Urano

Urano Eguzki-sistemako zazpigarren planeta da, William Herschelek 1781eko martxoaren 13an aurkitua. Eguzki Sistemako hirugarren planeta da erradioaren tamainari dagokionez eta laugarrena masa kontuan hartzen badugu. Uranoren konposizioa Neptunorenaren antzekoa da, eta biek dituzte beste gasezko erraldoietatik (Jupiter eta Saturno) ezberdintzen dituzten konposizio kimiko eskergak. Uranoren atmosfera Jupiter eta Saturnoren antzekoa da hidrogenoaren eta helioaren konposizio primarioari dagokionez, baina "izotz" gehiago ditu, esate baterako, ura, amoniakoa eta metanoa, baita beste hidrokarburoen aztarnak ere.[14] Eguzki Sistemako atmosfera planetario hotzena da, 49 K-ko (-224 ° C) tenperatura minimoa baitu. Hodei egitura konplexu eta geruzatua dauka, eta uste da beheko hodeiak urez osatuak daudela eta goiko geruzak berriz, metanoz.[14] Uranoren barrualdea, batez ere, izotzez eta arrokez osatua dago.[15]

Urano ⛢
Urano Voyager 2k ikusia
Urano Voyager 2k ikusia 1986an.
Aurkikuntza
AurkitzaileaWilliam Herschel
Aurkikuntza data1781
Ezaugarri orbitalak[5][oh 1]
Garaia: J2000
Afelioa
  • 3006224700 km
  • 20.095371 AU
Perihelioa
  • 2735118100 km
  • 18.283135 AU
  • 2870671400 km
  • 19.189253 AU
Eszentrikotasuna0.047220087
369.66 egun[3]
Batezbesteko abiadura orbitala
6.80 km/s[3]
142.238600°
Makurdura orbitala0.772556° Ekliptikara
6.48° Eguzkiaren ekatorera
1.02° plano inbariantera[4]
73.999342°
Perihelioaren argumentua
96.998857°
Satelite ezagunak27
Ezaugarri fisikoak
Batezbesteko erradioa
25362±7 km[6]
Ekuatoreko erradioa
25559±4 km
4.007 Lur[6]
Poloko erradioa
24973±20 km
3.929 Lur[6]
Zanpaketa0.0229±0.0008[6][6]
Zirkunferentzia159354.1 km[1]
Gainazal azalera
8.1156×109 km2[1]
15.91 Lur
Bolumena6.833×1013 km3[3]
63.086 Lur
Masa(8.6810±0.0013)×1025 kg
14.536 Lur[7]
Batezbesteko dentsitatea1.27 g/cm3[3]
Gainazal grabitatea
8.69 m/s2[3]
0.886 g
21.3 km/s[3]
Errotazio periodo siderala
0.71833 egun (atzeranzkoa)
17 h 14 min 24 s[6]
Ekuatoreko errotazio abiadura
2.59 km/s
9,320 km/h
97.77°[6]
Ipar Poloko igoera zuzena
17h 9m 15s
257.311°[6]
Ipar Poloko deklinazioa
−15.175°[6]
Albedoa0.300 (Bond)
0.51 (geom.)[3]
Gainazaleko tenp.minbatezbestemax
bar level[9]76 K (−197.2 °C)
0.1 bar
(tropopausa)[10]
49 K53 K57 K
5.9[8] to 5.32[3]
Diametro angeluarra
3.3″ to 4.1″[3]
Atmosfera[10][12][13][oh 2]
Eskala garaiera
27.7 km[3]
Osaera(1.3 bar beheiti)

Izotzak:

Beste planeta erraldoiek bezala, Uranok eraztun-sistema, magnetosfera eta satelite ugari ditu. Uranoko sistemak, gainontzeko planetekin alderatuta, konfigurazio berezia du, bere biraketa ardatza alde batera okertuta dagoelako, ia Eguzkiaren orbitan dagoen planoraino. Hortaz, iparraldeko eta hegoaldeko poloak beste planeta batzuek beren ekuatorea duten planoan kokatzen dira.[16] 1986an, Voyager 2 ontziaren irudiek Urano ia ezaugarri berezirik gabeko planeta bat bezala erakutsi zuten argi ikusgarrian, beste planeta erraldoiek dituzten hodei banda edo ekaitzik gabe.[16] Lurretik egin diren behaketek urtaro aldaketak eta eguraldiaren jarduera areagotua erakutsi dute, Urano bere 2007ko ekinoziora hurbildu ahala. Haizearen abiadura 250 metro segundoko izatera iritsi daiteke.[17]

Urano da planeta bakarra zeinaren izena greziar mitologiako figura batetik zuzenean datorren, Ouranos zeruko greziar jainkosaren bertsio latinizatutik hain zuzen ere.

Ezaugarri fisikoak

Barne egitura

Urano eta Lurraren arteko tamaina konparazioa

Uranoren masa, Lurrarenarekin alderatuta 14,5 aldiz handiagoa da gutxi gorabehera. Planeta erraldoien artean masa gutxiena duena da. Bere diametroa Neptunorena baino apur bat handiagoa da, eta Lurrarena lau aldiz. Ondorioz, 1.27 g/cm3-ko dentsitatea du Uranok eta beraz, Saturnoren ostean dentsitate baxuena duen planeta da.[18][19] Balio horrek esan nahi du orokorrean hainbat izotzez osatua dagoela, hala nola ura, amoniakoa eta metanoa.[15] Uranoren barruko izotz masa totala ez da zehazki ezagutzen. Izan ere, hautatutako modeloaren arabera zenbaki ezberdinak lortzen dira: 9,3 eta 13,5 Lur masa artean egon behar du.[15][20] Hidrogenoa eta helioa masa totalaren zati txiki bat besterik ez dira, 0,5 eta 1,5 Lur masa artean.[15] Izotza ez den gainontzeko masa (Lurraren 0,5 eta 3,7 masa artean) material harritsuek osatzen dute.[15]

Modelo estandarraren arabera, Uranoren egitura hiru geruzatan banatzen da: erdialdean harrizko (silikato/burdina-nikela) nukleo bat, erdian izotzezko mantua eta hidrogeno/helioz osatutako kanpoaldeko geruza bat.[15][21] Nukleoa nahiko txikia da, 0,55 Lur masa ditu eta bere erradioa planeta osoaren % 20a da. Mantuak planetaren gehiengoa osatzen du, 13,4 Lur masa ingururekin, eta goi-atmosfera nahiko substantzia gabekoa da, 0,5 Lur masa izanik eta Uranoren erradioaren azkeneko % 20a osatuz.[15][21] Uranoren nukleoaren dentsitatea 9 g/cm3 ingurukoa da eta 8 milioi barreko presioa eta 5000 K inguruko tenperatu du.[20][21] Izotzezko mantua ez dago izotzaren ohiko formaz osatua, baizik eta urez, amoniakoz eta beste bolatilez osatutako fluido bero eta trinko batez.[15][21] Fluido honi, eroankortasun elektriko handia duena, batzuetan ur-amoniako ozeano deitzen zaio.[22]

Urano barneko presio eta tenperatura estremoek metano molekulak hautsi ditzake, karbono atomoak diamantezko kristaletan kondentsatzen direlarik. Hauek kazkabarraren gisan mantuan zehar erortzen dira.[23][24][25] Lawrence Livermore Laborategi Nazionaleko presio altuko esperimentuek iradokitzen dute mantuaren oinarria diamante likidozko ozeano bat izatea, "diamante-berg" solido mugikorrekin.[26][27]

Uranoren eta Neptunoren konposizio gehientsua ez da Jupiterrena eta Saturnorena bezalakoa, izotza gasa baino arruntagoa baita. Hori dela eta, izotz-erraldoi gisa duten izendapen bereizia justifikatua legoke. Ur ioniko geruza bat egon liteke; bertan, ur molekulak hidrogeno eta oxigeno ioietan banatzen dira. Beherago ur superionikoa egongo litzateke. Bertan oxigenoa kristalizatuko litzateke, baina hidrogeno ioiak libreki mugituko lirateke oxigeno sarean.[28]

Nahiz eta orain arte azaldutako modeloa nahiko estandarra den, ez da bakarra. Badaude beste modelo batzuk ere behaketak asetzen dituztenak. Esate baterako, hidrogeno eta material arrokatsuaren kantitate handiak izotzezko mantuan nahastuak badaude, barruko izotz masa totala txikiagoa izango da eta, hortaz, arroka eta hidrogeno masa totala handiagoa izango da. Gaur egun eskuragarri dauden datuek ez dute zehaztasun zientifiko bat lortzea uzten modelo egokia ezartzeko.[20] Uranoren barne egitura fluidoa izatean, ez du gainazal solidorik. Gas atmosfera pixkanaka barruko geruza likido bihurtzen da.[15] Egokitasunaren alde, presio atmosferikoa 1 barrekoa den esferoide obalatu bat definitu da eta horri gainazal deitzen zaio. 25.559 ± 4 km eta 24.973 ± 20 km-ko erradio ekuatoriala eta polarra du, hurrenez hurren.[18] Artikulu honetan zehar, gainazala zero puntu bezala erabiltzen da altuerak definitzeko.

Barne beroa

Uranoren barne osaera posiblearen diagrama

Uranoren barneko beroa beste planeta erraldoiena baino nabarmen baxuagoa da; termino astronomikoetan, fluxu termiko txikia du.[17][29] Oraindik ez da ulertzen zergatik den Uranoren barruko tenperatura hain txikia. Neptunok, tamaina eta konposaketan Uranoren ia bikia izanik, Eguzkitik jasotzen duen energia kantitatea 2,61 aldiz igortzen du espaziora[17] eta Uranok aldiz, ez du ia bero gehigarririk igortzen. Uranok espektroaren urruneko infragorrian (hau da, beroa) igortzen duen energia totala Eguzkitik jasotzen duena 1,06 ± 0,08 aldiz da.[14][30] Uranoren bero-fluxua 0,042 ± 0,047 W/m2 besterik ez da, Lurrak duen 0.075 W/m2 inguruko barne bero-fluxua baino txikiagoa.[30] Uranoren tropopausan erregistratutako tenperatura baxuena 49 K da, Urano Eguzki Sistemako planeta hotzena bihurtuz.[14][30]

Desberdintasun honi buruzko hipotesi batek iradokitzen du Uranok objektu supermasibo baten talka jaso zuela, eta bere hasierako beroaren zatirik handiena kanporatzea eragin zuela. Honela, agortutako nukleo baten tenperatura bat izango luke.[31] Inpaktuaren hipotesi hau planetaren makurdura axiala azaltzeko saiakera batzuetan ere erabiltzen da. Beste hipotesi baten arabera, Uranoren goi-geruzetan hesi motaren batzuk egongo lirateke, eta horiek nukleoak igorriko lukeen beroa azalera iristeko eragotziko lukete.[15] Adibidez, konbekzioa konposizioko desberdinetako geruzen multzoetan eman daiteke, goranzko bero garraioa ekidinez;[14][30] agian difusio bikoitzeko konbekzioa faktore mugatzailea da.[15]

Atmosfera

Uranoren atmosfera

Uranoren barnealdean ondo definitutako gainazal solidorik ez dagoen arren, Urano inguratzen duen gasezko geruzaren kanpoaldeko geruzari atmosfera deitzen zaio, urrunetik neurtu daitekeena.[14] Urruneko neurtzeko gaitasuna hau presioa 1 bar-ekoa den zonaldetik 300 km beherantz iristen da. Bertan 100 bar-eko presioa dago eta tenperatura 320 K-koa (47 °C) da.[32] Uranoren termosfera ahula planetaren erradioaren tamaina bikoitzeraino hedatzen da.[33] Uranoren atmosfera hiru geruzatan banatu daiteke: troposfera, -300 eta 50 km-ko altueren artean eta 100 eta 0,1 bar bitarteko presioarekin; estratosfera, 50 eta 4.000 km arteko altueran hedatzen dela eta 0,1 eta 10-10 bar arteko presioa duena; eta termosfera azkenik, gainazaletik 4.000 km 50.000 km-tara iristen dena.[14] Mesosferarik ez dago.

Osaera

Uranoren atmosferaren osaera planetaren gehiengoaren ezberdina da, eta hein handi batean hidrogeno molekularrez eta helioz osatua dago.[14] Helio molar frakzioa, hau da, gas molekula bakoitzeko helio atomo kopurua, 0,15 ± 0,03[34] da goiko troposferan, 0,26 ± 0,05 masa frakzioa suposatzen duena.[14][30] Balio hau 0.275 ± 0,01-ko helio masa frakzio protosolarretik hurbil dago.[35] Honek, gasezko erraldoietan ez bezala, helioa bere erdialdean ez dela kokatu adieraziko luke.[14] Uranoren atmosferaren hirugarren osagai ugariena metanoa da (CH4).[14] Metanoak xurgapen banda nabarmenak ditu argi ikusgarrian eta infragorritik hurbil dauden uhin luzeretan, Uranori bere kolore urdin edo ziana emanez.[14] Metano molekulak atmosferaren % 2,3 suposatzen dute frakzio molar bakoitzeko 1,3 bar presio mailan. Kantitate hau Eguzkian dagoen karbono guztia baino 20-30 aldiz handiagoa da.[14][36][37] Nahasketa-ratioa askoz txikiagoa da goiko atmosferan, bertako tenperatura baxua dela eta. Izan ere, saturazio maila murrizten da eta gehiegizko metanoa izoztu egiten da.[38] Lurrunkortasun gutxiago duten konposatuak, amoniakoa, ura eta hidrogeno sulfuroak adibidez, okerrago ezagutzen dira. Ziurrenik Eguzkiko kantitateak baino ugariagoak dira.[14][39] Metanoarekin batera, Uranoko estratosferan hainbat hidrokarburoen aztarnak aurkitzen dira. Metanotik sortzen direla uste da, eguzki-izpi ultramoreen (UV) erradiazioak eragiten duen fotolisi bidez.[40] Hauen artean egongo lirateke etanoa (C2H6), azetilenoa (C2H2), metilazetilenoa (CH3C2H), eta diazetilenoa (C2HC2H).[38][41][42] Espektroskopiak ur lurruna, karbono monoxidoa eta karbono dioxidoaren aztarnak ere agerian utzi ditu goiko atmosferan. Konposatu hauen jatorri bakarra kanpoko iturriak dira, erortzen den hautsa eta kometak adibidez.[41][42][43]

Troposfera

Troposfera atmosferaren zati baxuena eta dentsoena da. Bere ezaugarri nagusia tenperatura altitudearekin batera gutxitzea da.[14] Tenperaturak troposferaren oinarrian, -300km-tan, 320 K-koak dira (47 °C) eta 50 km-tan, troposferaren amaiera, 53 K-raino jaisten dira.[32][37] Troposferako goi-eskualde hotzenetan (tropopausan) 49 eta 57 K artekoak dira, latitude planetarioaren arabera.[14][29] Tropopausa zonaldea da Uranoren infragorri urruneko emisio termiko gehienen arduraduna da, eta beraz, tenperatura 59.1 ± 0.3 K-tan zehazten du.[29][30]

Troposferak hodei egitura oso konplexua duela uste da. Ur hodeiak 50 eta 100 bar bitarteko presioan daudela uste da, 20 eta 40 bar bitarteko presioetan amoniako hidrosulfitoen hodeiak, amoniakoa edo hidrogeno sulfuro hodeiak 3 eta 10 bar artekoetan eta azkenik, 1 eta 2 bar artean metano hodei finak, zuzenean detektatu direnak.[14][36][32][44] Troposfera atmosferaren zati dinamikoa da, haize indartsuak, hodei distiratsuak eta urtaroko aldaketak erakusten dituena.[17]

Goiko atmosfera

Aurorak Uranon, Hubble Espazio Teleskopioak aterata.[45]

Uranoren atmosferaren erdiko geruza estratosfera da. Orokorrean, bertan tenperatura altitudearekin batera igotzen da, troposferako 53 K-tik termosferaren oinarriko 800 eta 850 K bitarte.[33] Estratosferaren berotzea metanoak eta beste hidrokarburo batzuek erradiazio ultramore eta infragorria xurgatzen dutelako ematen da.[46] Hidrokarburo hauek metanoaren fotolosi bidez sortzen dira atmosferaren zati honetan.[40] Beroa termosfera berotik ere garraiatzen da.[46] Hidrokarburoek 100 eta 300 km bitarteko altueretan geruza nahiko mehea osatzen dute, 10 eta 0,1 mbar arteko presioarekin eta 75 eta 170 K arteko tenperaturekin.[38][41] Hidrokarburo ugarienak metanoa, azetilenoa eta etanoa dira. 10-7 inguruko nahasketa-ratioak dituzte hidrogenoarekin alderatuta. Karbono monoxidoaren nahasketa-erlazioa antzekoa da altuera honetan.[38][41][43] Etanoa eta azetilenoa kondentsatu egiten dira estratosferaren eta tropopausaren behealdeko zonalde hotzean eta lanbro geruzak sortzen ditu.[40] Uranoren itxura uniformearen arrazoietako bat izan liteke. Lanbro honen gaineko estratosferan hidrokarburoen kontzentrazioa beste planeta erraldoietakoa baino nabarmen txikiagoa da.[38][47]

Uranoren atmosferaren azkeneko geruzak termosfera eta koroa dira, eta 800 eta 850 K bitarteko tenperatura uniformea du.[14][47] Tenperatura horiek eusteko bero iturriak ez dira ulertzen. Izan ere, ez Eguzkiko ultramoreak ezta aurora jarduerek ez dute tenperatura horiek mantentzeko beharrezkoa den energia ematen. Hidrokarburo gabeziak hozte eraginkortasuna ahultzen du, eta honek lagun dezake.[33][47] Hidrogeno molekularraz gain, termosfera-koroa hidrogeno atomo aske askok osatzen dute. Haien masa txikiak eta tenperatura altuek koroa 50.000 km-taraino, edo bi Urano erradioetaraino, zergatik hedatzen den azaltzen dute.[33][47] Koroa luze hau Uranoren ezaugarri berezia da.[47] Bere efektuetako bat partikula txikiak Uranoren orbitara eramatea da, Uranoren eraztunetako hautsaren agortze orokorra eraginez.[33] Uranoko termosferak, estratosferaren goiko zatiarekin batera, Uranoren ionosfera osatzen du.[37] Behaketek erakusten dute ionosferak 2.000 eta 10.000 km bitarteko altuera dela.[37] Uranoren ionosfera Saturnorena edo Neptunorena baino dentsoagoa da, estratosferako hidrokarburo kontzentrazio baxuaren eraginez ziur aski.[47][48] Ionosfera Eguzkiko erradiazio ultramoreak eusten du eta dentsitatea eguzki-jardueraren araberakoa da.[49] Aurora jarduera txikia da, Jupiterrekoaren eta Saturnokoaren aldean.[47][50]

Magnetosfera

Uranoren eremu magnetikoa, Voyager 2 ontziak 1986an behatuta. S eta N hizkiek polo magnetikoei egiten diete erreferentzia.

Voyager 2 ontzia iritsi baino lehen, Uranoko magnetosferaren neurketarik ez zegoen, eta beraz, bere izaera misterio bat zen. 1986 baino lehen, zientzialariek Uranoren eremu magnetikoa eguzki haizearekin bat zetorrela uste zuten, horrela ekliptikan kokatzen diren Uranoren poloekin lerratuta egongo litzatekeelako.[51]

Voyager ontziaren behaketek Uranoren eremu magnetikoa berezia dela erakutsi zuten: alde batetik bere zentro geometrikoan sortzen ez delako eta biraketa ardatzarekiko 59º-ko makurdura duelako.[51][52] Ezohiko geometria honek oso magnetosfera asimetrikoa sortzen du: hegoaldeko hemisferioan gainazaleko eremu magnetikoaren indarra 0,1 gauss (10 μT) bezain baxua izan daiteke, ipar hemisferioan 1.1 gaussekoa (110 μT) den bitartean.[51] Gainazalean bataz besteko indarra 0,23 gauss (23 μT) da.[51] 2017ko Voyager 2ko datuen ikerketek iradokitzen dute asimetria honen eraginez Uranoren magnetosfera uranoar egun bakoitzean behin eguzki haizearekin lerrokatzen dela. Era honetan, planetak Eguzkiaren partikulak jasotzen ditu.[53] Alderatzeko, Lurraren eremu magnetikoak bi poloetan indar berdina du eta "ekuatore magnetikoa" ekuatore geografikoaren paraleloa da gutxi gorabehera.[52] Uranoren dipolo momentua Lurrarena baino 50 aldiz handiagoa da.[51][52] Neptunok eremu magnetiko desplazatu eta makurtua du ere, beraz baliteke izotzezko erraldoien ezaugarri komun bat izatea.[52] Hipotesi baten arabera, izotzezko erraldoien eremuak sakontasun gutxiko eremuetako mugimenduagatik sortuko lirateke. Uranoren kasuan, izotz-amoniako ozeanoetan. Lurreko eta gasezko erraldoien eremu magnetikoak aldiz, nukleoetan sortzen dira.[22][54] Beste azalpen baten arabera, Uranoren barnealdean diamante likidozko ozeanoak egongo lirateke, eremu magnetikoa oztopatzen dutenak.[26]

Nahiz eta lerrokatzea bitxia izan, beste alderdi batzuetan, Uranoren magnetosfera beste planeta batzuen antzekoa da: Uranoren 23 erradioko tamainako talka arku bat du, 18 erradiotako distantzian magnetopausa bat, guztiz garatutako magnetobuztan bat eta erradiazio gerrikoak. [51][52][55] Oro har, Uranoren magnetosfera Jupiterrenaren ezberdina eta Saturnorenaren antzekoa da.[51][52] Uranoren magnetobuztana espazioan milioika kilometroan espiralean luzatzen da.[51][56]

Uranoren magnetosferak kargatutako partikulak ditu: protoi eta elektroiak batez ere, H2+ ioi kopuru txiki batekin[52] Ez da ioi astunagorik aurkitu. Partikula horietako asko ziurrenik termosferatik datoz.[55] Ioi eta elektroien energiak 4 eta 1.2 megaelektronvoltekoak izan daitezke, hurrenez hurren.[55] Uranoko sateliteek eragin handia dute partikula kopuruan. Izan ere, magnetosfera zeharkatzen dute, hutsune nabarmenak utziz.[55] Partikulen fluxua hain da handia, 100.000 urteko tartean (eskala astronomikoan, oso gutxi) sateliteen gainazalak ilundu edo leundu ditzaketela. Hau izan daiteke Uranoren satelite eta eraztunen kolore beltzaren arrazoia.[57] Uranok nahiko ondo garatutako aurorak ditu, bi polo magnetikoen inguruan arku distiratsu gisa ikus daitezkeenak.[47]

Klima

Uranoren hego hemisferioa. Argi ikusgarrian (ezker) ezaugarri berezirik ez duela dirudien arren, uhin motzagoetan (eskuin) poloko kaskoa ikus daiteke.

