Veneziaren ondoren, Italiako Adriatiko kostaldeko turismogune garrantzitsuena da ziur aski. Artzapezpiku-hiria da. Aipagarriak dira erromatarren garaiko zubia (K. o. 21), garaipen-arkua (K.a. 27 - K. o. 21), anfiteatroaren hondakinak eta Malatesta familiaren eliza (XIV. mendea). Komunikabide-gune garrantzitsua da (burdinbideak, aireportua). Turismoa erakartzen du (hondartzak).
Marecchia izeneko hiri unbriar-etruskoa zen erromatarrak hara joan baino lehen (K.a. 268). Ariminium izena eman zioten erromatarrek. Kontzilio bat egin zuten arriotar kristau buruzagiek Riminiko hirian 359. urtean, arriotarrek Kristoren jainkotasunaren aurrean azalduriko zalantza guztiak argitzearren. Bizantziarrak nagusitu ziren hurrengo urteetan hirian, godoak ondoren, bizantziarrak berriro, eta lonbardiarrak eta frankoak azkenean. Aita santuaren eskuetara igaro zen 754an, Pepino Laburrak eskaini ondoren. Malatesta familia izan zen nagusi 1295etik 1528ra bitarteko urteetan, eta aita santuen gobernupean egon zen ondoren, 1860an Italiako Errepublikako hiri bihurtu zen arte. Gudaroste aliatuek bonbardatu zuten Bigarren Mundu Gerran.