Telefono mugikor

Telefono mugikorra edo sakelako telefonoa (lagunartean maiz mobila, sega-potoa, sakelakoa, mugikorra edo eskukoa) haririk gabeko telefono eramangarria da. Gailua telefonia mugikorrera irrati uhin bidez konektatzen da.

Sakeleko telefonoaren bilakaera
Telefono mugikorren bilakaera

Hasiera batean telefonoz deitzeko bakarrik balio zuten, baina gaur egungo telefono adimentsuek aukera berriak eskaintzen dituzte: SMS mezu laburrak, mezularitzarako aplikazioak, Interneten nabigatzeko aukera, Bluetooth bidezko konexioa, argazkiak eta bideoa egiteko kamara, eta denetariko aplikazioak (musika entzuteko, bideoak ikusteko, bideo-jokoetan aritzeko, eta abar).

Eztabaida sortu da haien erabilerak gizakiongan sor ditzakeen osasun arazoen inguruan. Oker erabiltzeak ere arriskuak sortzen ditu, auto istripuak kasu.

Historia

1957an Leonid Kupriyanovich ingeniari sobietarrak lehen telefono mugikor esperimentala sortu zuen. 1961ean esku batean hartzeko moduko tamainako eredu bat aurkeztu zuen eta 1963an telefonia mugikorreko lehen sistema garatu zen. "Altai" izena zuen eta Kupriyanovich-ek eta Voronezh-eko komunikazioen ikerketarako institutuak egindako lanetan oinarritu zen. 1965ean Sobietar Batasuneko hiri nagusietan unitate mugikorren arteko komunikaziorako erabili zen. Hasieran, larrialdietarako autoek eta osasun-ekipoek erabili zuten, baina gerora haren erabilera zabaldu egin zen. Unitate mugikorrak telefonia-sarera konektatzeko UHF/VHF (Ultra High Frequency/Very High Frequency) sareak erabiltzen zituen. Hala ere, ez zuen arrakasta komertzial handirik izan.

Martin Cooper aintzindaria izan zen teknologia hori erabiltzen Ameriketako Estatu Batuetan (AEB).[1] 1973an, Motorolan lanean ari zenean, telefono mugikor baten eredua aurkeztu zuen. 2 kg inguru pisatzen zituen eta asmakuntzak izan zuen oihartzunagatik Cooper "telefonia mugikorraren aita" moduan hartzen dute AEBn. 1979an lehen sistema komertzial hura NTT konpainiak (Nippon Telegraph and Telephone Corporation) zabaldu zuen Tokion (Japonian). 1981ean, Danimarka, Norvegia, Finlandia eta Suedia herrialdeek NMT (Nordic Mobile Telephone) sistema sortu zuten.

1983an Ameriketako Estatu Batuetan AMPS (Advanced Mobile Phone System) sarea estandar bihurtu zen. Telefonia mugikorrerako zerbitzu komertziala arautu zen eta Chicago hirian lehen sistema komertziala jarri zen martxan. Hortik aurrera, telefonia mugikorra ohiko telefoniaren haririk gabeko alternatiba gisa ikusi zen hainbat herrialdeetan. Teknologia berriak arrakasta handia izan zuen, eta, hala, ezarri eta urte gutxira, zerbitzuak gainezka egin zuen. Ondorioz, beharrezkoa izan zen sistema analogikoak digitaletara aldatzea.

Telefonia mugikorraren historia hainbat belaunalditan bana daiteke.

Lehen belaunaldia (1G)

1979an telefonia mugikorraren lehenengo belaunaldia (1G) (ingelesez, generation) aurkeztu zen Japonian. Analogikoa zen eta ahotsa transmititzeko sortua. Transmisioaren kalitatea oso txikia zen eta abiadura ere bai (2400 baud). AMPS (Advanced Mobile Phone System) zen belaunaldi honetako teknologia nagusia.

Bigarren belaunaldia (2G)

1997 eta 2003 bitarteko telefono mugikor batzuk-

1990ean bigarren belaunaldia (2G) aurkeztu zen Finlandian. Digitala zen eta komunikazio mugikorretarako sistema orokorra (GSM, Global System for Mobile communications) estandarra erabiltzen zuen Europan eta PDC (Personal Digital Communications) sistema Japonian. 2G sistemak kodetze-protokolo konplexuagoak erabiltzen zituen, gaur egungo telefonia mugikorreko sistemetan ere erabiltzen direnak.