Argi ultramore eta ikusgarrietan, Uranoren atmosfera oso uniformea da beste planeta erraldoi batzuenarekin alderatuta; baita Neptunokoarenarekin ere, zeinaren oso antzekoa den bestalde.[17] Voyager 2 ontziak Uranoren inguruan 1986an hegan egin zuenean, hamar hodei ezaugarri ikusi zituen planeta osoan zehar.[16][58] Uranoren barne beroa beste planeta erraldoiena baino nabarmen txikiagoa izatea izan liteke ezaugarri falta honen azalpen bat, Uranoren tropopausan erregistratutako tenperatura baxuena 49 K (-224 ° C;) da, Urano Eguzki Sistemako planeta hotzena bihurtuz.[14][30]

Banda egitura, haizeak eta hodeiak

1986an, Voyager 2k aurkitu zuen Uranoren hegoaldeko hemisferioa bi eskualdeetan banatu daitekeela: txano polar distiratsua eta banda ekuatorial ilunak.[16] Bien arteko muga -45º latitudean dago. Latitudearen -45etik -50ºera doan zonaldean dagoen banda estu bat da bere gainazaleko ezaugarri handi distiratsuena.[16][59] Hegoaldeko "lepokoa" deritzo. Poloko kaskoa eta lepokoa 1.3-2 bar bitarteko presioan dauden metanoko laino zonaldeak direla uste da.[60] Eskala handiko bandazko egituraz gain, Voyager 2k hamar hodei distiratsu txiki ikusi zituen, gehienak lepokotik hainbat gradu iparralderago zeudenak.[16] Honetaz gain, dinamikoki hila zegoen planeta bat zirudien Uranok 1986an. Voyager 2 Uranoren hegoaldeko udan iritsi zen eta ez zuen ipar hemisferioa ikusterik izan. XXI. mendearen hasieran, iparraldeko poloko eskualdea ikusgai bihurtu zenean, Hubble espazio teleskopioak eta Keck teleskopioak hasiera batean ez zuten lepokorik ezta poloko kaskorik ikusi iparraldeko hemisferioan.[59] Beraz, Urano asimetriko zela zirudien: distiratsua hegoaldeko poloaren inguruan eta uniformeki iluna hegoaldeko lepoko eskualdetik iparraldera.[59] 2007an, Uranok bere ekinokzioa gainditu zuenean, hegoaldeko lepokoa ia desagertua zegoen eta iparraldeko lepoko leun bat agertzen hasia zegoen 45 ° latitudetik gertu.[61]

Uranon aurkitu zen lehen Orban Iluna, 2006ean. Hubble espazio teleskopioa.

1990eko hamarkadan, ikusitako hodei distiratsuen kopurua nabarmen hazi zen, bereizmen handiko irudigintza teknikak erabiltzearen ondorioz hein batean.[17] Gehienak ipar hemisferioan aurkitu ziren, ikusgai bihurtzen joan zen heinean.[17] Hasierako azalpena hodei distiratsuak bere zati ilunean identifikatzeko errazagoak zirela izan zen, hego hemisferioan lepoko distiratsua estaltzen zituelako. Baina azalpen hau egokia ez zela ikusi zen gerora.[62][63] Hala ere hemisferio bakoitzeko hodeien artean ezberdintasunak daude. Iparraldeko lainoak txikiagoak, zorrotzagoak eta distiratsuagoak dira. Badirudi altitude handiagoan daudela.[63] Hodeien bizitza neurtzeko hainbat magnitude erabiltzen dira. Hodei txiki batzuk ordu batzuk irauten dute soilik, baina hegoaldeko hodei batek behintzat Voyager 2 pasa zenetik irauten du.[17][58] Azken behaketen arabera, Uranoren hodeiek Neptunokoen antza handia dute.[17] Esate baterako, Neptunon ohikoak diren orban ilunak ez ziren sekula Uranon ikusi 2006ra arte. Urte horretan Uranon mota honetako lehen ezaugarria ikusi zen, eta Uranoko Orban Iluna deitu zitzaion.[64] Ekinozioaren garaian Uranok Neptunoren antza hartzen ari duela suposatu da.[65]

Hodei ugari jarraitzeak Uranoren goi-troposferan haize zonaldek zehaztea ahalbidetu zuen.[17] Ekuatorearen haizeak retrogradoak dira, hau da, planetaren errotazioaren kontrako norantzan jotzen dute. Abiadurak -360etik 180 km/o-ra doaz.[17][59] Haizearen abiadurak handitu egiten da ekuatoretik urruntzen joan ahala, eta ±20º latitude inguruan balioak zerora iristen dira, troposferaren tenperatura minimoa den zonaldean.[17][29] Poloetatik hurbilago, haizeek norabide progresiboa hartzen dute, Uranoren errotazioarekin bat. Haizearen abiadura handitzen joaten da ± 60 ° latitude inguruan maximora iritsi arte. Poloetan zerora iritsi arte murrizten da.[17] Haizearen abiadura 40 °ko latitudean 540 eta 720 km / o-koa da. Lepokoak paralelo horren azpitik dauden hodei guztiak ezkutatzen dituenez, bertatik hegoaldeko polora arteko abiadurak ezin dira neurtu.[17] Aitzitik, ipar hemisferioan 860 km / o-ko abiadura maximoak 50 ° latitudetik hurbil neurtu dira.[17][59][66]

Urtaro aldaketak

Urano 2005ean. Eraztunak, hegoaldeko lepokoa eta ipar hemisferioko hodei argiak ikus daitezke.

2004ko martxotik maiatzera, epe labur batez, laino handiak agertu ziren Uranoko atmosferan, Neptunoren antzeko itxura emanez.[63][67] Behaketek 820 km / o-ko abiadura zuten haizeak eta "Uztailaren 4ko su artifizialak" izena jaso zuen ekaitz iraunkor bat erakutsi zuten.[58] 2006ko abuztuaren 23an, Space Science Instituteko ikertzaileek eta Wisconsineko Unibertsitateak Uranoren azaleraren gainean puntu ilun bat ikusi zuten, zientzialariei Uranoren jarduera atmosferikoari buruzko informazio gehiago emanez.[64] Aktibitate atmosferikoan bat-bateko igoera hau zergatik gertatu zen ez da guztiz ulertzen, baina badirudi Uranoren makurdura axialak bere eguraldian urtaro aldaketa bortitzak sortzen dituela.[65][68] Urtaroko aldakuntza honen izaera zehaztea zaila da. Izan ere, Uranoko atmosferaren datu onak 84 urtez soilik existitzen dira, hau da, Uranoko urte oso batez soilik. Uranoko urte erdi batean zehar fotometria bidez harturiko datuen arabera, bi espektro bandetan distiran aldaketa erregularrak daude, maximoa solstizio inguruan gertatzen delarik eta minimoa ekinozioetan.[69] Antzeko aldaketa periodikoa, solstizioetan maximoa duena, sakoneko troposferaren mikrouhinen neurketetan ikusi ahal izan da, 1960ko hamarkadan hasi zena.[70] 1970eko hamarkadan hasitako estratosferaren tenperatura neurketek ere 1986ko solstizioaren inguruan erakutsi zituzten balio maximoak.[46]

Uranon urtaro aldaketa fisikoak gertatzen ari direla adierazten duten ezaugarri batzuk badaude. Uranok hegoaldeko poloan eskualde distiratsua duela jakin arren, ipar poloa nahiko iluna da, eta hau, aurretik azaldutako urtaro aldaketen ereduarekin bateraezina da.[65] 1944ko iparraldeko solstizioan zehar, Uranok distira maila altua erakutsi zuen, eta honek iradokitzen du ipar poloa ez dela beti hain iluna.[69] Informazio honen arabera, ikusgarria den poloa solstizioaren ondoren hasten da argitzen eta ekinozioaren ostean iluntzen hasten da.[65] 1990. hamarkadan, Urano bere solstiziotik urrundu ahala, Hubble eta lurreko teleskopioek erakutsi zuten hegoaldeko poloa nabarmen ilundu zela (hegoaldeko lepokoa izan ezik, zeinak distira mantendu zuen).[60] Ipar hemisferioak aldiz, geroz eta jarduera gehiago erakusten zuen[58] hodei formazioak eta haize indartsuak adibidez. Honek laster distira handituko zuenaren usteak hauspotu zituen.[63] Hau 2007an hasi zen gertatzen, ekinozioa pasa ondoren: iparraldeko poloko lepoko leun bat sortzen hasi zen, eta hegoaldeko lepokoa ia ikusezina bihurtu zen. Hala ere, haize profilak asimetriko mantendu ziren, iparraldeko haizeak hegoaldekoak baino pixka bat motelagoak zirelarik.[61]

Aldaketa fisiko hauen mekanismoa ez dago argi oraindik.[65] Uda eta neguko solstizioetatik hurbil, Uranoren hemisferioek edo Eguzki izpien distira osoa jasotzen edo espazio sakonera begira daude, alternatiboki. Eguzkiari begira dagoen hemisferioaren distiraren handitzea metanoen hodeien eta troposferako laino geruzen loditzeagatik gertatzen dela uste da. 45º-ko latitudeko lepoko distiratsua metanoko lainoekin lotua dago ere.[60]

Orbita eta errotazioa

Hubble espazio teleskopioak ateratako Uranoren irudia. Hodei bandak, eraztunak eta sateliteak ikusi ahal dira, kolore faltsuekin.

Uranok 84 behar ditu Eguzkiaren inguruan bira bat emateko. Eguzkiarekiko batez besteko distantzia gutxi gorabehera 20 UA da (3 mila milioi km). Eguzkiarekiko gutxieneko eta gehieneko distantziaren arteko aldea 1,8 UA da, beste edozein planeta baino handiagoa, baina Pluton planeta nanoarena baino txikiagoa.[71] Uranok, Lurrarekin alderatuta, Eguzkiko argiaren 1/400 inguruko intentsitatea jasotzen du.[72] Bere elementu orbitalak Pierre-Simon Laplacek 1783an kalkulatu zituen lehen aldiz.[73] Denborarekin, desadostasunak aurkitu ziren aurreikusitako eta behatutako orbiten artean, eta 1841ean, John Couch Adamsek proposatu zuen ezberdintasunak aurkitu gabeko planeta baten grabitazio indarraren ondorio izan zitezkeela. 1845ean, Urbain Le Verrierrek bere ikerketa independentea hasi zuen Uranoren orbitaren inguruan. 1846ko irailaren 23an, Johann Gottfried Gallek Le Verrierek aurreikusitako posiziotik oso hurbil gerora Neptuno izendatu zen planeta berri bat aurkitu zuen.[74]

Uranoren barneko biraketa-aldia 17 ordu eta 14 minutukoa da. Planeta erraldoi guztietan bezala, bere goiko atmosferan haize indartsuak egon ohi dira errotazioaren noranzkoan. Zenbait zonaldetan, atmosferako ezaugarri ikusgarriak askoz azkarrago mugitzen dira, eta bira osoa 14 orduetan egiten dute.[75]

Makurdura axiala

Urano 1986tik 2030ra Lurretik ikusiko litzatekeen gisan erakusten duen simulazioa, 1986ko hegoaldeko udako solstiziotik, 2007ko ekinozio eta 2028ko iparraldeko udako solstiziora.

Uranoko biraketa ardatza Eguzki Sistemako planoarekiko ia paraleloa da, 97.77º-ko makurdura axialarekin (biraketa progresioaren arabera definitua). Horrek beste planeta guztiekiko ezberdinak diren urtaro aldaketak sortzen ditu. Solstizio garaitik hurbil, polo bat Eguzkiari begira dago uneoro, bestea kontrako aldera dagoen bitartean. Ekuatorearen inguruko zonalde estu bakar batek dauka egun eta gau zikloa, baina Eguzkia horizontearen gainean oso baxu egoten da. Uranoren orbitaren beste aldean, Eguzkirako poloen orientazioa alderantzizkoa da. Polo bakoitzak 42 urtez eguzki argia jasotzen du etengabe, 42 urte iluntasunean igaro ondoren.[76] Ekinokzioen garaitik gertu, Eguzkiak Uranoren ekuatorea argitzen du, beste planeta gehienetakoak bezalako egun-gau zikloak sortuz.

Uranok 2007ko abenduaren 7an izan zuen bere azkeneko ekinokzioa.[77][68]

Ipar hemisferioaUrteaHego hemisferioa
Neguko solstizioa1902, 1986Udako solstizioa
Udaberriko ekinozioa1923, 2007Udazkeneko ekinozioa
Udako solstizioa1944, 2028Neguko solstizioa
Udazkeneko ekinozioa1965, 2049Udaberriko ekinozioa

Ardatzaren orientazioaren emaitzetako bat Uranoko poloek, bataz beste, zonalde ekuatorialek baino eguzki argi gehiago jasotzen dutela da, Uranoko urte oso baten denboran. Hala eta guztiz ere, Urano beroagoa da bere ekuatorean bere poloetan baino. Hau horrela izatea eragiten duen mekanismoa ez da ezagutzen. Uranoren makurdura axiala nondik datorren ere ez dago argi, baina espekulazio nagusia da Eguzki Sistemaren eraketan zehar, Lurraren tamainako protoplaneta batek Urano kolpatu zuela, makurdura eraginez.[78] Uranoren hego polo ia zuzenean Eguzkiaren aldera zegoen 1986an Voyager 2 ontzia bertatik pasa zenean. Polo honi “hegoaldekoa” deitzea Nazioarteko Astronomia Elkartearen definizioaren arabera egiten da. Honek zehazten du Eguzki sistemako plano aldaezinaren gainean dagoen poloa iparraldekoa dela, planetaren biraketa norabidea kontuan hartu gabe.[79][80]

Ikusgarritasuna

Uranoren itxurazko magnitudearen batezbestekoa 5.68 da, desbiderapen estandarra 0,17koa izanik. Muturreko baloreak 5,38 eta 6,03 dira. Magnitude horiek begi hutsez ikusi ahal izateko mugatik gertu daude. Magnitude aldaketa hauek Eguzkiak argiztatzen dituen latitudeen araberakoak dira hein handi batean.[81] Bere diametro angeluarra 3,4 eta 3,7 arku segundoren artean dago. Konparaziorako, Saturnorena 16 eta 20 arku segundo bitartekoa da eta Jupiterrena, 32 eta 45 arku segundokoa.[82] Oposizioan dagoenean, Urano begi hutsez ikusi daiteke zeru ilunetan, eta prismatikoekin erraz ikusi daiteke baita hiri eremuetan ere. 15 eta 23 cm bitarteko diametrodun teleskopio amateurretan Urano zian koloreko disko zurbil baten gisa ikusten da, zenbait ertz ilunduekin. 25 cm-ko zabalera baino gehiagoko teleskopioekin, hodeiak eta satelite handienetako batzuk, Titania eta Oberon kasu, ikus daitezke.[83]

Eraztunak eta sateliteak

Uranoren eraztun eta satelite handienak (Teleskopio Oso Handiaren irudia)

