Eider Sánchez

Telekomunikazio ingeniaria

Eider Sánchez Herrero (Donostia, Gipuzkoa, 1986) telekomunikazio ingeniaria eta Maider Alberich-ekin batera “NARU Intelligence”ren sortzailea da. Step Monitoring sistema adimenduna sortu du, minbizia eta beste gaixotasun kroniko larri batzuk dituzten pazienteen jarraipena egiteko.

Eider Sánchez
Bizitza
JaiotzaDonostia, 1986 (37/38 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaDonostiako Goi Ingeniaritza Eskola
Euskal Herriko Unibertsitatea
Jarduerak
Jarduerakingeniaria, ikertzailea eta enpresaburua

Biografia

Telekomunikazio ingeniaria Tecnunen eta doktorea EHUn, urte askoan Vicomtechen lan egin zuen adimen artifizialaren aplikazioekin biomedikuntzan.[1]

Biomedikuntzan aplikatutako adimen artifizialarekiko interesa karreran zehar sortu zitzaion, eta bertan Ceiteko talde batekin kolaboratzeko aukera izan zuen.[1]

Vicomtechen lanean zegoela konturatu zen bere bokazioak gaixoarengana eramaten zuela, teknologiako aplikazio errealekin bertara iristeko.[1] Sanchez medikuei erabakiak hartzen laguntzeko konputazio sistemetan, onkologian batez ere, espezializatu zen eta Maider Alberich-ekin topo egin zuen. Azken hau datu omikoen analisian (genomika, proteomika...) eta machine learning-ean espezializatua zegoen.[2]

Egiten zituzten ikerketak pazienteengana ez zirela iristen ikusirik, Naru Intelligence sotzea erabaki zuten. Bien eskarmentua eta ezagutza uztartu zituzten, adimen artifiziala, datuen analisia eta teknologia. Eta hori guztia onkologia gaixoei helarazteko borondatea.[2]

Naru Intelligence produktu zehatzik gabe jaio zen, eta, beraz, lehen hilabeteetan merkatuan zer behar zeuden bilatu zuten, haiek asetzeko adimen artifizialeko irtenbide bat diseinatu ahal izateko. Ekintzaileentzako finantzaketa publikoarekin, Sanchez eta Alberich pertsona askorekin bildu ziren ospitaleetan eta farmazialarietan, baita pazienteekin ere. Gainera, Donostiako Sustapeneko proiektuetan eta Bartzelonako IQS Tech Factory-n parte hartu zuten.[1]

Bildutako informazioarekin onkologiaren arloa jorratu zuten eta Step Monitoring, monitorizazio sistema sortu zuten. Minbizia gaixoaren etengabeko jarraipena egiten da, baita etxean dagoenean ere. Gaixoa bera arduratzen da bere egoeraren berri emateaz, osasun etxean edo ospitalean ordurik hartu gabe. Gaixoek batzuetan izaten dituzten konplikazioak garaiz atzematea eta saihestea da Step Monitoringen helburuetako bat, eta, saihestu ezin direnean, haien ondorioak apaltzea. Beraz, Step Monitoring-en bidez gaixoek aplikazio baten bidez bidaltzen dute informazioa; sistemak sailkatu egiten ditu, lehentasunak ezartzen; eta medikuek, erabaki zer egin behar den.[2]

Pandemian, Naru Intelligencek etxeko isolamenduan zeuden covid-19aren pazienteen tratamenduan aplikatu du produktu hori. Talde medikoak jarraipen bat egin dezake app mugikor baten laguntzarekin, gaixoak bere sintomen berri eman ondoren. Adimen artifiziala arduratzen da informazio hori tratatzeaz, medikuen ondorengo kontaktuak planifikatzeko.[2]

Step monitoring 600 paziente baino gehiagoren informazioarekin testatu dute, eta CE zigilua lortu du, alegia, Europar Batasunak ezarritako segurtasun eta funtzionamendu baldintzak betetzen ditu; beraz, softwarea EBn saltzeko aukera dute. Estatuko zenbait ospitaleri eskaini diote eta «interes handia» piztu du, batez ere, bere inpaktu klinikoarengatik. Gaixoek ezin dute zuzenean eskuratu, sendagilearen bidez baizik.[3]

Hasieratik izan dute zenbait erakunderen babesa, baina 2019. urtea mugarria izan zen Naru-ren bidean. Besteak beste, BIND 4.0 programan parte hartu zuten eta Toribio Echeverria saria jaso zuten nazioartekotze atalean.[3]

Eider Sánchez Pfizer farmazeutikoak urtero antolatzen duen e-Dea Salud Gizarte Erantzukizun Korporatiboko programaren irabazleetako bat da. Programa honek osasunaren arloan berrikuntza-proiektuak aurkitzea du helburu. Ekimen hau NBEren Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) barruan kokatzen da, zehazki 3. GJHn (Osasuna eta Ongizatea), pazienteen bizitza eta esperientzia hobetzera bideratua, erakunde publiko, pribatu eta gizarte zibilaren arteko lankidetzaren bidez.[4]

Erreferentziak

Kanpo estekak