagnie financière de Suez (“Suezko Finantza Konpainia”) izena hartu eta finantza munduan sartu zen, ekonomiako hainbat sektoretan inbestimenduak biderkatuz[4].

Frantses estatuak Compagnie financière de Suez nazionaliztu egin zuen 1982an, baina gerora berriz pribatizatu zuten 1987an. 1990an, enpresak Compagnie de Suez izena hartu zuen. 90. hamarkadako higiezinen krisiaren ondorioz hasiera zaila egin zitzaion, eta 1997an Lyonnaise des eaux entrepresarekin fusionatu zen.

Société Lyonnaise des eaux et de l'éclairage

La Société Lyonnaise des eaux et de l'éclairage (euskaraz, “Ur eta argiztapenaren Sozietate Liondarra”) 1880an sortu zen. XX. mende hastapenean zehar, frantses estatuko gas eta argindar hornitzaile garrantzitsua bilakatu zen. Garaiko frantses kolonietan ere garatu zen, hala nola Afrika Iparraldean (Maroko eta Tunisian), Afrika erdialdean (Togo eta Kongo-Brazzavillen) eta Pazifikoan (Kaledonia Berrian).

Frantses estatuan gasa eta argindarra nazionalizatu zutelarik 1946an, sozietatu honek Lyonnaise des eaux izena hartu zuen. 1972an Dégrémont entrepresa erosi ondotik uraren eta hondarkinen kudeaketan sakondu zuen. 1980 eta 1990. hamarkadetan internazionalizazio fase berri batean sartu zen, eta bere ur-horniketa eta tratamendu zerbitzuak Erresuma Batua, AEB edo Espainia bezalako estatuetan zabaldu zituen.

Suez taldearen sortzea

1967an Compagnie financière de Suez entrepresa Lyonnaise des eaux sozietatearen kapitalean sartu eta akziodun nagusi bilakatu zen. Bi enpresak 1997an fusionatu ziren eta Suez Lyonnaise des eaux izena hartu zuten. Suez-ek finantza eta banku arloan zituen jarduerei uko egin eta Lyonnaise des eaux-k hedabideen arloan zuen interesekin bat egin zuen. 2001ean, taldeak Suez izena hartzen du.

Multinazional honen jarduera mundu osoan zehar hedatu zen. Fama txarra ere hartu zuen Argentinan, 1993tik 2006ra Buenos Aireseko ur-hornitze sarearen kudeaketa kaxkarra dela eta[5].

2008an Gaz de France enpresarekin fusionatu eta bi talde sortu ziren: GDF Suez energia arloan, eta Suez Environnement uraren kudeaketa arloan. Suez Environnement enpresak beste enpresa batzuekin batzen segitu zuen, adibidez 2010ean Agbar Taldea erosiz. GDF Suez enpresak Engie izena hartzean 2015ean, Suez Environnement Suez izatera pasa zen.

Jarduera

Suez enpresa multinazionalaren jarduera mundu osora hedatzen bada ere[6], Euskal Herrian Euskal Hirigune Elkargoko partaide diren herriko etxe batzuen ur hornitzaile eta tratatzailea izateagatik da ezaguna.

Uraren kudeaketa

Suez taldeak honako jarduerak jorratzen ditu:

  • Edateko uraren ustiapena, hornitzea eta tratatzea
  • Hondarkin uren biltze eta araztea
  • Lurpeko uren ikerketa eta modelizazioa
  • Ur-hornikuntza sareen mantenua
  • Kutsatutako uren garbitzea
  • Lokatzaren tratamendua

Hondarkinen kudeaketa

Hondarkinen kudeaketari dagokionez, Suez taldeak ondoko jarduerak eramaten ditu:

  • Nuklearrak edo erradioaktiboak ez diren hondarkin ororen bilketa eta hiri garbitasunaren mantenua
  • Hondarkinen bereizketa eta aintzin-tratamendua
  • Hondarkin baliotsuen birziklapena eta balorizazioa
  • Errefusaren desagertzea, errez edo lurperatuz
  • Kutsatutako lurren garbiketa

Akziodunak

2019ko apirilaren 30eko akziodun nagusien zerrenda[7]:

Engie32,1%
Fundación Bancaria Caixa d'Estalvis i Pensions de Barcelona5,88%
Suez Employee Stock Ownership Plan3,82%
Francesco Gaetano Caltagirone3,49%
Pictet Asset Management2,69%
Impax Asset Management2,36%
Capital Research & Management (Global Investors)2,26%
Norges Bank Investment Management2,02%
The Vanguard Group1,61%
Amundi Asset Management SA (Investment Management)0,96%

Lobby jarduera

Suez entrepresak bere interesak bultzatzeko lobby jardueran sartua da, hala nola frantziar estatuko eta Europar Batasuneko erakundeetan.

Frantziako Nazio Biltzarrean lobby gisa izena emanda dago. 2012an, Frantziako Legebiltzarrean eramaten zuen lobby jarduerarentzat 40 000 eta 50 000 euro artean baliatu zituela onartu zuen Suez-ek[8]. Bestalde, 2009tik landa Europako Batzordean izena emanda dago lobby gisa. Egun osoz lanean ari ziren 6 langile zituela onartu zuen 2015ean, eta urte berean 800 000 eta 900 000 euro arteko gastuak egin zituela lobby jardueran. Bere aktibitatea aintzinera eramateko 36 851 euroko diru-laguntza jaso izana ere adierazi zuen Suez-ek, eta Europar Batasuneko erakundeekin edukitako salerosketengatik 6 001 974 euro irabazi zuela ere onartu zuen[9].

Erreferentziak

Kanpo estekak