Amerikaren aurkikuntza

Amerikaren aurkikuntza deritzo 1492ko urriaren 12an europar talde batek, Kristobal Kolon buru zutela, Asiara iritsi zirela pentsatuz, Karibeko itsasoko Guanahani uhartera iristeari, Espainiako Errege-erregina Katolikoen agindupean. Historia unibertsaleko une gorenetariko bat dela esan ohi da, aurkikuntza hark, bortitza izan zen arren, bi giza mundu oso desberdinen topaketa ekarri baitzuen, ordura arte bakoitzak bere bidea jarraitu zuen bestea existitzen zela ere jakin gabe. Aurkikuntzak oso eragin handia izan zuen Europan, eta mundu modernoaren abiapuntu izan zen.

Kolon Amerikara iristerakoan

Kristobal Kolonek uste zuen Asiara iritsi zela -garai hartan Indiak izendatua- eta uste horrekin utzi zuen mundua, europarrentzat ezezaguna zen kontinente bat aurkitu zuela jakin gabe.

Amerikaren aurkikuntza esapidearen inguruan

Amerikaren aurkikuntza hitza ez dute egokitzat jotzen amerikar gehienek. Kolon Ameriketara iritsi zenererako Amerika dagoeneko oso populatuta baitzegoen eta Amerikako bertakoek esploratuta baitzuten lurralde guztia Kolon iritsi zenerako.

Historialari batzuk Kolon Ameriketara iritsi edo espainiarrak Ameriketara heldu izenaz deitzea gomendatzen dute.

Aurkikuntzaren ondoren Amerika kolonizatzeko prozesua hasi zuten Europako estatu batzuek. Europarrak arlo batzuetan teknologikoki aurreratuagoak zirela aprobetxatuz, Espainiak, Portugalek, Holandak, Ingalaterrak eta Frantziak amerikar lurrak kolonizatu zituzten.

Aurrekariak

Itsasbide Komertzialak

1474ko Toscanelliren mapa gaur egungo ezagutzarekin gainezarria.

Espedizioa XVI. mendearen hasieran gauzatu zen. XV. mendean, aurrerapen handiak egon ziren nabigazioan, batik bat Portugal eta Espainian. Honek ekarri zituen itsasbide berriei esker, merkataritza hobekuntzak egon ziren (“iraultza komertziala”)[1][2]. Itsas garapen iberiarra (1400-1600) nabarmena izan zen, Esplorazioen Aroa irekiko zuena.

Mongoliar Inperioak Asian zuen nagusitasunarekin (Pax Mongolica edo mongoliar bakea), europarrek denbora luzez lur segurutik igarotzeaz gozatu zuten, Zetaren Bidea erabiliz Indietarantz (garai hartan, gutxi gora-behera, Asiako hegoalde eta ekialde osoa bezala hartzen zena) eta Txinarantz, ondasun iturri baliotsuak zirenak, espezieak eta zeta bezala. Turkiarrek Konstantinopla hartu zutenean, eta Ekialde eta Mendebaldearen arteko merkataritza itxi zutela esan ohi da, Mediterraneoko itsas merkataritzaren ibilbide nagusiak itxiz edota baldintzatuz. Horrela, Europak Asiako espezien eta gainerako produktuen hornidura galdu zuen eta honek arazo ekonomikoak eragin zituen[3][4]. Hala ere ikuspegi hau ezbaian jarri da azken urteotan, aurkikuntzak turkiarren ibilbide komertzialen konkisten aurretik eman zirelako[5]. Portugal eta Gaztela saiatu ziren beste bide batzuk aurkitzen komertzio horrekin jarraitzeko.

1470ean, Paolo dal Pozzo Toscanelli florentziar astronomoak, Alfonso V.a Portugalgoari, Atlantikoan zehar mendebalderantz nabigatzea, Espezieen Uharteetara, Katai eta Zipangora iristeko modu azkarrago bat izango zela iradoki zion, Afrika ingurutzeko ibilbidea baino, baina Alfonsok, bere proposamena errefusatu zuen[6]. 1474an, Toscanellik mapa bat bidali zion Koloni, Asiako mendebalderako bide baten ideiarekin[7]. 1480ko hamarkadan, Kolon anaiek Indietara "Ozeanoko Itsasoan" (Atlantikoa) zehar mendebalderantz nabigatuz iristeko plan bat proposatu zuten. Hala ere, hau zaildu egin zen Afrika inguruko hego-ekialdeko igarobidea Bartolomeu Diasek 1488an ireki zuenean, Esperantza Oneko lurmuturrera (egungo Hegoafrika) iritsi zenean[8].

Ikuspuntu geografikoa Amerikaren aurkikuntzaren aurretik

Mendebaldean heziketa jaso zuten pertsona guztiek bazekiten, Aristotelesen garaitik behintzat, Lurra esferikoa dela[9]. Lurraren esferikotasuna, Ptolomeoren lanean ere azaltzen da, non, neurri handi batean, Erdi Aroko astronomia oinarritu zen. Lurra esferikoa den ustea argi eta garbi islatzen duten idazle kristauen artean San Beda Agurgarria aurkitzen da bere Denboraren Aitortzan, 723. urte inguruan idatzia. XV. mendearen amaieran, zeruko nabigazio teknikak, Eguzkiak eta izarrek zeruan duten posizioa erabiltzen dutenak, Lurra esfera bat dela ulertzearekin batera, aspalditik erabili zituzten astronomoek, eta marinelak aplikatzen hasi ziren[10].

K. a. III. mendean jada, Eratostenesek, Lurraren zirkunferentzia zuzen kalkulatu zuen geometria sinple bat erabiliz eta objektuek urrutiko bi lekutan proiektatzen zituzten itzalak aztertuz[11]. K. a. I. mendean Posidoniok Eratostenesen emaitzak berretsi zituen, izar behaketak bi toki ezberdinetan alderatuz. Neurketa hauek asko ezagutzen zituzten adituek, baina Ptolomeok distantzia unitate txikienak eta zaharkituenak erabiltzeak XV. mendean Lurraren tamaina heren batean gutxiestera eraman zuen[12].

Pierre d'Aillyren Imago Mundi (1410) lanaren bidez, Kolonek Alfraganoren estimazioaren berri izan zuen, latitude gradu batek (edo ekuatorean zeharreko longitude gradu batek) milia arabiar hartzen zituela (66,2 itsas milia edo 122,6 kilometro), baina ez zen konturatu hori milia arabiarraretan adierazten zenik, berak ulertzen zituen Erromatar milien ordez[13]. Beraz, Lurraren zirkunferentzia 30.200 kilometrokoa (16.300 nmi) zen ekuatorean eta 26.200 kilometrokoa (14.100 nmi) 30 gradu iparraldera (Amerikarako bidaiaren ingurua), balio zuzena 40.075 kilometrokoa (21.639 nmi) ekuatorean eta 34.735 kilometrokoa (18.755 nmi) 30 gradu iparraldera zenean.

Gainera, aditu gehienek Ptolomeoren estimazioa onartu zuten, Eurasiak 180°ko luzera hartzen zuela, 130° errealen (Txina kontinentaleraino) edo 150°ren (Japoniaraino Espainiako latitudean) ordez. Kolonek, bere aldetik, estimazio handiagoa uste zuen, ehuneko txikiagoa utziz urarentzat. D'Aillyren Imago Mundin, Kolonek, Marino Tirokoaren estimazioa irakurri zuen, Eurasiaren luzetarako hedadura 225ºkoa zela. Baliteke Esdrasek egindako kalkulua jarraitzea: "[globoaren] sei zati bizitzeko modukoak dira eta zazpigarrena urez estalita dago". Marko Poloren baieztapenaren berri ere bazuen, Japonia ("Zipangu" deitu ziona) Txinatik ("Cathay") 2.414 kilometro ekialdera zegoela, eta Ekuatoretik dagoena baino gertuago. Toscanelliren ideiak eragin zuen, Japonia baino ekialderago bizi ziren uharteak zeudela ere pentsatzen zen, Antillia mitikoa barne, Azoreak baino mendebalderago ez zegoela pentsatzen zena[13][14].

Beraz, Kolonen garaian Kanariar Uharteetatik Japoniarako distantzia 9.800 kilometro (5.300 nmi) edo 3.700 kilometro (2.000 nmi) ingurukoa zela uste zuen, Eurasiako luzerako zatian erabiliko zuen estimazioaren arabera. Jakina da benetako kopurua askoz handiagoa dela orain: 20.000 kilometro inguru (11.000 nmi)[15]. XV. mendeko itsasontzi bakar batek ere ez zuen hain bidaia luzea egiteko adina janari eta ur geza garraiatuko, eta esploratu gabeko ozeanoan zehar nabigatzeak zekartzan arriskuak oso handiak izango ziren. Europar nabigatzaile gehienek, Europatik Asiarako mendebalderako bidaia bideraezina zela ondorioztatu zuten. Hala ere, Errege-erregina Katolikoak, Iberiar Penintsulan gerra garesti bat burutu ondoren, Europako beste herrialde batzuekiko abantaila lehiakor bat lortzeko irrikaz zeuden Indiekin merkataritza bilatzeko. Kolonen proiektuak, burugabea bazen ere, halako abantaila agintzen zuen, eta honela iritsi zen, akats horren ondorioz, Amerikaren aurkikuntza.

Kolonen aurreko kulturak

Sakontzeko, irakurri: «Kolonen aurreko kulturak (Amerika)»

Espainolak Amerikara iritsi zirenean, kontinenteko biztanleak tribu sakabanatuetan zeuden taldekatuta. Tribu horien bizimodua Neolitokoaren parekoa zen, ehizatik eta bilketatik bizi ziren. Aztekek, maiek, eta inkek bakarrik zuten historia eta gizarte eta politika antolamendu konplexua.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak


Artikulu hau historiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.