Traineru estropada

Estropada terminoaren beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Estropada (argipena)»

Traineru estropada —maiz, besterik gabe, estropada deitua— traineruen arteko lasterketa edo estropada da.

Orio da historian garaipen gehien lortu dituen taldea.
Urdaibai azken urteetako talde indartsuena izan da, bederatzi liga eskuratu ditu, besteak beste.
Estropadako irabazleak arraunak altxatzen ditu bere garaipena ikustarazteko, irudian Astillero.
2008tik aurrera emakumezkoek ere traineru estropadak jokatzen dituzte. San Juango Batelerek bost aldiz irabazi dute Kontxako Bandera.

Arraunketa Euskal Herrian eta Kantauri osoan herri kirola da, traineruekin, batelekin nahiz trainerillekin egina. Estropadak egiteko, ontziok, hainbat txandatan banatuta, distantzia jakin batean elkarren arteko lasterketa bat egiten dute. Estropada irabazten duenak bandera bat jasotzen du saritzat, edota ligarako hainbeste puntu. Ia herri kirol guztiak bezala, estropadak ere garai bateko eguneroko lanean (kasu honetan arrantzan) oinarritzen dira.

Jatorria: antzinako arrantza

Iragan mendeetan arrantzak garrantzi handia izan du euskaldunen elikaduran. Euskal Herria basoek estaltzen zuten eta lur landuak gutxi zirenez, hemengo biztanleak itsasora atera ziren elikagai bila. Lehenik Ipar Atlantikora abiatu ziren, han bakailaoa eta balea arrantzatzen zituzten. Zetazeo hau agertzen den zenbait herritako armarriek honen garrantzia adierazten dute. XVI. mendean, Euskal Herriko biztanleriaren hazkundearekin batera, gaur egun tradiziozkoak diren espezieen arrantza hasi zen: atuna, hegaluzea, legatza, bisigua, antxoa eta sardina.

XIX. mendean euskal itsasbazterrean hiru ontzi mota erabiltzen ziren arrantzarako: legatza bezalako espezieentzat "kalera" deituriko batel handiak; antxoa eta sardinaren arrantzarako traineruak, eta kostaldeko espezieentzako batel txikiak. Arrantzarako erabiltzen zen trainerutik sortu ziren estropadak. Traineruak azkarra izan behar zuen arrain-sardara iritsi, sarea bota eta azkar biratuz arrainak harrapatzeko. Ondoren ahalik eta azkarren itzuli behar zen portura, besteek ekarritako arraina gehiegi izan eta enkanteko prezioa jaitsi baino lehen. Horregatik arrantzaleek eta arotzek ontzi arin eta azkarra egin zuten, egonkortasuna gutxiagotu arren.

Lehen lehiaketak

Herri kiroletan ohikoa den bezala, lehen estropadak desafio baten bidez sortu ziren: bi ontzitako arraunlariak aurka jartzen dira, dirua jokatzen dute eta puntu batera lehenengo iristen denak irabaziko du. Hala ere, norgehiagoka hau ohikoa zen apusturik gabe ere. Arrain-sardara azkar iritsi eta portura ahalik eta azkarren itzultzeko gogoak eragiten zuen.

Garai hartako bertso askotan aipatzen dira lehen lehiaketa hauek. XIX. mendeko egunkarietan ere agertzen dira arraunlariek luzatutako desafioen berriak. Desafio hauek egin beharreko distantzia adostu ondoren estropada jokatuz erabakitzen ziren.

Idatziz jasotako lehen desafioa Zarautz eta Getariako bi traineruren artean gertatu zen, 1761ko maiatzaren 2an. Estropada Mollarritik (Zarautz) Donostiako kairainoko distantzian jokatu zen, eta garaileak 100 ezkutuko saria lortu zuen. Ez dago jasota nork irabazi zuen.[erreferentzia behar]

Luis Karrilen estropada: Donostia - Ondarroa traineru desafioa

XIX. mende bukaeran jokatu zen desafio bat izan zen, Euskal Herrian mito bilakatu dena. 1888ko azaroaren 25ean ondarrutarrek Pasai Donibanekoei irabazi zieten eta Bilboko egunkari batek 'Kantauriko garaitezinak' izendatu zituen ondarrutarrak. Donostiako señoritoek orduan herriko arrantzaleei burua berotu eta horiek erronka bota zieten ondarrutarrei. Zarauzko Otamendi ostatuan, artean errepidea handik igarotzen baitzen, elkartu ziren bi herrietako ordezkaritzak baldintzak adosteko. Estropada bederatzi miliatan jokatzea erabaki zuten (Lekeitiotik Donostiara). 25.000 pezeta jokatu zituzten, dirutza handia garai hartarako. Donostiako tripulazioa gidatzeko Luis Karril aukeratu zuten. Ikusmin handia piztu zuen lehia hark. Azkenean, Donostiak irabazi zuen 81 minutuko ibilbidea egin ondoren.

Arautegia

Estropada estuek zirrara handia sortzen dute ikusleengan.
  • Traineru-estropadak 3 miliatako ibilbidean jokatzen dira (5.556 metro). Joan-etorri bakarrekoak (ziaboga bat) edo bi joan-etorrikoak (hiru ziaboga) izan daitezke.
  • Baliza bakoitzean kolore ezberdinetako banderak ipintzen dira nahasterik sor ez dadin. Kaleen koloreak honako hauek dira: 1.     , 2.     , 3.     , 4.     .
  • Traineruak 12 metroko luzera eta 1,72 metroko zabalera izan behar ditu. Bere pisuak ezin du 200 kilo baino gutxiagokoa izan.
  • Traineru bakoitzak bere kalea du eta ezin du beste kale batean sartu arerioren bat oztopatzen badu. Bi traineruk edo beren arraunek ezin dute elkar ukitu; arraunek elkar ukituz gero denbora penalizazioa jaso dezakete. Estropadaren amaieran nahi duten kaletik sartu daitezke, antolakuntzak kontrakorik agintzen ez badu.
  • Estropada hasi eta 20 segundo baino lehen arazo edo ezustekoren bat gertatzen bada, berriz hasiko da hasieratik. Inork ihes egiten badu 3 segundutako zigorra izango du.

Trainerua

Sanpedrotarren trainerua 1927an.

Gaurko traineruen eskifaia hamahiru arraunlari eta patroi batez osatzen da. Patroia txopan jartzen da eta bere eginkizun nagusia norabidea ezartzea du. 1920 inguruan hasi ziren lehiaketarako traineruak eraikitzen, Donostian. Ordura arte arrantzontzi arruntak erabiltzen ziren estropadetarako, panelak eta babesgarriak kenduz zertxobait arinduta. 1916an Mutrikuko Bizente Olazabalek Getariako tripulazioarentzat lehen trainerua eraiki zuen. Enara izenez bataiatu zuten eta 400 kiloko pisua zuen.

XX. mendearen bukaera aldera arte ontzigileek diseinua hobetu zuten teknika eta esperientziari esker. Ontziaren hezurdura eraikitzeko haritza erabiltzen zen eta kanpo aldea iparraldeko pinuz estaltzen zen iltze galbanizatuekin. Gaur egun, lehiaketan ez da zurezko trainerurik erabiltzen. Material berriek eta arinagoek ordezkatu dute. Traineruaren prezioa ere nabarmen igo da, inflazio-maila baino gehiago. 1970ean 45.000 pezeta kostatzen bazen, gaur egun zenbait milioi (pezeta) ere bai.

Estropada ezagunak

Traineru-estropadak Kantauri itsaso osoan zehar jokatzen badira ere, garrantzitsuenak Euskal Herrian jokatzen direnak dira. Gipuzkoan (Zarautz, Hondarribia, Pasaia, Orio, Zumaia...) eta Bizkaian (Nerbioi ibaia, Ondarroa, Santurtzi, Lekeitio, Bermeo...) jokatzen dira estropadak udan.

Kontxako Bandera

XIX. mendetik jokatzen da Kontxako Bandera, 1879 urtetik hain zuzen ere. Irudian 1933ko Banderaren ohorezko txanda.

Estropadarik itzaltsuena Donostiako Kontxako Bandera da. Arraunaren olinpiada izena ere eman izan dio jendeak. Edozein klubentzat gehiago balio du Kontxako Bandera lortzeak, urte osoan irabaz daitezkeen beste guztiek batera baino. Entzute izugarria du arraunaren munduan.

Kontxako Bandera irailaren lehen bi igandeetan ospatzen da, bi jardunalditan. Kanporaketa bidez hautatutako zortzi talde onenek parte hartzen dute. 3 miliako ibilbide klasikoan jokatzen da, baina ziaboga bakarrarekin. Estropada honek itsas zabalean haize, olatu eta korronteen aurka egiten ziren desafio zaharren tradizioa gordetzen du. Gehienetan irabazi duena Orioko trainerua izan da 32 banderarekin. 2008tik aurrera Emakumezkoen Kontxako Bandera ere jokatzen da, hauek distantzia erdia osatzen dutelarik. Hasieran galiziarrak izan ziren nagusi baina azken urteetan euskaldunak nagusitu dira, San Juanek esate baterako bost garaipen lortu zituen jarraian.

Santurtzik (argazkian) eta Kaikuk estropada gogoangarriak egin zituzten Ibaizabal itsasadarrean, 1970 eta 1980 hamarkadetan.

1950 eta 1960. hamarkadetan arraunarekiko interesak behera egin zuen nabarmen. Ozta-ozta jokatzen ziren hiruzpalau estropada (Kontxa, Espainiako estropada eta Coruñakoa) eta azken unean inprobisaturiko tripulazioak lehiatzen ziren. 1960. hamarkadaren amaieran Bizkaian bi estropada handi antolatzen hasi ziren Nerbioi itsasadarrean, Nerbioiko Sari Handia (1966an) eta El Corte Ingles Bandera (1971an). Diru sari ederrak ematen zituztenez bigarrenari Regata Monstruo ezizena eman zitzaion. Hauei jarraiki Zarauzko Ikurrina eta Kantabriako hainbat bandera ere antolatu ziren. Guzti honek arrauna indarberritu zuen eta kirol elkarte ugari sortu ziren kostaldeko herri guztietan.

Ligak

1994ean aurrera Ligak eratu ziren arraunketa modernizatzeko. 2002 arte Traineruen Euskal Liga izan zen (talde kantabriarrek ere parte hartzen zutelarik) eta 2003tik aurrera TKE Liga osatu zen, bertan galiziarrak ere aritzen dira. Arraun talde guztiak sisteman sartu dira, bigarren eta hirugarren mailak osatuz, Galizian Ipar-mendebaldeko Ligan eta Euskal Herrian eta Kantabrian KAE Ligan.

Emakumezkoei dagokionez Euskotren Liga osatu zen eta bigarren maila batean ETE Liga eta Galiziako Liga.

Berrikuntza teknologikoak

Ligako estropadak eta Kontxakoa telebistaz ematen dira. Traineruen barruan GPS aparatuak jartzen dira denborekin zalantzarik egon ez dadin. Laburbilduz, XXI. mendearekin batera estropaden mundua ere garai berrietara egokitu da ezinbestean.

Azken hamarkadetako emaitzak

Gizonezkoak

UrteaKontxako BanderaLiga nagusiaEspainiako Txapelketa
1990     San Juanez     San Pedro
1991     San Pedroez     San Juan
1992     Orioez     Arraun Lagunak (Donostia)
1993     San Pedroez     Orio
1994     San Pedro     San Pedro     San Pedro
1995     Donibaneko Arraun. (S.Juan)     Donibaneko Arraun. (S.Juan)     Orio
1996     Orio     Orio     Tirán
1997     Orio     Orio     Tirán
1998     Orio     Orio     Orio
1999     Koxtape (San Juan)     Koxtape (San Juan)     Orio
2000     Orio     Koxtape (San Juan)     Astillero
2001     Castro Urdiales     Castro Urdiales     Castro Urdiales
2002     Castro Urdiales     Castro Urdiales     Astillero
2003     Astillero     Astillero     Astillero
2004     Astillero     Urdaibai     Astillero
2005     Hondarribia     Astillero     Astillero
2006     Castro Urdiales     Hondarribia     Astillero
2007     Orio     Urdaibai     Urdaibai
2008     Castro Urdiales     Urdaibai     Astillero
2009     Kaiku     Castro Urdiales     Kaiku
2010     Urdaibai     Urdaibai     Kaiku
2011     Urdaibai     Kaiku     Kaiku
2012     Kaiku     Kaiku     Hondarribia
2013     Hondarribia     Kaiku     Kaiku
2014     Urdaibai     Hondarribia     Urdaibai
2015     Urdaibai     Hondarribia     Urdaibai
2016     Urdaibai     Urdaibai     Hondarribia
2017     Orio     Urdaibai     Urdaibai
2018     Hondarribia     Urdaibai     Zierbena
2019     Hondarribia     Orio     Santurtzi
2020     Hondarribia     Santurtzi     Zierbena
2021     Santurtzi     Santurtzi     Getaria
2022     Urdaibai     Urdaibai     Bueu
2023     Urdaibai     Urdaibai     Ares

Emakumezkoak

UrteaKontxako BanderaLiga nagusiaEuskadiko Txapelketa
2008     Galiziako selekzioaezez
2009     Rias Baixas (Galizia)     Galiziako selekzioa         Getaria-Tolosa
2010     Rias Baixas (Galizia)     Galiziako selekzioa
     Gipuzkoako selekzioa
         Getaria-Tolosa
2011     Rias Baixas (Galizia)        Getaria-Tolosa         Getaria-Tolosa
2012     Rias Baixas (Galizia)     Zumaia         Getaria-Tolosa
2013     Zumaia     Zumaia     Zumaia
2014     San Juan     San Juan     San Juan
2015     San Juan     San Juan     Zumaia
2016     San Juan     San Juan     San Juan
2017     San Juan     San Juan     Hibaika
2018     San Juan     San Juan     San Juan
2019     Orio     Orio     Orio
2020     Orio     Orio     Donostiarra
2021     Arraun Lagunak     Arraun Lagunak     Arraun Lagunak
2022     Orio     Orio     Arraun Lagunak
2023     Arraun Lagunak     Arraun Lagunak     Donostiarra

Estropada handienen palmaresak

2023 denboraldiko datuak barne.

Gizonezkoak

EstropadaGaraipenak
Kontxako BanderaOrio (32), San Pedro (15), Donostia (14), Hondarribia (14), San Juan (10), Sestao (8), Bermeo (7), Getaria (5)...
Espainiako TxapelketaOrio (15), Astillero (8), Pedreña (8), Sestao (7), San Juan (6), Santurtzi (5), Moaña (4), San Pedro (4), Bermeo (4)...
Euskal Liga (1994-2002)Orio (3), San Juan (3), Castro Urdiales (2) eta San Pedro (1).
TKE Liga (2003- )Urdaibai (9), Kaiku (3), Hondarribia (3), Astillero (2), Santurtzi (2), Castro Urdiales (1) eta Orio (1).
Euskadiko TxapelketaUrdaibai (8), San Pedro (7), Kaiku (7), Hondarribia (7), Orio (6)...
Nerbioiko Sari HandiaOrio (10), San Pedro (6), Kaiku (4)...
El Corte Ingles BanderaKaiku (11), Orio (10), Urdaibai (6), Santurtzi (4), San Pedro (4), Hondarribia (4) ...
Zarauzko IkurrinaOrio (11), San Pedro (5), Kaiku (5), Hondarribia (5), Urdaibai (5), Santurtzi (4)...

Emakumezkoak

EstropadaGaraipenak
Kontxako BanderaGalizia-Rias Baixas (5), San Juan (5), Orio (3), Arraun Lagunak (2) eta Zumaia (1).
Emakumezkoen LigaSan Juan (5), Orio (3), Galizia-Rias Baixas (2), Zumaia (2), Arraun Lagunak (2), Gipuzkoa (1) eta Getaria-Tolosa (1).
Euskadiko TxapelketaGetaria-Tolosa (4), San Juan (3), Zumaia (2), Arraun Lagunak (2), Donostiarra (2), Hibaika (1) eta Orio (1).
Zarauzko IkurrinaSan Juan (5), Orio (4), Zumaia (2), Gipuzkoa sel. (1), Galizia sel. (1), Getaria-Tolosa (1) eta Arraun Lagunak (1).

Talde handienak

2023 denboraldiko datuak barne.

Gizonezkoak

TaldeaKontxako BanderaEspainiako TxapelketaLiga (Euskal + TKE)Guztira
Orio3215451
San Pedro154120
Bermeo Urdaibai74920
Hondarribia142319
San Juan106319
Sestao (Kaiku+Iberia)87318
Donostia142016
Pedreña48012
Astillero28212
Santurtzi45211
Castro Urdiales4138
Getaria5106
Zumaia2305
Moaña (Tirán+Meira)0404

Emakumezkoak

2022 denboraldiko datuak barne.

TaldeaKontxako BanderaEmakumezkoen LigaEuskadi/Galizia Txap.Guztira
San Juan55313
Rias Baixas (Galizia)5218
Orio3317
Arraun Lagunak2226
Zumaia1225
Getaria-Tolosa0145
Cabo da Cruz0055
Riveira0022
Mecos0022
Donostiarra0022
Hondarribia0011
Hibaika0011

Ikus, gainera

Kanpo estekak