Amara Berri sistema

Amara Berri sistema Donostiako Amara Berri eskola publikoan 1979. urteaz geroztik darabilten hezkuntza sistema berritzailea da, Loli Anaut irakaslearen ekimenez sortua, besteak beste oinarri hauek dituena: ikastetxeko kide guztien arteko elkarlana, komunikazioa eta elkartasuna; ikasleen parte hartze aktiboa; eta jarduera praktikoen bidez ikastea. Arrakasta handia izan du ikasketa emaitzen eta ospearen aldetik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste ikastetxe askotara zabaldu da.[1][2] 2010ean, guztira hogei eskola ziren, eta guztiak Amara Berri sistemaren sarean sartuta zeuden, jakintzak trukatzearren eta etengabe hobetu eta berritzearren. Eusko Jaurlaritzak laguntzak ematen dizkie sistema horretara aldatu nahi duten eskola publikoei.[3]

Amara Berri sistemako metodologiaren zenbait ezaugarri:[4]

  • Indibidualizazioa.
  • Sozializazioa.
  • Jarduera.
  • Sormena.
  • Askatasuna.
  • Ingurunearen egoeraz jabetzea eta aldaketei erantzutea.
  • Globalizazioa.

Ikasketa kooperatiboa erabiltzen du, parekoen arteko elkarlaguntza sustatzen da. Bi ikasturtetako ikasleak elkartzen dira. Ikasturte batean, urtebete zaharragoekin lan egiten du haurrak; eta hurrengo ikasturtean, urtebete gazteagoekin. Bi urtetan jaiotako ikasleak nahasten dira, beraz. Hezkidetza erabiltzen da (neskak eta mutilak elkarrekin). Ez dira ikasleak taldetik bakartzen, jaso beharreko laguntzak ikasgelan bertan jasotzeko ahalegin berezia egiten da. Eskolako irratia, kideen aurreko aurkezpenak-eta erabiltzen dira, ahozkotasunari garrantzia emateko. Ikaslea protagonista izatea bilatzen da, eta irakaslearen lana da ekintzak proposatzea eta ikasleen arteko elkarlaguntza sustatzea.

Erreferentziak

Kanpo estekak


Artikulu hau zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.