Johann Christoph Friedrich GutsMuths
Tresnak
Orokorra
Inprimatu/esportatu
Beste proiektuetan
Johann Christoph Friedrich GutsMuths | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Quedlinburg, 1759ko abuztuaren 9a |
Herrialdea | Prusiako Erresuma |
Heriotza | Ibenhain, 1839ko maiatzaren 21a (79 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | University of Halle-Wittenberg (en) |
Hizkuntzak | alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | saiakeragilea, irakaslea, geografoa, gimnasta eta pedagogoa |
Johann Christoph Friedrich GutsMuths , Guts Muths edo Gutsmuths izenekin ere ezaguna (Quedlinburg, Prusia, 1759ko abuztuaren 9a - Ibenhain, Waltershausen, 1839ko maiatzaren 21a), alemaniar irakaslea eta hezitzailea izan zen. Bere ekarpen nagusia gorputz hezkuntzaren garapena izan zen, eta bere ekimenez, ariketa fisiko sistematikoa eskolako curriculumean sartu zen. Gimnasia artistikoaren oinarriak ere garatu zituen.
Jaiotzez Johann Christoph Guthsmuths zeritzon; baina geroago argitalpenetan GuthsMuths grafia erabili zuen, eta Friedrich hirugarren izena hartu zuen.[1] Lehen ikasketak herriko eskolan egin zituen. Aita larru-ontzailea zuen, eta berak 14 urte zituela hil zen; ondorioz, klase partikularrak ematen aritu zitzaien Quedlinburgeko Friedrich Wilhelm Ritter medikuaren bi semeei; horrela batxilergo ikasketak ordaindu zituen, etxera dirua ekartzeaz gain. Pedagogiarekiko eta Ilustrazioko autoreekiko interesa ordutik erakutsi zuen.
1779tik 1782ra Halle an der Saaleko Unibertsitatera joan zen (Alemaniako lehen unibertsitate modernoa), Quedlinburgeko Udalaren dirulaguntza baliatuz. Han teologia, fisika, matematika, filosofia, historia, frantsesa, italiera eta ingelesa ikasi zituen, eta Ernst Christian Trapp filantropoaren hitzaldiak entzun zituen pedagogiari buruz. Gainera, Rittertarren etxean klase partikularrak ematen jarraitu zuen; hain zuzen ere, semeetako bati geografiarekiko interesa piztuko zion: Carl Ritter geografo ospetsua bihurtuko zen, eta maisuaren eta ikaslearen arteko harremanak bizitza osoan iraungo zuen.
1784an Ritter aita hil zen; eta seme biak Schnepfenthaleko Salzmann Ikastetxe sortu berrira joan ziren. Christian Gotthilf Salzmann zuzendari eta filantropoak, GutsMuthsen gaitasunaz jabeturik, ikastetxean lanpostua eskaini zion; 1785ean hartu zuen postua, eta handik aurrerako bizitza profesional osoa (50 urte baino gehiagoz) ikastetxe honetan emango zuen. Bertan, irakasgai arruntak ematen hasi zen; baina afizio gisa ikasleekin gimnastika lantzen hasi zen, ikastetxeko "zuhaitzez inguratutako jokozelaia eta Dessauko Philanthropinum ikastetxeko ariketa-errepertorioa" baliatuz.[2] Ikastetxean horrelako zerbaiten baten premia zegoela iritzita, GutsMuths ikasgaia metodikoki lantzeari ekin zion. Salzmann zuzendariaren oniritziarekin, ariketak eta jolas fisikoak ibilaldi, lorezaintza eta eskulanekin konbinatu zituen, ikasle bakoitzaren konstituzio fisikoa eta gaitasunak kontuan hartuz. Denborarekin, atal hau Schnepfenthaleko ikastetxearen ezaugarri bat bihurtuko zen. Gutsmuthsek gimnasia gorputzaren kultura gisa deskribatu zuen, heziketa integral batean funtsezkoa zena izaera indartsu bat lortzeko.
1793an, GutsMuths-ek Gymnastik für die Jugend ("Gazteendako Gimnasia") argitaratu zuen, gimnasiari buruzko lehen ikasliburua.
1797an Binderslebeneko Sophie Eckardekin ezkondu zen. Hurrengo urtean Ibenhain ondoko herrira aldatu ziren. Han 8 seme eta 3 alaba izan zituzten,[3] eta irakaskuntzaz gain GutsMuths baratze eta artisautza lanetan aritu zen.
Hurrengo 25 urteetan heziketa moral eta fisikoari eta geografiari buruzko idazlanak argitaratzen jarraitu zuen. Abertzalea izanik, Prusiako gobernuko Von Massow ministroari formakuntza militarrean ariketa fisikoa sartzeko proposamena egin zion, eta Gymnastik... liburuaren bigarren edizioan fusilarekin egiteko eta oinezko martxa ariketak sartu zituen.[4]
1834an, Schnepfenthalen irakasle bezala 50. urte bete zituenean ospakizun bat egin zuten. GutsMuths 1839ko maiatzaren 21ean hil zen Waltershausen-en; bere gorpua Salzmann zuzendariaren ondoan ehortzi zuten.
Eskuliburuaren izenburu osoa hauxe da: "Gazteendako gimnasia. Gida praktikoa eskolek erabiltzeko ariketa zoragarri eta dibertigarriei buruz. Gorputz hezkuntzan egin behar diren hobekuntzei buruzko entsegua". Idazleak Wolff-en eragina aitortzen du, naturalismo izeneko mugimendu intelektualarekin batera -Jean-Jacques Rousseau filosofoaren lana barne- eta Antzinako Greziako gimnasian oinarriturik. GutsMuthsen zioa gizarte modernoak berarekin zekarren gainbehera fisikoa ekiditea zen; horretarako, gimnasia metodo zientifiko bat garatzea nahi izan zuen, garaiko fisiologia eta dietetika ezagupenekin integratuz. Lehen aipatu dugunez, Johann Bernhadt Basedow-ek Philanthropinum ikastetxean garatutako eredua jarraitu zuen. Halere, ariketa fisikoa ulertzeko modu berrian Gutsmuthsen lanak izan zuen eraginik handiena.
Eskuliburuan 29 ariketa desberdin deskribatzen ditu, Greziako pentatloiaren eta berak asmatutako ariketa berrien inguruan egituraturik. Bere idazlanak eskalada, dantza, jauzia, ariketa militarrak, korrika egitea, igerian egitea, jaurtitzea eta oinez egiteko ariketak ere bazituen. Bigarren edizioa orekari, bainatzeari, pisu-eramateari, deklamazioari, barauari, jauzi ariketei, pisu-altxatzeari, eskulanari, aire libreko gimnasioa antolatzeari, tiratzeari eta borrokatzeari buruzko informazioarekin osatu zen.
Liburuaren kapitulu batek (Ball mit Freystäten, oder das Englische Base-ball) ("Estazio libredun pelota, edo base-ball ingelesa") beisbol modernoaren aurrekariaren deskribapena dakar, gerora strikeout izenarekin ezagutuko zen araua barne.[5]
GutsMuthsen lan honek arrakasta handia izan zuen, eta hizkuntza askotarako itzulpenak egin ziren, gerora hainbat aldiz berrargitaratuak eta plagiatuak izango zirenak. Danimarkan eta Suedian bereziki, liburu honen hedapenak kirola diziplina bereizi gisa aitortzea ekarri zuen.[6] 1800an edizio bat argitaratu zen Londresen (J. Johnstonek inprimatua) eta 1802an Amerikako Estatu Batuetan (Filadelfiako William Duanek inprimatua). Bigarren edizioa 1804. urtean atera zen.
Hauek dira GutsMuthsek argitaratu zituen lan nagusiak:
GutsMuthsi "gimnasiaren aitona" izatea aitortu zaio. Bere lana gorputz hezkuntza landu zuten espezialista askotan eragina izan zuen, hala nola:
GutsMuthsen omenez izendatutako erakunde, elkarte, instalakuntza, leku eta taldeen izenak oso ugariak dira:
Erdialdeko Europako trail running lasterketa garrantzitsuenak (Rennsteiglauf, Turingiako oihanean zehar) ere bere izena du.
2009an, Waltershausen herriak nazio-ospakizun bat egin zuen GutsMuthsen 250 urteurrenaren harira; Schnepfenthalen ibilaldiak, jaialdia, folklore emanaldiak, erakusketa eta bestelako ekitaldiak izan ziren.
Autoritate kontrola |
|
---|