Kodetze-protokolo horiek ahotsaren komunikaziorako abiadura handiagoa onartzen dute, baina datuak transmititzeko mugak dituzte. Zerbitzu osagarriak eskaintzeko gaitasuna dute: datuak, fax-a eta mezu laburren zerbitzua (SMS) (Short Message Service). 2G protokolo gehienek enkriptatze-maila desberdinak eskaintzen dituzte.

2.5 belaunaldia (2.5G)

2.5G teknologia 2G baino azkarragoa da eta sortu zenean hurrengo belaunaldiko teknologiara (3Gra) pasatzea baino askoz merkeagoa zen. 2G sistemak ez dituen hainbat ezaugarri gehigarri eskaintzen ditu, hala nola, GPRS (General Packet Radio Service), eta abar. Telekomunikazio-zerbitzuen hornitzaile asko 2.5G sareetara mugitu ziren 3Gra modu masiboan pasa aurretik (Japonian ez).

Hirugarren belaunaldia (3G)

Hirugarren belaunaldiko (3G) teknologiari esker, ahotsa eta datuak transmititu zitezkeen Interneterako haririk gabeko sarbidearekin, hau da, multimedia-aplikazioetarako eta banda-zabalera handia behar zen kasuetarako diseinatua izan zen. Garatu ziren protokoloek informazio-abiadura handia onartzen dute ( 7.2 Mbit/s deskargarako eta 2 Mbit/s gora kargatzeko) eta ahotsa transmititzeaz gain Interneterako sarbide azkarra behar duten aplikazioak erabiltzeko aukera ematen dute; bideokonferentziak egiteko, adibidez.[2]

3G teknologiak ematen dituen aukerekin eta telefono mugikorren azken modeloen garapenari esker, datuak prozesatzeko gaitasun handia lortu zen eta, beraz, sistema eragile konplexuagoak erabiltzen hasi ziren. Horren ondorioz, telefono adimendunak (smartphone-ak) sortu ziren, hau da, telefono mugikorren funtzioak dituen PDA poltsikoko konputagailuak.[3]

Laugarren belaunaldia (4G)

Telefonia mugikorraren laugarren belaunaldian (4G) konexioen eta transferentzien abiadura azkartzea lortu sortu zen (150 Mbit/s deskargetarako eta 50 Mbit/s gora kargatzeko).[4] 2021ean, 4G teknologiak telekomunikazio-mugikorren teknologien merkatuaren %58a hartzen zuen mundu mailan.[5]

Bosgarren belaunaldia (5G)

2019an bosgarren belaunaldiko (5G) teknologiaren agerpenari esker, transferentzia-abiadura handitzea lortu zen, Internet sarean nabigazioa hobetuz. Gainera, Interneterako konektibitatea hobetu zen, eta ondorioz sarera gailu gehiago konektatzea ahalbidetu zen, konexioaren kalitatea murriztu gabe. Transferentziaren abiadura egunetik egunera handituz doa; fitxategiak eta pantaila bereizmen handiko bideoak (HD, High-definition) segundo gutxitan deskargatzen dira.

Teknologia aurreratuz doan neurrian mugikorretan berrikuntzak gehitzen dira etengabe.

Funtzionamendua

Bi telefono mugikor "inteligente": Samsung Galaxy bat (ezkerraldean) eta iPhone bat (eskuinaldean).

Telefonia mugikorreko zerbitzu moderno gehienek sare zelular (mugikor) arkitektura erabiltzen dute. Sarea zelula deituriko zatietan dago banatuta eta horietako bakoitza gutxienez kokapen finkoa duen transmisore (zelula-dorre edo oinarri-estazio) batez zerbitzaturik dago. Sakelako telefonoak oinarrizko estazio horien kontrolagailuekin lotzen dira sarera irrati bidez. Transmisoreak sare gisa antolatuta daude eta osatzen duten egiturak erlauntzaren itxura gogoratzen duenez, "zelula" edo "gelaxka" deitu ohi zaie.

Oinarri-estazio bakoitza gelaxka horietako batean dago, eta transmisiorako eta harrerarako maiztasun propioak ditu. Ez dago arazorik elkarrengandik nahiko urrun dauden zelula-dorreek maiztasun bera erabiltzen badute, baina elkarren ondoan daudenek maiztasun ezberdinak erabili behar dituzte. Hala ere, sare zelularrek maiztasunak berrerabiltzeko gaitasuna dute eta horri esker, maiztasun-kopurua mugatua izan arren, albokoak ez diren gelaxketako maiztasun berak erabili ahal izango dira zenbait kasuetan, transmisioaren potentzia kontrolatuz eta haien arteko interferentziak saihestuz. Funtzionamendua sare zelular moduko egituran oinarrituta dagoenez, telefono mugikorrari (sakelako telefonoari) "telefono zelular" deitu ohi zaio, Hispanoamerikan bereziki; "zelula" terminoak teknologia motari egiten dio erreferentzia.

Azken urteetako smartphone-ak

Telefonia mugikorrean funtsezko bi sare mota daude: analogikoa eta digitala.

  • Sare analogikoan komunikazioa ahots-seinale analogikoen bidez egiten da. Hasieran 450 MHz-eko maiztasun-bandan funtzionatu zuen eta gerora 900 MHz-ekoan. Espainian, telefonia mugikorrerako sare analogikoa 2003ko abenduaren 31ean deskonektatu egin zen.
  • Sare digitalean komunikazioa seinale digitalen bidez egiten da. Horrek irrati-komunikazioko maiztasun-banden erabilera eta transmisioaren kalitatea optimizatzeko aukera ematen du. Eremu publikoan 2G belaunaldiko komunikazio mugikorretako sistema orokorra (ingelesez, GSM, Global System for Mobile communications) estandarra eta 3G belaunaldiko Telekomunikazio Mugikorren Sistema Unibertsala (ingelesez, UMTS, Universal Mobile Telecomunication System) teknologiak erabiltzen ditu. 850/900 MHz eta 1800/1900 MHz maiztasun-bandetan funtzionatzen du. 2004. urtean 1.000 milioi erabiltzaile izatera iritsi zen mundu mailan. Beste estandar digital bat CDMA izenekoa da (ingelesez, Code division multiple access). Eremu pribatuan eta larrialdi-zerbitzuetan (polizia, suhiltzaileak eta anbulantzia-zerbitzuak), Tetrapol (Terrestrial Trunked Radio POLice) eta TETRA (Terrestrial Trunked Radio) modukoen estandarrak erabiltzen dira, maiztasun-banda ezberdinetan.

Sakelako telefonoak eta erabiltzen dituzten sareak aldatu egiten dira hornitzailearen eta herrialdearen arabera. Hala ere, telefono mugikor guztiak mikrouhin elektromagnetikoen bidez komunikatzen dira oinarrizko estazioekin, hau da, dorreetan edo eraikinetan kokatuta dauden antenekin. Telefonoek potentzia txikiko transzeptore bat dute, hau da, transmisorea eta hargailua dituen gailu bat, zelula hurbilenarekin (8 eta 10 km artean) ahotsa eta datuak transmititzeko. Telefonoa piztean, bere identifikatzailea erregistratzen da sarean, dei bat jasotzean horren berri eman ahal izateko. Telefono mugikorrek inguruko estazioetatik har dezakeen seinalerik indartsuena bilatzen dute etengabe. Horrela, erabiltzailea gelaxka batetik bestera mugitzen denean, beste gelaxkako estazio batetik jasoko du seinalea, komunikazioa galdu gabe.

Oinarri-estazioek potentzia txikiko irrati-transmisoreak dituzte (1 eta 2 watt bitartekoak), eta horiek etengabe ematen diete haien berri telefono mugikorrei. Haien artean datu digitalen trukea gertatzen da, audio digitalizatuarena barne (sare analogikoetan izan ezik). Komunikazio hori ahalbidetzen duen teknologia zerbitzu-operadoreak hartu duen sistemaren araberakoa da. Sare analogikoetan 1G belaunaldiko AMPS (Advanced Mobile Phone System) erabiltzen da, eta sare digitaletan D-AMPS (Digital-AMPS), CDMA2000 (Code Division Multiple Access), GSM (Global System for Mobile communications), GPRS (General Packet Radio Service), EV-DO (Evolution-Data Optimized, Evolution-Data Only) eta Telekomunikazio Mugikorren Sistema Unibertsala (UMTS, Universal Mobile Telecomunication System). Operadore bakoitzak bere irrati-komunikazioko maiztasun-banda dauka, bakarra dena.

Softwarea

Gama baxuko telefono mugikorrek oinarrizko telefonia-zerbitzuak eskaintzen dituzte, baina konputaziorako ahalmen handiagoa duten telefono adimendunek software-aplikazioak erabiltzeko aukera ematen diote erabiltzaileari. Interneten egiten diren bilaketa gehienak ere mugikorretatik egiten direnez, webgune mugikorren diseinuan aldaketak ematen ari dira. [6]

Sistema eragilea

Oinarrizko telefono mugikorrek oinarrizko software-plataformak badituzte ere, telefono adimendunek software-plataforma aurreratuak dituzte, ia ordenagailuen pareko direnak.[7] Android da 2011z geroztik, mundu osoan gehien saldu den sistema eragilea. 2008ko irailaren 23an aurkeztu zuten, eta telefono mugikorren marka askotan erabiltzen da eta euskaraz erabiltzeko konfigura daiteke.[8][9][10][11] Bestalde, 2007ko ekainaren 29an, Steve Jobs-ek IOS (iPhone Operating System) sistema eragilea aurkeztu zuen, Apple markako iPhone mugikorretan erabiltzen dena. Software librerako aukerak ez dira erraz topatzen, baina badira hura bultzatzeko ekimenak.[12] Bestelako sistema eragileak ere sortzen ari dira. [13][14][15]

Mezularitza sistemak

Aplikazio mugikorrak

Aplikazio mugikorra gailu mugikor batean (smartphone edo telefono adimendun batean, adibidez) funtzionatzeko diseinatua izan den programa informatikoa da. "Aplikazio" terminoa "software-aplikazio" terminoaren laburdura da. Aplikazio horiek jaisteko "Google Play Store" edo "Apple app store" zerbitzuak erabiltzen dira. "Google Play Store" aplikazioen dendan, adibidez, edozeinek modu librean igo dezake bere aplikazioa, interesa duen orok jaisteko. Denetariko aplikazioak sortzen dira egunero.[16][17][18][19][20][21]

Mezularitza-zerbitzua

Mezu laburren zerbitzua (ingelesez, "Short Message Service", SMS) telefono mugikorretan egon ohi den testu-mezularitzarako aplikazio bat da. 1992an lortu zen lehenengo aldiz SMS-mezu bat ordenagailu batetik telefono mugikor batera bidaltzea Erresuma Batuan, eta telefono mugikor batetik bestera 1993an Finlandian. Albisteak SMS bidez emateko lehen zerbitzu mugikorra Finlandian jarri zen martxan 2000. urtean.[22] Gerora, erakunde askok eskaini zituzten SMS bidezko albiste-zerbitzuak, erabiltzaileak hala nahi izanez gero, albisteak berehala jasotzeko. Multimedia mezularitza-zerbitzua (ingelesez, "Multimedia Messaging Service", MMS) 2002an jarri zen martxan.

Hardwarea eta Softwarea

Hardwarea

Hauek dira telefono mugikorren osagai garrantzitsuenak:[23]

Prozesatzeko unitate zentrala
Intel I486 DX2 prozesadorea

Prozesatzeko unitate zentrala (PUZ, ingelesez CPU), telefonoaren prozesadorea da. Ordenagailuek dutenaren antzekoa izaten da, baina potentzia txikiko inguruneetan funtzionatzeko optimizatuta egoten dira. Zirkuitu integratu edo txip batean dagoen mikroprozesadore bat da eta bertan exekutatzen dira programak eta aplikazioak. Metal-oxido erdieroalez (MOSFET) egina egoten da.

Pantaila

Pantailan erakusten zaizkio erabiltzaileari idazten dituen mezuak, bideoak edo bestelakoak. Diseinuaren arabera, espazio handia hartzen du pantailak gailuaren aurrealdean. Telefono adimendunetan 16:9 formatu-ratiokoak erabiltzen dira normalean.

Kristal likidozkoa (LCD) edo argi organikoa igortzen duen diodozkoa (OLED) izan ohi da.

Teklatua edo ukimen-pantaila

Teklatua edo ukimen-pantaila. Erabiltzaileak telefonoarekin elkarrekintza izatea ahalbidetzen duen sarrera-mekanismoa da. Hasierako mugikorrek teklez osatutako teklatu txikiak izaten bazituzten ere, gaur egungo telefono adimendun gehienek ukipen-pantailak dituzte. Pantaila ukitzean, presio-maila desberdinak sentitzeko gaitasuna dutenak ere garatu dira, Apple-en "3D Touch" sistema, adibidez.

Bozgorailua, mikrofonoa

Telefonoek bozgorailu txikiak izaten dituzte, norbaitekin hitz egitean, hark esandakoa entzun ahal izateko eta mikrofonoa soinua jaso eta bidali ahal izateko. Telefonoaren diseinuagatik, sare zelularraren kalitate eskasagatik edo distantzia luzeko deietan erabiltzen diren konpresio-algoritmoengatik, soinuaren kalitatean arazoak sor daitezke. Badira audioaren kalitatea hobetzeko sistemak, hala nola VoLTE teknologia, HD Voice edo VoIP.[24]

Gainera, telefono adimendunetan audio fitxategi digitalak entzuteko edo audio-osagai bat duten bideoak ikusteko aukera ere ematen dute bozgorailuek, telefonoa belarriaren gainean jartzeko beharrik gabe.

