Xingola urdina

Xingola urdina (lazo urdina deituraz ezagunagoa) indarkeria politikoaren eta ETAren kontrako ikur bat izan zen Hego Euskal Herrian eta Espainian, paparrean pin moduan eramatekoa eta diseinu orokor bat. Agustin Ibarrola artistaren diseinua izan zen,[1] eta ikurra Bakearen Aldeko Koordinakundeak plazaratu zuen, 1993an zehazki.[2] Urte hartako uztailean bahitu zuten Julio Iglesias Zamora enpresaria, eta Askatasuna leloaren A hizkiaren formagatik hautatu zuten lazoa sinbolo gisa, enpresaria askatzeko mobilizazioen erdian.[3][2] Urte horretan, 80.000 pertsona atera ziren kalera xingola urdina ikurtzat hartuta Donostian, ETAren bahiketaren kontra.[4] Gerora, beste talde batzuek ere erabili izan dute —PPk, adibidez—, batez ere, Espainian.[2]

Xingola urdina ETAren eta Espainiako Gobernuaren kontrako manifestazio batean Madrilen (2007)[oh 1]

Jose Maria Aldaiaren bahiketan (1995), berriz erakutsi ziren kaleetan xingola urdinak, ETAren ekintzen kontra protesta egiteko.[5] Hain zuzen, Gregorio Ordoñez Donostiako PPko alkateordea izan zen ikur horren babesleetako bat ikurraren kontra oldartzen zirenen aurrean;[6] izan ere, Ezker Abertzaleak beste goiburu eta diseinu bat atera zuen xingola urdinari aurka jarria: "Euskal Herria askatu".[7]

Xingola urdina ETAren kontrako gero eta talde gehiagok bere egin zuten, eta Jose Antonio Ortega Lararen bahiketan heldu zen, segur aski, bere eraginaren gorenera (1997). 2000ko urteetan, PPk berriz heldu zion xingola urdinari, Madrilgo bere egoitzan haren irudi erraldoi bat erakutsiz eta Iñaki De Juana ETAko presoaren esperatze baldintzak arintzearen kontra, PSOEren Espainiako Gobernuak erabakia; PSOEko agintariek, bada, haiek ere xingola urdina soinean eramanez erantzun zuten.[8]

Oharrak

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak