Teklatu (ordenagailua)

ordenagailuetan aginduak sartzeko gailu periferikoa

Teklatua edo klabiera konputagailuan, sakelako telefonoan edo bestelako gailuetan informazioa sartzeko erabiltzen den sarrera-periferiko bat da. Funtzio desberdina betetzen duten teklez osatua dago, modu desberdinean banatuak agertzen direnak, hizkuntza edo behar desberdinetara egokituak. Teklatu mota asko daude eta nahiz eta ahotsa testu bihurtzeko edo keinuak ezagutzeko metodoak asko hobetzen ari diren, gaur egun oraindik funtsezko sarrera-periferikoa da.

Gauzaki honi izena emateko zenbaitetan giltzadi ere erabili egiten da, Ibon Sarasola hizkuntzalariak proposatutakoa eta hiztegi batzuek ekartzen dutena.[1][2][3]

Historia

Hasierako teklatuak

Teklatuaren historia idazmakinaren asmakuntzari lotuta dago. Christopher Latham Sholes-ek lehen idazmakina modernoa patentatu zuen 1868an. Remington enpresak 1874. urtean jarri zuen salgai eta arrakasta izugarria izan zuen[4]. Denborarekin hasierako ereduari hobekuntza teknologikoak egin bazizkioten ere, haren eboluzioa da gaur egun gailu konputazionaletan estandar bihurtu den teklatua[5][6][7].

QWERTY teklatua izan zuen lehen idazmakina (Sholes & Glidden, 1874)
Bideoa: idazmakinak eta funtzionamendua

Teklen kokapena ez da beti bera izan. Hasierako diseinuetan teklak orden alfabetikoan kokatuta zeuden, baina kokapen harekin arazoak sortzen ziren azkar tekleatzean. Izan ere, idazmakinen teklatu mekaniko haietan teklak sakatzean metalezko mailutxoak eragiten ziren. Tintazko zinta bat kolpatu eta haren marka paperaren utziz lortzen zen hizkiak paperean idaztea. Teklei azkar eraginez gero, gertuko mailutxoak elkarren artean trabatu egiten ziren. Arazo horri aurre egiteko, teklak beste modu batean kokatzea erabaki zen, oso sarri erabiltzen ziren hizkiak edo elkarren ondoan agertzeko joera zutenak teklatuko kokapenean urrunduz. Horrela sortu zen QWERTY teklatuaren lehen bertsioa, 1878an Sholes-ek berak patentatu zuena. Idazmakinaren teknologia hobetuz joan zen neurrian bestelako kokapenak sortu ziren, Dvorak kokapena, esaterako. Batzuen esanetan, kokapen horrekin idaztea errazagoa zen, baina ordurako QWERTY banaketa oso zabaldua eta onartua zegoen[8].

Idazmakinen ondoren komunikazioetarako teletipo terminalak sortu ziren, ingelesez TeleTYpewriter (TTY) izenez ezagunak. Sare batean konektatutako teleinprimagailuak ziren, XX. mendean oso erabiliak izan zirenak datuak bidaltzeko, jasotzeko eta inprimatzeko. Teklatu alfanumerikoa eta inprimagailua zituzten eta lehenengo konputagailuetan ere erabili ziren datuak sartzeko (ENIAC 1946, BINAC 1948). Kuriositate moduan esan, idazmakinekin edo teletipoen bidez idazten zenean, ez zegoela atzera egiterik; akatsa eginez gero, ondoren aipatu besterik ezin zen egin.

1964an sortu zen MULTICS konputagailuak (Bell Labs & MIT) bideo-terminal bat zuen eta testua sartu ahala pantailan ikusten zen. 70. hamarkadaren amaiera alderako konputagailu guztiek zituzten halako terminalak eta teklatu elektrikoak. Horiei esker konputagailuarekin komunikatzea errazagoa bihurtu zen. Hasierako ordenadoreen teklatu haiek mekanikoak ziren, piezak banan-banan muntatzen ziren eta oso astunak ziren. Gobernu, enpresa eta unibertsitateenak izaten ziren. Gaur egungo konputagailuen eta teklatuen hasiera besterik ez zen.

IBM teklatuak

Teklatuen estandarizazioa lortu zuena IBM izan zen. 80ko hamarkadan konputagailu pertsonalak (PC) sortu ziren, txikiagoak eta erabilera pertsonalerako pentsatuak. IBMk 1981ean bere lehen PCa merkaturatu zuen. Ordurako nabaria zen teklatua datuak sartzeko oinarrizko gailua zela eta hainbat enpresa (IBM, Apple, Commodore, etab.) teklatuen ekoizpenean buru-belarri sartu ziren. IBMren IBM PC/AT konputagailuek 84 teklako teklatuak zituzten. Haien hedapen moduan, 1986an M eredua edo "Model M keyboard" izeneko teklatua sortu zuen. 101 tekla zituen (europan 102), izugarrizko arrakasta lortu zuen, eta azkenean estandar izatera iritsi zen. Diseinu hark, aldaketa txikiekin, gaur egun oraindik gure artean dirau[9].

IBMren "Model M" teklatua (1986)

Azken berrikuntzak

Azken hamarkadetan teklatuek berrikuntza teknologikoak izan dituzte. Mintzezko teklatuen sorrera da aipatzea merezi duenetako bat. Berri-berriak ez dira, egia esan, 70eko hamarkadan sortu baitziren lehenak, baina benetako goraldia 90eko hamarkadan izan zuten. Normalean silikonazkoak dira eta teklak ez dira bata bestetik aparte kokatutako piezak, teklatu mekanikoetan bezala. Teklatua gainazal lau eta flexiblea da, hizki, zenbaki eta bestelako sinboloak gainazalean inprimatuta daude eta haien gainean sakatzean, azpian dagoen zirkuitu elektrikoarekin kontaktua egitea lortzen da. Abantaila asko dituzte: isilak, malguak, arinak, garbitzen errazak, merkeak eta likidoetara erresistenteak dira, besteak beste. Hala ere, teklak sakatzeko modua oso desberdina da eta ohituta ez dagoen erabiltzaileak akats asko egin ohi ditu[10][11].

Bestelako berrikuntzak ere izan dira. Internet-en sorreraren eraginez, funtzio gehigarriak dituzten teklak agertu ziren (nabigazioa errazteko, etab.). Teklatua konektatzeko moduari dagokionez, USB bidez konektatzen diren teklatuez gain gaur egun badira haririk gabekoak, Bluetooth edo Wi-Fi bidez konputagailuarekin komunikatzen direnak. Teklatuaren aurrean lanordu luzeek eragindako kalteak murrizteko helburuz teklatu ergonomikoak sortu dira. Eta, teklatua ez izatera gerturatzen diren berrikuntzak ere badira: teklatu birtuala, esaterako. Ahotsa testu bihurtzeko teknologien aurrerapenak teklatuaren erabateko desagerpena ekarriko ote duen oraindik ikusteko dago.

Teklatu estandarra

Historiako lehen teklatuek guztira 84 tekla inguru zituzten. Urteak pasatu ahala, kopuru hori handitzen joan zen eta 104 teklako IBMren teklatua estandar bilakatu zen. Gaur egungo teklatu guztiek ez dute tekla kopuru finkoa; batzuek tekla gehigarriak izaten dituzte (hainbat funtzio berezi egiten dituztenak) eta beste batzuek tekla gutxiago (ordenagailu eramangarriek, adibidez, haien tamaina eta pisua txikitzeko). Hala ere, estandar moduan ezagutzen den teklatua da gehien hedatu dena.

Teklatua (Teklen banaketa espainiarra) IBM PC/Microsoft Windows .


Teklen bidez adierazten dira hizkiak, zenbakiak, sinboloak eta funtzioak[12][13]. IBMk garatu zuen Common User Access (CUA) estandarrak garrantzia handia izan zuen teklen erabileraren estandarizazioan. Normalean "bloke" deituriko multzoetan banatuta agertzen dira. Lau tekla-bloke izaten dira:

  1. Tekla alfanumerikoen blokea

    Bloke hau teklatu guztietan agertzen da. Teklatuaren zatirik handiena hartzen du eta garrantzitsuena da, testua sartzeko behar-beharrezkoak diren teklak bertan daudelako: Atik Zrako hizkiak, 0tik 9rako zenbakiak, puntuazio-markak eta hainbat ikur. Programazio-kodea idazteko oso beharrezkoak diren ikurrak ere bertan daude: giltzak, parentesiak, kortxeteak, etab. Oso garrantzitsuak diren beste tekla batzuk ere bertan daude: zuriune-barra, hizki larrien blokeorako Bloq mayús tekla, Sartu tekla, Tab tabulatzailea, Ctrl, Alt, Win, etab. Tekla batzuek bi edo hiru karaktere sor ditzakete. Hizkien kasuan, adibidez, hizki larriak idazteko Mayús tekla eta hizkiaren tekla batera sakatu behar dira. Zenbakien gainean agertzen den ikurra edo beste tekla batzuetan goiko aldean agertzen den ikurra idazteko ere Mayús tekla erabili behar da. Zenbait teklak hirugarren ikur bat ere badute; hori idazteko Alt Gr tekla erabili behar da.

  2. Funtzio-teklen blokea

    Funtzio-teklen blokea teklatuaren goiko aldean dauden F1etik F12rako teklek eta ezkerreko Esc teklak osatzen dute. Tekla horiek ez dute beti eginkizun bera betetzen, sistema eragilearen arabera edo tekla sakatzen dugun unean erabiltzen ari garen aplikazioaren arabera aldatzen da. Gainera, Alt edo Ctrl teklekin batera sakatuz gero, haien funtzioa aldatzen da. Normalean lasterbide moduan jokatzen dute, hau da, oso ohikoak diren ekintzak burutzen dituzte: dokumentua gorde, inprimatu, etab.

    Hala ere, sistema eragile eta aplikazio desberdinetan egonda ere, tekla horietako batzuk nahiko estandar bihurtu dira eta oso erabilgarriak dira. Hauek dira funtzio-teklen ekintza ohikoenak[14][15]: Esc uneko ekintza gelditu eta irteteko, F1 laguntza irekitzeko, F2 dokumentuen edo karpeten izena aldatzeko, F3 bilaketak egiteko, F4 web-nabigatzaileetan bisitatu diren azken orriak erakusteko, F5 web-nabigatzaileetan web-orria berriz kargatzeko, F6 web-nabigatzaileetan kurtsorea helbide-barrara eramateko, F7 zuzenketa ortografikoa egiteko, F8 Windows-en hasieratze-menura joateko, F9 teklak ez du funtzio estandarizaturik, F10 menu-barra irekitzeko, F11 pantaila osoan ikusteko, F12 dokumentua gordetzeko.

  3. Tekla berezien blokea

    Tekla alfanumerikoen blokearen eskuinaldean dagoen tekla multzoa da eta funtzio bereziak dituzten teklez osatuta dago. Goialdean hiru tekla daude: Impr Pant/PetSis, Bloq Despl, Pausa/Inter. Ezagunena Impr Pant/PetSis da, pantailaren argazkia egiteko erabiltzen dena. Erdialdean sei tekla daude: Insert, Supr, Inicio, Fin, RePág, AvPág. Batzuk kurtsore-teklak edo nabigazio-teklak direla esaten da, kurtsorea mugitzeko balio dutelako: orriaren hasierara edo bukaerara, lerroaren hasierara edo bukaerara. Insert teklak idazteko modua aldatzen du. Bi modu daude: gainidazte-modua (testua idatzi ahala kurtsorearen eskuinaldean dagoen testuaren gainean idazten da) eta txertatze-modua (kurtsorearen eskuinaldean dagoen testua desplazatu egiten da eskuinaldera, idatzitako testua tartean geratuz). Supr teklak kurtsorearen ondoren dagoen karakterea ezabatzen du. Blokearen behealdean lau tekla daude: , , eta . Horiek ere kurtsore-teklak dira, kurtsorea mugitzeko erabiltzen direlako.

  4. Tekla numerikoen blokea

    Teklatuaren eskuinaldean egoten den blokea da, baina ez dago teklatu guztietan, teklatu txikietan, batez ere ordenagailu eramangarrietan, kasu. Bertan 0tik 9rako zenbakiak daude, kalkulagailuetan bezala kokatuta, zenbakiak arin sartzeko oso egokia delako. Gainera, koma hamartarra idazteko . tekla eta oinarrizko lau eragiketa matematikoak egiteko teklak daude (+ batuketa, - kenketa, * biderketa, / zatiketa). Hemen ere tekla batzuk funtzio bat baino gehiago egiteko gaitasuna dute, eta haien artean aukeratzeko Bloq Num tekla erabili behar da.

Teklen banaketa

Ordenagailuen eta telefono adimendunen teklatuaren jatorria idazmakinetan dago. Teklatuetarako teklen banaketarik ohikoena QWERTY da, Sholes-ek 1878an idazmakinetarako patentatu zuen bera. Gerora, teklen banaketa hura oinarri hartuta, bestelako banaketak diseinatu ziren (AZERTY, QWERTZ, Dvorak, Colemak, etab.), gehienetan letren kokapena hizkuntza desberdinetara egokitzeko. Telefono marka askok bere teklatu eredu propioa erabiltzen dute. Hainbat hizkuntzatan datoz, eta aplikazioak ere badaude hizkuntza anitzeko teklatuak edo unibertsalak instalatzeko, horietako batzuk software librean eginak. Hala ere, denboran zehar QUERTY banaketak iraun egin du, herrialde askotan estandar bihurtu da eta gaur egun, oraindik, banaketarik hedatuena da.

Teklen banaketak Europako herrialdeetan:
██ QWERTY ██ AZERTY ██ QWERTZ ██ Bestelakoak ██ Teklatu ez-latindarrak

QWERTY banaketa

QWERTY banaketari izena letren goiko errenkadako lehen sei letrek ematen diote: QWERTY. Ordenagailuetan eta telefono adimendunetan gehien erabiltzen den teklatu antolaketa da. Teklen kokapen horretan, ingelesez sarrien erabiltzen diren letra-pareak kontrako teklatu-erdietan jarri ziren. Izan ere, XIX. mendeko idazmakina mekanikoetan mailutxoak kolpatuz idazten zen eta teklei azkar eraginez gero, gertuko mailutxoak elkarren artean trabatu eta idazketa prozesua blokeatu egiten zen. Hura ekiditeko saiakera bat izan zen segidan sarri agertzen diren hizkiak elkarrengandik bereiztea. Horrela, eskuen erabilera txandakatu eta teklak blokeatzea saihesten zen: esku batek tekla bat sakatzen duen bitartean, bestea hurrengo tekla sakatzeko prest dago.

QWERTY teklatua ingelesez hitz egiten den herrialdeetan eta Europako eta Amerikako herrialdeetan asko erabiltzen da. Espainian erabiltzen den QWERTY teklatua espainierara eta bertan hitz egiten diren beste hizkuntzen beharretara egokitua izan da; teklatuak Ñ letra dauka (montaña idazteko, adibidez), Ç letra (katalanez força idazteko), dieresia edo azentu markatua (zubereraz üthüri, galizieraz antigüidade, katalanez veïna edo gazteleraz pingüino idazteko), hasierako galdera-marka eta harridura-marka (¿, ¡) ikurrak ditu, azentu zorrotza ('), etab. Hala ere, karaktere batzuk ez dira agertzen, asturierazko Ḥ eta Ḷ kasu.

Gaur egungo teklatuen mekanismoan ez dira garai bateko idazmakina mekanikoen mailutxoak erabiltzen, teklatuan gertu dauden teklak ez dira elkarren artean trabatzen eta QWERTY banaketaren eraginkortasuna zalantzazkoa da.

QWERTY-ren aldaerak

QWERTY banaketak aldaketak jaso izan ditu hizkuntza desberdinetara egokitzeko. AZERTY eta QWERTZ dira seguraski horrela sortutako bi teklatu ezagunenak. Teklatu horien diseinuaren oinarrian QWERTY banaketa dago, baina hizkuntzen arabera letra batzuk, sinboloak, azentudun karaktereak etab. posizioz aldatu dira.

  • AZERTY: Frantsesera egokitutako QWERTY banaketaren aldaera bat da. Banaketaren izena letren goiko errenkadako lehen sei letrek ematen diote: AZERTY. QWERTYrekin konparatuz, erraz ikus daiteke Q eta A letren posizioak elkarren artean trukatuta daudela eta W eta Z teklak ere. Ez dira aldaketa bakarrak, jakina, baina bi aldaketa horiek teklatuaren izenari zuzenean eragiten diote. M tekla, adibidez, L teklaren eskuinean kokatuta dago AZERTY teklatuan, eta tekla alfanumerikoen blokeko 0tik 9rako zenbakiak posizio berean badaude ere, Mayús teklarekin batera sakatu behar dira idatzi ahal izateko, bestela azentudun letra xeheak eta ikurrak idazten dira. Frantzian, Belgikan, Afrikako hainbat herrialdetan eta, oro har, frantsesez hitz egiten duten herrialdeetan erabiltzen da AZERTY teklatua, aldaketa txikiekin.
AZERTY teklatua Frantziako banaketarekin


  • QWERTZ: Alemanierara egokitutako QWERTY banaketaren aldaera bat da. Banaketaren izena letren goiko errenkadako lehen sei letrek ematen diote: QWERTZ. QWERTYrekin konparatuz, erraz ikus daiteke Y eta Z letrak elkarren artean trukatuta daudela. Alemanieran Z letra Y baino sarriago agertzen delako eta askotan T eta Z bata bestearen segidan agertzen direlako egin zen egokitzapen hori. Beste egokitzapen batzuk ere egin ziren, alemanieran asko erabiltzen diren azentudun bokal xeheak sartzea, adibidez. Europa erdialdeko herrialdeetan erabiltzen da batez ere, Alemanian, Suitzan, Austrian, Eslovenian, Kroazian, Bosnia Herzegovinan, Montenegron eta Albanian.

Bestelako banaketak

Banaketarik ospetsuena QWERTY izan arren, kritikak jaso izan ditu bere ergonomia eskasagatik. Arazo hori konpontzeko beste banaketa batzuk sortu izan dira. Idazketan laguntzea eta idazterakoan nekea murriztea dute helburu.

  • Dvorak: "Dvorak teklatu" edo "Teklatu sinplifikatu" izenez ezagutzen den teklen antolaketa August Dvorak-ek eta William Dealey-k patentatu zuten 1936an. Haien helburua idazketan laguntzea zen, idazketa-akatsak gutxitu eta azkarrago idatzi ahal izateko. Gainera, teklatua ergonomikoagoa egiten ere saiatu ziren. Horretarako ingelesa hartu zuten oinarrizko hizkuntza moduan, letren erabilera eta haien arteko konbinaketak aztertu zituzten, eta eskuaren fisiologia ere ikertu zuten[16]. Denborarekin, hasierako diseinuko teklen banaketa aldatuz joan zen, 1982an ANSIk Dvorak teklaturako estandar bat garatu zuen arte. Dvorak teklatuak ez du sekula QWERTY banaketak lortutako osperik izan. Hala ere, gaur egun oso erraza gertatzen da banaketa hori erabiltzea, sistema eragile askotan konfigura daitekeelako.
  • Colemak : Colemak banaketa Shai Coleman-ek diseinatu zuen 2006an. QWERTY banaketa hobetzen saiatu zen. Ingelesez gehien erabiltzen diren letrak atzamar indartsuenen parean kokatzen saiatu zen. Horrela, oso sarri erabilitako teklak kokapen desegokietan egoteagatik sortutako arazoak ekidin nahi izan zituen, idazketa prozesua erosoagoa eta azkarragoa izateko[17] [18]. Colemak banaketa sistema eragile askotan konfigura daiteke[19].

Euskararako teklatu librea

Bada euskaldunon beharretara egokitua izan den teklatu libre bat. Anysoft Keyboard teklatua da, librezale.eus elkarteak moldatu zuena. Android gailuetan erabil daiteke eta hitzak osatzeko eta zuzentzeko sistema dauka[20][21][22]. Interneten euskaraz aritzeko teklatuak ere sortu dira: Google teklatua[23][24].

Teklatu motak

Teklatu mota desberdinak diseinatu izan dira. Ordenagailu eramangarrietan, adibidez, teklatua ez da aparteko dispositibo bat izaten, txertatuta etortzen da eta estandarrak baino tekla gutxiago izaten ditu, ordenagailuaren tamaina eta pisua murrizteko. Teklatu berezi batzuk aipatzearren, hona hemen batzuk[25]:

  • Teklatu ergonomikoak. Teklatuaren aurrean denbora luze idazteak eragindako lesioak murrizteko eta erabiltzaileari erosotasun handiagoa emateko diseinatuta daude. Normalean esku baterako eta besterako teklak bi zonaldetan banatuta daude eta zonalde bakoitza besoen angelura egokituta dago, eskumuturrak biratzeko beharrik ez izateko eta besoak jarrera naturalagoan izateko[26][27]. Teklatuaren inklinazioa aldatzeko aukera izaten dute eta eskumuturrak gainean jartzeko euskarria ere izaten dute. Teklatu ergonomikoak handiagoak izaten dira[28][29][30].
  • Multimedia teklatuak. Teklatu hauek tekla berezi batzuk gehiago izaten dituzte, musika-erreproduzitzaileak edo VLC media player moduko multimedia-erreproduzitzaileak kontrolatzeko oso praktikoak izaten direnak. Musikarekin edo bideoekin aritzeko gailuek normalean izaten dituzten botoiak dira, martxan jartzeko, gelditzeko, bolumena kontrolatzeko, etab.
  • Teklatu malguak. Plastiko bigunezkoak edo silikonazkoak izaten dira eta likidoetara erresistenteagoak dira bestelako teklatuak baino. Malguak izateagatik oso aproposak dira gainazal irregularretan erabiltzeko. Ospitaletan eta laborategietan erabiltzeko ere egokiak dira, erraz garbitu eta desinfektatu daitezkeelako. Badira uretan erabat murgildu daitezkeenak ere. Malgutasuna abantaila izaten da teklatua batetik bestera eraman behar denean, biribildu egin daitekeelako.
  • Teklatu birtualak. Tekla fisikorik ez duten teklatuak dira. Berez teklatua software osagai bat da, gailuaren pantailan erakusten dena. Telefono adimendunetan, tabletetan eta PDA moduko gailu digitaletan, adibidez, gailuaren ukimen-pantailaren bidez erabiltzen dira. Errealitate birtualeko edo areagotuko gailuek ere teklatu birtualak izaten dituzte eta normalean Joystick moduko dispositiboekin erabiltzen dira. Ordenagailuan bertan ere, hainbat aplikaziok hala eskatuta, pantailan agertzen den teklatu birtuala erabili behar izaten da saguaren bidez.
  • Proiekziozko teklatu birtualak. Teklatu birtuala gainazal batean proiektatu eta bertatik erabiltzeko moduko teklatuak dira. Normalean laser bidez proiektatzen da.
  • Braille teklatua: Itsuen beharretara egokitzeko diseinatu zen teklatua da[31][32].

Konexio motaren arabera ere bereizten dira teklatuak. Gaur egun gehienak USB bidez konektatzen dira, baina badira baita DIN konektore bidez PS/2 portutik konektatzen direnak eta hari gabekoak ere.

Erreferentziak

Kanpo estekak