Archaeopteryx baten ustezko itxura.

Archaeopteryxa lumaz estalitako hegaldun dinosauro bat izan zen. Hegaztiak dinosauroetatik abiatuta garatu zirela uste da eta Archaeopteryxa horren froga gisa hartzen da, bien ezaugarriak baitzituen.

Archaeopteryxa duela 159-144 milioi urte bizi izan zen eta aurkitutako fosil guztiak Alemaniako hegoaldekoak dira.

Nolakoa zen?

Archaeopteryx helduak 60 zentimetroko luzera eta 60 zentimetro zituen hegal-punta batetik bestera. Gaur egungo usoenak bezalako hegal-lumak zituen. Baina bazituen antzekotasun batzuk dinosauro haragijale txiki batzuekin: ongi garatutako hortzak zituen eta lepo luze, mehe eta malgua. Gainera, hezur luzeak zituen hanketan eta atzaparrak eskuetan.

Portaera

Zientzialari batzuen ustez, Archaeopteryxak lurrean korrika eta saltoka hasiz eta hegoak astinduz hasten zen hegan. Beste aditu batzuek diotenez, ordea, zuhaitz baxuetan igota denbora asko igarotzen zuen eta horrela adarren gainetik salto egin eta hegaldi laburretan planeatzen zuen. Zuhaitzetan ez zegoenean, bizi zen uharteen inguruko urmaeletan arrantzan ibiltzen zen seguru aski. Archaeopteryxek, dinosauroak eta hegazti modernoak bezala, obiparoak ziren, hau da, arrautzak erruten zituzten.