Uranoren 27 satelite natural ezagutzen dira gaur egun.[84] Satelite hauen izenak Shakespeareren eta Alexander Poperen lanetatik aukeratzen dira.[21] Bost satelite nagusiak Miranda, Ariel, Umbriel, Titania eta Oberon dira.[21] Uranoren satelite sistema planeta erraldoien artean masa txikiena duena da. Bost satelite nagusien konbinatutako masa Tritonenaren (Neptunoren sateliterik handienaren) erdia baino txikiagoa izango litzateke.[19] Uranoren sateliteen handienak, Titaniak, soilik 788,9 kilometroko erradioa du. Ilargiaren erradioaren erdia baino gutxiago da, baina Rhearena, Saturnoren bigarren satelite handienarena, baino zertxobait handiagoa. Horrela, Titania Eguzki Sistemako zortzigarren sateliterik handiena da. Uranoren sateliteek nahiko albedo txikiak dituzte; Umbrielen 0,20tik Arielen 0,35era (argi berdean) doazenak.[16] Izotz-arroka konglomeratuak dira, gutxi gorabehera %50ean izotzez eta %50 arrokaz osatuak. Izotzak amoniakoa eta karbono dioxidoa izan ditzake. [85][86]

Uranoko sateliteen artean, Arielek du azal gazteena, krater gutxienekin eta Umbrielek berriz zaharrena.[16][85] Mirandak 20 kilometroko sakonera duten falla arroilak ditu, geruza ezberdinak eta azaleko eta ezaugarrien adinen nahasketa kaotikoa.[16] Mirandaren iraganeko jarduera geologikoa marea berokuntzak sortutakoa dela uste da, gaur egun baino orbita eszentrikoagoa zuenean. Ziurrenik Umbrielekin 3:1eko erresonantzia orbitala zuen.[87] Mirandaren “zirkuitu” itxurako koroak diapiroekin erlazionatutako hazkuntza prozesuek sortutakoak direla uste da.[88][89] Garai batean Arielek Titaniarekin 4:1 erresonantzia izan zuela uste da.[90]

Uranoren satelite handienak, tamainaren arabera ordenatuak. Proportzioak eta albedoak errespetatu dira. Voyager 2ren argazkiekin egindako muntaia.

Uranok, gutxienez, ferra orbita duen objektu bat du, Eguzkia-Urano L3 Lagrangeren puntuan dagoena. 83982 Crantor izena jasotzen du.[91][92] Crantor Uranoren eskualde ko-orbitalaren barruan mugitzen da, konplexua eta tenporala den ferra orbitan. 2010ean aurkitutako 2010 EU65 objektuak mota honetakoa izateko aukera asko ditu.[92]

Eraztunak

Uranoren eraztunak osatzen dituzten partikulak oso ilunak dira eta mikrometro eta metroaren arteko tamaina dute.[16] Hamahiru eraztun ezagutzen dira gaur egun, ε eraztuna izanik distiratsuena. Bi izan ezik, Uranoren eraztunak oso estuak dira, kilometro gutxi batzuetako zabalera dute. Eraztunak seguruenik gazteak dira; dinamikaren behaketek adierazten dute ez zirela Uranorekin batera sortu. Eraztunen materia behinola satelite baten edo batzuen parte zen, abiadura handiko inpaktuek apurtu zutena. Inpaktu horien ondorioz sortutako hondakin ugarietatik, soilik partikula gutxi batzuk iraun zuten kokapen egonkorretan, gaur egungo eraztunen tokian.[85][93]

Uranok eraztun sistema konplikatua dauka. Saturnokoen ostean, Eguzki Sisteman aurkitu ziren bigarrenak izan ziren.

William Herschelek 1789. urtean Uranoren inguruko eraztun posible bat deskribatu zuen. Behaketa hori, oro har, zalantzan jarri ohi da, eraztunak nahiko ahulak direlako eta hurrengo bi mendeetan ez zituelako beste behatzaile batek ere deskribatu. Hala eta guztiz ere, Herschelek epsilon eraztunaren tamaina zehatz deskribatu zuen, baita bere Lurrarekiko angelua, bere kolore gorria eta bere itxurazko aldaketak Uranok Eguzkiaren inguruan bidaiatzen zuen heinean.[94][95] Eraztun sistema zehaztasunez 1977ko martxoaren 10ean aurkitu zuten James L. Elliot, Edward W. Dunham eta Jessica Minkek Kuiper Airborne Observatory erabiliz. Aurkikuntza serendipitiaren emaitza izan zen: Uranok SAO 158687 izarra estaltzen zueneko momentua erabiltzea aurreikusi zuen Uranoko atmosfera aztertzeko. Behaketak aztertu ondoren, izarra denbora labur batez bost aldiz desagertu zela ikusi zuten, Uranoren atzean desagertu aurretik eta ondoren. Uranoren inguruan eraztun sistema bat egon behar zela ondorioztatu zuten. Geroago, lau eraztun gehiago aurkitu zituzten.[96] Eraztunak Voyager 2 Uranotik 1986an pasatu zenean ikusi ahal izan ziren zuzenean. Voyager 2k beste bi eraztun gehiago ere aurkitu zituen, eraztunen kopurua hamaikara igoz.[16]

2005eko abenduan, Hubble Espazio Teleskopioak aurretik behatu gabeko bi eraztun aurkitu zituen. Handiena beste eraztunen distantzia bikoitzera dago Uranotik. Eraztun berri horiek Uranotik hain urrun daude, "kanpoko" eraztun sistema deitzen zaiela. Hubblek bi satelite txiki ere ikusi zituen. Horietako batek, Mabek, bere orbita berriki aurkitutako kanpoko eraztunarekin partekatzen du. Eraztun berriek Uranoko eraztunen kopurua 13raino igotzen dute.[97] 2006ko apirilean Keck Behatokiko irudiek eraztun berrien koloreak eman zituen: kanpokoa urdina da eta bestea gorria.[98][99] Kanpo-eraztunaren kolore urdina azaltzeko hipotesi baten arabera, Mab satelitearen gainazaleko izoztutako ur partikulek osatuko lukete eraztun hau. Argi urdina sakabanatzeko bezain txikiak izango lirateke.[98][100] Aitzitik, Uranoko barruko eraztunak grisak dira.[98]

Sorrera

Nizako modeloaren arabera, Urano (urdin argia) Eguzkitik hurbilago sortu zen.

Askok argudiatzen dute izotzezko erraldoien eta gasezko erraldoien arteko desberdintasunak beren eraketatik datozela.[101][102] Hipotesi nagusiaren arabera, Eguzki Sistema biratzen ari zen gas eta hautsezko bola erraldoi batetik sortu zen, eguzki nebula bezala ezagutzen dena. Nebulosaren gasaren zati handi batek, nagusiki hidrogeno eta helioz osatua, Eguzkia osatu zuen, eta hauts-aleak lehen protoplanetak osatzeko bildu ziren. Planetak hazi zirenean, horietako batzuk akrezio bitartez nahikoa materia lortu zuten haien grabitateak nebulosatik soberan zegoen gasa eusteko.[101][102] Zenbat eta gas gehiago eutsi, orduan eta handiago bihurtu ziren; zenbat eta handiago bihurtu, gero eta gas gehiago eusten zuten. Honela puntu kritiko batera iritsi ziren, eta haien tamaina esponentzialki handitzen hasi zen. Izotzezko erraldoiak ez zuten nebulosako gas horren masa handirik eutsi (soilik Lurraren adinako masa batzuk) eta inoiz ez zuten puntu kritiko hori lortu.[101][102] [103] Planeten migrazioaren simulazio berriek iradokitzen dute izotzezko erraldoiak gaur egun duten posizioarekin alderatuta, Eguzkitik hurbilago sortu zirela, eta formazioaren ostean kanporantz mugitu zirela (Nizako eredua).[101]

Historia

Planeta klasikoak bezala, Urano begi hutsez ikus daiteke, baina antzinako behatzaileek inoiz ez zuten planetatzat hartu bere distira txiki eta orbita motelagatik.[104] Sir William Herschelek bere aurkikuntza iragarri zuen 1781eko martxoaren 13an, Eguzki Sistemaren muga ezagunak hedatuz historian lehen aldiz eta Urano teleskopio bidez aurkitu zen lehenengo planeta eginez.

Aurkikuntza

William Herschel, Urano 1781. urtean aurkitu zuen astronomoa

Urano antzina askotan ikusi zen planeta bat da, bere izatearen berri izan aurretik ordea, izan ere, izar batekin nahastua izan ohi zen. Ezagutzen den lehenengo behaketa Hiparkok egin zuen K.a. 128. urtean. Bere izar katalogoan apuntatu zuen, gero Ptolomeoren Almagestoan gehitu zena.[105] Ziurtzat hartzen den lehenengo behaketa 1690. urtean izan zen. John Flamsteedek gutxienez sei aldiz behatu zuen eta 34 Tauri bezala katalogatu zuen. Pierre Charles Le Monnier astronomo frantsesak Urano gutxienez hamabi aldiz behatu zuen 1750 eta 1769 artean.[106]

Herschelek Urano aurkitzeko erabilitako teleskopioaren erreplika

Sir William Herschelek Urano 1781eko martxoaren 13an bere etxeko lorategitik, Bath herriko New King Streeteko 19 zenbakitik, (gaur egun bertan Herschel astronomia museoa dago[107]) antzeman zuen. Hasiera batean (1781eko apirilaren 26an) kometa bat zela zabaldu zuen.[108] Herschelek "izar finkoen paralaxiari buruzko behaketa batzuk egin zituen[109]", berak diseinatutako teleskopio bat erabiliz.

Herschelek bere aldizkarian honakoa idatzi zuen: "ζ Tauritik gertu dagoen kuartilean ... edo izar nebulosa bat edo agian kometa bat[109]". Martxoaren 17an idatzi zuen: "Kometa edo Nebulosa izarra bilatu nuen eta kometa bat dela aurkitu dut, bere lekua aldatu baitu[109]". Bere aurkikuntza Royal Society elkarteari aurkeztu zionean, kometaren bat aurkitu zuela baieztatzen jarraitu zuen, baina inplizituki planeta batekin ere alderatu zuen[109]:

«Kometa lehen aldiz ikusi nuenean nuen ahalmena 227koa zen. Esperientziatik badakit izar finkoen diametroak ez direla proportzionalki handitzen potentzia handiagoekin, planetetan gertatzen den moduan; beraz, 460 eta 932ko ahalmenak jarri ditut eta kometaren diametroa potentziaren arabera proportzionalki handitzen dela aurkitu dut, espero zen bezala, izar finko bat ez zelaren ustean, alderatu nuen izarren tamaina ratio berdinean handitzen ez zen bitartean. Gainera, kometa bere argiak onartuko lukeena baino askoz gehiago handitzean lanbrotsua eta definiziorik gabea agertu zen, izarrek haien argitasuna eta definizioa mantentzen zuten bitartean egindako milaka behaketengatik mantenduko zutela banekiena. Segizioak erakutsi du nire usteak ongi oinarrituak zirela, azkenaldian behatu dugun kometa dela frogatuz.»

—William Herschel[110][oh 3]


Herschelek Nevil Maskelyne astronomoari bere aurkikuntza jakinarazi zion eta 1781eko apirilaren 23an erantzun harritu hau jaso zuen: "Ez dakit nola deitu. Eguzkiaren inguruko ia orbita zirkularrean mugitzen den ohiko planeta bat edo elipse oso eszentrikoan mugitzen den kometa bat izan daiteke. Oraindik ez dut koma edo buztanik ikusi[oh 4]"[109]

Herschelek bere objektu berria kometa gisa deskribatzen jarraitu zuen arren, beste astronomo batzuk jadanik beste zeozer izan zitekeela susmatzen hasi ziren. Anders Johan Lexell finlandiar-suediar astronomoa, Errusian lanean zegoena, izan zen objektuaren orbita kalkulatu zuen lehenengoa.[111] Bere orbita ia zirkularra izateak kometa bat beharrean planeta bat zela ondorioztatzera eraman zuen. Berlineko astronomo Johann Elert Bodek honela deskribatu zuen Herschelen aurkikuntza: "izar mugikor bat, Saturnotik haratago orbita batean zirkulatzen ari den gaurdaino ezagutzen ez den planeta baten gisako objektutzat har daitekeena.[112]" Bodek ondorioztatu zuen bere orbita ia-zirkularra kometa batena baino planeta batena zela.[109]

Planeta berri gisa onartua izan zen laster unibertsalki. 1783. urte inguruan, Herschelek honela aitortu zion Royal Societyko presidente Joseph Banksi: «Europako astronomo garrantzitsuenen behaketaren arabera, badirudi izar berria, 1781ko martxoan haiei adierazteko ohorea izan nuena, gure Eguzki Sistemako planeta bat dela.[113]" Haren lorpenaren aitorpenean, George III.ak Herscheli £ 200 urteko soldata bat eman zion, Windsorrera mugitzeko baldintzapean. Era honetan, erregeek bere teleskopioen bidez begiratu ahal izango zuten.[109]

Izena

Urano izenak antzinako Greziako zeruko jainko Uranori (antzinako greziera: Οὐρανός) egiten dio erreferentzia, Kronosen (Saturno) aita eta Zeusen aitona (Jupiter). Latinez "Ūranus" bihurtu zen. Bere izena greziar mitologiako figura batetik zuzenean datorren planeta da.

Ia 70 urte igaro behar izan ziren planetaren aurkikuntzatik izenaren gaineko kontsentsua lortu arte. Aurkikuntzaren ondorengo jatorrizko eztabaidetan, Maskelynek Herscheli eskatu zion "astronomiaren munduari zure planetari izen bat emateko faborea egiozu, guztiz zurea dena eta bere aurkikuntzagatik hainbeste behartzen gaituelako[109]". Maskelynen eskaerari erantzunez, Herschelek objektua Georgium Sidus (Georgeren izarra) edo "Georgian Planet" izendatzea erabaki zuen George III.aren erregearen omenez, bere babesle berria.[114] Erabaki hau Joseph Banksi azaldu zion gutun batean:

«Antzinako garai zoragarrietan, Mercurio, Venus, Marte, Jupiter eta Saturno izenak eman zitzaizkien Planetei, heroi eta jainko nagusien izenak izateagatik. Gaur egungo garai filosofikoagoetan ez litzateke inolaz ere onargarria metodo berbera erabiltzea eta Juno, Pallas, Apollo edo Minerva deitzea, zeruko gorputz berriari izen bat emateko. Gertaera bereziren baten inguruko lehen kontsiderazioa bere kronologia dirudi: etorkizuneko edozein garaietan galdetuko balitz, noiz aurktu zen azken planeta hau? Erantzun oso egokia litzateke "Jurgi III.aren erregealdian" esatea.»

William Herschel[oh 5]


Herschelen proposamena ez zen oso gogokoa Britainia Handitik kanpo, eta alternatibak laster proposatu ziren. Jérôme Lalande astronomoak Herschel izendatzea proposatu zuen bere aurkitzailearen omenez.[115] Erik Prosperin astronomo suediarrak Neptuno izena proposatu zuen. Beste astronomo batzuek ideia hau babestu zuten, Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerran Britainiako Royal Navy ontziteriaren garaipenak gogoratzeko ideia ona iruditzen zitzaielako, planeta berria Neptune George III edo Neptune Great Britain deituz.[111]

Uranok greziar mitologiako zeruko jainkoarengandik jasotzen du izena. Gainontzeko planetek erromatar mitologiako izena jasotzen dute.

1782ko martxoko tratatu batean, Bodek Urano proposatu zuen, zeruko greziar jainko Ouranosen bertsio latinizatua.[116] Bodek argudiatu zuen izenak mitologian oinarritzen jarraitu behar zuela, beste planeten artean ez nabarmentzeko, eta Urano izen egokia zela Titanen lehen belaunaldien aita zelako.[116] Era berean, Saturno Jupiterren aita zen moduan, oso dotorea iruditzen zitzaion planeta berriak Saturnoren aitaren izena eramatea.[109][116][117][118] 1789an, Boden Suediako Zientzien Errege Akademiako lankide Martin Klaprothek berak aurkitutako elementu berria uranio deitu zuen, Boden aukera babesteko. Azkenean, Boden iradokizuna gehien erabilia bihurtu zen eta 1850. urtean unibertsala bihurtu zen HM Nautical Almanac Office, Georgium Sidus erabiltzetik Urano erabiltzera pasa zenean.[117]

Uranok bi ikur astronomiko ditu. Proposatzen lehena ♅ izan zen, Lalandek iradoki zuen 1784. urtean. Herscheli bidalitako gutun batean Lalandek “globo bat, zure abizenaren lehenengo hitza gainean duena[115]”. Beste proposamen bat ⛢ izan zen, Marte eta Eguzkiaren sinboloen hibridoa. Izan ere, Urano zerua zen greziar mitologian eta Eguzkiaren eta Marteren konbinatutako indarrek dominatzen zutela uste zuten.[119]

Beste hizkuntzetan, Uranok hainbat itzulpen ditu. Txineraz, japonieraz, koreeraz eta vietnameraz, bere izena literalki "zeruko errege izar" (天王星) bezala itzulita dago.[120][121][122][123] Thailandieraz bere izen ofiziala Dao Yurenat (ดาว ยูเรนัส) da, ingelesez bezala. Mongolieraz, bere izena Tengeriin Van (Тэнгэрийн ван) da, "Zeruko Errege" bezala itzultzen dena. Hawaiieraz, bere izena Hele‘ekala da. Maori hizkuntzan, bere izena Whērangi da.[124][125]

Esplorazioa

Voyager 2 ontziak egindako Uranoren argazkia, Neptunoranzko bidean.

1986an, NASAren Voyager 2 planeta arteko zunda Uranora iritsi zen. Hegaldi hau da hurbiletik egindako Uranoren ikerketa bakarra eta gaur egun ez daude bisita gehiago aurreikusita. 1977an jaurtia, Voyager 2 ontzia Uranora 1986ko urtarrilaren 24an hurbildu zen gehien: gaineko hodeietatik 81.500 kilometrotara pasa zen, Neptunora bidaia jarraitu aurretik. Espazio ontziak Uranoren atmosferaren egitura eta konposizio kimikoa aztertu zituen[37], 97.77º-ko makurdura axialak eragiten duen eguraldi berezia barne. Bost ilargi handienetako lehen ikerketa zehatzak egin zituen eta beste 10 satelite aurkitu zituen. Ezagutzen ziren bederatzi eraztunak aztertu zituen, baita bi berri aurkitu ere.[16][57][126] Eremu magnetikoa ere ikertu zuen: bere egitura irregularra, bere makurdura eta Uranoren alboko orientazioak eragiten duen espiral formako magnetobuztana.[51]

Voyager 1 ontziak ezin izan zuen Urano bisitatu Saturnoren satelite Titan ikertzea lehentasuntzat hartu zelako. Ibilbide honek Voyager 1 ekliptikaren planotik atera zuen, bere misio zientifiko planetarioa bukatuz.[127]

Cassini espazio ontzia Saturnotik Uranora bidaltzeko aukera 2009an ebaluatu zen, misio luzapenaren planifikazio fase batean zehar. Azkenean baztertua izan zen, Saturnoren atmosferan suntsitzeko erabakia hartu baitzen. Hogei urte inguru beharko lirateke uranoar sistemara iristeko Saturnotik atera ostean.[128] Uranora joango liratekeen orbitatzaile eta zunda bat gomendatu ziren 2011an argitaratu zen 2013-2022 Planetary Science Decadal Survey lanean. Proposamenak 2020 – 2023 urteetan jaurtitzea eta 13 urteko bidaia aurreikusten du. Sarrera zunda batek Pioneer Venus Multiprobe zundaren ondarea erabil lezake eta 1-5 atmosferara jaitsi.[129] EEAk Uranus Pathfinder izeneko "erdi mailako" misioa ebaluatu zuen.[130] New Frontiers programaren barnean orbitatzaile bat ebaluatu eta proposatu da The Case for a Uranus Orbiter lanean.[131] Misio honen indargunetako masa handi bat sistemara bidaltzeak duen erraztasuna da: Atlas 521 batekin 1500 kilo baino gehiago bidal litezke 12 urtetako bidai batean.[132]

Urano kulturan

Gustav Holst musikariaren The Planets suiteko "Uranus, The Magician" mugimendua.

Astrologian, Urano planeta Aquarius zeinuaren planeta agintaria da. Urano zian kolorekoa denez eta elektrizitatearekin lotuta dagoenez, kolore urdin elektrikoa, zianetik hurbil dagoena, Aquarius zeinuarekin lotua dago. Uranio elementu kimikoak, Martin Heinrich Klaproth kimikari alemaniarrak 1789an aurkitua, berriki aurkitua izan zen Urano planetarengandik jasotzen du izena. Planetaren izena Urano izan zedin lagundu zuen.[133]

"Uranus, The Magician" Gustav Holst konpositorearen The Planets orkestra suiteko mugimendua da, 1914 eta 1916 artean idatzia.[134] Urano Operazioa Armada Gorriak Bigarren Mundu Gerran egindako operazio militar arrakastatsua ere izan zen. Stalingrad berreskuratzea ahalbidetu zuen eta Wehrmacht armadaren aurkako lurreko gerran inflexio-puntua markatu zuen.[135]

Fikzioa

Urano literaturan, filme eta telebistan, komikietan eta bideo-jokoetan agertu izan da, baita bere sateliteak ere. Hala ere, bere aurkikuntza berantiarragatik beharbada, ez da beste planetak bezainbeste atera. Lehen agerpena 1784ean izan zuen, Mr Vivenair izen anonimoaren sinadurapean argitaratu zen “A Journey Lately Performed Through the Air in an Aerostatic Globe, Commonly Called an Air Balloon, From This Terraquaeous Globe to the Newly Discovered Planet, Georgium Sidus” nobelan.[136] Ondoren, Cthulhuren mitoetan L'gy'hx izenarekin agertu da, baita Captain Underpants haurrentzako zientzia-fikziozko nobeletan.

Ikus-entzunezkoen alorrean, Doctor Who, Space Patrol edota Futurama telesailetan agertu da, baita Journey to the Seventh Planet 1962ko filmean ere.[137] Supermanen komikietan robot mekanikoak bizi dira Uranon eta DC One Million seriean Starmanek zaintzen du Urano, Linterna Berdea ordezkatu ostean.[138] Sailor Moon mangan eta Mass Effect bideo-jokoan ere ateratzen da Urano. Azken honetan, Helio-3 lortzeko meatzeak egin dituzte pertsonek bertan, bizitza errealean proposatutako aukera bat.[139]

Oharrak

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak