Troposfera

Troposfera Lurraren atmosferaren beheko geruza da, lurrazalean hasi eta estratosferaren behe mugaraino iristen dena. Zortzi kilometro lodi da poloetan eta 17 kilometro lodi ekuatorean. Atmosfera osoko masaren %75 dauka (zehatzago esanez, lehenbiziko bost kilometroetan masa osoaren erdia dago, eta hamar kilometrotik behera bi heren), ur lurrun eta karbono dioxido kopuru handiena, eta aerosol gehienak. Hori dela-eta, bertan sortzen dira hodeiak, prezipitazioak eta beste hainbat fenomeno meteorologiko, zurrunbilo ziklonikoen eta antiziklonikoen eraginez. Tenperatura erregularki jaitsiz doa gorago joan ahala, 0,6° C 100 metro bakoitzeko, batez beste,

Atmosferaren geruzak

Troposferaren beheko mailari, seiehun eta zortziehun metro arteko garaieraino, Lurraren muga-geruza esaten zaio. Azpiko sustratu geografikoak eragiten dion efektua da geruza horren ezaugarri nagusia. Airearen turbulentziazko nahasketa da nagusi geruza horretan, etengabea baita lurrazal zimurtsuarekin duen igurtzia, eta baita aire burbuilen konbekziozko igoera ere, airea berotzen denean. Geruza horri, konbentzioz, 600-800 metroko garaiera egozten zaio, baina ehun metro eskasetik kilometro bat edo biraino luza daiteke. Eragina dute horretan, besteak beste, topografiak, lurrazalaren zimurrek, landarediaren nolakotasunak, haizearen indarrak, lurraren berotze edo hozte mailak, beroaren eta hezetasunaren adbekzioak (iristeak), etab. Egunez, beroak eta beroaren ondorioz sortzen den goitik beherako aire nahasketak handitu egiten dute muga-geruzaren lodiera; horrela, arratsaldeko lehen orduetan dauka lodiera handiena. Gauez, berriz, lurraren hoztearen eraginez ez da turbulentziarik izaten, eta muga-geruza mehetu egiten da.

Lurraren muga-geruzaren goi mailatik gora troposfera askea dago, aire garbiagoa eta ez hain lodia duena. Geruza horretan kilometro bakoitzeko 6,5 gradu zentigradu jaisten da, batez beste, tenperatura. Tenperaturak jaisteari uzten dion goiko muga tropopausa da. Estratu horrek konbekziozko mugimenduen “estalki” eginkizuna betetzen du, eta troposferako aire masak ezin dira estratosferara igaro. Aire masak bertikalki mugitzen dira troposferan: aire beroa bera baino hotzagoa den aire masa batez inguraturik badago, goraka igoko da. Baina estratosferako airea troposferakoa baino beroagoa denez, beheko geruzatik datozen aire masa beroak tropopausan geratzen dira. Fenomeno horren adibide garbia da hodei batzuek hartzen duten ingude itxura.

Tropopausaren goratasuna aldatu egin daiteke tenperaturaren eta itsas mailan dagoen presioaren arabera; hori dela-eta, zortzi kilometro ingurukoa da poloetan, eta ekuatorean 16 kilometrokoa, ekuatoreko turbulentzia konbektiboa eta berotze bertikala handiagoak baitira. Ez da geruza jarraitua, haustura asko baititu, troposferaren eta goiko geruzen artean truke garrantzitsuak egoteko aukera ematen dutenak. Haustura horietan haizeak azeleratu eta zurrusta lasterrak sortzen dira, jet stream ere deituak.

Erreferentziak

Kanpo estekak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Troposfera