Bateria

Bateria telefonoaren elikatze-iturria da. Hasierako mugikorrek nikel-metal hidrurozko (Ni–MH) bateriak erabiltzen zituzten, baina gaur egun gehienek litio-ioizko bateriak (LIB) dituzte.

Bateriaren iraupena eta onartzen duen karga/deskarga kopurua mugatua da. Birkarga daitezkeen bateriak kimikoki zahartu egiten dira eta denborarekin errendimendua galtzen dute. Oro har, esan daiteke gehienez 2500 aldiz karga daitekeela bateria. Hainbat faktorek eragiten dute haren bizi-iraupenean: kargatzeko erabiltzen den teknika, bateriaren zaintza, etab. Eguzkitan edo tenperatura altuan edukitzeak bateriari kalte egiten dio.[25]

SIM txartela tamaina desberdinetan
SIM txartela

Telefonia mugikorreko zerbitzuak erabili ahal izateko, nahitaez behar da SIM txartela, txartel horrek identifikatzen baitu abonatua sarean. GSM sareetan SIM txartela erabiltzen den moduan,UMTS sareetan USIM edo R-UIM erabiltzen da.

Txip txiki bat da, posta-zigilu txiki baten tamainakoa, gutxi gorabehera, eta normalean bateriaren azpian jartzen da mugikorraren atzeko aldean. Txartelak modu seguruan gordetzen du abonatuaren identitatea sare mugikorrean (ingelesez, international mobile subscriber identity, IMSI). Horrez gain, SIM txartela GSM sarera konektatu eta haien artean informazioa modu seguruan trukatu ahal izateko erabiltzen den gako kriptografikoa ere bertan gordetzen da.

Mugikorra aldatzean, SIM txartela batetik bestera pasatzea nahikoa da identifikazioa mantentzeko.

Bestelakoak

Garai bateko mugikorretan LED argitxo bat izaten zen, telefonoa erabiltzen ari ez zen bitartean informazioren bat emateko, baina gero eta mugikor gutxiagok dute. Bestalde, gaur egungo mugikorretan oso ohikoak bihurtu dira argazkiak edo bideoa egiteko kamarak, satelite bidez mugikorraren kokapena (koordenatu geografikoak) jasotzeko (GPS) eta nabigatzeko sistemak, identifikazio biometrikorako sistemak,[26] etab.

Erabilera

Orokorra

Telefono mugikorrak hainbat helburutarako erabiltzen dira: jendearekin harremanetan egoteko, negozioetarako, larrialdiren bat gertatuz gero telefono bat eskura izateko, etab. Pertsona batzuek telefono mugikor bat baino gehiago eramaten dute, lanerako bat eta erabilera pertsonalerako beste bat, adibidez. Posiblea da, baita ere, SIM txartel ugari erabiltzea, deien plan desberdinei etekina ateratzeko. Izan ere, gerta liteke deien plan jakin batek tokiko deiak merkeago eskaintzea, edo distantzia luzeko deietarako edo nazioarteko deietarako onura bereziren bat eskaintzea, etab.

Sakelako telefonoa gizarteko hainbat testuingurutan erabili izan da.[27][28] Hona hemen adibide batzuk:

  • Erakunde batzuek, etxeko indarkeriaren biktimei larrialdi-egoeretan erabiltzeko telefono mugikorra ematen dizkiete.
  • Telefonia mugikorrak aktibismoa errazten du, kazetaritza partehartzailea bultzatuz.
  • Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi zuen telefono mugikorrak beste edozein teknologia mota baino azkarrago hedatu direla, eta garapen bidean dauden herrialdeetako biztanle txiroenen bizimodua hobe dezaketela, bereziki telefono finkoa edo hari bidezko Interneta eskuragarri ez dagoen herrialde azpigaratuetako zonaldeetan.[29]
  • Sakelako telefonoa telebistaren industrian sartu da zuzeneko telebista sustatzeko, aplikazio mugikorren erabilera bultzatuz, publizitatea zabalduz eta telebista soziala eta telebista mugikorra indartuz.

Ingurumenean sortzen duen eragina kontuan izatea komeni da.[30][31][32]

Edukiak banatzea

1998an, Finlandiako Radiolinja telefonia-operadoreak dei-tonuen salmenta ahalbidetu zuen; telefono mugikor bidez egindako multimedia edukien banaketaren eta salmentaren lehen kasua izan zela esaten da. Handik gutxira, beste multimedia eduki batzuk banatzen hasi ziren: albisteak, bideojokoak, txisteak, horoskopoak, telebistako edukiak, publizitatea, etab.

2006an, telefonia mugikorrerako ordaindutako edukien balioak ordaindutako Interneteko multimedia-edukien balioa gainditu zuen. 2007an musikaren balioa 9300 milioi dolarretik gorakoa izan zen telefono mugikorretan, eta jokoen balioa 5.000 milioi dolarretik gorakoa.

Gidatzean

Ibilgailu bat gidatzean telefono mugikorra erabiltzea oso ohikoa bada ere, eztabaida handia sortzen duen gaia da. Izan ere, oso arriskutsua izan daiteke gidatzen den bitartean telefonoz hitz egitea, mezuak bidaltzea edo beste zerbaiterako erabiltzea, gidariak arreta galtzen duelako eta ondorioz, istripua izateko arriskua areagotzen delako.[33][34][35][36][37]

2010eko irailean, Ameriketako Estatu Batuetako errepideetako trafikoaren segurtasunerako erakundeak (NHTSA) jakinarazi zuen 995 pertsona hil zirela telefono mugikorra erabiltzean arreta galdu eta gertatutako istripuen ondorioz. 2011ko martxoan, AEBko State Farm Insurance aseguru-etxeak ikerketa baten emaitzak argitaratu zituen. Ikerketa horren arabera, inkesta erantzun zuten gidarien %19a telefono adimentsuarekin Internetera sartzen zen gidatzen zuen bitartean. 2011ko ikerketa baten arabera, inkestatutako unibertsitateko ikasleen %90ak baino gehiagok mezularitza-zerbitzuren bat erabiltzen zuen mugikorrean gidatzen zuen bitartean.

Harrez geroztik, mugikorraren erabileraren debekua ezartzen hasi zen munduko herrialde askotan. Gaur egun, Europar Batasunean eta munduko hainbat herrialdeetan debekatuta dago telefono mugikorra erabiltzea gidatzen den bitartean.[38][39] Badira esku libreko telefonoa erabiltzea debekatzen ez duten herrialdeak. Dena den, arauak aldatuz doaz eta gero eta muga gehiago jartzen ari zaizkio mugikorraren erabilerari gidatzerakoan.[40][41]

Debekua hausten zuen gidari kopurua geldiarazteko asmoz, lege berriak eta isunak jarri dira indarrean. Erresuma Batuan, adibidez, 2007ko otsailaren 27az geroztik, gidatzean telefono mugikorra erabiltzen harrapatuz gero gidatzeko lizentziaren hiru puntu kendu eta 60 liberako isuna ezarri zen.[42] Espainian, gidatzean telefonoa erabiltzegatik 200 euroko isuna eta 3 eta 6 puntuko galera dakartza.[43][44] Herrialde bakoitzean onartutako legediaren arabera, delitua izan daiteke eta gehiegizko abiaduran joateagatik istripua izatearen pareko arduragabekeria gisa hartzen da.

Ordainketak

Telefono mugikorra erabiliz, bankuek eskaintzen dituzten urruneko bankuen zerbitzuak erabil daitezke. Ordainketak transferentzia bidez egiteko, adibidez, SMS mezu laburrak erabili ohi dira transferentziari segurtasuna gehitzeko. 1998an egin zen lehen ordainketa mugikorra erabiliz. Finlandian izan zen, Espoo hirian. Coca-Cola saltzeko bi makina SMS bidezko ordainketak egiteko gaitu zituzten. Denborarekin, ideia zabalduz joan zen. 1999an, Filipinak herrialdean ordainketak mugikorra erabiliz egiteko lehen sistema jarri zen martxan, Globe eta Smart operadore mugikorrekin.[45]

Badira ordainketak egiteko berritzaileak eta interesgarriak diren erabilera kasuak. Banka mugikorreko M-PESA zerbitzuak, adibidez, Kenyan aukera ematen die Safaricom telefonia mugikorreko operadorearen bezeroei beren SIM txarteletan erregistratzen diren eskudiru-saldoak atxikitzeko. Eskudirua M-PESAren kontuetatik herrialde osoko Safaricom salmenta-puntuetan gorde edo atera daiteke, pertsona batek besteari transfererntzia elektronikoa egin diezaioke, edo enpresen fakturak ordaintzeko erabil daiteke.[46]

Mugikorraz ordaintzeko beste modu batzuk sortu dira azken urteotan. Horiei esker, zuzeneko fakturazioa egin daiteke mugikorrerako programak erabiliz, edo mugikorra irakurgailu batera gerturatze hutsarekin ukipenik gabeko ordainketa egin, bankuen txartelekin ordaintzeko egin ohi den moduan. Hori posiblea izan dadin, sakelakoak eta salmenta-puntuak eremu hurbileko komunikazioa (NFC) edo contactless teknologia izatea beharrezkoa da.[47][48]

Jarraipena eta pribatutasuna

Telefono mugikorra lokalizazioari buruzko informazioa biltzeko erabil daiteke. Izan ere, mugikorra piztuta dagoen bitartean, haren kokapen geografikoa erraz zehaztu daiteke multilaterazio izeneko teknika bat erabiliz. Nahikoa da mugikorra piztuta izatea, ez da beharrezkoa erabiltzea. Teknika horri esker, seinalea mugikorretik hurbilen dauden zelula-dorre edo oinarri-estazioetara iristeko behar diren denboren diferentziak kalkulatzen dira.

Horrela, mugikor baten mugimenduak jarrai ditzake telefonia zerbitzuaren hornitzaileak, estatuko gobernuak edo haren ordena-indarrek. SIM txartelaren mugimenduak eta telefono mugikorrarenak, biak jarrai daitezke.

Erresuma Batuan eta AEBn poliziak eta inteligentzia-zerbitzuek kontrol-operazioetan telefono mugikorrak erabili dituzte. Mugikorreko mikrofonoa urrutitik aktibatzeko ahalmena duen teknologia dute eta horrela telefonoaren inguru elkarrizketak entzutea lortzen dute.[49][50]

Lapurretak

2012an, San Frantziskoko poliziaren datuen arabera, urte osoan izan ziren lapurreta kasuen erdiak mugikorren lapurretak izan ziren. Change.org plataforman Secure our Smartphones izenburuarekin eskaera bat bideratu zen, mugikorren fabrikatzaileei gailuetan itzaltzeko etengailu bereziak jartzeko eskatzeko (kill switches). Horrela, mugikorra lapurtuz gero, hura itzali eta ezingo zen erabili.[51]

2013ko ekainaren 10ean, Applek bere hurrengo iPhone-aren sistema eragilean "itzaltzeko etengailu" bat instalatuko zuela iragarri zuen.[52] Bestalde, Android sistema eragilean Google-en aplikazio bat eskaintzen da "Bilatu nire gailua" izenekoa.[53] Google Play-tik jaitsi daiteke, eta horri esker, gailua blokea edo berrezar daiteke edo informazio guztia urrutitik ezabatu.[54][55]

Mugikorrak gehien lapurtzen diren objektuen artean daude. Izan ere, lapurtu ondoren erraz birsaldu daitezke, lapurrak dirua irabazteko aukera du eta egindako delituagatik jartzen den zigorra txikia izaten da.[56][57] Hainbat gomendio ematen dira lapurretak ekiditeko: jende asko dabilen lekuetan mugikorra bistan ez eramatea, deiak eta mezuak leku seguruetan bakarrik erantzutea, erasoa jasanez gero hari aurre ez egitea, telefonoa blokeatzea, leku arriskutsuetan ez erabiltzea, eta halakoak.

Ekoizleak

2011 urtera arte, Nokia zen merkatuko liderra. Gerora, ordea, Asiako eta Ozeano Bareko eskualdeetan marka berriak sortu ziren eta Nokiaren merkatu-kuota murriztu zen. Nokiari esker, Android telefono adimendunen erabilera asko zabaldu zen eskualde osoan. Indian Nokiaren merkatu-kuota %56tik %31 ingurura murriztu zen. Txinan eta Indian gama baxuko mugikorrak agertu izanak eragina izan zuen horretan.[58]

2012an, Samsungek Nokiari aurrea hartu zion salmentetan: 93,5 milioi unitate saldu zituen Samsung-ek eta 82,7 milioi Nokiak.[59] Hamar urtez izan da Samsung mugikorren merkatuko liderra. Hari segika izan dira beste marka batzuk: Apple, LG, Huawei, TCL Communication, Xiaomi, Lenovo, ZTE, Sony Mobile Communications, Micromax, OPPO, Vivo, etab.

