Euskara-islandiera pidgina

XVII. mendean mintzatu zen pidgina
Euskoislandiera» orritik birbideratua)

Euskara-islandiera pidgina (Islandiera-euskara pidgina, halaber) XVII. mendean Islandiako Vestfirðir eskualdean erabilitako pidgin hizkuntza izan zen[1], Islandiara joandako arrantzale eta merkatari euskaldunek sorturikoa bertako biztanleekin.[2][3] Ingelesaren eta frantsesaren eragina zuen, eta Ipar Atlantikoan hainbat herrialdetako arrantzaleek izandako hartu-emanetan oinarritzen zen.

Euskoislandiera
Vestfirðir (euskaraz: mendebaldeko fiordo) Islandiako zortzi eskualdeetako bat.
Datu orokorrak
Lurralde eremua Islandia
Hiztunak0
EskualdeaVestfirðir
AraugileaEz
Hizkuntza sailkapena
Euskara?
Hizkuntza kodeak
Glottologicel1248

Historia

Bizimodua atera nahian, euskaldunak lehenak izan ziren Bizkaiko golkoan baleak harrapatzen[4]. Jarduera horren idatzizko lehen agiria 670. urtekoa da. Agiri horren arabera, Lapurdiko arrantzaleek 40 poto lumera (balea-olio) saldu zituzten Frantzia iparraldean[5].

Ipar Atlantikoan Euskal Herriko arrantzaleei egindako lehen aipamena, berriz, 1412. urtekoa da. Islandiarrek diote Grundarfjörðuretik 500 itsas milia mendebaldera Euskal Herriko hogei baleontzi inguru zebiltzala urte hartan.[5]

Ziurrenik euskaldunek hamarkada batzuk bazeramatzen ordurako ur haietan, balea-ehizan eta merkataritza-jardueretan. Balea-ehizak irabazi handiak ematen zituen, eta sekula agortzen ez zen baliabidea zirudien. XIII. mendean baleak harrapatzeko hainbat portu eraiki ziren, horien artean 1204an Getariakoa edo Lekeitiokoa. Hala ere, 1334. urterako balearen gainbehera hain zen nabaria Bizkaiko golkoan, ezen Alfontso XI.a Gaztelakoak arrantzarako behin-behineko debekua ezarri baitzuen[5], stocka handitzeko asmoz. Horrek arrantzaleak beste itsaso batzuetara bultzatu zituen.

XV. mendean, euskaldunak Kanadan zebiltzan, balea eta bakailao arrantzan. Hara iristeko, Islandiatik eta Groenlandiatik igaro behar zuten. Gutxienez bederatzi arrantza-gune ezarri zituzten horretarako Labradorren eta Ternuan: handienak 900 lagunentzako lekua zuen eta Red Bayn zegoen.

Islandiarren eta Euskal Herriko baleazaleen arteko harremanak ez ziren beti baketsuak izan. Hain zuzen ere, haien arteko liskarrak zirela-eta gertatu zen Islandiako historian izandako sarraskirik latzena, Spánverjavígin ("Espainiarren sarraskia") izenez ezaguna. 1615 eta 1616 artean, hiru baleontzi hondoratu ziren Vestfirðirren edo mendebalderagoko fiordoetan, eta Piarres Agirre, Esteban Telleria eta Martin Villafrancakoaren esanetara zihoazen 50 marinel hil zituzten islandiarrek[6].

Aurkikuntza

Bolungarvík

1905 aldera, Jón Helgason filologo eta poeta islandiarrak Kopenhageko Unibertsitateko Arnamagnaeana liburutegian bi hiztegi[7] aurkitu zituen, pidgin hauek jasotzen zituztenak: Vocabula Gallica ("Frantsesezko hiztegia") eta Vocabula Biscaïca ("Bizkaierako hiztegia").[1][8] XVII. mendearen bukaerakoak edo XVIII. mendearen hasierakoak dira[9][10]. Lehendabizikoak 16 orrialde ditu eta 517 hitz, eta bigarrenak, 10 orrialde eta 228 hitz. Hau da, 745 hitz guztira.

Eskuizkribuan, eguneroko hitzak ez ezik, balea ehizarekin eta haren ingurumariarekin lotutakoak ere badaude. Nork eginak diren ez dakigu, baina ikertzaileen ustetan, jarduera horretan aritzen ziren idazle bi izan bide ziren, Euskal Herriko arrantzaleak, bertako biztanleekin lotura estua zutenak.[1] Hiztegiak lapurterazko hitzak dakartza gehienbat, baina beste hizkuntza batzuetakoak ere baditu, tartean frantsesezkoak, gaztelaniazkoak eta ingelesezkoak.[9]

Helgason Christianus Cornelius Uhlenbeck-ekin harremanetan jarri zen, Leidengo Unibertsitateko euskal gaietarako adituarekin. 1927an, Nicolaas Gerardus Hendricus Deen hizkuntzalari herbeheretarrak (Uhlenbeck euskalariaren ikaslea) Euskal Herrira bidaiatu zuen Julio de Urquijorekin elkarlanean aritzeko. 1937an, Deenek gai horri buruzko doktore-tesia aurkeztu zuen Leidengo Unibertsitatean[1]. "Glossaria duo vasco-islandica" izenburua zuen, 125 orrialde zituen eta latinez idatzita zegoen[11].

F. Mullerrek zuzendutako tesia 135 orrialdeko liburutxo bat da. Haren onarpen zientifikoa, ordea, Espainiako Gerra Zibilak (1936-1939) eta Bigarren Mundu Gerrak (1939-1945) eklipsatu zuten. Gainera, Nicolaas Gerardus Hendricus Deenen tesia ezagunagoa izango zatekeen latinaren ordez beste hizkuntza moderno batean argitaratu izan balu.

Tesian ikerketa ortografikoa eta fonetikoa egin zituen eta bukaeran, eranskin moduan, hiztegi biak kopiatu zituen. Hitzaurrean, Urquijori eskerrak eman ondoren, Deenek honela dio[12]:

«Utinam renascatur pulchrius ac fortius Vasconia et bona cum pace iamiam vivat Hispania
«Euskal Herria inoiz baino indartsuago eta ederrago itzul dadila bizitzara, eta Espainiak ere izan dezala laster bakean bizitzeko aukera!»
»

Deenek lau zutabetan argitaratu zituen hiztegiak: euskara / islandiera / alemana / gaztelania.

Lana ez da Julio de Urquijoren liburutegian aurkitu[13], baina Angel Irigaraik berreskuratu zuen[14] Gipuzkoako Foru Aldundiaren liburutegian.

Eskuizkribuak 1986an itzuli zituzten Islandiara, baina horietako bat galdu egin zen.[15][16]

Adibideak

Baleontziak 1790. urte inguruan.
Bolungarvíkeko arrantza-postu bateko museoa
Euskara-islandiera

(Basco-islandais)

EuskaraIslandaisFrançais
GessurtiaGezurtiaSträkurMenteur
SattoZatozKom puViens
NescagastiaNeska gazteaÖgift konaJeune fille
Ez tacitEz dakitEg veit echiJe ne sais pas
Suas camporatZoaz kanporaFardu frä mierVa-t'en
GekiseiteJaiki zaitezFardu ä faeturDebout
Basco-islandaisBasqueEspagnolFrançais
suasuafuegole feu
harriaharriapiedrapierre
eskoraaizkoraachahache
kanavitaganibetacuchillocouteau
schularuaeskularruaguantegant
unathunat!ven aqui!venez ici
lingvamihilengualangue
truckatrukatutrocartroquer

Pidgin-esaldiak

Vocabula Biscaica eskuizkribuak pidgin elementu bat duten esaldi hauek ditu:

Euskal glosarioaEuskara modernoa</ref>Islandierazko glosarioaIslandierazko ortografia estandarraIngelesera itzulitaHitzaren zenbakia
Presenta for miEmadazuGiefdu mierGefðu mérGive me193 & 225
Bocata for mi attoraGarbi iezadazu atorraÞvodu fyrer mig skyrtuÞvoðu fyrir mig skyrtuWash a shirt for me196
Fenicha for juIzorra hadi!Liggia þigLiggja þigFuck you!209
Presenta for mi locariaEmaizkidazu lokarriakGiefdu mier socka bondGefðu mér sokkaböndGive me garters216
Ser ju presenta for miZer emango didazu?Hvad gefur þu mierHvað gefur þú mér?What do you give me?217
For mi presenta for ju biskusa eta sagardunaBizkotxoa eta sagardoa emango dizkizutEg skal gefa þier braudkoku og SyrdryckÉg skal gefa þér brauðköku og súrdrykkI will give you a biscuit and a sour drink218
Trucka cammisolaJertse bat erosiKaufftu peisuKauptu peysuBuy a sweater219
Sumbatt galsardia forZenbat galtzerdiagatik?Fyrer hvad marga sockaFyrir hvað marga sokka?For how many socks?220
Cavinit trucka for miEz dut ezer erosikoEckert kaupe egEkkert kaupi égI buy nothing223
Christ Maria presenta for mi Balia, for mi, presenta for ju bustanaKristok eta Mariak balea ematen badidate, buztana emango dizutGefe Christur og Maria mier hval, skal jeg gefa þier spordennGefi Kristur og María mér hval, skal ég gefa þér sporðinnIf Christ and Mary give me a whale, I will give you the tail224
For ju mala gissunaGizon gaiztoa zaraÞu ert vondur madurÞú ert vondur maðurYou are an evil man226
Presenta for mi berrua usnia eta berria buraEmadazu esne beroa eta gurin berriaGefdu mier heita miölk og nyt smiorGefðu mér heita mjólk og nýtt smjörGive me hot milk and new butter227
Ser travala for juZer lan egiten duzu?Hvað gjörir þú?What do you do?228

Hitz horietako gehienak euskal jatorrikoak dira:

  • biskusa, lapurterazko hitza. 'Bizkoxa' hitz mailegatua da (fratsesez biscuit). Gaur egunean, etxeko bixkotxa (gâteau basque).
  • bocata, Iparraldeko euskalkietan 'lixiba'. 'Lixiba egitea': arropa garbitzea.
  • bustana, buztana
  • eta
  • galsardia, galtzerdia
  • gissuna, gizona
  • lokaria, lokarria
  • zer?
  • travala, euskara zaharrean 'trabaillatu', frantsesarekin eta espainierarekin lotua. 'Lan egin'
  • usnia, esnea
  • bura, gurina. Lapurdin 'burra', hitz mailegatua Beurre frantsesez, burro italieraz eta burro okzitanieraz

Hitz batzuk germaniar jatorrikoak dira:

  • for mi, ingelesezko 'for me' edo alemanezko 'för mi'.
  • for ju, ingelesezko 'for you' edo alemanezko 'för ju'

Eta beste batzuk hizkuntza erromanikoetatik datoz:

  • cammisola, atorra, espainierazko camisola
  • fenicha, larrutan egin, espainierazko fornicar
  • mala, gaiztoa, frantsesez edo espainieraz malo
  • trucka, trukatu, espainieraz trocar, to exchange

Pidgineko substantibo eta adjektibo guztiak euskal -a artikuluarekin markatuta daude, baita atzizkia euskaraz antigramatikala denean ere. Substantibo eta adjektiboen ordena ere alderantzikatu egiten da. Adibidez, "esne beroa" > berrua usnia.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak