Vox (alderdi politikoa)

Vox (edo VOX, latinezko 'ahots' hizetik ekarria) eskuin muturreko[13][14][15][16][17][18][19][20][21][22] eta eskuin populismo erradikaleko[23][24][25][26][27][28][29][30] espainiar alderdi nazionalista bat da, 2013ko abenduaren 17an Espainiako Alderdi Popularreko kide ohiek sortua: haien artean, Santiago Abascal eskuin muturreko[17] euskal herritarra ezagunena da.[31]

Vox
Idazkari nagusiaJavier Ortega Smith
Sorrera2013ko abenduaren 17a
Egoitza nagusiaMadril, Espainia
Ideologia politikoa
Eserlekuak erakundeetanDiputatuen Kongresuan
39 / 350

Espainiako Senatuan
3 / 266

Zinegotziak Espainian
529 / 67.611

Eusko Legebiltzarra
1 / 75
www.voxespaña.es

Haren egitasmoaren funts nagusiak bi dira: Espainiaren batasunari eustea eta autonomia erkidegoak kentzea.[32] Espainia Europar Batasunetik ateratzearen alde espresuki ez badaude ere, estatuek euren nortasuna mantentzearen alde daude, inoiz ez Europa elkartu baten alde.

Bilakaera

Emaitzak

2014ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan lehen aldiz aurkeztu zen: Espainia osoan 200.000tik gora boto eskuratu zituen, baina ordezkaritzarik ez. 2018ko Andaluziako hauteskundeetan, 390.000 bototik gora eskuratu zituen, 12 parlamentari eta, bozkei zegokienez, erkidego hartako bosgarren alderdi politikoa izan zen.[33]

2019ko apirilaren 28ko Espainiako Hauteskunde Orokorretan, 24 parlamentari lortu zituen Espainiako Kongresurako, alderdi horretako arduradunek aurreikusia zuten kopurua baina askoz ere txikiagoa[34], bai eta PP eta Ciudadanos alderdiekin eskuineko gobernu bat eratzeko kopuru eskasegia ere; Senaturako, berriz, 1. lorpen handia izan arren, Espainiako probintzia askotan bazterreko aukera politiko bat izan zen. Hego Euskal Herrian jakin zenez, bereziki Iruñeari buruz, Vox alderdiaren aldeko batez besteko boto kopurua nabarmen igo zen Guardia Zibilaren kuartelen ingurumarian.[35] 2020ko hauteskundeetan, Voxek EAEko batez besteko botoen oso gaineko emaitzak eskuratu zituen guardia zibilen ohiko guneetan.[36] Espainiako militarren artean eta Guardia Zibilean, alderdi bozkatuena da, PPari gaina hartuta.[37]

Espainia

Zentralismoa eta autonomia erkidegoen desegitea

"Deszentralizazio eraginkorraren" alde direla onartzen dute, betiere autonomiarik gabe eta hauen eskuduntzak probintzia eta udalerrietara pasaz. Honela, bere egitura probintzietako delegazioetan banatzen du VOXek, eta ez erkidego eta erregioka[38].

Espainiako hezkuntza, segurtasuna eta osasuna Estatuak kudea ditzala proposatzen du, bai eta Espainia osoak tributazio sistema berdina izatea, Hego Euskal Herriko foru-ogasunak deuseztatuz[39]. Segurtasunaren alorretik, Estatuak eskuduntza hau berreskuratu dezala polizia autonomikoak ezereztea aurreikusten du, bakarrik estatu mailakoak mantenduz. Gauza bera hedabide autonomikoekin, erregioek kudeatzen duten oro ken dadila eskatuz.

Gizarte eredu ultrakontserbadorea

Horretaz guztiaz gain, abortatzeko eskubidearen kontra eta Espainiako monarkiaren alde daudela ere adierazi dute.[40] Familia, tradizionala, estatuaren aurreko egitura instituzional modura kontsideratua izan dadin ere eskatzen dute, bai eta Espainiarren izaera markatu duten tradizio katolikoak errespeta eta susta daitezen ere. Nahiz eta alderdiak bere burua akonfesional gisa hartu, tradizio katoliko eta herrikoien alde dira, nazioaren nortasuna definitzen baitute. Bertan behera utzi nahi duten indarrean dagoen sexu bortizkeriaren kontrako legea, "sexuetako bat" baztertzen omen duelako.

Inmigrazioa eta etorkinak

Multikulturalismoaren aurka dago[41] eta jarrera katolikoa eta islamismoaren kontrakoa du[42]; gainera PRUNE, Espainiako musulman alderdi bakarra, legez kanpo uztearen alde agertu zen[43].

Frankismoaren aldeko adierazpenak

Hedabide batzuen arabera, VOXeko Málagako zerrendaburu batek "Frankismoa ez zela diktadura" aipatu zuen[44][45].

Espainiako Oroimen Historikoaren Legearen aurka dago eta berau desegitearen alde[46][47].

2029ko martxoaren 26an SER irrati katearen arabera, "Francisco Franco Fundazioko 3. kargudun garrantzitsuenak VOXek irudia hedabideetan hobekiago agertzeko enpresaburu lagunak erabili" omen zituen[48] eta Eldiario.es egunkari elektronikoak "Francisco Franco Fundazioaren bozeramaileak VOX finantzatzeko interesa erakutsi" omen zuen[49].

Finantziazioaren polemika

Alderdiaren esanetan bere kideen kuotez eta enpresaburu eta profesionalen diru-laguntza bitartez finantziatzen da, halere jada sorrerartik bere finantziazioaren inguruko jatorriaren polemika egon da.

Público egunkariaren arabera jada bere sorreran eta 2014. urtean zehar "jatorri ezezaguneko 940.000 euro diru-laguntza eta ondorengotza kontzeptuetan" jaso omen zituen, 2015ean, 462.712 euro; 2016an, 216.697 euro; eta 2017an, 189.763 euro, alegia, 2014-2017 artean denera, .834.064 euro[50].

Hainbat espainiar hedabideek ere alderdia bera sortu eta 2014ko Europako PArlamenturako hauteskundeetarako kanpainia burutzeko Irango Erresistentzia Kontseilu Nazionalaren diru-laguntzak jaso zituelako albisteak argitaratu zituzten[51][52]

Steve Bannon estatubatuar eskuin muturreko enpresaburua eta Donald Trump presidentearen hauteskunde kanpainia arduradun ohiaren babesa duela ere aipatu izan da, "Espainian Trumpismo antieuroparra hedatzeko baliatuz"[53].

Ezkertiar alderdiak legez kanpo uztea

Ahal Dugu ezkerreko alderdia ere legez kanpo uztearen aldekoak dira, komunistak izateagatik[54].

Europako eskuin muturrarekin harremanak

2017ko urtarrilean VOXeko ordezkaritza Europako eskuin muturreko alderdien biltzarreanegon zen; hara, besteak beste, Fronte Nazionala eta Marine Le Pen (Frantzia), Alemaniarentzako Alternatiba eta Frauke Petry (Alemania), eta Askatasunaren Aldeko Alderdia eta Geert Wilders (Herbehereak), eskuin muturreko alderdi eta politikariak bertaratu ziren[55].

Hego Euskal Herria

Euskal Autonomia Erkidegoa desegitea

VOXeko kideek ez dute Euskal Herriaren mugaz-gaindiko nortasunik aurreikusten. Euskal izaera Araba, Gipuzkoa eta Bizkaira mugatzen dute. Hirurotan dituzte taldeak, nahiz eta delegazio ofizialak bakarrik Bizkaian eta Araban eduki[38].

Euskal probinzien arteko lotura administratiborik ez du atsegin VOXek, eta are gutxiago Nafarroarekin. Alderdiak Eusko Jaurlaritza eta Legebiltzarra deuseztatzea proposatzen du, bai eta euskal probintzietako Batzar Nagusiak ere[39]. Organo autonomiko horien eskuduntzak Euskal Herriko Unibertsitatearen kudeaketa Estatuak kudea ditzan eskatzen du, bai eta haietatik eratorritako organo guztiak desager daitezen ere.

Ikurrei dagokienez, interes berezia du Espainia definitzen duten sinbolo eta ikurren sustapenean, nahiz eta euskal ikurrinaren kontra ezer ez esan. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren desagerpenaren ondorioz bandera horren ofizialtasuna baztertzea begi onez ikusten dute.

Tributazio eta zerga sistemaz ikuspuntu zentralista dutenez gero, Hego Euskal Herriko itun ekonomikoak ezereztea ere defendatzen dute, espainolekiko "pribilegiziozko" egoera sustatzen duela argudiatuz[39], administrazio bakar baten bidetik. Zentralismo horrek segurtasunean ere eragina du, Ertzaintzaren aurka baitago. EiTB ere ken dadin eskatzen du[56].

Nafarroako Foru Erkidegoa desegitea

Nafarroa Garaian taldea osatu zuen VOXek alderdia jaio berria zenean, nahiz eta oraindik ordezkaritza ofizialik bertan ez izan. 2011ko martxoan Nievez Cipresek sortutako Nafarroa eta Espainiako Eskuina, edo tokiko euskaran Naparra ta Españico Escuñe (gaztelniaz, DNE, Derecha Navarra y Española) alderdiko kideak Nafarroako VOXen sartu ziren 2015eko otsailean, berton alderdia osatu eta gorpuztuz[57]. DNE, hasieran katolikoa eta foruzalea zena, VOXen postura onartu zuen orduan, zentralismoa eta akonfesionaltasuna bere eginez.

Nafarroako VOXek ez du Hego Euskal Herriko euskal probintzien loturarik nahi. Nafarroako Parlamentua eta Gobernua kentzearen alde dago, baita 1841etik indarrean dagoen itun ekonomikoaaren aurka ere. Nafarroak berezko dituen eskuduntzak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kudeaketa Estatura pasa daitezen nahi du, bai eta haietatik eratorritako organo guztiak desager daitezen ere.

"Euskal Herria" hitzaren esangura politiko ororen aurrean oldarkor agertzen dira, Nafarroako UPN alderdiaren gisara. Ez du ikurrina nafar sinbolo gisa onartzen, eta elkarren arteko loturaren kontra joanda, Konstituzioaren IV. Xedapen Iragankorraren kontra ere bada, Nafarroa eta Euskadi lotzea onartzen duen artikulua.

Zentralismoaren bidetik, Foruzaingoa desager dadin ere eskatzen du, bai eta Nafarroako hedabide publikoak pribatizatzea edo ixtea ere[56].

Euskarari buruzko jarrera

Euskarari dagokionez, VOXek "Espainiako hizkuntzatzat" hartzen du, eta ez da haren ofizialtasunaren aurka espresuki agertzen, bai ordea administrazio publikoan lan egiteko kontuan hartua izan dadin. Hala ere, eta euskararen ofizialtasuna euskal autonomiari lotuta dagoenez (erkidegoek kudeatzen baitituzte Espainiako eskualdeetako hizkuntzen ofizialtasuna), aurreikusten da behin organo autonomiko guztiak deuseztatuta, euskararen ofizialtasuna Espainiako Gobernuak kudeatu beharko lukeela, ofizial izaten segituko balu. 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan eta 2023ko udal eta fortu hauteskundeetan, etxeetara bidalitako beren informazio guztia gaztelania hutsean bidali zuten.

Printzipioz, begi onez ikusten du hezkuntzan euskara egon dadin, baldin eta Hego Euskal Herrian dena gaztelaniaz ikasteko aukera badago. Horrela, Nafarroako eremu euskalduna mistoa izatera pasatzea nahi du[58]. Bidenabar, hezkuntzaren eskuduntza Estatuarena izan dadin eskatzen du, Frantziaren modura, Espainian ere bai[39].

2018ko Euskaraldian, Gipuzkoako VOXeko kideek mezua bota zuten gizarte sareetara, euskaraz, hizkuntzaren eta Euskaraldiarekin bat eginez, betiere "inposizioen" gainetik:[59]

«Egun bakarra gelditzen da Euskaraldirako! VOX-etik Espainiako kultura edo hizkuntzak defendatzen dituen edozein mugimenduri baietza emango diogu. Euskaraz hitz egin edo entzun nahi dutenak bat egin dezala Euskaraldian. Inposaketarik gabeko euskara batengatik!»
VOX Gipuzkoa

Euskal toponimiari dagokionez, ez dator bat herrietako euskal izenak bakarrik ofizialak izan daitezen. Alta, nahiago du aurretik egon diren erdal izenak berreskuratzea, eta horiek euskal izenekin batera legezkoak izan daitezen[39].

Nafarroako Foru Erkidegoan euskara batua "inposatu nahi dela" dio[60]

Alderdi abertzaleak desegitea

Independentistak diren alderdiak legezkanpo jartzearen aldekoa denez, euskal alderdi abertzaleen desegitearen aldekoa da[61][62].

Katalunia

Alderdi independentisten desegitea

Kataluniako alderdi independentisten desegitearen aldekoa da[61][62]

Hauteskundeetako emaitzak

Espainiako hauteskunde orokorrak

DataBotoakEserlekuak
kopuruaehunekoaDiputatuakSenatariak
201558.114% 0,23
0 / 350
0
201647.182% 0,20
0 / 350
0
2019 (I)2.688.092% 10,26
24 / 350
0
2019 (II)3.656.979% 15,09
52 / 350
2

Europako hauteskundeak

DataBotoakEserlekuak
kopuruaehunekoa
2014244.929% 1,56
0 / 54
20191.388.681% 6,20
4 / 59

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak