Reggioren jatorria arkeologia eta mitologiaren artean ezkutatzen da. K.a. 3. milurtekotik aurrera, populazio pelasgikoa (askenazioak eta ausonioak Diodoro Sikulok aipatutakoak, eta enotrioak Dionisio Halikarnasokoak eta Estrabonek aipatzen dituztenak) bizi ziren han. Ondoren, Eubeako kalkistarrek eta meseniarrek fundatutako Erythrà («Gorria») izeneko hiriaren hondarren gainean, italoak kokatu ziren. Hiri hau greziarrek hegoaldeko Italian fundatutako hiririk zaharrena da, Kumasen ondoan. Izan ere, K.a. VIII. mendean, (730ean) sortu zuten. Mitologiaren arabera, Delfosko orakulua erakutsi zuen hiria fundatu behar zen tokia[3].
Lokros hiriarekin aliatuta, Sagrako batailan parte hartu zuen, K.a. VI. mendean. Estrabonen arabera, Lokroseko 10.000 soldaduk eta Reggioko tropek, Crotonako 130.000 gerlariak garaitu zituzten[4]. Reggio Magna Graeciako hiri garrantzitsuenetariko bat izan zen, K.a. V. mendean, Anaxilao tiranoaren agintaldian itzal handia lortuz. Reggioko polisaren garapen artistiko eta kulturala erlazionatuta dago bere eskola filosofikoa pitagoriko eta eskultura eta poesiako eskolarekin.
Erromaren aliatua izanik, udalerri bihurtu zen K.a. 89an. Erromatar Inperioaren garaian, hegoaldeko kulturako gune ospetsuenetariko bat izan zen. Hiri honetan Regio III Lucania et Brutii-ren (Lucania eta Bruzioko erregioa) gobernadorearen egoitza zegoen. Reggion Tirrenoko isurialdea zeharkatzen zuen Via Capua-Rhegium hasten zen.
VI. mendeanBizantziar Inperioaren mende gelditu zen. Bizantziarrek Italiako hegoaldean kontrolatzen zituzten lurraldeen metropoli bilakatu zuten. Calabriako dukerriaren hiriburua eta Italiako greziar errituaren ardatza izan zen. VIII. mendearen amaieran nolabaiteko oparotasuna lortu zuen, apezpiku-egoitza izanik. Goi Erdi Aroan, Reggioko populazioa handitu zen, hiriak zuen garrantzi estrategikoaren seinale. Lombardiarren esku egon zen X. mendean, eta X.-XI. mendeen bitartean arabiarrek menperatu zuten. Azkenean, 1005ean,Pisako Errepublikak, lombardiarrek, bizantziarrek eta normandiarrek aliantza bat eratu zuten arabiarrak kanporatzeko.
Siziliarekin zituen merkataritza harreman nagusiak zirela eta Gonzalo Fernández de Córdobak Reggio konkistatu zuen Fernando Katolikoaren koroarentzat. Otomandarren eta berberiarren inbasioek hiria suntsitu zuten XVI. mendean. Bestalde, espainiarren zerga zapaltzaileek eta izurriak Reggio endekapenera eraman zuten. Egoera horrek behea jo zuen 1783ko lurrikararekin[5]. Seismo hark larriki kaltetu zuen Reggio eta hegoaldeko Calabria guztia.
1908ko abenduaren 28an, hiriak beste lurrikara handi bat pairatu zuen. Lurrikarak hiria hondatu zuen itsasikara (tsunami) bat eragin zuen[5]. Hiria berriztu zen lurrikararen kontrako irizpideak jarraituz, hala nola, garaiera gutxiko etxeak, kale elkarzutak...
Bigarren Mundu Gerran, britaniar armadaren 8. erregimentuak bonbardaketa handiak egin zituen. Hiria 1943an askatu zutenerako, 4.000 lagun hil ziren gerraren eraginez. Gerra amaitu zenean, populazioa handitu zen, gaurko 200.000 biztanleak lortu arte. 1960ko eta 1980ko hamarkaden artean, antolatutako kriminalitatea garatu zen hiriaren degradazioa sortuz, baina 1990ko hamarkadatik aurrera mugimendu berritzaile[6] bat sortu zen.
2012kourriaren 9an, Mario Montiren gobernupean, Italiako Barne ministro zen Anna Maria Cancellierik hiriko udal gobernua deuseztatu zuen, udal gobernuak Ndrangheta izeneko erakunde mafiosoarekin zeuzkan harremanak zirela eta. Garaiko alkatea Demetrio Arena zen, Il Popolo della Libertà (PdL) alderdikoa. Hala, Italian gobernu bat deuseztatzearen erabakia hartu zen lehen aldia izan zen.[8][9]
Metropoliko ehun industriala garapen askorik gabe mantentzen da 1908ko lurrikararen ondorioz. Aurretik industria, zeta eta bergamota ziren gai ekonomiko nagusiak.
Azken hamarkadetan hainbat industria garatzen hasi ziren, Colombo pakete izeneko programa publikoaren bitartez, batik bat, baina ez zuten arrakastarik lortu: Saline Joniche guneko polo kimikoa ez zen inoiz martxan jarri, eta San Gregorio ehungintza gunea krisialdian dago. Gune metropolitarreko beste azpiegitura batzuk erabilera aldaketak jasan dituzte, hala nola Gioia Tauroko portua.
Azken urteotan, ekonomia jarduera moldatzen saiatu dira, turismora bideratuz, bai kokapenaz zein antzinaroko arrasto eta natur inguruez baliatuta. Bestalde, nekazaritza arloan produktu nagusia bergamota da, mundu osoko perfumeen ekoizpenean oso erabilia.
Hiriak burdinbide gune handia du, bertan Italiako bi trenbide nagusi lotzen direlarik: Tirrenica Meridionale burdinbideak hiria Salerno, Napoli eta Erromarekin lotzen du, eta Jonica burdinbideak, aldiz, Taranto eta Barirekin.Hirian Aeroporto dello Stretto izeneko aireportua dago, Tito Minniti izenez ezaguna.Italiar penintsula eta Sizilia lotzen dituen Metromare dello Stretto itsasontzi zerbitzua ibiltzen da.Hiriarteko eta hiri barruko autobusak ere daude.
Aipagarriak dira molde erromaniko-bizantziarrean berritutako katedrala, hondakin erromaniko eta grekoak eta Museo Nazionale della Magna Grecia museoa. Azken honek arkeologia aztarnen bilduma garrantzitsua gordetzen du.