Balendin Lasuen

Balendin Lasuen Solozabal (Zaldibar, 1924ko ekainaren 1a - 2019ko abenduaren 26a) politikari, enpresaria, euskal idazle, eta historia-ikertzailea izan zen. Euskal Herria kultura aldetik suspertzeko lan handia egin zuen. Franco hil osteko urteetan hainbat kargu politiko izan zituen, eta hamaika lan ditu argitaratuak. 95 urterekin hil zen.[1][2]

Balendin Lasuen
Bizitza
JaiotzaZaldibar1924ko ekainaren 1a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza2019ko abenduaren 26a (95 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, ekintzailea eta historialaria
Jasotako sariak
KidetzaGerediaga Elkartea
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Gaztaroa

Familiakoek egunkariak saltzen zituzten, eta haien bidez hasi zen letretara zaletzen; haien bidez jarraitu zituen 36ko gerrako berriak orduan mutil koxkor baino ez zenak. Gerora kontatu zuenez, urte haietan Mallabiko (Bizkaia) baserri batean hartu behar izan zuen abaro, eta oso gertutik ezagutu zituen gerrako zauri askotarikoak.[3]

Politikaria

Etxetik euskaltzale eta abertzale, jardun publikora politikaren bidetik heldu zen. EAJko kide izan zen gaztetatik: Francoren diktadura osteko lehen alkatea izan zen Zaldibarren,[4] eta urte bertsutan Bergarako alkateen taldean ere aritu zen, zeina ikurrina legeztatzeko eta udal hauteskundeak antolatzeko borrokatu zen, besteak beste. Durangaldeko Mankomunitateko lehen lehendakari ere izan zen, eta, ondotik, Eusko Jaurlaritzako Kultur ordezkaria Bizkaian, hiru agintaldiz.1983ko maiatzaren 8ko hauteskundeetan aukeratuta, Batzar Nagusietan ahalduna izan zen.[5]

Erakunde barruetako lana ezagutu zuen, inoiz horretara mugatu ez bazen ere. Frankismopean, kultur ekitaldiak antolatzen aritu zen han-hemen, zentsurari ihes egiteko ahal zirenak eginez. Durangaldeko Gerediaga Elkarteko presidentea izan zen elkartea abiatu berritan,[6] eta Durangoko Azokaren fundatzaileetako bat izan zen.

«Durangoko Azokako hasierako antolatzaileak eskean ibiltzen ginela gogoratzen dut; inprenta eta argitaletxeetara joaten ginen, mesedez azokara etortzeko eskatzeko. (...) Jendea gose zen, euskal liburuak kontsumitzeko gogoa zuen. Egingo genituen hanka sartze handiak, baina borondate onenarekin antolatzen genuen.»

—Balendin Lasuen


Enpresaria

Eibarren mekanika-ikasketak egin zituen, eta baserritarrentzako traktoreen kabinak eta aulkiak egingo zituen tailerraren jabe izatera heldu zen.

Idazle eta kultur eragilea

Politikaren gainetik kultura dagoela eta kulturak jendearengana iritsi behar duela defendatzen zuen, baina hor geratu gabe, «kultura egiten» ere parte hartu behar duela jendeak: «Kulturak denon konpromisoa behar du, ez bakarrik erakundeena». Idazle-langintzan, Bizkaiko historiaren kronikaririk handienetako bat izan da Lasuen. Historian eta etnografian ardazturiko berrogeitaka lan argitaratu zituen; horien artean dira Crónica de las fiestas euskaras (1986), Orfeones y corales de Bizkaia (1987), Puentes antiguos de Bizkaia (1989) eta Museos de Bizkaia (1997).

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea izan zen, baita lehendakaria ere.

1968an Arantzazuko Batzarrean parte hartu zuen. 2013an Lauaxeta Saria eman zioten.[7]

Idaztearekin batera, musika izan zuen adierazpide kuttun. 21 urterekin Zaldibarko Koral Elkartea eratu zuen —baita beste kultur talde ugari ere—, eta bertako zuzendari izan zen lau hamarraldiz.

Sariak

  • 2013: Lauaxeta saria jaso zuen, Euskal Herria kultura aldetik mugitzeko egindako lan guztiaren omenez.
  • 2007an Bilboko Liburu Azokaren Urrezko Luma Saria, kulturaren eta euskararen alde egindako lanagatik.[8]

Erreferentziak

Artikulu honen iturburu nagusia Itziar Ugarte Irizarren «Ezagutza eta eragiletza» artikulua da, Berria egunkarian 2019-12-28an CC-BY-SA lizentziarekin argitaratua.