Mugikorren marken zerrenda luzea da. Hona hemen garrantzitsuak izan diren beste marka batzuk: Motorola, Audiovox (orain UTStarcom), BenQ-Siemens, BlackBerry, Casio, CECT, Coolpad, Fujitsu, HTC, Just5, Intex, Karbonn Mobiles, Kyocera, Lumigon, Mitsubishi Electric, Modu, NEC, Neonode, Openmoko, Panasonic, Palm, Pantech Wireless Inc., Philips, Sagem, Sanyo, Sharp, Sierra Wireless, SK Teletech, Trium eta Toshiba.

2023an merkatuko lider izan diren telefono mugikorren 5 fabrikatzaileak taulan agertzen dira. Lehen aldiz Apple-ek Samsung-i aurrea hartu dio salmentetan.[60][61][62][63] Telefono mugikor berria erosterakoan komeni da ezaugarrien informazioa izatea.[64]

Munduko 5 telefono mugikor salduenen ekoizleak, (2023)
PostuaEkoizleaMerkatu-kuota
1Apple Inc.234,6 milioi (%20,1)
2Samsung226,6 milioi (%19,4)
3Xiaomi145,9 milioi (%12,5)
4OPPO100,1 milioi (%8,8)
5Transsion99,0 milioi (%8,1)
Gainerakoak362 milioi (%30,1)


Osasun-arriskuak

Mundu mailan telefono mugikorren erabilera hainbeste handitu denez, mugikorraren erradiazioak giza osasunean duen eragina aztertzea interes handiko aztergai bihurtu da.[65] Telefono mugikorrek erradiazio elektromagnetikoa erabiltzen dute mikrouhin mailakoa, eta batzuek uste dute kaltegarria izan daitekeela giza osasunerako. Ikerketa ugari daude martxan, epidemiologikoak eta esperimentalak, bai gizaki ez diren animaliekin (organismoekin) eta baita gizakiekin egindakoak ere. Ikerketa-gehienek ez dute lortu frogatzea telefono mugikorren eraginpean egotearen eta gizakiengan ondorio biologiko kaltegarriak eragitearen artean kausalitate argia dagoenik. Hala ere, ikertutako kasu askotan kausa-erlazio hori badagoela iradokitzen da, edo gutxienez, gaia eztabaidagarria dela ondorioztatzen da. Haririk gabeko beste sistema digital batzuek ere, komunikazio-sareek adibidez, antzeko erradiazioa sortzen dute.

2009an egindako ikerketa batzuen arabera, telefono mugikorren erabileraren eta garuneko eta listu-guruineko tumore mota batzuen artean lotura dago. Lennart Hardellek eta beste autore batzuek aldizkari zientifikoetan argitaratutako 11 ikerlan aztertu zituzten, eta gutxienez hamar urtez telefono mugikorra erabiltzeak buruaren alde horretan burmuineko tumorea diagnostikatzeko arriskua gutxi gorabehera bikoiztu egiten duela ondorioztatu zuten.[66]

Epe luzera, telefono mugikorrak erabiltzea arriskutsua izan daitekeela adierazi zuen Munduko Osasun Erakundeak 2011ko maiatzaren 31ean. Minbiziaren ikerketarako nazioarteko erakundeak egindako sailkapenaren arabera, telefono mugikorra "2B taldean" dago kafearekin eta beste hainbat substantziarekin batera, hau da, "Ziur aski, gizakientzat kantzerigenoa da" kategorian. [67][68][69][70] 10 urteko epean, batez beste egunean 30 minutuz erabiltzeak glioma izateko arriskua % 40 handitzen duela adierazi zuten.

2012ko martxoaren 24an British Medical Journal aldizkarian argitaratutako ikerketa batek zalantzan jarri zituen kalkulu horiek, telefono mugikorren erabilera izugarri hazi bazen ere, garuneko minbizien kopurua ez baitzen hazi kalkulu horien arabera espero zitekeena bezain beste.[71] Gaia argi ez zegoela ikusita, zenbait herrialdek telefono mugikorra erabiltzeak bereziki adingabeengan sor ditzakeen osasun arriskuei buruz ohartarazi zuten.

2016ko maiatzean, Ameriketako Estatu Batuetako gobernuak epe luzean egindako ikerketa-lan batean lortutako emaitzak ikusita, telefono zelularrek igorritako irrati-maiztasunaren erradiazioak minbizia eragin dezakeela iradoki zuen.[72]

Euskal Herrian ere gaiak kezka sortzen du.[73][74][75][76][77] Erabilerak sor ditzakeen arriskuetaz jabetzea garrantzitsua gertatzen da.[78]

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak