Anabel Sanz

ekintzailea eta feminista

Anabel Sanz del Pozo (Ermua, Bizkaia, 1963ko apirilaren 12a), feminista eta gizarte-ekintzailea da, besteak beste Euskal Herriko Mugimendu Feminista, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, FeministAlde!,[1]G7 Ez eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeetako partaidea.[2]

Anabel Sanz

Bizitza
JaiotzaErmua1963ko apirilaren 12a (61 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea : Psikologia
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakaktibista eta Funtzionarioa

Biografia

Ermuan jaioa, gaztetan hasi zen jaioterriko mugimendu sozial eta politikoetan eragiten eta orduko eskolakoa da bizitzan bidaia-lagun izan duen justizia sozialarekiko konpromisoa.[3]

Ikasketak

Psikologia ikasi zuen Donostian eta lizentziatu ostean hainbat master eginda gai ezberdinetan trebatu zen: hala nola, Garapena eta Nazioarteko Lankidetzan, Emakume eta Gizonen Berdintasunean eta baita Sexologian ere. Ordutik esparru horietan eragiten saiatzen da.[3]

Lan ibilbidea

2000 urtetik Basauriko Berdintasun saileko udal teknikaria da.

2012 urtean, emakumeak elkartzeko, hausnartzeko gune eta jarduerak dinamizatzeko espazio gisa inauguratu zen Marienea, Basauriko Emakumeen Etxea eta orduz geroztik bertako arduraduna da, lantalde batek kudeatuz bertan egiten diren hitzaldi, mahai-inguru, tailer zein jarduera guztiak.[4]

Gizarte lana

Bizkaiko Emakume Asanbladako, Euskal Herriko Mugimendu Feministako zein FeministAlde!-ko partaidea da eta sarri askotan berari egokitu zaio taldeon bozeramaile lanak egitea. Aborto eskubidearen aldeko Euskal Herriko plataformaren kidea eta Estatuko elkarte feministen koordinadorakoa ere da.[5][6]

Berdintasun eta Lankidetza gaietan aditua, bere iritzia eta esperientzia partekatu izan du prentsa, telebista eta irrati bidezko elkarrizketetan, han-hemenkako jardunaldietan eta gaiokin lotutako kongresuetan.[7][8][9]

G7 Ez eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformetako kidea izateaz gain, taldeon izenean bozeramaile gisa aritu izan da, Europako Parlamentuan bertan ere.[10][11][12][13][14][15]

«Sistema kapitalista honetan oso zaila da emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzea. Beste eredu sozial, politiko eta ekonomiko batean saiatu behar gara, kapitalismoa ahulenen zapalketan oinarritzen delako. Esate baterako, emakume etorkinek eta errefuxiatuek pairatzen dituzte egungo politiken ondoriorik bortitzenak, eta politika horiek aldatu behar dira. Halaber, jasaten dugun justizia patriarkalari ere buelta eman behar zaio, baina inork ez ditu epaileak behartzen feminismoan trebatzera. Hezkuntza ere lan egin behar da, eta ez da egiten.»

—Anabel Sanz


Erreferentziak

Kanpo estekak