Ikasi Otsorekin demokraziari buruz.

Demokrazia herrialdeak gobernatzeko era edo sistema politiko bat da; sistema horretan, aginte edo aginpidea hiritar guztien esku dago, hiritarrek hauteskundeetan aukeratzen dituzten ordezkarien bidez. Demokrazia batean, hiritarrek eskubidea dute alderdi politiko eta sindikatuetan parte hartzeko. Demokraziak, askotan, errepublika moduan antolatzen dira, baina monarkia konstituzionalak ere izan daitezke (Erresuma Batuan edo Espainian bezala, adibidez).

Hitza antzinako grezieratik dator (demos, herria; kratos, gobernua) eta herriaren aginpidea esan nahi du, hain zuzen ere.

Estatu demokratikoen eraketa

Estatuak demokratikoak dira herritarrek gobernuan parte hartzen badute. Partehartze hori bi eratakoa izan daiteke: demokrazia zuzenean, biztanleek batzarretan bilduta edo erreferendum bidez hartzen dituzte erabakiak; ordezkaritzazko demokrazietan, biztanleek hauteskundeetan aukeratzen dituzte beren ordezkari politiko batzuk –Parlamentuko kideak, adibidez–, haien izenean jarduteko, bai legeak erabakitzerakoak eta baita gobernuko presidentea hautatzerakoan ere.

Gainera, herrialde demokratikoak zuzenbide-estatuak dira; hau da, estatuko botereek beti ere konstituzioaren arabera funtzionatu behar dute. Konstituzioa estatua eratzen duen funtsezko lege nagusia da, herritarrek erreferendum batean bozkatua eta onartua. Konstituzioan finkatzen dira estatuaren gobernua, biztanleen eskubide eta betebeharrak eta estatuko lurraldean dauden erakundeen eraketa eta jardunbidea.

Herrialde demokratikoetan, botere-banaketa dago; hau da, botereak hainbat erakunderen artean banatuta daude, botere guztia ez egoteko erakunde bakar baten esku, monarkia absolutuetan gertatzen zen bezala. Botere hori honela banatuta dago:

  • Botere legegilea: lurraldearen barruko gizarte-harremanak arautzeko legeak egiteko boterea da. Herrialde demokratikoetan, parlamentua da botere legegilea duen erakundea. Legeak, beraz, Parlamentuak eztabaidatzen, bozkatzen eta erabakitzen ditu; gainera, gobernuaren jarduera ere kontrolatzen du.
  • Botere betearazlea: Estatuaren politika erabakitzeko boterea; botere hau Estatuko gobernuak du eta Administrazioaren bidez ezartzen du.
  • Botere judiziala: legeak betetzen direla ziurtatzen duen boterea da. Herritarren arteko auziak epaitzen ditu eta legeak hautsi dituzten biztanleak zigortzen ditu.


Demokraziaren historia

Emakume batzuk lehen aldiz botoa ematen.

Demokrazia antzinako Grezian jaio zen, gure aroa baino lehenagoko V. mendean, Perikles buruzagiaren garaian. Dena dela, Atenasko gizaseme libreek baino ezin zuten eman botoa; emakumeek ezin zuten botorik eman, ez eta atzerritarrek eta esklaboek ere.

Demokraziaren ideia nahiko berandura arte ez zen berriro agertu historian, Ilustraziora arte, zehazki (XVIII. mendea). Garai hartan, Ingalaterran, biztanleriaren zati batek botoa eman zezakeen legeak erabakitzen zituzten diputatuak hautatzeko. Frantzian, Iraultza batek monarkia absolutuaren desagerpena ekarri zuen, baina demokrazia ez zen erabatekoa: 1789 eta 1792 bitartean, gizaseme aberatsek bakarrik zuten botoa emateko eskubidea (errolda-sufragioa deitzen zaio honi); geroago, 1792tik 1795era bitartean, Frantziako Lehen Errepublikaren garaian, hiritar guztiei aitortu zitzaien boto-eskubidea (sufragio unibertsala deitzen zaio honi), baina berriro azken urte hartatik hasita beste mende erdi batean, errolda-sufragioa ezarri zen berriro. Frantziako 1948ko iraultzara arte itxoin beharko da, botatzeko adinean zeuden gizon guztiek boto-eskubidea izan arte; eta 1944ra arte, emakumeei ere eskubide berbera aitortu arte.